Iragarkia
114. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
214E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, txikizkako merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko dirulaguntzen 2019ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 457243.
Gobernuak 2018ko otsailaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Txikizkako Merkataritza Hurbila Bultzatzeko Plana (2018-2020) onetsi zen. Plana txikizkako merkataritzako sektoreak behar dituen politika publikoak gauzatzeko tresna da, helburu harturik sektorearen behar eta interesei erantzuteko eta Nafarroa osoan merkataritza jardueraren garapen orekatuagoa sustatzeko.
Plan horren helburu estrategikoetako bat da Nafarroako merkataritza sektoreko enpresen arteko lankidetza bultzatzea eta sektoreko enpresa txiki eta ertainen (ETE) arteko asoziazionismoa sustatzea, toki nahiz eskualde mailan eta gremioetakoa nahiz sektoreetakoa, funtsezko tresna baita txikizkako merkataritza hurbila eta haren garapena hobetzeko, hirietako nahiz landa eremuetako merkataritza-zonetan. Zehazki, “Enpresen arteko lankidetza” izeneko II. Programak hainbat neurri planteatzen ditu gaur egungo enpresen asoziazionismo maila areagotzeko, entitate publiko eta pribatuen arteko lankidetzarako formulak arautu eta garatzeko, landa-merkataritza sendotzeko lankidetza aliantzak sustatzeko eta merkataritza turismoarekin eta artisautzarekin osatzeko formulak bultzatzeko.
Eta “Asoziazionismoa sustatzea eta sendotzea” izeneko 2.1 jarduketa-ildoak zenbait neurri ezartzen ditu sektoreko ETE-en arteko lankidetza eta integrazio maila areagotzeko, eta horretarako, laguntza emanen da merkatarien elkarteen kudeaketa profesionalizatzeko, eta sustatuko da proiektu komunak sortzea, besteak beste, enpresa elkartuentzako eta bezeroentzako zerbitzuak hobetzea eta tokiko merkataritza eta merkataritza-zonak dinamizatu eta sustatzeko ekintzak, horien merkataritza eredu bateratua eskainiz.
Era berean, enpresaburuen elkarteen kudeaketa profesionalizatua funtsezkotzat jotzen den helburua da; izan ere, horri esker, sektoreko enpresek ikusiko dute horiek behar-beharrezkoak direla merkataritza-zonetako jarduera sustatzeko eta zerbitzuak emateko, eta hori guztia lehiarako abantaila izan dadin ETE elkartuentzat elkartuak ez daudenen aurrean.
Jarduketa horiek txikizkako merkataritza hurbilari bultzada eta laguntza emateko tresna dira eta xedea dute Nafarroako toki entitateen hiri-bilbean garatutako txikizkako merkataritza dinamizatzea eta indartzea eta gaur egun dagoen merkataritza-ehuna finkatzea.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira. Jarduketa diruz lagungarrietan egindako gastuari oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen araberako portzentajea aplikatuz zehaztuko dira. Aurrekontuan erabilgarri dagoen diru kopurua txikiagoa bada irizpideak aplikatzearen ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa baino, deialdiaren ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua hainbanatu eginen da diruz laguntzeko moduko gastu bolumenaren artean.
Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Txikizkako merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko dirulaguntzen 2019ko deialdia onestea.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. 500.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako honako partidaren kargura finantzatuko da: 830001-83130-4819-431400, “Taldeak sustatu eta kudeatzeko dirulaguntzak” (PICMP.l201).
4. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 23an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.
I. ERANSKINA
Txikizkako merkatari taldeak sustatu eta kudeatzeko dirulaguntzen 2019ko deialdiaren oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da txikizkako merkataritzako ETE-en arteko enpresaburuen asoziazionismoa eta lankidetza sustatuko dituzten dirulaguntzen araubidea erregulatzea, hiriko eta hurbileko merkataritzarekin konpromisoa duen merkataritza sarea bultzatzearren.
Txikizkako merkataritza sektorearen lehiakortasuna hobetzea da dirulaguntza honen onura publikoa, laguntza ekonomikoa emanez merkataritza elkarteei hainbat berariazko jarduera egin ditzaten helburu honekin:
–Hurbileko merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko jarduketak bultzatzea, merkatarien elkarteek garatzen dituztenak taldeko estrategiak garatzea posible den udalerrietan eta merkataritza-zonetan eta, zehazki, zona, gremio eta sektoreko jarduketa programak eta udal merkatuetan egindakoak indartzea.
–Txikizkako merkataritzako ETE-en asoziazionismo maila igotzea, bai eta enpresen lankidetza eta integrazio maila ere, betiere nabarmenduz horrek nolako onurak eta lehiarako abantailak dakartzan elkarteetan sartu gabeko ETE-en aldean.
–Laguntza ematea merkatarien elkarteen kudeaketa profesionalizatu dadin, proiektu komunak egiteko pizgarriak emanez eta elkartutako enpresentzako eta bazkideentzako zerbitzuak hobetuz eta tokian tokiko merkataritza eta merkataritza-zonak dinamizatuz eta sustatuz, betiere batasun-irudia emanez aldi berean.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 500.000 eurokoa da.
3. oinarria. Egiteko epea.
1.–2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31 bitarte, biak barne, egiten diren gastuak dira diruz lagungarriak eta, ondorio horietarako, fakturatzen den eguna izanen da gastua egin den eguna.
2.–Gastu diruz lagungarrien ordainagiriek 2018ko azaroaren 1etik 2019ko azaroaren 8ra artekoak izan beharko dute, biak barne.
4. oinarria. Entitate onuradunak, betebeharrak eta haien izaeraren frogabidea.
1.–Entitate onuradunak.
Merkatarien elkarteek, merkatarien elkarte mistoek (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak) eta merkatarien elkarteen batasunek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak.
2.–Baldintzak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte, bai eta berariazko baldintza hauek ere, entitate mota zein den betiere:
2.1. Helbidea Nafarroan duten merkatarien elkarteak eta merkatarien elkarte mistoak (betiere irabazi-asmorik gabeak):
a) Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Erregistroan edo Nafarroako beste erregistro ofizial batean inskribaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen. Deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori, ez bada entitate eskatzaileak berariaz horren aurka agertzen direla. Kasu horretan, eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute entitateek.
b) Eskaera aurkezten den egunean, gutxienez 20 saltoki elkartu izana, kasu hauetan izan ezik (entitate eskatzailearen jarduketa esparruaren arabera):
–5 saltoki elkartu izana, jarduketa esparrua udal merkatua bada.
–15 saltoki elkartu izana, jarduketa esparrua udalekoa eta hurbilekoa bada (II. eranskinekoak).
Ondorio hauetarako, hauek hartuko dira saltoki elkartutzat: txikizkako merkataritza jardueretan diharduten establezimenduak, titularrak merkatariak dituztenak, hau da, jarduera komertziala egiteko gaitasuna izanik txikizkako merkataritzan ari diren pertsona fisiko edo juridikoak, nork bere izenean eta ohiko lanbide gisa, betiere, gainera, dirulaguntza eskatzen duen merkatarien elkarteko kide badira.
Saltoki elkartutzat hartzeko, elkartearen kide diren saltoki horien titularrek, eskaera aurkezteko datan, alta emanda agertu beharko dute merkataritza establezimendu batean, 641. taldetik 659.era bitarteko (biak barne) eta 661. eta 662. taldeetako jarduera ekonomikoren bateko titular gisa (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren tarifak eta jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz). Ondorio horietarako, bazterturik daude 654. eta 655. taldeak, salbu 6542., 6545. eta 6546. epigrafeak.
Establezimendu berean, aldi berean, txikizkako merkataritza jarduera bat baino gehiago egiten bada, saltoki elkartu bakartzat hartuko da ondorio hauetarako.
Establezimendu berean, aldi berean, jarduera bat baino gehiago egiten badira eta horietako bat lehenago zehaztutako txikizkako merkataritzakoa bada, establezimendu hori saltokitzat hartuko da baldin eta jarduera nagusia, negozioaren bolumenari dagokionez (salmenten zifra), txikizkako merkataritza-jarduera bada.
Ez dira inola ere saltoki elkartutzat hartuko ostalaritzako establezimenduak, tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta halakoak, ez eta zerbitzu pertsonaletarako establezimenduak ere (ile-apaindegiak, apaindegiak, manikura-, estetika- eta beltzarantzeko zentroak, tindategiak, garbitegiak, bidaia agentziak, aseguru agentziak eta abar).
c) Merkatarien elkarte mistoetan (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak), merkatari diren bazkideek, gutxienez, elkarteko kideen %35 izan behar dute. Ondorio horietarako, arestian aipatutako Jarduera Ekonomikoen Zergaren epigrafeetan alta emanda dauden bazkideak hartuko dira bazkide merkataritzat.
d) Merkataritza jarduketarako programak merkatarien elkarteek sustatu behar dituzte, betiere haien jarduketa eremua bat badator programa bakoitza garatuko den eremu edo gremioarekin.
2.2. Helbidea Nafarroan duten merkatarien elkarteen batasunak, irabazi-asmorik gabeak direnak:
a) Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Erregistroan edo Nafarroako beste erregistro ofizial batean inskribaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen. Deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori, ez bada entitate eskatzaileak berariaz horren aurka agertzen direla. Kasu horretan, eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute entitateek.
b) Gutxienez ere 4 merkatarien elkartek (mistoak edo ez) osatuta egon beharko dute eta, aldi berean, aurreko 2.1 atalean ezarritako betekizunak beharko dituzte bete.
3.–Entitate onuradun dela frogatzeko, 7. oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
5. oinarria. Diruz lagungarriak diren programa, jarduera, kontzeptu eta gastu motak.
1.–Diruz lagungarriak diren programa motak.
Dirulaguntza jaso dezaketen programak honela sailkatzen dira:
a) Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programak.
Programa hauek helburua dute merkatarien elkarteen, merkatarien elkarte mistoen edo merkatarien elkarteen batasunen antolamenduzko egiturak sendotu eta garatzea, honakoak lortu nahian: sektoreko ETE-en arteko enpresari-lankidetza sendotzea, egitura horien kudeaketa profesionalizatzea, barne-funtzionamendua hobetzea eta enpresa elkartuei zein bezeroei zerbitzuak emateko gaitasuna indartzea.
b) Merkataritza jarduketarako programak (PAC).
Hiriko eta hurbileko txikizkako merkataritzaren banaketa komertzialaren prozesuak dinamizatzea da programa hauen helburua, bai eta hainbat jarduera eremu edo sektoretako merkataritza bizkortzea ere, horretarako honako hauek baliatuz: komunikazio kanpaina eta ekintza komertzialak, publizitatea, marketin digitala, salmenta sustapenak, aukera-azokak, erakusleihoekin lotutako jarduerak eta kontsumoa bultzatzeko bestelako ekintzak.
Bestetik, Merkataritza Jarduketarako Programak, aplikazio esparruaren arabera, honela sailkatzen dira:
b.1) Zonako programak, honela sailkatzen direnak segun zona bakoitzak taldeko estrategiak jarraitzeko duen ahalmena, jarduketa esparruaren hedadura, entitateek burutzen dituzten jardueren erakarpena eta eragina eta Nafarroako udalerrietan dauden saltokien kopurua:
–Eskualdez gaindiko merkataritza-zonak: Iruñearen erdialdea.
–Eskualdeko merkataritza-zonak: Lizarra, Tafalla, Tutera, Sakana.
–Tarteko eremuak hartzen dituzten merkataritza-zonak: Altsasu, Zangoza.
–Udal eremuko eta hurbileko merkataritza-zonak: eranskinean aipatuak.
Atal honetan ezarritako udalerrietan edo hiriguneetan egiten direnak dira diruz lagungarriak diren zonako programak.
b.2) Udal merkatuetan garatzen diren programak.
b.3) Gremioen programak, merkataritzako jardueraren sektore baterako, Nafarroa osoan.
b.4) Programa sektorialak, Nafarroako merkataritzarako.
2.–Jarduera motak, baldintzak eta gastu diruz lagungarriak.
Ondotik aipatzen diren jarduera eta kontzeptuek jaso dezakete dirulaguntza:
2.1. Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programa.
Ondoren aipatzen diren jarduera motak izanen dira dirulaguntzaren xede:
a) ETE elkartuei zerbitzuak ematea.
1. Diruz lagungarriak izanen dira enpresaren antolamendu profesionalizatuaren kudeaketa arrunterako beharrezkoak diren gastuak, xedea izanik enpresaren egitura sendotzea eta ETE elkartuei emandako zerbitzuak areagotzea.
Enpresaren antolamenduaren kudeaketan eta administrazioan ondoko zeregin hauek sartzen dira:
–Enpresa erakundearen organoen (zuzendaritza batzordearen, batzar nagusien) bilerak deitzea eta dinamizatzea (ohikoak eta bereziak) eta kasuan kasuko aktak egitea, entitatearen estatutuei jarraikiz.
–Dirulaguntzetarako eskaerak enpresa erakundearen izenean kudeatzea, eta hala badagokio, ETE elkartuen dirulaguntzetarako eskaera partikularrak ere bai.
–Enpresa erakundearen gastuen eta diru-sarreren aurrekontuen kudeaketa eta kontabilitate arrunta eramatea.
–Kuotak eta derramak kobratzea eta enpresa erakundearen diruzaintza kudeatzea, ahalmen hori eskuordetua baldin badu.
–Enpresa erakundeak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusitik edo bestelako administrazio edo entitate batzuetatik jasotzen dituen komunikazio guztiak kudeatzea, baita erakundeak berak sortutako barne oharrak ere, eta horiek ETE elkartuei jakinaraztea.
–ETE elkartuei informazioa eta aholkularitza ematea merkataritzako araudiari buruz, bezeroen kexa eta erreklamazioei buruz, sektorerako laguntza publikoei buruz, datuak babesteko lege organikoari buruz, saltokiak irekitzeari buruz eta abar.
2. Berariazko betebeharrak.
Diruz lagungarria den kontzeptu honen onuradun izaten ahalko dira merkatarien elkarteak (mistoak edo ez), baldin eta eskaera aurkezten den egunean 15 eta 100 bazkide artean badauzkate, eta merkatarien elkarteen batasunak.
b) Bezeroei zerbitzuak ematea.
1. Laguntza jaso dezakete bezeroei zenbait zerbitzu emateko xedez egindako kanpoko gastuek, baldin eta kontsumitzaileak fidelizatzeko, merkataritza-zonako bezeroen fluxua areagotzeko eta produktuak banatzeko prozesuari balio erantsia emateko helburuarekin egin badira.
2. Zehazki, gastu hauek lagunduko dira diruz:
–Merkataritza-zonaren irisgarritasuna.
–Bezeroentzako aparkalekua.
–Erosketa etxera eramateko zerbitzuak edo antzekoak.
–Balio erantsia ekartzen duten bestelako zerbitzuak jarduketak eta prestazioak.
2.2. Merkataritza jarduketarako programak (PAC).
Ondoren aipatzen diren jarduera motak izanen dira dirulaguntzaren xede:
a) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza.
Honako lan hauetarako beharrezkoak diren gastuek jaso dezakete dirulaguntza: merkataritza jarduketarako programen barrenean sartzen diren jarduerak planifikatu, antolatu, koordinatu, kudeatu, abiarazi eta gainbegiratzea, exekuzioa kontrolatzea eta behar den beste edozein lan.
Jarduera hori betetzeko kualifikatuta dauden entitate, enpresa edo profesionalek egin beharko dituzte zeregin horiek, eta ez da horrelako gasturik onartuko, inguruabar hori dokumentu bidez ezin frogatu duten entitate, enpresa edo profesionalek eginak direnean.
b) Merkataritza dinamizatzeko kanpainak antolatzea.
Salmentak sustatzeko jarduketen edo dinamizazioaren kanpainak proiektu baten barnean garatu behar dira, hain zuzen ere kontsumoa pizteko proiektu baten barnean, non merkatari elkartuen zuzeneko parte-hartzea erakutsiko baita.
Horregatik, hurbileko txikizkako merkataritzaren jarduera sustatu eta indartzen duten jarduketak egiteko beharrezkoak eta ezinbestekoak diren gastuak sartzen dira, bai eta hainbat hirigune edo jarduera sektoreren merkataritza bizkortzekoak ere, merkataritza sustatzeko jarduketa hauek burutuz:
b.1) Salmentak sustatzeko kanpaina berariazkoak, berekin dakartenak aldez aurretik bezeroek erosketak egitea, parte hartzen duten dendetan egin ere, baita honelakoak lortzea ere: zuzeneko deskontuak, deskontuetarako txartelak, zuzeneko sariak, opariak, promozio-opariak edo zozketetan parte hartzeko txartelak.
b.2) Merkataritzako beste sustapen kanpaina batzuk (merkataritzaren eguna, erakusleihoen lehiaketak, stock azokak eta antzekoak).
b.3) Udal merkatuek egindako beste ekitaldi batzuk.
b.4) Zuzeneko marketina, bezeroen fidelizazio sistemen bidezkoa, helburua izanik harreman komertzialak mantentzea bezero hoberenekin eta bezero errentagarrienei eusteko estrategiak garatzea.
b.5) Informazio, komunikazio eta marketin digitaleko ekintzak.
c) Asoziazionismoa sustatzea.
Enpresen egitura hedatu eta sustatzeko gastuak sartzen dira, baldin eta haiek zabaltzea eta elkartekide berriak egitea badute xede, baita haien protagonismoa indartu edo beren tamaina eta ordezkagarritasuna handitzeko helburu hori duten kanpaina berariazkoak egiteko behar diren gastuak ere, salbu eta gastu horiek lanaldi teknikoari edo prestakuntza-ikastaroei badagozkie.
3.–Gastu diruz lagungarriak.
Honako hauek hartzen dira gastu diruz lagungarritzat, oro har:
–Publizitate berariazkoa eta publizitate materiala egitea, zabaltzea eta banatzea (merkataritza dinamizatzeko helburua dutenak eta arestian ezarritako jarduketei dagozkienak), bakar-bakarrik entitate eskatzaileak antolatzen dituenean jarduketa horiek. Ez da onartuko publizitate finkoa sartzea edozein euskarritan, baldin entitatearen izena eta logoa bakarrik agertzen badira, aipatu egin behar baitira merkataritza dinamizatzeko jarduketa eta kanpaina zehatzak eta jarduketa eremu bakoitzean entitateak egiten duen sustapen generikoa ere.
–Langileria gastuak: onartuko dira langile espezifikoak kontratatzeko gastuak, baldin eta horiek beharrezkoak badira jarduketa hauek garatzeko lanetako batean:
- Bazkide diren ETE-ei zerbitzuak ematea.
- Bezeroei zerbitzuak ematea.
- Aholkularitza teknikoa eta merkataritzakoa.
- Merkataritza dinamizatzea.
- Asoziazionismoa sustatzea.
Entitate eskatzailea bere dituen langileez baliatzen bada, haien lanaldiaren parteari dagokion gastua onartuko da, betiere modu arrazoitu, koherentean eta egiaztatzeko modukoan azaltzen bada lan horiek ezinbestekoak zirela jarduketa hauetakoren bat egiteko:
- Bazkide diren ETE-ei zerbitzuak ematea.
- Aholkularitza teknikoa eta merkataritzakoa.
- Asoziazionismoa sustatzea.
–Fidelizazio sistemen bidezko zuzeneko marketina. Hauek jaso dezakete laguntza: puntuak trukatuz edo zozketen bidez ematen diren sariak, sistemako txartelak ematea eta sistema horien bezeroekin egiten diren komunikazio eta marketin ekintzak, sistema horien bidez eginak.
–Informazio eta komunikazio ekintzak. Eskatzaileak sustatzen dituen argitalpenak diseinatu, prestatu eta banatzeko gastuak sartzen dira, hala nola, buletinak, aldizkariak, kartelak eta dibulgazioko beste edozein material antzeko edo iragarki tarteak argitalpen edo komunikabideetan, edukiak entitate eskatzaileak hiri-merkataritzaren sustapenari dagozkionak izanik. Ez dira onartuko enpresa elkartuen arteko barne komunikaziorako buletinak.
–Marketin digitala. Honako ekintzen ondoriozko gastuek jaso dezakete dirulaguntza: on-line publizitatea, sare sozialak, telefonia mugikorra edo komunikaziorako tresna digitalak.
–Animazio komertziala. Merkataritza dinamizatzeko jarduketak, garatzeko behar den animazio komertzialaren gastuek dirulaguntza izan dezakete (b.1, b.2 eta b.3 ataletan ezarritako jarduketak), baldin eta jarduketak salmenta orduetan egiten badira, merkataritzarako kale, gune edo zonetan betiere.
–Animazio komertzialak hura osatu eta indartzen duen jarduera izan behar du, merkataritza sustatzeko berariazko kanpaina baten barrenean, eta ez dira diruz lagungarriak funtsean horrelako jarduerak edo haiek bakarrik kontuan dituzten merkataritza sustatzeko kanpainak.
–Merkataritza dinamizatzeko jarduerei dagozkien zuzeneko sariak, deskontuak, zozketak, opariak, sustapen-erregaliak, edo deskontu-txartelak (b.1 atalean ezarritakoak), eta erakusleihoak atontzeko lehiaketei dagozkien sariak. Azken kasu honetan, ez dira onartzen saltoki irabazleentzako sariak, baizik eta saltoki irabazleak hautatzeko prozesuan parte hartu duten pertsonek lortutakoak.
4.–Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Honako hauek dira diruz lagungarriak ez diren gastuak:
–Entitate eskatzailearen funtzionamendurako gastu arruntak.
–Ekipamendu inbentariagarria, olanak, altzariak, garraiatu daitezkeen egiturak, megafoniarako tresnak eta abar.
–Diruz lagungarriak diren jarduerei osorik zuzenean egotzi ezin zaien bulegoko materiala.
–Higiezinen ekipamendua, eta ekipamendu informatikoa erostea.
–Langileentzako kalte-ordainak, dieta, mantenu edo garraio gastuetarako.
–Higiezinak eta lokalak alokatzeko eta mantentzeko gastuak.
–Web-orrien sorrera eta haien mantentze-lanak, domeinua edo hosting-a berritzea ata abar.
–Fidelizazio tresnak edo beste edozein programa edo aplikazio informatiko ezartzeko edo haien teknologia garatzeko inbertsioak (softwarea), ekipamendu informatikoan egiten diren inbertsioak (hardwarea) eta sistema horien mantentze-lan informatikoen gastuak.
–Dastaketei dagozkien gastuak, salbu eta merkataritza sustatzeko berariazko kanpainen sariei dagokien kasuan (eskualdeko eremuko programak), edo gremio-programa bat gauzatzeko egindako jarduketen kasuan. Ez da inola ere dirulaguntzarik emanen gastu mota hori besterik ez duten kanpainetarako.
–Dinamizazio edo sustapen kanpainei edo beste edozein jarduketari dagozkien gastuak, baldin eta haien helburu bakarra bada jarduera ludiko edo turistikoei edo antzekoei sostengua edo laguntza ekonomikoa ematea (ekarpena dirutan, gauzatan, erosketa-txarteletan edo antzeko jarduketetan), jarduera komertziala zuzenean sustatu gabe, eta elkartutako denden zuzeneko parte-hartzerik gabe.
–Balio erantsiaren gaineko zergak jaso dezake dirulaguntza, baldin eta entitate eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu ezin badu eta berarentzat kostu erreala bada. Entitateak hainbanatze arauaren mende badaude, dirulaguntza eman aurretik amaitutako azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketan oinarrituko da kostua. Entitate eskatzaileak hainbanaketa hori frogatu beharko du.
5.–Jarduera diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.
–Dirulaguntza eskatzen duen entitateak antolatu eta sustatu behar ditu merkataritza dinamizatzeko jarduketa guztiak, eta horietan sartzeko aukera izan behar dute elkartekoak ez izanik ere jarduketa eremuan dauden dendek. Nolanahi ere, entitate antolatzaileak baldintza desberdinak jar ditzake batzuek eta besteek parte hartzeko.
–Ez dira onartuko merkataritza dinamizatzeko gastuak baldin eta beste administrazio publiko edo toki entitate batzuek antolatu eta sustatuak badira.
–Salbuespenez, onartu litezke merkataritza animatzeko jarduketetan parte hartzeagatik entitate eskatzaileak egindako gastuak, nahiz eta jarduketa horiek aurretik aipatutakoak ez diren beste entitate batzuek antolatu eta sustatu, baina, horretarako, ezinbestekoa da jarduketa horiek kanpaina bereki bat indartu eta sendotzeko balio izatea, edo merkataritza-ardatz nagusietan eginak izatea eta merkataritza jarduera bat sustatzea modu argian, zuzenekoan eta egiaztatzeko modukoan.
–Salmentak sustatzeko kanpaina berariazkoak:
- Gehienbat txikizkako eta hurbileko saltokietan kontsumoa sustatzeko helburua izanen dute, baita bezero eta kontsumitzaileen fideltasuna sendotzekoa ere.
- Haietan parte hartzeko oinarri edo baldintzak aurkeztu behar dira, baita erakusleihoak atontzeko lehiaketetan edo antzeko kasuetan ere.
Sustapen-opari gisako poltsen banaketa onartzen da, baina baldintza batekin: poltsak biodegradagarriak edo berriz erabiltzeko modukoak izatea, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko apirilaren 29an emandako 2015/720 Zuzentarauaren araberakoak (zuzentarau horrek 94/62/EE Zuzentaraua aldatu zuen plastikozko poltsen kontsumoaren murrizketari dagokionez).
–Ez dira entitate eskatzailearen jarduketak onartuko baldin eta horiek lankidetza edo babes lan hutsa edo bigarren mailako laguntza jarduera badira.
–Enpresarien elkarte mistoen kasuan, merkataritza dinamizatzen duten jarduketak enpresa elkartu guztiak sustatzera bideratu behar dira, eta ez da merkataritza dinamizatzeko jarduketa bakar bat onartuko, baldin txikizkako merkataritzako enpresak ez diren bazkideentzat soilik egiten bada.
–Merkataritza sustatzeko kanpainaren xede baldin bada zuzeneko deskontuak aplikatzea banku entitateen txartelekin ordaintzen duten bezeroei, horrelako kanpainak onargarriak izanen dira baldin eta deskontu horiek ez bazaizkie bakar-bakarrik aplikatzen banku entitate bateko bezeroei, eta beste banku entitate batzuetako bezeroek ere parte hartzen ahal badute, edo Nafarroako merkataritzako txartela ere erabiltzen ahal bada.
–Publizitate helburua duten zozketak dituzten merkataritza sustatzeko kanpaina berariazkoen gastuak onartzeko, honako agiriak aurkeztu behar dira, abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legean ezarritakoaren arabera (haren bidez arautu ziren Jokoaren gaineko Tributuak Nafarroako Foru Komunitatean):
- Zerga-oinarria 1.800 eurotik gorakoa bada: Nafarroako Zerga Ogasunean (Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atala) aurkeztutako eskaeraren kopia, jokoaren gaineko zerga tasa likida dadila eskatzeko, eta, gainera, egoki den ordainketa-gutuna.
- Zerga-oinarria gehienez 1.800 eurokoa bada: Nafarroako Zerga Ogasunean (Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atala) aurkeztutako eskaeraren kopia, tasa horren salbuespena eskatzeko.
–Aipatutako jarduketek sortzen dituzten publizitate eta marketin euskarrietan, poltsa, kartel, argitalpen, iragarki eta abarretan agertu beharko du Nafarroako Gobernuaren logo ofizialak, honako aipamen honekin batera: “Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa”.
–Irrati-iragarki, marketin digitaleko eta sare sozialetako jarduketa eta abarretan agertu beharko du “Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa” aipamenak.
–Erreportajeen, prentsa oharren edo elkarrizketen kasuan, ez da aski izanen iragartzen duen kartela jartzea, eta espresuki aipatu beharko da Nafarroako Gobernuak jarduketa hori diruz laguntzen duela.
Hori betetzen ez bada, 13. oinarri arautzailean ezarritako penalizazioa aplikatuko da.
–Informazio eta komunikazio ekintzen kasuan, ez dira onartuko entitate eskatzailearen logoa edozein sustapen materialetan sartu besterik egiten ez duten publizitate gastuak, edo iragarkiaren edukiak zuzeneko loturarik ez duenean merkataritza dinamizatzeko berariazko kanpaina batekin edo entitate eskatzailearen jarduketa eremutik hurbileko hiri-merkataritzaren sustapenarekin. Ez da inongo kasutan onartuko hesi finkoetako publizitatea, ez eta antzeko egitura eta euskarrietakoa ere.
–Merkataritza sustatzeko ekintzak eta komunikazio ekintzetan, bereziki zainduko da erabiltzen diren irudi eta mezuak lagungarriak direla generoko estereotipoak gainditzeko. Bestetik, testuak idaztean hizkera inklusiboaren erabilera zainduko da.
6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gehieneko dirulaguntzak.
1.–Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, ondoren ezarritako portzentajeak aplikatuz zehazten dena, deialdian ezarritako jarduera bakoitzak dirulaguntza jaso dezakeen gastuaren gainean (BEZa barne).
2–Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programak.
Diruz lagundu daitekeen jarduera bakoitzerako, hauek dira dirulaguntzaren portzentajeak eta gehieneko dirulaguntzak:
a) Elkarteetako ETE-ei zerbitzuak emateko laguntza teknikoa:
MERKATARIEN ELKARTEAK: BAZKIDE DIREN MERKATARI KOPURUAREN ARABERA | DIRULAGUNTZA (%) | GEHIENEKO DIRULAGUNTZA |
20 bazkide bitarte | 50 | 1.500 |
21 bazkidetik 40ra bitarte | 50 | 2.000 |
41 bazkidetik 60ra bitarte | 50 | 2.500 |
61 bazkidetik 80ra bitarte | 50 | 3.000 |
81 bazkidetik 100era bitarte | 50 | 3.500 |
100 bazkidetik gora | 0 | 0 |
MERKATARIEN ELKARTEEN BATASUNAK: JARDUKETA EREMUAREN ARABERA | DIRULAGUNTZA (%) | GEHIENEKO DIRULAGUNTZA |
Jarduketa eremua, eskualdea | 55 | 3.500 |
Jarduketa eremua, Nafarroa osoa | 55 | 9.000 |
b) Bezeroei zerbitzuak emateko laguntza teknikoa:
ENTITATE ESKATZAILE MOTA | DIRULAGUNTZA (%) | GEHIENEKO DIRULAGUNTZA |
Merkatarien elkarte mistoak eta gremiokoak | 70 | 7.000 |
Merkatarien elkarteen batasunak, eskualdean jarduteko | 75 | 7.000 |
Merkatarien elkarteen batasunak, Nafarroa osoan jarduteko | 75 | 9.000 |
3.–Merkataritza jarduketarako programak (PAC).
Diruz lagundu daitekeen jarduera bakoitzerako, hauek dira dirulaguntzaren portzentajeak eta gehieneko dirulaguntzak:
a) Laguntza teknikoa eta merkataritzakoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gehieneko dirulaguntza honakoa da, entitate eskatzailearen motaren arabera betiere:
ENTITATE ESKATZAILE MOTA | DIRULAGUNTZA (%) | GEHIENEKO DIRULAGUNTZA |
Merkatarien elkarte mistoak eta gremiokoak | 70 | 3.000 |
Merkatarien elkarteen batasunak | 75 | 8.000 |
Kontzeptu honetarako lortutako eta ordaindutako gehieneko dirulaguntza ez da merkataritza dinamizatzeko kanpainetarako eman eta ordainduko den dirulaguntzaren %60 baino handiagoa izanen.
b) Merkataritza dinamizatzeko kanpainak antolatzea.
Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gehieneko dirulaguntza honakoa da, entitate eskatzailea eta haren jarduketa-eremuaren arabera betiere:
ENTITATE ESKATZAILE MOTA | DIRULAGUNTZA (%) | GEHIENEKO DIRULAGUNTZA |
Eskualdez gaindiko merkatarien elkarteak | 70 | 67.500 |
Eskualdeko merkatarien elkarteak | 45.000 | |
Tarteko eremuak hartzen dituzten merkatarien elkarteak | 31.500 | |
Udalerriko eta hurbileko merkatarien elkarteak (deialdiaren II. eranskineko zerrendan ageri dira) | 15.000 | |
Udal merkatuen merkatarien elkarteak | 27.000 | |
Gremiotako merkatarien elkarteak, 100 bazkidetik beherakoak | 15.000 | |
Gremiotako merkatarien elkarteak, 100 bazkidetik gorakoak | 30.000 | |
Eskualdeko merkatarien elkarteen batasunak | 75 | 45.000 |
Nafarroako merkatarien elkarteen batasunak | 75.000 |
Kasu berezi batzuetan bereziki, hauek dira dirulaguntzaren portzentajeak:
KASU ESPEZIFIKOAK | DIRULAGUNTZA (%) |
Merkatarien bi elkartek edo gehiagok merkataritza sustatzeko elkarrekin antolatu eta egindako berariazko kanpainen kasuan | 75 |
Merkataritza dinamizatzeko balio duten zuzeneko sariak, deskontuak, zozketak, opariak, promozio-opariak, edo deskontu-txartelak (b.1 atala), erakusleihoak atontzeko lehiaketen sariak (b.2 atala) edo fidelizazio sistemetan aplikatutako deskontuak (b.4 atala) | 60 |
Udal merkatuek antolatutako beste ekitaldi batzuk (b.3) | 50 |
Merkataritza animatzeko jarduketetan parte hartzeagatiko gastuak, baldintza hauek betetzen direnean: jarduketak ez izatea entitate eskatzaileak edo administrazio publiko edo toki entitateek antolatuak; kanpaina bereki bat indartu eta sendotzeko balio izatea; merkataritza-ardatz nagusietan eginak izatea, eta merkataritza jarduera bat sustatzea modu argian, zuzenekoan eta egiaztatzeko modukoan. | 25 |
Merkataritza dinamizatzeko balio duten zuzeneko sari, deskontu, zozketa, opari, sustapen-erregalu, zozketa edo deskontu-txartelei dagokienez, baita erakusleihoak atontzeko lehiaketen sariei edo fidelizazio sistemetan aplikatutako deskontuei ere, diruz laguntzen ahal den gastua ezin da izan “Merkataritza dinamizatzeko kanpainak antolatzea” izeneko kontzeptu diruz lagungarriaren kontu egindako edo aurreikusitako jarduketa guztietako gastuaren %60 baino handiagoa.
c) Asoziazionismoa sustatzea.
Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gehieneko dirulaguntza honakoa da, entitate eskatzailearen motaren arabera betiere:
ENTITATE ESKATZAILE MOTA | DIRULAGUNTZA (%) | GEHIENEKO DIRULAGUNTZA |
Merkatarien elkarte mistoak eta gremiokoak | 70 | 3.000 |
Merkatarien elkarteen batasunak | 75 | 5.000 |
7. oinarria. Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.
1.–Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.–Eskaerak aurkezteko modua.
a) Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8154/Subvencion-para-el-fomento-y-gestion-de-colectivos-comerciales-2019 (hemendik aitzina laguntzaren fitxa deituko duguna); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, eta ezin izanen da zuzendu, baina horrek ez du eragotziko ondoren aurkeztu ahal izatea eskaera telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko eskabidea erabiliz eginen dira nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.6 artikuluan xedatutakoarekin bat.
3.–Eskatzen den dokumentazioa.
Laguntza eskaeraren inprimakiarekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira):
3.1. Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
a) Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:
Merkatari taldeak sustatu eta kudeatzeko dirulaguntzen deialdira lehen aldiz aurkezten diren entitateen kasuan, beren nortasuna frogatu beharko dute, gaurkotutako estatutuen kopia aurkeztuz.
Deialdia kudeatzen duen organoak, bestetik, egiaztatu beharko du entitate eskatzailea 4.2 oinarri arautzailean aipatutako erregistroetakoren batean izena emana zegoela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehenagotik.
b) Bestelako dokumentazio berariazkoa.
–Akta liburuaren kopia, behar bezala sinatua edo eginbidetua, non adieraziko baita batzarrak edo organo baliokideak honako dokumentu hauek onetsi dituela:
- Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa.
- Aurtengo aurrekontua.
- Dirulaguntzaren xede den jarduketen plana.
–Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa.
–Aurtengo aurrekontua.
–Bazkide bakoitzeko kuota.
c) Agiriak, dirulaguntza eskatzen duen entitate motaren arabera.
–Merkatarien elkarteen kasuan (mistoak edo ez): eskaera aurkezteko datan elkartean dauden ETE guztien zerrenda gaurkotua, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafearen arabera ordenatuak.
–Merkatarien elkarteen batasunen kasuan: batasuna osatzen duten elkarte guztien zerrenda gaurkotua –eskaera aurkezten den egunean–, elkarte motaren arabera ordenatuak (gremiokoa edo zonakoa).
Aipatu zerrendak laguntzaren fitxan eskuratzen ahal diren ereduen arabera aurkeztuko dira.
d) Erantzukizunpeko adierazpenak, dirulaguntzaren eskaera-orrian datozenak.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.
–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jasotzen diren beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Betiere, entitate eskatzaileak dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiteko lortzen dituen diru-sarrerak komunikatu beharko dizkio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari (Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Atala), haien berri izan bezain laster.
–Erantzukizunpeko adierazpena, non argituko den deialdi honetan aurkeztutako jarduketei aplikatzen zaien balio erantsiaren gaineko zerga eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatzeko modukoa den ala ez, eta hainbanaketarik izanez gero, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
–Erantzukizunpeko adierazpena, non eskatzaileak agertuko duen zehapen edo kondena-epairik ez duela bete behar sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18.2 artikuluan ezarritakoaren arabera), edo ez dela betetzen ari arrazoi horiengatik ezarritako administrazio zehapen irmo edo kondena-epai irmorik.
–“Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada.
3.2. Jarduera diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.
3.2.1. Merkataritza-egiturak sustatzeko programak:
a) Bazkide diren ETE-ei zerbitzuak emateko laguntza teknikorako eskatzen bada dirulaguntza.
–Enpresak berak edo entitate eskatzaileak kontratatutako profesional batek egindako edo egin asmo diren jarduera guztien deskripzio-memoria, 5.2.1.a) oinarrian adierazitako zereginei dagokienez; informazioa emanen da aipatu zerrendan ageri diren baina egin ez diren jarduerei buruz, edo zerrendan jaso ez diren baina garatu diren jarduerei buruz, baldin eta balio erantsia ekartzen badiete erakundearen kudeaketa eta administrazio zereginei.
–Zerbitzua ematen duen enpresaren edo profesionalaren identifikazioa.
–Kontratazio horren kostua dirulaguntza duen aldirako (deialdian ezarritakoa).
–Entitate eskatzailearen eta lan horiek egiteko kontratatutako langile berariazkoen arteko kontratuen, fakturen eta aurrekontuen kopiak.
–Lan horiek nork bere langileekin edo kudeatzailearekin burutzen baditu, erantzukizunpeko adierazpena, lanaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituena.
b) Bezeroei zerbitzuak emateko laguntza teknikorako eskatzen bada dirulaguntza.
–Enpresak berak edo kasuan kasuko elkarteak kontratatutako profesional batek egindako edo egin asmo diren jarduera guztien deskripzio-memoria kontzeptu horri dagokionez eta entitate eskatzaileak bezeroei emandako zerbitzu guztiena.
–Zerbitzua ematen duen enpresaren edo profesionalaren identifikazioa.
–Zerbitzuak noiz eman diren, zerbitzu motak eta lortutako helburuen balorazioa.
–Kontratazio horren kostua dirulaguntza duen aldirako (deialdian ezarritakoa).
3.2.2. Merkataritza jarduketarako programetarako (PAC):
–Merkataritza jarduketarako programaren jarduketa plana, non deskripzio-memoria bat izanen baita, honako hauei buruz: diruz lagun daitezkeen gastuen aldian egin diren eta egitekoak diren jarduera guztiak, haien egoera, egutegia eta kostua eta aurreikusita dagoen finantzazioa, programan diruz lagun daitekeen gastu bakoitzeko.
–Zerrenda bat, merkataritza jarduketarako programaren jarduketa planean aurreikusita dauden jarduera guztien laburpena jasotzen duena; deialdiaren informazioa jasotzen duen fitxako ereduari jarraikiz aurkeztuko da.
a) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza izeneko kontzepturako dirulaguntzak eskatuz gero: zerbitzua ematen duen entitatea, enpresa edo profesionala jarduera ekonomiko hori egiteko kualifikatua dagoela frogatzen duen dokumentazioa. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokion epigrafean alta emana egotea –informazio hori ofizioz kontsultatuko da–, edo, bidezko denean, aipatu zerbitzuaren emailearen estatutu edo eskriturak (hauek aurkeztu egin beharko dira).
–Entitate eskatzailearen eta lan horiek egiteko kontratatutako langile berariazkoen arteko kontratuen kopia.
–Lan horiek nork bere langileekin edo kudeatzailearekin burutzen baditu, erantzukizunpeko adierazpena, lanaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituena.
b) Merkataritza sustatzeko jarduera eta kanpaina berariazko bakoitzerako, bai egindakoetarako bai aurreikusietarako, dirulaguntza eskaeraren xede badira entitate eskatzaileak antolatu eta sustatu baditu, memoria xehatu bat aurkeztuko da, eta honako atal hauei buruzko informazioa izanen du:
–Jardueraren izenburua.
–Jardueraren deskribapena.
–Jardueraren helburuak.
–Jarduera burutzeko datak eta zer egoeratan dagoen.
–Gastuen deskribapen xehatua.
–Diru-sarreren deskribapen xehatua.
–Kanpainak elkarrekin antolatzea eta garatzea: jarduketak zenbait merkatarien elkarteren artean batera egitekoak badira edo egin badira, horren berri eman beharko da, eta argi zehaztuko da zer lan eginen edo egin dituen elkarte bakoitzak, eta zer gastu eta diru-sarrera aterako diren kanpainaren ondorioz, eta, bestetik, haietatik zer parte dagokion elkarte bakoitzari.
c) Dirulaguntza asoziazionismoa sustatzeko eskatzen bada:
–Entitate eskatzailearen eta lan horiek egiteko kontratatutako langile berariazkoen arteko kontratuen kopia.
–Lan horiek nork bere langileekin edo kudeatzailearekin burutzen baditu, erantzukizunpeko adierazpena, lanaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituena.
3.3. Beste agiri batzuk.
a) 2018ko azaroaren 1etik 2019ko apirilaren 30era bitarte egindako jarduketen kasuan, gainera, 10. oinarri arautzailearen 3. atalean adierazten den dokumentazioa aurkeztuko da.
b) Aurreko 11. oinarri arautzailean aurreikusitako dirulaguntzaren aurrerakina ordaintzea eskatuz gero, gainera, behar diren agiriak aurkeztuko dira, frogatzeko ez duela dirulaguntzaren xedeko ekintzen gastuak egiteko aski baliabide edo funtsik. Esaterako, agiri hauek: aurreko urteko kontabilitateko egoera-orriak, 2019ko gastuen eta diru-sarreren aurreikuspenaren kronograma, likideziaren edo diruzaintzako baliabideen bankuko ziurtagiriak eta abar.
c) Aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipamendu-ondasunen hornidura edo zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan, dirulaguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko da, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela adierazteko, eta gutxienez ere hiru eskaintza erantsi. Aitorpen hori dirulaguntza eskatzeko inprimakian sartua dago.
Dokumentazio hori dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da, salbu gastua egin bada dirulaguntza-eskaera aurkeztu aurretik, edo, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago halakorik ematen duen entitate kopuru nahikorik.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, dirulaguntza kudeatzen duen organoaren ustez, ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera hautatu izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
8. oinarria. Izapidetzea eta laguntzak emateko ebazpena.
1.–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko kudeaketa organoa.
Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazten zaionetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.
2.–Dirulaguntza emateko, irizpide hauei jarraituko zaie, betiere onartutako eskaeren artean:
a) Jarduera diruz lagungarriei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa 6. oinarri arautzailean ezarritako gehieneko zenbatekoen eta portzentajeen arabera kalkulatuko da.
b) Aurrekontuan erabilgarri dagoen diru kopurua txikiagoa bada aurreko puntuan zehaztutakoaren ondoriozko dirulaguntzen batura baino, deialdiaren konpromisoak betetzeko baimendutako gastua hainbanatu eginen da diruz lagungarritzat jotzen den gastuaren bolumenaren artean (enpresa eskatzaileek aurkeztua).
3.–Aurkezten diren eskaerak behin betiko azterturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.
4.–Dirulaguntza jasotzen ahal duen jarduketa mota bakoitzaren barrenean onartutako jarduera multzoagatik onetsiko eta ordainduko zaio dirulaguntza entitate eskatzaile bakoitzari. Jarduera horiek 5.2 oinarri arautzailean daude zehaztuta.
5.–Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.
Diruz lagungarria den jarduera mota bakoitzaren barrenean onartutako ekintza multzorako eman eta ordainduko zaio dirulaguntza eskatzaile bakoitzari.
Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
6.–Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo ustezkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
9. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
1.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, enpresa onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori, ez bada enpresak berariaz horren aurka agertzen direla. Kasu horretan, enpresek aipatutako frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.
2.–Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu behar dute entitate onuradunek, dirulaguntzaren fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.
3.–Egindako gastuak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.
4.–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, 2019ko irailaren 20a baino lehen, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren edo ekintzen dirulaguntzari uko egiten zaiola, deialdian ezarritako epeetan egin behar ez badira.
–Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat gauzatzen ez bada, emandako dirulaguntza osoa %20 murriztuko da, salbu eta horren berri ematen bada aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz.
–Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak gauzatu gabe gelditzen badira, gorabehera hori goian ezarri denaren arabera komunikatzen ez bada, gorabehera hori aintzat hartzen ahalko da merkataritza taldeak sustatu eta kudeatzeko dirulaguntzen hurrengo urteko deialdiaren baremoan.
5.–Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.
Salbuespen gisa, merkataritza sustatzeko berariazko kanpaina bat egitea onartzen ahalko da dirulaguntzaren xede izan den beste baten ordez, aldez aurretik ematen bazaio aldaketa horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, horrexek egiaztatuko baitu kanpaina berriak eskatzen diren beharkizunak eta deialdiaren xedea betetzen ote dituen eta, zein den kasua, aldaketa onartuko du.
Diruz lagundutako jarduketak gauzatzean, amaierako zenbatekoetan gertatzen diren desbideratzeak onartuko dira baldin eta dagozkien gauzatze memorietan arrazoituz frogatzen badira eta deialdiaren helburuak betetzen direla bermatzen bada.
Oinarri honen 4. eta 5. ataletako komunikazioak posta elektronikoaren bidez eginen dira, comercionavarra@navarra.es helbidera idatziz.
Dirulaguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Ondorio horietarako, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak dirulaguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren zuzeneko proportzioan eginen da dirulaguntza itzultzeko kalkulua.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoa itzuli beharko da, 13. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.
10. oinarria. Egindako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.
1.–Justifikazioa aurkezteko epea.
Egindako jarduketen justifikazioa epe hauetan aurkeztuko da:
a) 2018ko azaroaren 1etik 2019ko apirilaren 30ra bitarte egindako jardueretarako, osorik bukaturik eta ordaindurik badaude, laguntza eskatzearekin batera aurkeztuko da justifikazioa.
b) 2019ko maiatzaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarte egindako jardueretarako, 2019ko azaroaren 8a izanen da azken eguna justifikazioa aurkezteko.
2.–Justifikazioa aurkezteko modua.
Frogagiriak modu elektronikoan aurkeztu behar dira ezinbestean, dela eskaera inprimakiaren bidez –aurreko a) ataleko jarduerak izanez gero– dela berariazko justifikazio inprimakiaren bidez –aurreko b) ataleko jarduerak izanez gero–. Laguntzen fitxan daude eskuragarri bi-biak.
3.–Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.
Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dute egin direla, eta, horretarako, justifikaziorako berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoko dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan eskaneatuta:
a) Azken memoria, egindako jarduera guztiak zehatz-mehatz deskribatzen dituena eta, merkataritza sustatzeko berariazko kanpainarik egin bada, hark 7.2.2.b) oinarri arautzailean ezarritako informazioa jaso beharko du.
b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, dataren arabera ordenatu eta zenbakituak, datu hauek adierazita: fakturatutako gastuaren kontzeptua, hornitzailearen identifikazioa eta IFZ edo IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta ordaintzeko eguna eta modua, zerbitzuen katalogoko fitxan eskura daitekeen ereduari jarraituz.
c) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira; ondorio horietarako, hartze-agiriak ez dira onartuko.
d) Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.
Ordainketa egiteko, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria, enpresaren kreditu- edo zordunketa-txartela, txeke izenduna edo zor-agiria erabiliko dira, eta dirulaguntzaren onuradun den entitateak banku kontuaren titularra izan beharko du ordainketak egiten diren eguna baino lehen. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuak egon beharko dute.
Eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileak sinatu eta zigilatutako hartu-agiri bat aurkezten badu entitate onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.
Eragiketaren batean parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta hango gastuak eskudirutan ordaindu badira, gastu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 eurokoak edo hortik gorakoak badira, edo balio bera badute atzerriko monetan, urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz (lege hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoa da).
Enpresa onuradunak ez du aurrekoa bete beharko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude, edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
e) Adierazpena, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: dirulaguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adierazi behar dira; funts berekiak, bestelako baliabideak, bestelako dirulaguntzak edo diruz lagundutako jarduketak sortutako diru-sarrerak izan daitezke. Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
f) Merkataritza jarduketarako programako ekintzak (PAC) justifikatzeko kasuan.
–Merkataritza sustatzeko berariazko kanpainak:
- Erosketak egiten edo zerbitzuak kontratatzen bazaizkie elkartutako saltokiei, horiek emandako fakturetan zehazki adierazi beharko da zer kanpainari dagozkion eta erositako produktuen edo kontratatutako zerbitzuen xehetasuna.
- Diruz lagundutako ekintza bakoitzari lotutako sustapen, publizitate eta komunikazio material guztien kopia bat: iragarkiak, irratiko iragarkiak, web-orrietan sartutako informazioaren estekak eta antzekoak, eta, oro har, egindako material edo komunikazio guztien erakusgarri bat.
- Publizitatea helburu duten zozketak dituzten kanpainetan, baldin zerga-oinarria 1.800 eurotiko gorakoa bada: jokoaren gaineko zerga tasa likidatzeko eskaeraren kopia, baita tasa horren ordainketa-gutunaren kopia ere.
- Publizitate helburua duten zozketak dituzten kanpainetan, baldin zerga-oinarria 1.800 eurotik beherakoa bada: jokoaren gaineko tasa ordaintzetik salbuesteko eskaeraren kopia.
- Diruz lagungarriak diren kontzeptuei dagozkien zerbitzuak ez dituenean zuzenean kontratatzen elkarte eskatzaileak berak, baizik eta agentzia antolatzaile baten bitartez, horrek kontzeptu horiengatik jasotako fakturak eta ordainketaren frogagiriak.
–Fidelizazio sistemen bidez egindako sustapen kanpainen kasuan, sistema ustiatzeari buruzko txostena, honako hauek adierazita justifikazio aldiari dagokionez: sistemari atxikitako saltokien kopurua, bezero kopurua, egindako eragiketen kopurua, salmenten zifra, egindako sustapenak, trukatutako puntuak, eta abar; gainera, aurkeztu den azken justifikazio aldiarekin konparatuko da.
–Entitate onuradunak sustatutako argitalpenak (aldizkariak, informazio-buletinak, saltokien planoak, eta abar) prestatu diren kasuan, ale bat aurkeztuko da argitalpen bakoitzeko.
–Idatzizko hedabideetan egiten diren publizitate-iragarkietan, azalaren eta argitaratutako iragarkiaren kopia aurkeztuko dira.
–Informazio, komunikazio eta marketin digitaleko ekintzarik egiten bada, horretarako diseinatutako komunikazio eta publizitate planaren kopia bat, baita baliabideen planarena, pantaila-argazkiena eta abarrena ere.
g) Bazkide diren ETE-ei zerbitzuak emateko laguntza teknikorako eskatzen bada dirulaguntza.
–Egindako bileren laburpena, bileren datak eta dirulaguntza duen garaian egindako kudeaketa eta administrazio lanak justifikatzeko memoria.
–Egindako bileren akten kopia, bazkideei bidalitako komunikazioak, barneko buletinak, aholkularitza eskaini zaien bazkideen kopuruaren adierazleak eta abar.
h) Bezeroei zerbitzuak emateko laguntza teknikorako eskatzen bada dirulaguntza.
–Merkataritza-zonaren irisgarritasuna.
Zerrenda xehatua, besteak beste honako datu hauek jasoko dituena: zerbitzua ematen duen enpresa, bezeroak merkataritza-zonara eramateagatik egunero jaulkitzen diren tiketak, ibilbideak eta maiztasuna.
Denda bakoitzak hilean trukatu eta ordaindutako garraio-tiketen zerrenda. Aipatu tiketak gorde behar dira, zerbitzu kudeatzaileak eskatzen ahalko baititu, ausaz eta noiznahi.
“Merkataritza-zonaren irisgarritasuna” izeneko kontzeptuaren azkeneko justifikazioan, zerbitzu horren erabiltzaileak denda elkartuen bezero bihurtzeari buruzko konbertsio-tasa agertu behar da, honako hauen gaineko balorazioekin batera: aurreikusitako helburuak, lortutako emaitzak, zerbitzua mantentzearen merkataritza-interesa eta hori ekonomikoki bideragarri egiteko baldintzak, inguruabarrak edo aurreikusitako finantzaketa.
–Bezeroentzako aparkalekua.
Eremu urdinean aparkatzeko txanponak banatu dituzten denden zerrenda, hilerokoa, edo, kasua bada, dendek bezeroei hilean egindako ordainketen zerrenda.
Denda horietan erostearen ordainean txanpon urdinak ematea sortu zuten erosketa-tiket eta -faktura guztiak gorde behar ditu entitate onuradunak.
Denda horietan erostearen ordainean aparkalekua ordaintzea sortu zuten erosketa-tiket eta -faktura guztiak gorde behar ditu entitate onuradunak.
Bi kasuotan, zerbitzu kudeatzaileak erosketa-tiketak eta -fakturak eskatzen ahalko ditu, ausaz eta noiznahi.
–Erosketa etxera eramateko zerbitzua.
Entitate onuraduna osatzen duten dendek hilean egindako eramateen zerrenda.
11. oinarria. Dirulaguntza ordaintzea eta aurrerakinak aurreikustea.
1.–Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira, eta entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituela frogatzen duen txostena gehituko zaio.
Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoren emanen da dirulaguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.
2.–2018ko azaroaren 1etik 2019ko apirilaren 30era egindako jarduketak dirulaguntzaren eskaerarekin batera justifikatu behar dira, eta horien ordainketa dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera eginen da.
3.–2019ko maiatzaren 1etik urriaren 31ra bitarteko jarduketen gastuei aurre egiteko behar bezainbesteko funtsik ez dutela behar den moduan frogatuz gero, entitate onuradunek jarduketa horietarako emandako dirulaguntzaren %25 jasoko dute aurrerakin gisa, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera. Dirulaguntzaren azken ordainketa egiten den unean erregularizatuko da aurrerakin hori.
12. oinarria. Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.
Aurrekoa galarazi gabe, jarduera bera egiteko emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
13. oinarria. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.
1.–2019ko apirilaren 1etik urriaren 31ra bitarte egindako jarduketen justifikazioa 2019ko azaroaren 8a baino beranduago aurkezten bada, jarduketa horietarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
2.–Aurreikusitako eta eskatutako zenbatekoa ez bada betetzen, eta beheranzko aldaketak komunikatu ez badira 9.4 oinarri arautzailean ezarri bezala, laguntza murriztuko da, honela:
a) Diruz lagundutako jardueren frogagirien arabera %50 baino gutxiago egin bada, emandako dirulaguntzaren %30 murriztuko da azken ordainketatik.
b) Diruz lagundutako jardueren frogagirien arabera %30 baino gutxiago egin bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, ordaindutako dirulaguntza itzultzeko eskatuko da.
3.–Dirulaguntzaren xede diren publizitate eta marketin euskarrietan, iragarki, irrati-iragarki, kartel, argitalpen eta abarretan ez badira betetzen 5.5 oinarrian ezarritako publizitateari buruzko betebeharrak, komunikazio euskarri horietarako gastutik ez da batere onartuko.
4.–Kanpaina edo jarduketa batean ez bada aipatzen Nafarroako Gobernuaren laguntza duela, 5.5 oinarrian ezarritako publizitateari buruzko betebeharra ez dela bete ulertuko da, eta ez da onartuko kanpaina edo jarduketa horri dagokion gastua, edo, bidezko bada, galduko da kanpaina edo jarduketa horretarako onetsitako dirulaguntza ordaintzeko eskubidea.
14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren dirulaguntzak laguntza honen fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.
II. ERANSKINA
Udal eremuko eta hurbileko zonako programak
–Agoitz.
–Antsoain.
–Atarrabia.
–Azagra.
–Azkoien.
–Barañain.
–Baztan.
–Bera.
–Beriain.
–Berriobeiti.
–Berriozar.
–Burlata.
–Caparroso.
–Cascante.
–Castejón.
–Cintruénigo.
–Corella.
–Cortes.
–Doneztebe.
–Eguesibar.
–Erriberri.
–Etxarri Aranatz.
–Gares.
–Irunberri.
–Iruñeko auzoak.
–Irurtzun.
–Leitza.
–Lekunberri.
–Lesaka.
–Lodosa.
–Los Arcos.
–Mendabia.
–Milagro.
–Murchante.
–Noain (Elortzibar).
–Orkoien.
–Ribaforada.
–San Adrián.
–Tuterako auzoak.
–Uharte.
–Viana.
–Zarrakaztelu.
–Zizur.
–Zizur Nagusia.
Iragarkiaren kodea: F1907423
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
