1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
278/2019 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide ikasketek eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2019-2020 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak.
Ikusirik Arte Ikasketen Atalak maiatzaren 10ean eman duen aldeko txostena, jarraibideak onets daitezen Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide ikasketek eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2019-2020 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide ikasketek eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2019-2020 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Arte Ikasketen Atalera eta ikastetxe inplikatuetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 14an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
ERANSKINA
Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide ikasketek
eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2019-2020 ikasturtean izanen
duten eskola egutegia prestatzeko arauak
1.–Egutegia.
Musikako lanbide ikasketei eta dantzako ikasketa ez-arautuei dagokien eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:
1. Ikasturtea 2019ko irailaren 2an hasiko da, eta 2020ko ekainaren 30ean bukatuko.
2. “Pablo Sarasate” Kontserbatorio Profesionalak berariazko egutegi proposamen bat prestatu beharko du, honako baldintza hauek betez:
a) Eskola egunen kopurua: 165, gutxienez ere.
b) Eskolen hasiera: irailaren 5ean edo 6an.
c) Eskolen bukaera: ekainaren 5ean edo 8an.
d) Ikasturtea egun horietan hastea eragozten duten arrazoi objektiboak daudenean, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak beste proposamen bat eginen du, betiere eranskin honen 3.a) baldintzan ezarritako eskola egunen kopurua errespetatuta.
e) Irailaren 2tik eskolak hasi bitarteko egunetan, irakasleek programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dituzte.
f) Eskolak bukatu eta ekainaren 30era arte, azterketa bereziak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lan berariazkoak, irakasgaien memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, azken memoria, erreklamazioak, ikasleak eta familiak hartzea eta beharrezkoak diren egintza administratibo eta akademiko guztiak eginen dira, baita ikastetxeko zuzendaritzak agintzen ahal dituen bestelako lanak ere.
e) Musikako lanbide ikasketen 6. mailako ikasleen azken ebaluazio arrunta egiteko azken eguna: maiatzaren 15a.
Ebaluazio hori egin ondoren, eskolak ematen jarraituko da, bai ebaluazioa gainditu ez duten ikasleak prestatzeko, bai beste proba batzuk egin asmo dituzten ikasleak prestatzeko.
Batxilergoko irakasgai komunak egiten ari diren eta unibertsitatean sartzeko probetara aurkezteko asmoa duten ikasleen kasuan, dagozkien ziurtagiriak Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetara igortzeko azken eguna maiatzaren 21a izanen da.
f) Musikako lanbide ikasketen ebaluaziorako deialdi berezia ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da ikasle guztientzat.
6. mailako ikasleentzat, deialdi berezi hori ekainaren 8an eginen da beranduenez, bateragarriak izan daitezen musikako lanbide ikasketen deialdi bereziko azterketak eta Batxilergoko bigarren mailako deialdi berezia. Hori guztia, unibertsitatean sartzeko deialdi berezian parte hartzeko aukera izan dezaten; hortaz, beranduenez ekainaren 19an igorriko zaie dagokien ziurtagiria inplikatuta dauden Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei.
3. a) 165 eskola egun izanen dira gutxienez, bai musikako lanbide ikasketetan, bai Nafarroako Dantza Eskolan.
b) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola egunak errespetatuta.
c) Eskola egunetan ezin izanen dira eskolak eten kontrolak, probak edo azterketak egiteko, ikasturteko azken hiru eskola egunetan izan ezik. Era berean, ezinezkoa izanen da eskolak etetea ebaluazio batzarrak edo klaustroak egiteko.
d) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.
4. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean halakoak direnak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a eta 6a eta maiatzaren 1a. Herriko zaindariaren eguna ere jaieguntzat joko da, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiak eta irakaskuntza bakoitzari dagokion zaindariaren eguna zehazten dituen arauan ezartzen denari jarraikiz. 2020ko lan egutegi arruntaren argitalpen ofizialaren zain, martxoaren 19a jaieguntzat hartuko da.
b) Herriko zaindariaren eguna, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiegunak zehazten dituen arauan ezarritakoa, eskola egun ez den batean gertatuz gero, ikastetxeak beste egun bat aukeratzen ahalko du haren ordez. Ikastetxeko zuzendariak herriko zaindariaren eguna ordezteko beste egun zehatz bat proposatuko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.
c) Musikako kontserbatorio profesionalen zaindariaren jaieguna azaroaren 22a izanen da. Nafarroako Dantza Eskolako ikasketei dagokien zaindariaren jaieguna dantzaren nazioarteko eguna ospatzen den egunean izanen da.
d) Ikastetxeak jarritako eskola egunez gainerako egunak, aurreko ataletan jaiegun gisa finkatu ez badira, eskola gabeko lanegunak izanen dira.
5. Eskola gabeko egun bat gehiago, 4.d) baldintzan aipatzen direnez gainera, izan nahi duten ikastetxeek ikasturtea bukatzeko egunak aldatu beharko dituzte, ikastetxe horrek ematen dituen ikasketetarako ezarri diren gutxieneko eskola egunak bermatzeko.
6. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, 4. baldintzan adierazten dena, aldatzen ahalko dute, betiere 165 eskola egun errespetatzen badira.
7. 4. eta 5. baldintzetan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.
8. Eguberrietako oporrak abenduaren 21ean hasiko dira, eta urtarrilaren 7an bukatuko, biak barne.
9. Aste Santuko oporrak apirilaren 9tik 19ra arte izanen dira, biak barne.
10. Iruñeko “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionala Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin koordinatuko da eskola gabeko egunak eta hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, ahal den neurrian, berberak izan daitezen bi ikastetxeen egutegi proposamenetan.
11. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, aztertu eta, zein den kasua, onets ditzan.
2.–Tramitazioa.
Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:
1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2019-2020 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du, eta, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, kontserbatorio profesionalen kasuan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko dio, beranduenez 2019ko ekainaren 7an, betiere “EDUCA” kudeaketa programak eskaintzen duen euskarri informatikoa erabiliz.
2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, haiek aztertu ondoren. Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpen hori, orobat, “EDUCA” kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez eginen zaie ikastetxeei. 2019ko ekainaren 21erako inolako jakinarazpenik jasotzen ez duten ikastetxeen egutegiak onetsitzat joko dira.
3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.
4. Egutegiak, onetsita direla, nahitaez bete beharko dituzte musikako lanbide ikasketak eta dantzako ikasketa ez-arautuak ematen dituzten ikastetxe guztiek. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien ezarpenaren gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gain egonen da.
5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia ikastetxeko iragarki-taulan ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.
Iragarkiaren kodea: F1906635