114. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 13a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA

Iragarki oharra. Erreferentzia: 2010-M-4

Changoa SAk ur aprobetxamendua eskatu du, Arga ibaitik 60 m³/s ur hartzeko, Miranda de Argako udal-mugartean (Nafarroa), zentral berri batean energia elektrikoa sortzeko.

5.000 kVA-tik beherako potentzia duten aprobetxamendu hidroelektrikoetarako emakidak eta baimenak tramitatzeko prozedura berezia ezartzen duten maiatzaren 25eko 916/1985 Errege Dekretuan eta martxoaren 18ko 249/1988 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, batera tramitatzen dira proiektatutako instalazioetarako administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa, hura jartzeko behar diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzearen ondorioetarako eta bide zortasuna ezarri eta baliatzeko.

Horretarako, eskatzaileak proiektua aurkeztu du, “Vergalijoko zentral hidraulikoa birgaitzeko obra zibila” izenekoa, Eladio Guallart Domench bide, ubide eta portuetako ingeniariak Burlatan izenpetua 2009ko irailean.

Egin beharreko lanak, laburbilduta, hauek dira:

–Hargunerako obra, hormigoi armatuzkoa, Vergalijo izeneko alderdian dagoen presako ezkerreko estriboan (koordenatuak: ETRS89 UTM-30 X: 597594 Y: 4702482).

  • Lau uhate motordun jarriko dira.
  • Presaren erdialdean arrainentzako arrapala bat jarriko da.

–Ura hartzeko ubidea, hormigoi armatuzko hormak dituena, harguneko uhateetan hasi eta zentralaren erreja-garbitzailean amaitzen dena. 120 metroko luzera, 2,8 metroko altuera eta 29,8 metroko gehieneko zabalera izanen du.

–Zentral berria, aurrefabrikatua, errektangeluarra (30 m x 11 m x 10 m); bertan Kaplan motako bi turbina jarriko dira, erregulazio bikoitzekoak, segundoan 40 eta 20 m³ ur turbinatzeko gaitasuna dutenak, bi sorgailu asinkronorekin.

–Deskarga ubidea, hormigoi armatuzkoa; hasieran 10,40 metroko tartea du, 18,00 eta 22,00 metro arteko zabalerarekin, eta amaieran, berriz, 39,15 metroko luzerako tartea, 22 eta 30,76 metro arteko zabalerarekin.

–Zentralerako sarbiderako zerbitzu bidea, egun dagoen bidetik, ura hartzeko eta deskargarako ubideetan barna doana.

–Linea elektrikoa. Banaketa sarearekiko lotura lur azpiko linea elektriko batekin egitea jaso da proiektuan, zentraletik egungo linea elektrikoraino, finkatik ipar-ekialdera. 145 metro luze izanen da lotura hori.

Hargunearen muturrean, presako kota gorena 301,08 metrokoa da, eta hustubideak eta ibaiak bat egiten duten tokiko kota, berriz, 297,84 metrokoa da; proiektuaren arabera, 3,24 metroko jauzi garbia du.

Proiektuan jaso da aprobetxamendu honek garai bateko Cabués-Vergalijoko zentralaren lurrak okupatuko dituela. Lanen iraupena 9 hilabetekoa izanen da, gutxi gorabehera.

Aditzera ematen da orok jakin dezan eta eskaera honek kalte egiten diela uste dutenek beren erreklamazioak Ebroko Konfederazio Hidrografikoari idatziz aurkezteko aukera izan dezaten, hogeita bost egun balioduneko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Eta, horretarako, espedientea ikusgai egonen da Ebroko Konfederazio Hidrografikoan (Sagasta pasealekua 26-28, Zaragoza), bulego orduetan.

Zaragozan, 2019ko maiatzaren 3an.–Komisario albokoa, Javier San Román Saldaña.

Iragarkiaren kodea: E1906873