112. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

240E/2019 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-adierazpen estrategikoa ematen baitzaio Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzaileari, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak sustatu baitu (zuzendaritza hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentukoa da).

I.–INGURUMEN-EBALUAZIO ESTRATEGIKOAREN TRAMITAZIOA

Administrazio publiko batek gauzatzen edo onesten dituen planek nahiz programek ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar dute, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan (“Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua”) xedaturikoa aplikatuz.

2017ko abuztuaren 8an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan eskaera jaso zen Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzaileari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta abiarazteko. Dokumentazioa, planaren zirriborroa eta hasierako dokumentu estrategikoa jaso eta agiri horiekin aski dela egiaztatu ondoan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta prozesuari hasiera eman zion, 21/2013 Legearen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera. Adierazitako agiriak 26 entitateri igorri zitzaizkien, eta iradokizunak jasotzeko 45 egun balioduneko epea ezarri zen. Honako hauei igorri zitzaizkien kontsultak: sindikatuei, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, Nafarroako Gobernuko zenbait departamenturi, beste administrazio publiko batzuei, unibertsitateei, talde ekologistei, aholkularitza enpresei eta planaren esparruan jarduten duten adituei.

Kontsulta prozesuan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren eta Ondare Historikoaren Zerbitzuaren erantzunak jaso ziren, eta, epez kanpo, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena ere jaso zen. 2017ko azaroaren 6an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak erantzun horiek eta irismeneko dokumentua igorri zituen. Azken hori zerbitzuak berak idatzi zuen, eta zenbait baldintza biltzen ditu ingurumen-azterketa estrategikoaren gutxieneko edukiari buruz. Ebazpen honen I. eranskinean jasotako erantzunen laburpen bat biltzen da, bai eta irismeneko dokumentua ere, azaroaren 9ko 21/2013 Legearen 19.3 artikuluan xedatua betetzeko.

Gero, informazio eta parte-hartze publikoaren planari hasiera eman zitzaion (2018ko urtarrilaren 23tik maiatzaren 25era bitartean). Bitarte horretan, 19 bilkura egin dira guztira zenbait interes-talderekin. Iradokizunak hartzeko epean, 741 ekarpen jaso dira. Parte-hartze prozesuaren laburpena ere ebazpen honen I. eranskinean dago.

Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, entitate sustatzailea baita, jendaurrean eta administrazio publikoen nahiz interesdunen kontsultapean jarri zuen Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailearen hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, abenduaren 5eko 1000/2018 Ebazpenaren bitartez. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. eta 22. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Ebazpena 2018ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 21ekoan, eta egun horretan berean dokumentazioa jendaurrean jarri zen Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian (https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/partaidetza/prozesuak/hiri-erabilerako-uraren-ziklo-integralaren-plan-zuzentzailea) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egoitzan. Halaber, 45 egun balioduneko epea ireki zen alegazioak aurkezteko. Ebazpen honen I. eranskinean prozesu horren emaitzen laburpen bat jaso da, baita parte-hartze prozesuarena eta kontsulta prozesuarena ere.

Jendaurreko epea iraganik, sustatzaileak, 2019ko apirilaren 17an, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espediente osoa igorri zuen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira.

Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduran izan diren mugarri nagusiak aurkezten dira hemen:

IZAPIDEA

DATA

Hasierako dokumentu estrategikoa jasotzea

2017/08/08

Aldez aurreko kontsulten hasiera

2017/08/21

Irismeneko dokumentua onestea

2017/11/06

Parte-hartze publikoaren prozesuaren hasiera

2018/01/12

Jendaurreko informazioaren iragarkia (Nafarroako Aldizkari Ofiziala)

2018/12/21

Jendaurreko informazioari buruzko espedientea jasotzea ingurumen arloko organoan

2019/04/17

II.–PLANAREN DESKRIBAPENA

Planaren jarduketa esparrua Nafarroako Foru Komunitatea da. 10.391 km²-ko azalera dauka, eta 2017an 642.797 biztanle bizi ziren bertan; horien artean, %55 Iruñerrian bizi ziren. Iparraldearen eta hegoaldearen artean alde handiak daude klimari dagokionez. Gainera, bi demarkazio hidrografikotan banaturik dago: Ebrokoan eta ekialdeko Kantaurikoan. Plan hau idazterakoan kontuan hartu beharreko funtsezko aldagaia da klima-aldaketaren agertokia, plan hidrologikoetan erabiltzen dena, zeinak aurreikusten baitu Nafarroako ur emariak %15 gutxituko direla 2030erako, batez beste.

Planak 12 urteko indarraldia izanen du, bi seiurtekotan banaturik. Horietako bakoitzak jarduketa zehatzak izanen ditu.

Nafarroako hornidurari buruzko diagnostikoak azaleratu du egungo planean azpiegitura gehienak planifikaturik daudela, kudeaketarako 16 eremutan. Goi hornidura kudeatzen duten 158 entitate daude, eta udalez gaindiko irtenbideak ematen dizkiete biztanleen %90,5i. Nafarroako hiri hornidurako baliabideek jatorria dute Itoitz-Nafarroako Ubidean (%4), beste urtegi batzuetan (%30), Ebro eta ubideetan (%11), putzu alubialetan (%7), putzu ez-alubialetan (%6) eta iturburuetan edo ibaien goi-ibilguetan (%42). Ur gordina kalitatezkoa da, salbu Ebro eta ubideetatik eta putzu alubialetatik heldu dena. Behe hornidura kudeatzen duten 212 entitate daude. Horietatik 9 udalez gaindikoak dira, eta biztanleriaren %82 biltzen dute.

Saneamenduari buruzko diagnostikoan ondorioztatu da 1988ko Nafarroako Saneamendu Plana hein handi batean gauzatu dela, ia-ia biztanleriaren %100 dagoela, gutxienez, sistema primario bati loturik, eta biztanleen %98, berriz, tratamendu biologikoaren bidezko arazketa sistema bati loturik. Nafarroan martxan diren 151 araztegietatik (2016), 93k energia elektrikoa erabiltzen dute, eta beste 58k ez. Era berean, kolektore nagusiak 475 km luze dira, eta 57 ponpaketa-estazio daude. Gobernamenduari dagokionez, 212 entitatek dute arlo horretako eskumena, eta horietatik bik baino ez dute eskumen hori zuzenean baliatzen (Iruñerriko Mankomunitatea eta Jurramendikoa). Gainerakoen kudeaketa NILSAren bitartez egiten da. Tarifa sistema bat dago, goi eta behe hornidura hartzen dituena, baina egiaztatu da entitateek ez dituztela azpiegiturak amortizatzen, Urari buruzko Esparru Zuzentarauak horretara behartzen baditu ere.

Diagnostikoak agerian jartzen du zein eremu hobetu behar diren uraren ziklo osoaren arloan; horien artean, behe hornidurako sistemen efizientzia: udal batzuetan, erregistratu gabeko ur portzentajea oso handia da ihesen, legez kontrako kontsumoen eta bestelako arrazoien ondorioz (Nafarroan ihesen batez bestekoa %30-38 bitartekoa da, baina alde handiak daude eskualdeen artean).

Halaber, saneamenduari buruzko diagnostikoak iradokitzen du ur parasitoen arazoa konpontzeko jarduketa-ildo batzuen beharra dagoela. Kontuan izan behar da 2011 eta 2015 artean fakturaturiko hondakin urek –etxeetakoak eta industrietakoak batuta– 40 hm³ egiten zutela urtean; aldiz, bolumen hori halako bi araztu zen ia (sareen egoera kaskarra, sare bateratuak, hirietako jariatze-uren ondoriozko kutsadura eta emariaren igoera, euriteetan gainezka egitea, etab.).

Saneamenduaren gobernamendua 10/1998 Legean arauturik dago, zeinak tarifen araubide bat ezartzen baitu, bai etxean erabiltzeko bai beste erabilera batzuetarako. Nafarroako Gobernuaren menpeko NILSA enpresak kudeatzen eta gauzatzen du indarrean dagoen Saneamendurako Plan Zuzentzailea.

Plan horren helburuak bost bloketan bereizi dira:

–Helburu estrategikoak: uren hornidura, saneamendu eta arazketa egokia bermatuko duen zerbitzua lortzea; zerbitzu eraginkorra ematea, elkartasun printzipioa aplikatuz; ekonomia zirkularra sustatzea; Nafarroako klima-aldaketaren ibilbide-orriarekin bat egitea (klima-aldaketara egokitzeko estrategiak eta muturreko fenomeno klimatikoen ondorioak baretzea); gune babestuak erregistratzea; horniduraren eta saneamenduaren kostuak berreskuratzea, eta Nafarroako plangintza hidrologikoan laguntzea.

–Zerbitzuari dagozkion helburuak: zerbitzu publikoa eta bakarra, hornidura eta saneamendua bateratzen dituena; biztanleen %100 hornitzea kalitate handiko ur gordinen iturriak erabiliz; hornidurarako iturri aski sendoak eta, era berean, askotarikoak bilatzea, sistemaren erresilientzia bermatzeko; etorkizuneko eskariari erantzutea, baina efizientziaren eta kontsumo arduratsu eta jasangarriaren irizpideei jarraikiz (hazkunde ekonomikoa eta baliabidearen erabilera banantzea); hirietako isurketen ingurumen inpaktua ahal beste txikitzea hondakin uren saneamendu eta arazketa sisteman; kutsatzaile emergenteen kontrola, eta araztegietako lohiak egoki kudeatzea.

–Ingurumen arloko helburuak: bolumen ahalik eta txikiena hartzen duen hornidura; ezarritako emari ekologikoak errespetatzea eta ur-harpena mugatzea ingurumen aldetik zaurgarrien diren guneetan, bereziki naturagune babestuetan; ingurumen balio handiko elementuen gaineko inpaktua ahal beste txikitzea, eta hornidurarako nahiz saneamendurako azpiegituren proiektuak paisaian ahalik eta gehien integratzea. Energia-eraginkortasunaren printzipioa aplikatzea, eta energia berriztagarriak ahalik eta gehien erabiltzea. Azkenik, lohiak nekazaritzan erabiltzea, ekonomia zirkularraren printzipioarekin bat.

–Gobernamenduari eta ekonomiari dagozkien helburuak: udalez gaindiko toki entitateen bidez gobernatzea, toki administrazioaren erreformaren ondorioz eratutako horien bidez, hain zuzen; ezagutzea zenbatekoa den, guztira, hiri erabilerarako uraren ziklo osoaren zerbitzuaren kostu erreala, zerbitzuen kostuaren %100 berreskura dadin tarifen eta zergen bidezko diru-sarrerekin.

–Ezagutzari, zabalkundeari eta kontrolari dagozkien helburuak: kontrol eta jarraipen sistema egokia, etengabeko ebaluazioa egitea ahalbidetuko duena; jarduketa-programa aldatzeko eta teknikoki egokitzeko neurri osagarriak; gizarte guztiaren erantzunkidetasuna; prestatzea, sentsibilizatzea eta heztea helburu duten neurriak, eta garapenerako lankidetza.

Helburu horien bitartez, gaur egun uraren arloan indarrean dagoen lege esparru osoa bete nahi da, eta, batez ere, Urari buruzko Esparru Zuzentaraua eta hura garatzen duten arauak, baita edateko urei buruzko araudia ere. Baina ez hori bakarrik: ekonomia zirkularraren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren arloko postulatu ausartagoei ere erantzun nahi zaie horrela.

Jarduketa plan bat ezarri da, 10 jarduera ildorekin, zeinak “aterki-ildo” zabalagoen pean banaturik baitaude, sistema osoa egituratzen duten ardatzak eratuz. Hori horrela, batetik 1. eta 2. ildoak ditugu (ziklo osoa eta gobernamendua, hurrenez hurren). Bestetik, bi ildo-multzo daude, hein handi batean azpiegituretara bideraturik: hornidura hobetzeari buruzko jarduera ildoak (3.etik 5.era bitartekoak) eta saneamendua hobetzeari buruzkoak (6.etik 8.era bitartekoak). Eta, azkenik, zeharkakoak diren bi ildo daude, 9.a (zerbitzuaren kostuak eta tarifa sistema) eta 10.a (ezagutza eta abar), hain zuzen.

–1. jarduera ildoa: uraren hiri zikloa eraldatzea, ziklo egiazki osoa izan dadin. Nafarroako Gobernuak zerbitzua ematen duten entitateak kontrolatzea; entitate eskudunek azpiegituren gaineko kontrola egitea; plan eragileak garatzea ustiaketari, emakidei eta isurtzeko baimenei buruz; desbideratzeen aurrean hobetzeko planak garatzea.

–2. jarduera ildoa: gobernamendua. Goi saneamenduaren antzeko gobernamendua mantentzea, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legea oinarri hartuta, eta erakunde bat sortzea uraren hiri zikloa osoki kudeatzen laguntzeko.

–Hornidura hobetzea, honako jarduera ildo hauetan banatuta:

  • 3. jarduera ildoa: hornidurarako jarduketa orokorrak, hala nola iturriak babestea, neurrizko kontsumo jasangarrien kontrola, baliabide ezberdinak erabilera ezberdinetara bideratzea, kutsatzaile emergenteen kontrola, lehorteetarako plana eta espezie exotiko inbaditzaileen kontrola.
  • 4. jarduera ildoa: goi hornidurarako azpiegiturak hobetzea, kalitatezko ur gordinarekin hornitzeko biztanleen %100. Hemen sartzen dira uraren garraioa hobetzeko neurriak eta edateko uren araztegiak hobetzea edo berriak jartzea. Neurriak eskualde bakoitzerako dira. Ebazpen honen II. eranskinean laburpen bat dago, non deskribatzen baita zer aukera hautatu den eskualde bakoitzean goi hornidura ebazteko.
  • 5. jarduera ildoa: behe hornidurarako azpiegiturak hobetzea. Erregistratu gabeko urak kontrolatzeko eta kudeatzeko neurriak.

–Saneamendua hobetzea, honako jarduera ildo hauetan banatuta:

  • 6. jarduera ildoa: saneamendurako jarduketa orokorrak, hala nola hiriko drainatze jasangarria lortzera bideratutakoak, industrialdeetako goi saneamendua, uholdeen kudeaketa, kutsatzaile emergenteen kontrola eta espezie exotiko inbaditzaileen kontrola.
  • 7. jarduera ildoa: goi saneamendurako azpiegiturak hobetzea. Bi azpi-ildo sartzen dira hemen: uren tratamendua eta lohien kudeaketa. Planteatu da tratamendu biologikorako 43 araztegi berri jartzea 250 biztanle baino gutxiagoko herriei zerbitzu emateko, eta kolektoreak hobetzea ur garbiak ezabatzeko eta husteak eta gainezkatzeak kudeatzeko. Lohien tratamendurako bi instalazio berri eraikitzea ere proposatzen da, bata Jurramendin eta bestea Tuteran.
  • 8. jarduera ildoa: behe saneamendurako azpiegiturak hobetzea, sareen efizientzia hobetzeko. Horretarako, ur garbiak gutxituko dira eta euri-urak ongi kontrolatuko dira.

–9. jarduera ildoa: uraren hiri zikloaren kostuak eta tarifa sistema. Ildo honek ez du zerikusirik azpiegiturekin; kostuak berreskuratzera eta finantza jasangarritasuna bermatzera bideratutako jarduerak biltzen ditu.

–10. jarduera ildoa: ezagutza, sentsibilizazioa, dibulgazioa eta garapenerako lankidetza.

Plana bukatzeko, jarraipenerako eta kontrolerako plan bat finkatzen da. Nafarroako Gobernuak gauzatu beharko du, eratu gabe dagoen jarraipen batzorde baten bidez. Batzordeak honako adierazle hauen kontrola eginen du: hornidurarako hartutako bolumena, tipologien araberako kontsumoak, etxeko hornidura biztanle eta egun bakoitzeko, energia kontsumoak eta berotegi-gasen isurpena, edateko urei buruzko araudiaren urratzeak, arazturiko bolumenak, saneamendu sistemako husteak eta gainezkatzeak, isurketa baimenen betetze maila, zerbitzuaren kostuak, tarifak, kostuen berreskuratze maila, I+G+b gastua, hezkuntzan eta sentsibilizazioan egindako gastua, garapenerako lankidetzan egindako gastua, gardentasuna eta parte-hartzea.

III.–INGURUMEN-AZTERKETA ESTRATEGIKOA: BALIZKO INPAKTUAK ETA NEURRI ZUZENTZAILEAK

Ingurumen-azterketa estrategikoak, hasteko, plana lurraldean kokatzen du, eta, ondoren, haren helburuak deskribatzen ditu. Nafarroan hornidura eta saneamendu arloan gaur egun dagoen egoeraren diagnostikoa egiteko, Nafarroako Hornidurarako 1998ko Plan Zuzentzailea eta Saneamendurako Plan Zuzentzailea analizatu dira, bai eta Nafarroako ur eskariari eta edateko uraren kalitateari buruzko informazioa ere. Ingurumen-agiri estrategikoak, plan zuzentzailearen helburuak jasotzeaz gain, jarduketa-plana deskribatzen du eta beste plan eta programa batzuekin dauden loturak azaltzen ditu.

Nafarroako ingurumenaren karakterizazioa osoa da, haren elementu guztiak hartzen baititu kontuan: geologia eta geomorfologia, klimatologia eta klima-aldaketa, hidrologia eta hidrogeologia, biogeografia eta landaredi potentziala, egungo landaredia eta lurzoruaren erabilerak, intereseko habitatak, flora eta fauna, igarobide ekologikoak eta azpiegitura berdea, Nafarroako naturagune babestuak eta Natura 2000 Sarea, paisaia, kultura ondarea (abelbideak, Donejakue bidea, bide berdeak eta ondare historikoa), hiri ingurumena, Tokiko Agenda 21, testuinguru sozioekonomikoa, airearen kalitatea, berotegi-gasen isurpena, karbono hustulekuen inbentarioa, ura eta kontrol sareak, lurzoruak, zaratak eta bibrazioak, gaueko zeruaren kalitatea, eta generoa.

Ingurumena karakterizatu ondoan, planak ingurumen arloan dituen helburuak ezartzen ditu ingurumen-azterketa estrategikoak, eta goi hornidurarako eskualde bakoitzean dauden aukerak aztertzen ditu (3. gehigarria), baita 0 aukera ere, kasu guztietan. Atal honetan, eskualde bakoitzerako aukeren balorazio haztatua biltzen da koadro batean, zeinetan puntuazio jakin bat ematen baitzaie plana aplikatzeak ingurumen aldagaietan (biodibertsitatea, naturaguneak, ura, lurzorua eta paisaia, klima-aldaketa, energia-eraginkortasuna eta ekonomia zirkularra, eta aldagai sozialak, ekonomikoak eta osasunekoak) sortuko lituzkeen inpaktuei, izan horiek positiboak nahiz negatiboak. Azkenik, eskualdeko koadro bakoitzean adierazten da zein den hautaturiko aukera. Eskualde bakoitzean hautaturiko aukeren deskripzioa ebazpen honen II. eranskinean dago.

Planeko jarduketen ondorioak analizatu ondoan, eta ingurumenean, paisaian, testuinguru sozioekonomikoan eta kulturalean eta giza osasunean izan ditzakeen inpaktuak azterturik, ingurumen-azterketa estrategikoak ondorioztatzen du plan zuzentzaileak oro har inpaktu positiboa izanen duela hartan zehaztutako jarduera ildoak gauzatu eta gero. Jarduketa horien artean, honako hauek nabarmendu daitezke: hornidurarako sareen efizientzia hobetzea, erregistratu gabeko urek zenbait eskualdetan duten portzentaje handia beheratzea, kutsatzaile emergenteen kudeaketa, husteen kudeaketa eta lohien tratamendu egokia.

Plan zuzentzaileak ondorio positiboak izanen ditu, bereziki, klima-aldaketan, energia-eraginkortasunean eta ekonomia zirkularrean, eta, zehazki, nabarmentzekoa da uraren kalitatea eta giza osasuna hobetzeak ekarriko duen inpaktu positiboa. Hala ere, ondorio negatiboa duten jarduketak beharrezkoak izan daitezke ur eskaria asetzeari buruzko helburua betetzeko (giza hornidura, industriako erabilerak, hiriko beste erabilera batzuk...); esaterako, ur baliabidea ustiatzea eta horrek ibai eta erreketako emarian eragitea, edo azpiegitura berriak jartzeko proiektuak gauzatzea. Hala ere, jarduketa horiek, prebentzio-neurriak eta inpaktuak zuzentzeko neurriak aplikatuta, bateragarriak izan behar dute planak porposaturiko ingurumen eta paisaia arloko helburuekin.

Ingurumen-ebaluazio estrategikoak identifikatzen dituen ondorio negatiboak ertainak dira kasu gehienetan, eta larriak, baldin eta Natura 2000 Sarea, ibaiertzeko landaredia edo ibilguaren morfologia ukituta suertatzen bada.

Hala parte-hartze prozesuan nola jendaurreko epean sortutako eztabaida dela eta, atzemandako inpaktu negatiboen artean berariaz aipatzen da ibai eta erreketako emaria gutxitzeagatik ur-masen egoeran izan daitekeen inpaktua. Hainbat alegazio aurkeztu dira planak Ega ibaian izan dezakeen inpaktuari buruz; izan ere, emari oso aldakorra duen ibaia da, agorraldi nabariak dituena, zeinak ur-eskari handiena dagoen sasoian izaten baitira. Ikerketa hidrogeologiko bat egin da, eta, hori oinarri hartuta, Estellerriko eskualdea hornitzeko hasieran proposaturiko eskaria gutxitu da, jendaurreko aldian aurkezturiko alegazioei erantzuna emateko. Antzin P2 akuiferoak hornitzen du eskualde hori, eta ezarri da hango baliabide berriztagarrietatik (40 hm³/urte) atera beharrekoa 5,72 hm³/urte izanen dela lehenbiziko bosturtekoan, eta 3,81 hm³/urte hortik aurrera, akuiferoak hornitzen duen sarea Itoitz-Nafarroako Ubidea sistemarekin lotu ondoan (lotura hori hiru urte lehenago eginen da, 2024-2027 artean, eta ez 2025-2030 artean). Horrenbestez, akuiferoko baliabide berriztagarria eta proposaturiko eskaria alderatuta, bateragarritzat hartzen da emaria handik kentzeak sortuko duen inpaktua, zeina negatibo eta txiki gisa kalifikatu baita.

Hornidurako nahiz saneamenduko eskariei erantzun beharra, beraz, kontraesanean egon daiteke planean finkaturiko helburuak betetzearekin. Hori dela eta, beharrezkoa da zenbait neurri hartzea plana aplikatzearen ondoriozko inpaktuak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko, bereziki inpaktuok negatiboak eta larriak direnean.

Prebentzio-neurriei eta neurri zuzentzaileei buruzko kapituluan ingurumen eta lurraldetasun irizpideak sartu dira hornidurako eta saneamenduko proiektu berrien kokapena erabakitzeko: zenbait eremu zehaztu dira, eraikin eta linea elektriko berriak hartzeko gaitasun txikia dutenak (linea elektrikoak instalatzea beharrezkoa izanen da azpiegiturek funtziona dezaten). Horren helburua da ukipenak murriztea ingurumen balioa duten lurralde esparruetan (ur-lasterrak, baso-masak, kontserbazio bereziko eremuak, hegaztien babesgune bereziak, Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztiak zaintzeko intereseko eremuak, interes kulturaleko ondasunak, abelbideak, arrisku-eremuak, paisaia aldetik balio handia duten guneak, etab.).

Balizko inpaktu guztietarako, aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak deskribatzen dira, eta bereziki zehazten dira eraikitze faseetakoak, proiektu berrietan, eta ustiatze faseetakoak. Kapitulu espezifiko bat sartu da, proiektu teknikoetan (bai lanak egin aurretik, bai lanak gauzatu bitartean) kontuan hartu beharreko irizpideei buruzkoa. Hartan, berariazko aipamena egiten zaio biodibertsitatearen, naturaguneen, uraren, lurzoruaren eta paisaiaren kontserbazioari. Horrez gain, klima-aldaketaren, energia-eraginkortasunaren eta ekonomia zirkularraren arloan aplikagarri diren irizpideak ere sartu dira (energia kontsumoa gutxitzea aintzat hartzen duten proiektuak, honako neurri hauek hartzen dituztenak, besteak beste: ponpaketak alde batera uztea, energia berriztagarriak erabiltzea, energia-eraginkortasuna hobetzea, baliabideen eta bereziki uraren erabilera optimizatzea, etab.).

Bukatzeko, plan zuzentzaileak ingurumena zaintzeko programa oso bat aurreikusten du, zeinak adierazleen jarraipenean oinarrituriko metodologia erabiltzen baitu.

IV.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN ETA KONTSULTA PROZESUAREN EMAITZAK KONTUAN HARTZEA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eginiko kontsulten eta jendaurreko informazioaren ondorioz, atzemandako akatsak zuzendu eta jendaurrean jarritako agiriak berrikusi dira, besteak beste. Esaterako, azpiegitura berriak gauzatzearen ondoriozko inpaktu berriak sartu dira, lehenago atzeman gabeak, eta paisaia ere kontuan hartu beharreko irizpidetzat hartu da azpiegituren kokapenerako eremu egokiak hautatzerako orduan.

Gainera, etorkizuneko kontsumoen zenbatespena zuzendu da zenbait eskualdetan, kontuan harturik Itoitz-Nafarroako Ubidea sistemaren hornidura, eta, are, ezarri da hornidura hori planaren hasierako bertsioan aurreikusitakoa baino lehenago izatea. Halaber, planaren behin betiko bertsioak aintzat hartzen du putzuetatik kalitate txikiko ura ateratzeko aukera, erabilera jakin batzuetarako, berariazko azterketak prestatzeko funts ekonomikoak egotekotan.

Azkenik, jendaurreko aldian indarrean sartu diren arau batzuei buruzko zehaztapenak sartu dira.

Ebazpen honen I. eranskinean laburpen bat dago, jendaurrean egoteko eta parte hartzeko prozesuei buruzkoa, eta han zehazten da zein neurritan hartu diren aintzat plan zuzentzaileari eginiko ekarpen guztiak.

Espedientea osoki analizatuta eta jendaurreko tramitearen ondoriozko agiriak azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak adierazi du ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta osorik egin dela, eta proposatu du aldeko ingurumen-adierazpen estrategikoa ematea Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzaileari, ondorioztatu baita hura aplikatzeak eta garatzeak onura nabarmenak eta eragin positiboak izanen dituela uretan, biztanleengan eta giza osasunean. Planak berak, uraren zikloa osotasun gisa hartuz, sistema jasangarriago baten oinarriak jasotzen ditu, zeinak abiapuntu izanen baititu ekonomia zirkularra eta baliabideen balorizazioa eta berreskurapena, bereziki ur baliabideena.

Bestalde, aurreikusi da planetik erator daitezkeen ondorio kaltegarriak ez direla esanguratsuak izanen, betiere betetzen badira ingurumen-ebaluazio estrategikoan eta ebazpen honetan biltzen diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, jasotako alegazioak aztertuta, ingurumen-ebaluazio estrategikorako prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen-adierazpen estrategikoa ematea Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzaileari, zeina Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak sustatu baitu.

2. Plana garatzeko orduan, ingurumen-azterketa estrategikoan ingurumena babesteko dauden irizpideei jarraituko zaie, eta bertan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuko dira, bai eta beste hauek ere:

a) Ingurumen-ebaluazio estrategikoak ez du alde batera uzten banakako ingurumen ebaluazioak egin beharra (ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua, edo ingurumen ukipenetarako baimena) Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzaileko neurrien programek aurreikusitako proiektuetako bakoitzean eta planarekin bat datozen bestelako inbertsioetan. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Foru Legeari eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeari jarraikiz.

b) 1. jarduera ildoko neurri guztien artean, lehentasuna eman beharko zaie sistemaren efizientzia hobetzen laguntzen dutenei; hots, erregistratu gabeko uren bolumena ahalik eta gehien gutxitzea eta iturburuetako eta erreken goi-ibilguetako ur-harpena eta deribazioa murriztea helburu dutenei.

c) Ikerketak eginen dira zehazteko zer behar dagoen arazketa sistemetan mekanismoak ezartzeko, husteak ahalik eta gehien murrizte aldera (hiriko drainatze iraunkorreko sistemak aplikatzea Nafarroako lurralde antolamenduko planekin bat, sare bereiziak, ur parasitoak ezabatzea, goi eta behe saneamenduko hodiak hobetzea, ekaitz-tangak eraikitzea, etab.), kontuan harturik zeintzuk diren udalerririk zaurgarrienak, ibilguetatik hurbil eta uholde-arriskuaren eraginpean daudenak, alegia. Horren helburua izanen da husteak kontrolatzea eta hondakin ur guztiak arazten direla bermatzea, eta efizientzia handitzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurri gisa har daiteke; izan ere, aurreikusten da muturreko gertakariak izateko joera handituko dela prezipitazio-erregimena aldatzearen ondorioz.

d) Ingurumena babestearen ikuspegitik, eta 3. eta 6. jarduera ildoekin loturik, espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko berariazko plan bat abiaraztea proposatzen da, betiere kasuan kasuko konfederazio hidrografikoak emandako prebentzio- eta jarduketa-protokoloei jarraikiz, eta departamentu honek ontzat eman ondoan.

e) Ildo horretan, lehentasunezkotzat jotzen da xehetasun-azterketak egitea, eskualdez eskualde, eskakizun gutxiko erabilerei eta horiek hornitzeko balia daitezkeen iturriei buruz. Eskakizun gutxiko erabileretara bideratutako urak putzu alubialetatik ateratzeari buruz egin behar diren azterketa berariazkoen ondorioak oinarri hartuta zehaztuko da zer neurri ezarri behar diren iturri horiek (putzu alubialak) erabiltzen jarraitzeko, eta, horrela, hornidurarako beste iturri batzuen gaineko inpaktua murrizteko. Erriberako, Erriberagoieneko, Estellerriko eta Erdialdeko eskualdeetan ezartzen ahalko dira neurri horiek.

f) 4., 5., 7. eta 8. jarduera ildoei dagokienez (goi eta behe hornidurarako eta goi eta behe saneamendurako azpiegiturak), honako ohar hauek kontuan hartu beharko dira:

I. Lehentasunezkoa da ukipenik ez izatea Natura 2000 Sareko gune babestuen gainean, azpiegitura berrien kokapena aukeratzean eta hodi berrien trazadurak egitean. Gune horiek ukitzen dituzten jarduketak egiteko, bertako kudeaketa planak errespetatu beharko dira, eta behar diren prebentzio-neurriak, konpontzeko neurriak edo konpentsatzekoak hartuko dira, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearekin bat. Bestalde, espediente horiek tramitatzeko, abenduaren 5eko 9/2018 Legearen artikulu bakarraren 31. apartatuan xedatuari lotuko zaio, lege horrek aldatu baitzuen abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa.

II. Halaber, instalazio eta hodi berriek ez dituzte okupatuko ingurumen, paisaia, historia edo kultura arloko balioa dutelako babesturik dauden beste eremu batzuk, teknikoki bideragarria bada. Gainera, ohiko ubidearen eremuak ere ez dira okupatuko; gune horietan, arro hidrografikoa kudeatzen duen erakundeak baimentzen ahalko ditu uholdeen aurrean zaurgarriak ez diren eta ura husteko ahalmena nabarmenki murrizten ez duten jarduerak, ez besterik.

III. Hornidurarako ura ateratzeak uki ditzakeen emarietan, Nafarroako Gobernuak gaur egun egiten duen jarraipena indartuko da, laginketa puntuei eta maiztasunari dagokienez, eta betiere kontuan hartuko da arroetako plan hidrologikoetan ezarritako emari ekologikoa mantendu behar dela.

IV. Orobat, hodi berrien trazaduran abelbideak eta bestelako bide historikoak zeharkatzea saihestuko da.

V. Ahal den guztietan saihestuko da ibaiak aire zabalean gurutzatzea, eta, hori beharrezkoa bada, gurutzaketak ibilguaren ardatz nagusia perpendikularki zeharkatuko du. Bestalde, ingurumen-ebaluazio estrategikoan adierazitako gainerako gidalerroei lotuko zaie (jarduketetan errespetatzea faunarentzat delikatuak diren garaiak, arrainak uretatik ateratzea arrantza elektrikoa erabiliz, ibilguan eta ibaiertzeetan hasieran zeuden baldintzak berreraikitzea, bioingeniaritza tekniken bidez leheneratzea, ur-lasterren iragazkortasuna mantentzea, etab.). Ahal den guztietan, lur azpian sarturik gurutzatuko du hodiak ibilgua.

VI. Ibai bazterrarekiko paralelo diren trazaduretan edo ibaiertzen inguruetan dauden instalazioetan, gutxienez 10 m-ko babes-distantzia gordeko da, ur baxuen sasoian neurtuta, ibilguko ezpondaren gainaldetik. Halaber, ibaiertzetako zuhaitz eta zuhaixka espezie autoktonoak erabat errespetatuko dira.

VII. Energia aurrezten duten neurriak lehenetsiko dira; adibidez, ponpaketen ordez grabitatea baliatzen duten sistemak erabiltzea. Ahal izanez gero energia berriztagarriak erabiliko dira instalazio berrietan, eta halaber berrikusten ahalko dira lehendik dauden instalazioetan erabiltzen diren energia-iturriak, horiek berriztaezinak badira, berriztagarriekin ordezteko.

VIII. Lehendik dauden instalazioak egokitzeko ahalegina eginen da berriak eraiki baino lehen, eta aldez aurretik kontsultak eta ingurumen arloko tramiteak eginen dira, beharrezkoak badira.

IX. Gaur egun, baliabidearen %43 iturburuetatik eta goi-ibilguetatik heldu da. Horiek ahal den neurrian libre uzteko xedez, ura biltegiratzeko bestelako sistemekin egon daitezkeen sinergiak aztertuko dira. Sistema horiek beste aprobetxamendu batzuetarako izan daitezke; esaterako, energia aprobetxamendurako.

X. Instalazio berriak jartzean, paisaian era egokian integratzen direla zaindu beharko da, eta inguru horretako eraikinen antzeko eraikuntza ereduak erabiltzeko aukera ere aztertzen ahalko da. Neurri horiek hartuko dira, bereziki, ur-biltegietan, edateko uren araztegietan eta hondakin urak tratatzeko instalazioetan. Paisaian eragiten den ukipena egoki baloratzeko, Nafarroako Paisaien Agiriak kontsultatuko dira, begi-integraziorako behar diren neurriak hartzeko. Horrez gain, beharrezko izan daiteke ikuspenari buruzko analisi bat egitea.

XI. Ibilguetatik hurbil egiten diren obretan, tentu handiz ibili beharko da gai kutsatzailerik isuri ez dadin erreka-zuloetara, ibaietara eta erreketara.

XII. Proiektu berrien ebaluazioa egiteko, proiektuaren bizi-zikloan sor daitezkeen hondakinak hartu beharko dira kontuan, eta, horrelakorik bada, erabilerarik gabe edo hutsik geldituko diren instalazioekin zer eginen den ere bai, bereziki ur-biltegien kasuan.

XIII. Birziklaturiko agregakinak erabiltzeko aurreikuspena sartuko da eraikuntza proiektuetako agindu teknikoen agirietan, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean xedatuari jarraikiz.

g) Arazketako lohien tratamenduari dagokionez (7. jarduera ildoa), ikerketa sakon bat egin beharko da horiek Tuteran eguzki bidez idortzeko proposamenaren bideragarritasuna analizatzeko. Proposamen horrek aurreikusten du tratatuko den materialaren hezetasuna %25 ere jaisten ahalko dela. Uste izatekoa da lehorketa azalera handiak beharko direla emaitza hori lortzeko, tratatu beharreko bolumena oso handia baita (20.000 t/urte). Horrek eragin negatiboa izanen luke ingurumenean.

3. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, organo eskuduna baita, ingurumena zaintzeko programa garatuko du, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusi bezala. Plana hiru hilabeteko epean onetsi ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira igorriko da jarraipenerako eta emaitzen aurkezpenerako protokoloaren proposamena, urteko txostenak egiteko. Txosten horiek jendearen eskura egonen dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian ere.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari, alegatzaileei, eta kontsultetan erantzun zuten pertsonei eta entitateei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 26an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eginiko kontsulta prozesuaren emaitzak, ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua prestatzea, parte-hartzea, jendaurrean jartzea eta aldi berean administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egitea

1.–Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eginiko kontsultak eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua prestatzea

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 21/2013 Legearen 19. artikuluarekin bat abiarazi zuen kontsulta prozesua. Adierazitako agiriak 26 entitateri igorri zitzaizkien, eta 45 egun balioduneko epea ezarri zen iradokizunak jasotzeko.

Honako hauei egin zitzaizkien kontsultak: Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendariari, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariari, Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuko zuzendariari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Ataleko buruari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariari, Toki Azpiegituren Zerbitzuko buruari, Herri Lanetako zuzendari nagusiari, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko buruari, Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoko buruari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, Nafarroako Unibertsitateari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Landa Ingeniaritzaren eta Proiektuen Departamentuari, LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak), UGT, ELA (Eusko Langileen Alkartasuna) eta CCOO sindikatuei, eta Ekologistak martxan, Gurelur, Landazuria, Sustrai Eraikuntza Fundazioa, Greenpeace, Lurra-Asociación en defensa de la tierra eta SEO Birdlife elkarteei.

Epe horretan, 4 erantzun jaso ziren, honako hauek emanak: Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak, Ondare Historikoaren Zerbitzuak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, azken hori epez kanpo (2018ko ekainaren 11n). Hona hemen erantzun horien laburpena:

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala. Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.

Atal honek uste du, oro har, plan zuzentzaileak proposatzen duen planteamendua bat datorrela Nafarroako lurralde antolamenduko planetan jasotako printzipioekin, plan horiei buruzko araudiko 65., 66. eta 67. artikuluetan daudenekin, alegia (2. eta 3. planetan, 67., 68. eta 69. artikuluak).

Plan zuzentzailearen zirriborroak lau eremu planteatzen ditu, non hornidura hobetu edo indartu beharra baitago. Atalak adierazten du horiek bat datozela lurralde antolamenduko planetan “hornidurarako azpiegiturak hobetzeko eremu” gisa ezarri diren hiru eremuekin (Sakana, Jurramendi eta Erribera). Iruñerriaren hornidurari dagokionez, plan zuzentzaileak justifikatu behar du koherentzia gordetzen duela lurralde antolamenduko 3. planean ezarritakoarekin.

Euri-uren saneamenduari buruz, berriz, adierazten da kontuan hartu beharko direla irizpide orokorrak eta drainatze jasangarriak lortzera bideratutako determinazioak (plangintzarako lotesleak diren determinazioak), 69. artikuluan jasoak (71. artikulua lurralde antolamenduko 2. planean, eta 72. artikulua 3. planean).

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak uste du Nafarroako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailea garatzeko zeinbait jarduketak Nafarroako errepide sarea ukitzen ahalko dutela. Horregatik, proposatzen du planetik eratortzen diren jarduketek bete behar izatea Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean ezarritakoa.

Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Zerbitzu honek adierazi du ez duela inolako iradokizunik egiteko.

Epez kanpo, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren erantzuna jaso da.

Erakunde honek adierazten du ezen ingurumen-azterketa estrategikoan honako hauek sartu beharko direla: ingurune hidrikoaren inbentario egokia (arroak, azpiarroak, azaleko eta lurpeko ur-masak), eta azterketaren xede den planak hartan eragin ditzakeen ukipenen garapena. Horrez gain, bestelako aukerei buruzko analisi bat egin beharko da, eta inpaktuen ebaluazio eta balorazio egokia, zeinak ezberdinduko baititu zuzeneko inpaktuak, zeharkakoak, metakorrak edo sinergikoak, hala negatiboak nola positiboak. Nolanahi ere, ebaluazio horretan kontuan hartu beharko dira ohiko ubidearen eremuak. Gune horietan, arroa kudeatzen duen erakundeak baimentzen ahalko ditu uholdeen aurrean zaurgarriak ez diren eta ura husteko ahalmena nabarmenki murrizten ez duten jarduerak, baina ez besterik.

Orobat, ibaietako eta ur-lasterretako baliabideen aprobetxamendu osoari buruzko azterketa berariazkoak egiteko beharra aipatzen du, bai eta ingurunearen harrera-ahalmenari buruzkoak ere, kontuan harturik zer emakida dauden lehendik, azterketaren eremuan, uraren aprobetxamendua egiteko.

Azkenik, gogora ekartzen du arroa kudeatzen duen erakundearen administrazio baimena beharko dela jabari publiko hidraulikoan eta haren zortasun- eta zaintza-eremuetan obrak edo lanak egiteko (Urari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua, eta gerora eginiko aldaketak). Halaber, adierazten du planak bat etorri behar duela Urari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuarekin, uraren kudeaketa publikoarekin bateragarria izan dadin. Plan Hidrologiko Nazionalarekin eta arroetako plan hidrologiko indardunekin ere bat etorri beharko du.

2017ko azaroaren 6ko ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentuaren edukia.

2017ko abuztuaren 9an, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, organo eskuduna eta sustatzailea baita, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusira igorri zuen Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailearen zirriborroa, hasierako dokumentu estrategikoarekin batera, eta, horrela, hasiera eman zion haren ingurumen-ebaluazio estrategikoari.

Plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean arautua baitago, tresna erabilgarria da ingurumen arloko alderdiak integratzeko planak eta programak abiaraztearen ondorioz hartzen diren erabakietan. Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren funtsezko helburuak dira planek eta programek ingurumenean izanen duten eraginaren diagnostikoa egitea hasierako faseetan, neurriak proposatzea planaren diseinuan ingurumenaren aldagaia sartzeko, eta jarraipen sistema bat diseinatzea hartutako neurrien betetze maila eta eraginkortasuna neurtzeko.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak, 19. artikuluan, ezartzen du ezen ingurumen arloko organoak kontsultak eginen dizkiela ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, planaren zirriborroari eta hasierako dokumentu estrategikoari buruz, ingurumen-azterketa estrategikoan sartu behar diren ingurumen arloko plangintzako alderdiak biltzeko xedez.

Ukitutako administrazioek eta interesdunek problematikotzat jotzen dituzten zehaztapenak kontuan hartu beharreko alderdiak izanen dira ingurumen-azterketa egiterakoan. 25 kontsulta egin ziren guztira, eta dokumentu hau idazteko unean bi erantzun jaso ziren, Ondare Arkitektonikoaren Zerbitzuarena eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalarena, hain zuzen. Irismeneko txosten honen eranskin gisa jasotzen dira.

Ingurumen-azterketa estrategikoaren gutxieneko edukia jasota dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen IV. eranskinean, eta, sustatzaileak bidezkotzat jotzen dituen alderdiez gain, honako hauek sartu beharko dira:

1. Planaren laburpena. Planaren edukiaren laburpen bat eginen da, honako hauek biltzen dituena: planaren helburuak, haren irismena eta indarraldia, helburuak betetzeko proposaturiko aukera ezberdinen deskribapena, azkenik hautatu diren aukeren justifikazioa, jarduera ildoen deskribapen zehatza, plana aplikatzearen ondorioz garatuko diren proiektuen eta jardueren aurrerapena, adierazleen bidezko jarraipen eta ebaluazio sistema, eta haren aplikazioaren analisi ekonomiko bat.

2. Helburuak. Berariazko kapitulu batean sartuko dira planak ingurumen arloan dituen helburuak, eta horiek betetzeko neurri zehatzetan gauzatu beharko dira. Beraz, helburuek, proposaturiko aukerek eta jarduketa-neurriek bat etorri beharko dute. Helburuak, ahal den heinean, neurgarriak izanen dira, betetze maila baloratu ahal izateko planaren indarraldia bitartean eta hura bukatu ondoan.

3. Irismena. Planaren irismena ezarriko da, denboran eta eremu fisikoan. Gogoan hartu behar da Nafarroako Foru Komunitate guztia dela planaren lurralde-esparrua; hortaz, hasierako dokumentu estrategikoan proposaturiko eremuak egokitzat jo dira planaren ingurumen arloko analisia egiteko: Sakana, Jurramendi, Mairaga-Erriberagoiena eta Erribera. Kudeaketa sistemari dagokionez, gobernamenduari buruzko aukeretan kontuan hartu beharko dira toki administrazioaren erreformaren ondorioz sor daitezkeen egoera berriak, hasierako dokumentu estrategikoan aipatzen den bezala.

4. Beste plan eta programa batzuekiko lotura. Ingurumen-azterketa estrategikoan analizatuko da zenbateraino gordetzen den koherentzia Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailearen eta aplikatzekoak diren beste plan batzuen artean, eta, bereziki, plan zuzentzailearen eta demarkazio hidrografikoetako plan hidrologikoen artean. Azaldu beharko da azken horien helburuen artetik zeintzuk indartuko diren plan zuzentzailearen helburuak formulatzearen ondorioz. Azalpen bera eginen da ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen eta ur baliabidearen menpe dauden plan edo programei buruz, eta, bereziki, honako ondorio hauek dituztenei buruz: ustiapen-sistemen eskaintza-eskariak nabarmen aldatzea (adibidez, Ureztalurren Plana edo Industria Plana), lurraldearen morfologia aldatzea (esaterako, Errepideen Plana), eta lurraldearen erabilerak mugatzea (besteak beste, Natura 2000 Sareko eremuak erabili eta kudeatzeko planak). Gainjartzeak, gatazkak edo bateraezintasunak badaude plan edo programa sektorialen helburuekin eta jarduera ildoekin, dauden jarduteko aukerak ebaluatu beharko dira, eta atzemandako arazo posibleak agerian jarri.

5. Ingurumenaren gaur egungo egoerari buruzko deskripzioa. Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurunearen inbentario bat jaso beharko du, planaren aplikazio-eremuko ingurumenaren elementuak deskribatuko dituena. Horri esker, plana aplikatzeak ukitu dezakeen lurralde-esparruaren errealitatea baloratzen ahalko da. Inbentario horretan jasoko dira, besteak beste, geologia, geomorfologia eta edafologia; klimatologia (prezipitazioak, tenperaturak, ebapotranspirazio potentziala, ur-balantzea); airearen kalitatea, lurralde antolamenduko planetan deskribatutako paisaia bereziak eta paisaia naturalak; testuinguru sozioekonomikoa; kultura ondarea, abelbideak, Donejakue bidea, bide berdeak eta homologaturiko beste bide batzuk.

Horiez gain, honako alderdi hauek nabarmendu beharko dira: biodibertsitatea (Nafarroako Naturagune Babestuen Sareko naturagune babestuak eta Natura 2000 Sarekoak, hala nola BGLak, KBEak eta BBEak), Nafarroako hezeguneak, estepako abifauna zaintzeko eremuak, espezie mehatxatuak, Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak (bereziki, urtarrak direnak edo urari lotuta daudenak), eta abar. Planaren aplikazio-eremuko balizko igarobide ekologikoak identifikatuko dira, planaren jarduketek uki ditzaketenak. Ingurumen-azterketa estrategikoak elementu horiek guztiak analizatuko ditu inbentarioan: haien egungo egoera deskribatuko du, eta azalduko du zer arazo eta aukera dauden gaur egun baliabide bakoitzari dagokionez, baita zeintzuk egon daitezkeen ere plana aplikatu ezean.

Bestetik, ingurumen-azterketa estrategikoan zerrendatu eta karakterizatu beharko dira arrisku naturalak (higadura, uholdeak, suteak, lurrikarak) izan ditzaketen eremuak, planaren jardueren eraginez ukituta gerta daitezkeenak.

6. Planean garrantzia duten ingurumen arazoak identifikatzea. Atal honetan, bereziki klima-aldaketa hartuko da aintzat, planeko jarduketak baldintzatu ditzake eta. Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailea tresna eraginkor baten gisan planteatzen da, klima-aldaketari aurrea hartzeko balioko duena eta hari egokituko zaiona, hala helburuei nola horiek lortzeko proposaturiko neurriei dagokienez. Horregatik, ingurumen-azterketa estrategikoak egungo egoeraren analisi bat egin behar du, eta klima-aldaketaren ondoriozko joerek ingurumenean izanen duten eragina aurreikusi; horrela, baloratzen ahalko da zer-nolako ukipena izanen duten planeko jarduketetan, etorkizuneko agertoki posible ezberdinetan. Gainera, ingurumen aldetik garrantzi berezia duten eremuetan izan daitezkeen arazoak identifikatuko dira; besteak beste, naturaguneen eta espezie babestuen arloan aplikatzekoa den legeriarekin bat izendaturiko babesguneetan eta Natura 2000 Sareko eremuetan izan daitezkeenak.

7. Planak ingurumen arloan izan ditzakeen ondorioen analisia.

a) Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen irizpideak ezarriko ditu, modu kualitatiboan identifika daitezen planteaturiko aukerek eta proposaturiko neurriek izan ditzaketen ondorio esanguratsuak, positiboak nahiz negatiboak.

b) Proposaturiko helburuak betetzeko aukerak aztertzea eta hautaturikoak justifikatzea, ingurumen arloko arrazoiak aipatuz, bereziki. Aukerek teknikoki bideragarriak behar dute izan, eta baita ebaluagarriak ere. Hasierako dokumentu estrategikoan aipatzen den bezala, “0 aukera” aztertu beharko da. Deskribatuko da nola ebaluatu diren proposaturiko aukera ezberdinak eta horien ondorioak.

c) Identifikatzea planetik eratortzen diren jarduketen artetik zeinek sor ditzaketen onurak edo kalteak ingurumenean, ingurune sozialean eta ingurune historiko-kulturalean, eta balizko ondorio horiek karakterizatzea eta zenbatestea. Ondorioei dagokienez, honako hauek ebaluatuko dira: probabilitatea, iraupena, maiztasuna eta itzulgarritasuna; ondorioak metagarriak eta/edo sinergikoak ote diren; mugaz gaindi hedatzen ahal diren edo ez, eta lurraldean zer hedadura izanen duten (ukituak izan daitezkeen eremu geografikoak eta biztanleak); eta balizko eremu ukituaren balioa eta zaurgarritasuna, bertako kultura ondareari edo ezaugarri natural bereziei dagokienez.

Analizatu beharreko ondorio kaltegarrien artean, honako hauek sartuko dira: gobernamendutik eratortzen direnak; azaleko eta lurpeko urak ateratzeagatik sorturikoak, eta horiek emari ekologikoak mantentzearekin duten lotura; azpiegitura berriak eraikitzearen ondoriozkoak; lohien kudeaketarekin zerikusia dutenak; euriteek eragindako husteak, eta beste edozein jarduketatik eratortzen direnak, eragina dutenak igarobide ekologikoen, naturagune babestuen, paisaiaren eta ondare historikoaren eta kulturalaren funtzionaltasunean, giza osasunean, energiaren eta bestelako baliabide naturalen kontsumoan, plana aplikatzearekin loturiko karbono-aztarnan, hondakinen sorreran, arrisku naturaletan, eta isuri atmosferikoen handipenean.

Era berean, plana bera uraren kudeaketa jasangarrirako tresna bat denez, haren onurak identifikatuko dira, eta horiek karakterizatu eta baloratuko dira.

8. Planaren ondorio kaltegarriak prebenitzeko, murrizteko eta/edo ezabatzeko aurreikusi diren neurriak. Behin jarduketarako aukerak hautaturik eta haien ondorioak azterturik, ingurumen-azterketa estrategikoan zehaztu beharko da zer neurri aurreikusten diren ondorio kaltegarriak prebenitzeko, murrizteko eta, ahal den heinean, ezabatzeko. Neurri horiek teknikoki bideragarriak izanen dira. Natura 2000 Sarean ukipen nabarmena izan dezaketen neurriak edo jarduketak behar dituzten aukeren kasuan, neurri zuzentzaileak eta konpentsatzeko neurriak proposatu beharko dira atal honetan, eta inpaktuen analisia aintzat hartuta justifikatu beharko dira.

9. Planaren ingurumena zaintzeko programa. Planaren jarraipena egiteko proposamena eta egutegia ezarri behar dira ingurumen-azterketa estrategikoan. Ingurumen jarraipenerako planak, gutxienez, informazio hau edukiko du, jarraipenarako diseinaturiko adierazleen bitartez: ingurumen arloan proposaturiko helburuen betetze maila, planean aurreikusitako proiektuen eta neurrien gauzatze maila, plana abiaraztearen ondorioz ingurumenean eragiten diren kalteen tamaina, eta prebentzio-neurrien, neurri zuzentzaileen eta konpentsatzeko neurrien funtzionamendua, besteak beste. Orobat, ingurumen jarraipenean lortutako emaitzak era ulerterrazean adierazi beharko dira, planak ingurumenean dituen ondorioak publikoki dibulga daitezen.

10. Aurreko epigrafeen laburpen ez-teknikoa.

2.–Parte-hartze prozesua

2017ko urtarrilean, Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, Gobernu Irekiaren webgunean dagokion atalean, Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailearen parte-hartze publikorako agiriari buruzko dokumentazioa.

Nabarmendu behar da horren aurretik Erriberan parte-hartze eta eztabaida prozesu bat egin zela hirien eta industrien hornidurari buruz, 2017ko lehenbiziko seihilekoan, hain zuzen. Prozesu horretan 11 bilera egin ziren, eta hainbat ekarpen jaso ziren.

Plan zuzentzailearen parte-hartze prozesuan, guztira, 19 jardunaldi izan dira:

–Irekiera jardunaldia.

–Eztabaida jardunaldiak (3).

–Eskualdekako eztabaida jardunaldiak (7).

–Eskualdekako itzulera jardunaldiak (7).

–Itxiera jardunaldia.

Parte-hartze prozesuan 741 ekarpen jaso dira: 556, bileretan, eta beste 185, Internet bidez. Azken horietatik, 140 ekarpen Gobernu Irekiaren webgunearen bitartez iritsi ziren (25 entitatek edo partikularrek eginak), eta gainerako 45ak, berriz, helbide elektronikoaren bidez (7 entitatetatik bidaliak).

Ekarpen gehienetan, helburu errealistagoak eskatzen dira erregistratu gabeko urei dagokienez. Horretaz gain, adierazten da toki entitateen bitarteko eta baliabide faltak plana betetzea eragotz dezakeela hein handi batean.

Prozesuan agerian gelditu da eremu bakoitzean hornidura iturri propioak daudela, bai eta kudeaketa eredu berekiak ere. Hori horrela, eremu bakoitzean honako lehentasun hauek daude hornidura puntuei dagokienez:

–Sakana eta ipar-mendebaldea: iturburuak mantentzea. Iribasko iturburua erabiltzeko aukera eztabaidatu da.

–Irati eta Aragoiren goi-arroa: Galoze Arratozekin lotzea, Izaban indarrean dagoen hitzarmena mantentzea eta Garden iturburu propioak erabiltzea. Irunberrin, herritarrek Arbaiungo ur-harpena mantendu nahi dute, Erromantzatuak eskatu du aukera ezberdinak analizatzea, eta Zangozak interesa azaldu du Kasedarekin lotzeko.

–Mairaga eta Argaren eta Aragoiren behe-arroak: ura Nafarroako Ubidetik hartzea planteatzen dute, eta Oloritz uztea salbuespenetarako baliabide gisa.

–Erriberan gaur egungo iturriak mantentzea eskatu da, Moncayoko Mankomunitatearekin lotzea, eta Itoitz-Nafarroako Ubidea konponbideaz eta Esako urtegiaz baliatzea.

–Jurramendirako, Ega Bizirik elkarteak adierazi du kezkaturik dagoela Lokizko akuiferoaren gainustiapen arriskua dela eta, baita agorraldian Egak daraman emarian egon daitekeen eraginarengatik ere. Nafarroako Gobernuaren zerbitzu teknikoek egindako analisiek ez dituzte aintzat hartzen arrisku horiek.

–Iruñerria eta Izarbeibar: adierazi dute beren lehentasuna dela etorkizunerako aurreikusi diren hirigintza garapenei zerbitzua ematea.

Gobernamenduaren arloan ez dago adostasunik: entitate batzuk udalez gaindiko ereduaren aldekoak dira, baina beste batzuek nahiago dute gaur egun dituzten eskumenak mantentzea.

Bukatzeko, zerbitzuaren tarifei eta kostuei dagokienez, kostuak berreskuratzearen aldeko iritzia dago oro har, Urari buruzko Esparru Zuzentarauan ezarritakoari jarraikiz, baina entitate txikiek epe luzeagoa beharko dute. Kobrantzen eta tarifa sistemaren kudeaketa ereduan, berriz, ez dago adostasunik, eta, entitate batzuek Nafarroarako tarifa bakarra nahi badute ere, beste batzuek eremu bakoitzera egokituriko tarifak nahiago dituzte.

3.–Jendaurreko informazioa eta kontsulta egitea ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei

Abenduaren 5eko 1000/2018 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailearen hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Jendaurrean egoteko epea 2019ko otsailaren 27an bukatu zen. Halaber, 2018ko abenduaren 24an, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak prozesu bat hasi zuen erakunde, entitate eta interesdunei kontsultak egiteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Adierazi beharra dago ezen, kontsulten eta alegazioen prozesuaren ondorioz, zenbait aldaketa egin direla plan zuzentzailearen behin betiko agirian. Honako hauek eragin dituzte aldaketak:

–Alegazioak jasotzean edo jendaurrean jarritako agiriak berrikustean atzemandako akatsak zuzentzea.

–Zenbait alegazio osoki edo partez onartzea.

–Jendaurrean egoteko aldian indarrean sartu diren arauzko zehaztapen batzuk sartzea.

Memorian, ingurumen-azterketa estrategikoan eta eranskinen batean egin dira aldaketak.

Hala ere, iritzi izan da ez dela aldaketa funtsezkorik izan hasierako bertsioan, jendaurrean egondako horretan.

3.1. Kontsulta prozesua.

Kontsulta prozesuan idazki bakarra jaso da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak igorria.

Plan zuzentzaileari nahiz ingurumen-azterketa estrategikoari eragiten dieten 14 gorabehera jaso dira idazki horretan.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena analizatu ondoan, hartan sarturiko gorabeherak aintzat hartzeko txostena prestatu da. Laburbilduz:

–14 gorabeheretatik 11 baietsi dira.

–14 gorabeheretatik bat partez baietsi da.

–14 gorabeheretatik 2 jendaurrean egondako agirian dagoeneko jasota daudela iritzi da.

Zehazki, ebaluazioan kontuan hartu gabeko zenbait inpaktu sartu dira, hala nola hondakin uren eta edateko uren arazketa sistemetan sor daitezkeen usainak eta zaratak. Horrez gain, azpiegitura berriak diseinuan aintzat hartu beharreko irizpide hauek gaineratu dira: ibaiak aire zabalean gurutzatzeari mugak jartzea, malda pikoko hegaletan trazadurarik ez egitea, eta paisaian integratzea, bereziki ur-biltegietan eta haien inguru hurbilean. Paisaia bereziak ere kontuan hartuko dira, zeinak lurralde antolamenduko planetan identifikatuta baitaude. Irizten da agirietan behar bezala jaso dela hiriko drainatze jasangarrien erabilera, baina horiei buruzko idazketa zuzendu da, Nafarroako lurralde ekintzako plan zuzentzaileei buruzko aipua kendu da, eta, azkenik, behar diren argudioak emanda ezetsi da ibilbide luzeko hodietan erregulazio sistemak jartzeko beharra.

3.2. Jendaurreko informazioaren prozesua.

Hasierako bertsioa jendaurrean egon den bitartean, zenbait alegazio idazki jaso dira. Haien edukia atal honetan aipatzen da, eta jarraian ematen den taulan ikus daiteke horiei buruzko laburpena.

Lehenbiziko zutabean idazkiaren zenbakia ematen da. Bigarrenean, eredua edo deskribapen laburra. Hirugarren zutabean, “atxikimendu kopurua” izenburua daraman horretan, mota bereko zenbat idazki jaso diren biltzen da. Ikus daitekeen bezala, idazki batzuk entitate edo pertsona bakarrak igorriak dira, eta beste batzuk hainbat erakunde edo partikularrek bidali dituzte.

Hurrengo zutabean, idazkiko alegazio kopuruari buruzko informazioa ematen da. Idazki batzuetan alegazio bakarra sartu da, baina gehienetan bat baino gehiago daude.

Eskuineko lau zutabeetan agertzen da zenbat alegazio onetsi, partez onetsi edo ezetsi diren kasu bakoitzean, edo zein kasutan iritzi den alegaturikoa dagoeneko bilduta dagoela jendaurrean egondako hasierako bertsioan.

1. TAULA

Plan zuzentzailearen hasierako bertsioa jendaurrean egoteko aldian (2018ko abendutik 2019ko otsailera bitartean) jasotako alegazioen laburpena

IDAZKIAREN ZENBAKIA

EREDUA

ATXIKIMENDU KOPURUA

ALEGAZIO KOPURUA

BAIETSIA

PARTEZ BAIETSIA

EZETSIA

DAGOENEKO JASOA

01

Ega - Sustrai Erakuntza

1

7

0

3

1

3

02A

Ega - Sustrai eredua

511

4

0

1

2

1

02B

Ega - Europa Laika

1

5

0

1

2

2

03A

Ega - Udalak

15

9

1

4

2

2

03B

Ega - Zubielki

1

9

1

4

2

2

03C

Ega - Ehiztarien eta arrantzaleen elkarteak

2

6

0

5

0

1

03D

Ega - Ureztatzaileak

12

6

0

5

0

1

04

Ega - Ega bizirik

1

13

0

3

6

4

05

Ega - Ega bizirik eta beste

1

9

0

1

0

8

06

Ega - Ekologistak Martxan

1

4

0

1

1

2

07

Ega - Iguzkitzako Udala

1

3

0

2

0

1

08

Ega - EH Bildu

1

3

1

1

1

0

09

Queiles - Partikularrak

24

3

0

0

1

2

10

Queiles - Ureztatzaileen elkarteak

1

1

0

0

0

1

11A

Queiles - Tarazonako eskualdea

1

2

0

0

1

1

11B

Queiles - Tarazonako Udala

1

2

0

0

1

1

12

Queiles - Coagret

1

5

0

0

4

1

13

Queiles - E. Sainz eta L. Sanchez

1

8

0

1

5

2

14

Etxabarri Allingo Udala

1

1

1

0

0

0

15

Iruñerriko Mankomunitatea

1

12

5

2

3

2

16

Txulapaingo Udala

1

2

1

1

0

0

17

Esteribar

1

1

1

0

0

0

18

Olaibar

1

1

1

0

0

0

19

Atetz

1

1

1

0

0

0

20

Anue-Leazkueko Udala

1

2

1

1

0

0

21

Izarbeibarko Mankomunitatea

1

6

2

2

0

2

22

Ubagua Berpiztu elkartea

1

3

1

0

1

1

23

Orokieta-Erbitiko Kontzejua

1

1

0

0

1

0

24

Iguzkitzako Udala (saneamendua)

1

1

0

0

1

0

25

Lekunberriko Udala

1

6

2

0

2

2

26

Leitzako Udala

1

4

2

1

0

1

27

Jesús Martínez

1

5

0

0

5

0

28

Arguedasko Udala

1

1

0

0

1

0

29

Artzibar

2

1

1

0

0

0

30

Urbizi elkartea

1

3

1

1

0

1

GUZTIRA

35

595

150

23

40

43

44

Laburbilduz, guztira 35 idazki aurkeztu dira. Horietatik, 12 Ega sistemari buruzkoak dira, 6 Queilesi buruzkoak, eta beste 17ak hainbat entitatek igorriak eta hainbat gairi buruzkoak dira.

Tramite horietan 595 alegazio idazki jaso dira. Horietatik 6 pertsona edo entitate batek baino gehiagok aurkeztu dituzte, eta beste 29ak pertsona edo erakunde bakarrak igorriak dira.

Pertsona batek baino gehiagok aurkezturiko horietan, aipagarria da 02A alegazioa (Ega - Sustrai eredua), guztira 511 atxikimendu jaso baitira.

Idazki batzuetan alegazio bat baino gehiago aurkeztu dira; hortaz, adierazten da guztira 150 alegazio bildu direla. Ildo horretan, 9 idazkitan alegazio bakarra dago, eta 26 idazkitan, berriz, bat baino gehiago. Bi idazkitan (04. Ega Bizirik, eta 15. Iruñerriko Mankomunitatea) 10 alegazio baino gehiago aurkezten dira.

Taulan kontsulta daitezke zein alegazio baietsi diren eta zein ez. Laburbilduz:

–23 alegazio baietsi dira; hots, alegazioen %15.

–40 alegazio partez baietsi dira; hau da, alegazioen %27.

–43 alegazio ezetsi dira; hots, alegazioen %29.

–Alegazioen %29 (44 alegazio) hasierako bertsioaren agirian dagoeneko jasota daudela iritzi da.

Emaitza nagusiei buruzko iruzkina ematen da jarraian, multzoka.

Egari buruzko alegazioak:

Egari dagozkion alegazioak gehiengoa dira jasotako guztien artean. Izan ere, 548 idazki dira, guztira aurkezturikoen %92, alegia. Haietan 78 alegazio daude; hots, jaso diren 150 alegazioen %52.

Orokorrean, honako eskakizun hauek egiten dira:

–Dauden aukerak berriz analizatzea.

–Ingurumen-azterketa estrategikoan zehaztapen edo analisi jakinak sartzea.

–Mendazako akuiferoaren gaineko presioa arintzea.

–Itoitz-Nafarroako Ubiderako lotura lehenago egitea.

–Aurrekontuz hornitzea putzu alubialak erabiltzeko azpiegiturak, zeinek xede izanen baitute eskakizun gutxiko erabilerei erantzutea.

–Putzu horietatik erabiliko den bolumena zenbatesteko ahalegina egitea.

Behin alegazioak azterturik, %4 baietsi eta %40 partez baietsi dira. %35 dagoeneko jasota daudela iritzi da, eta %22 ezetsi dira.

Alegazioak osoki edo partez baiestearen ondorioz, aldaketa hauek sartu dira, oro har:

–Etorkizuneko kontsumoen zenbatespena zuzentzea.

–Kalitate txikiko urak dituzten putzuen ustiapen-planak, zenbait erabileratarako, gauzatzera behartzea. Foru Komunitateko funtsak jasotzeko baldintza izanen da plan horiek prestatzea.

–Putzu horietatik urtean 0,5 hm³ ur erabiltzen ahal dela zenbatestea, orientabide gisa. Horrek gutxituko luke Mendazako akuiferotik atera beharreko bolumena.

–Eskakizun gutxiko erabileretara bideratutako putzuen azpiegiturak gauzatzeko partida orientagarri bat sartzea.

–Aldaketak egitea iturri ezberdinetatik baliabideak jasotzeko proposamenean (Azagra kontu globalean sartzen da; Erriberagoieneko eskualdean sartuko den arren, Estellerriko eskualdeko baliabide eta azpiegiturek hornituko dute).

–Hobeki azaltzen da hasieran bitarteko aldi bat izanen dela, sistema Itoitz-Nafarroako Ubidearekin lotzen den arte, eta bukaerako aldi bat, lotura hori gauzatzen denetik.

–Itoitz-Nafarroako Ubidetik urtean 2,2 hm³ ur Lerin, Carcar, Andosilla, San Adrian eta Azagrari esleitzeko proposamena egitea.

ESTELLERRIKO ESKUALDERAKO ETA AZAGRARAKO (ERRIBERAGOIENA) BALIABIDEAK

BALIABIDEA

BATEZBESTEKOA 2014-2015

BATEZBESTEKOA 2016-2018

ETORKIZUNERAKO ZENBATETSIA

HASIERAKO BERTSIOA

ETORKIZUNERAKO ZENBATETSIA

BEHIN BETIKO BERTSIOA

Hasierako aldi iragankorra

Bukaerako aldia 2027

Hasierako aldi iragankorra

Bukaerako aldia 2027

Itxako

2,67 hm³

2,99 hm³

2,70 hm³

2,42 hm³

3,00 hm³

2,70 hm³

Mendazako putzuak

4,51 hm³

5,29 hm³

6,13 hm³

4,31 hm³

5,72 hm³

3,81 hm³

Estellerriko Erriberako putzu alubialak

1,16 hm³

1,08 hm³

0,00 hm³

0,00 hm³

0,50 hm³*

0,50 hm³*

Arbiozko iturburua (Jurramendi)

0,05 hm³

0,05 hm³

0,05 hm³

0,05 hm³

0,05 hm³

0,05 hm³

Sartagudako putzuak

0,20 hm³

0,20 hm³*

0,00 hm³

0,00 hm³

0,00 hm³

0,00 hm³

Estellerriko gainerako iturburuak

0,57 hm³

0,58 hm³*

0,48 hm³

0,48 hm³

0,48 hm³

0,48 hm³

Nafarroako Ubidea

2,10 hm³

2,20 hm³

GUZTIRA

9,16 hm³

10,18 hm³

9,35 hm³

9,35 hm³

9,74 hm³

9,74 hm³

(*) Zenbatetsitako balioak. Bereziki, egin beharreko azterketaren arabera aldatuko da putzuetatik kendu beharreko emaria. Hortaz, 0,5 hm³-ko bolumen zenbatetsia alda daiteke.

–Itoitz-Nafarroako Ubidea sistemarako lotura lehenago egitea, 2024-2027 artean, eta ez, jendaurrean jarritako bertsioan aurreikusi bezala, 2025-2030 artean.

–Ingurumen-azterketa estrategikoan zenbait aldaketa eta zehaztapen sartu dira.

Baliabideen azkeneko esleipena honela gelditu da:

Queiles ibaiari buruzko alegazio idazkiak:

6 idazki dira, guztira 29 atxikimendurekin; hau da, jasotako idazkien %5. Osotara 21 alegazio daude horietan, guztira aurkeztutakoen %14.

Honako gai hauek planteatu dira, labur-labur:

–Erriberako hornidurarako sisteman ez erabiltzea Queiles ibaiko iturriak.

–Erriberarako horniduran ez handitzea Queilestik harturiko ur bolumena.

–Ez egitea inolako garraio azpiegiturarik Los Fayostik.

–Kasua bada, ureztatzaileen elkarteen garraio azpiegiturak erabiltzea.

–Eraginkorrak ez diren kontsumoak zehatzea.

–Erriberako hornidurak handiegiak dira.

Behar bezala aztertu ondoan, alegazioen %57 ezetsi dira, eta iritzi da %38 dagoeneko jasota daudela hasierako bertsioan, jendaurrean jarritako agirian. Alegazio bat (%5) partez onetsi da, eta bakar bat ere ez da osoki onetsi.

Partez onetsitako alegazioaren ondorioz, behin betiko agiriaren memorian zehaztu behar da ezen, Queilesko baliabideak erabiltzen diren bitartean (Los Fayostik garraio azpiegitura bat eraikitzeko aukera alde batera utzi gabe), Moncayoko Ur Mankomunitateak baliabide hori erabiliko duela “ureztatzaileen elkarteekin dituen hitzarmen indardunekin bat”.

Alegazioak ezesteko edo egoki ez direla irizteko arrazoiak (gai asko dagoeneko jasota daude hasierako bertsioan, jendaurrean jarritako agirian) hauek dira, laburturik:

–Moncayoko Ur Mankomunitateko eta Cascante-Cintruénigo-Fiteroko emakidak indarrean daude.

–Esleitutako baliabideak bilduta daude demarkazioaren plan hidrologikoan, gaur egun indarrean dagoen hartan.

–Plan zuzentzaileak ez du azpiegiturarik planteatzen Foru Komunitatetik kanpo, nahiz eta komenigarritzat jotzen duen garraiorako hodi bat eraikitzea Los Fayostik. Hala ere, hori demarkazioaren plan hidrografikoan ezarri beharko da, ez hemen.

–Plan zuzentzaileak ez du aurreikusten Queilesko baliabideen esleipenak handitzea.

–Plan zuzentzaileak irtenbide dibertsifikatuak eta sendoak bilatzen ditu.

–Plan zuzentzailean efizientzia irizpide zorrotzak erabiltzen dira, eta horiek lortzeko jarduketa zehatzak.

–Aurreikusitako hornidurak bat datoz Ebroko Plan Hidrologikoan onartutako balioen tartearekin.

Gainerako alegazio idazkiak:

Era askotako 17 idazki sartzen dira hemen, eta osotara 51 alegazio egiten dira horien bidez. Idazkietako batek bi atxikimendu ditu. Atxikimenduen %3 biltzen dira hemen, eta alegazio guztien %34.

Osotara, alegazioen %39 baietsi eta %16 partez baietsi dira. 51 alegazioetatik 9 dagoeneko jasota daude (%18). Azkenik, iradokizunen %27 ezetsi dira.

Aipatu beharra dago 7 toki entitatek eginiko alegazioak daudela (Etxabarri Allin, Txulapain, Esteribar, Olaibar, Atetz, Anue-Leazkue eta Leitza), zeinek eskatzen baitute goi hornidurarako azpiegitura zehatzak sar daitezen. Oro har, osoki edo partez baietsi dira, eta inbertsio horiek behin betiko memorian sartu dira, Foru Komunitateko funtsetarako sarbidea emanen duten legeetan zehazteke, hala ere.

Iruñerriko Mankomunitateak 12 alegazio egiten dituen idazkia aurkeztu du; horietatik 5 osoki baietsi dira, eta 2 partez baietsi. Honako hau nabarmentzen da:

–Behin betiko memorian sartzea 50.000 biztanle baino gehiagoko sistemek uraren plan sanitarioak egin beharra.

–Arazketako lohiak tratatzeko sistema hobetzeko azterketa sartzen da.

–Saneamenduaren arloko estatuko interes orokorreko obrak sartzen dira.

–Saneamenduan husteak murrizteko obrei dagokien aurrekontuaren banaketa aldatzen da.

Izarbeibarko Mankomunitateak 6 alegazio aurkezten ditu idazki batean. Horietatik 2 osoki baietsi dira, eta beste 2, partzialki. Honako hau nabarmentzen da:

–Goi hornidurarako obra batzuk sartzen dira (ur-biltegiak).

–Datu akastunak berrikusten dira, eta eskari berriak eta erregistratu gabeko uretarako helburuak kalkulatzen dira.

–Biztanleko horniduran (120 biztanle/egun) salbuespenak onartzen ahalko direla zehazten da. Bigarren etxebizitza edukitzeagatik edo aski justifikaturiko bestelako arrazoiengatik izan daiteke.

Gainontzeko alegazioei dagokienez:

–Ubagua Berpiztu elkarteak eskatzen du emari ekologikoak errespetatzea (behin betiko agirian zehaztapen bat sartzen da), erregulazio bat eraikitzea Izarbeibarko sistemarako (ez da aintzat hartzen), eta lehenestea erregistratu gabeko uren portzentajea txikitzeko inbertsioak (jendaurrean jarritako planak dagoeneko aurreikusten du).

–Orokieta-Erbitiko Kontzejuak eskatzen du Orokietako saneamendu sistema hobetzea, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eskatu bezala (irizten da plan zuzentzailearen hasierako helburuak egokiak direla, eremu horretarako tratamendu primarioa aurreikusten baitute).

–Iguzkitzako Udalak eskatzen du behin-behinean esku har dadin Azketako eta Lageagako saneamendu sistema hobetzeko. Jendaurrean jarritako planak aurreikusten du instalazio horiek 2021ean hobetzea. Hortaz, ez da bidezkoa behin-behineko jarduketa horiek egitea.

–Lekunberriko Udalak zenbait alegazio aurkeztu ditu Ertzilla-Iribas sistemako baliabideei buruz: planaren behin betiko agirian zenbait zehaztapen sartzen dira, eta planteaturiko beste gai batzuk dagoeneko aipatzen dira jendaurrean jarritako bertsioan.

–Partikular batek, Jesús Martínezek, bere alegazioan dio lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko foru legerian ezarritakoari lotu beharko zaiola plan zuzentzailea tramitatzeko. Oroitarazten zaio sektoreko legeria hori ez zaiola aplikatzen plan zuzentzaileei, eta plan hau prozedura arruntari jarraikiz tramitatu dela.

–Arguedasko Udalak eskatzen du plan zuzentzaileak era esplizituan jasotzea etorkizunean Itoiztik ura hartzeko aukera, Esako baliabideen osagarri gisa. Planaren helburua da 2030erako aplikatzea, eta ez du baliabide osagarririk behar Esako baliabideetarako. Etorkizunean baliabideen beharra handitzekotan, Itoizko erreserbak eskatzeko mekanismo bat aurreikusten du dagoeneko.

–Artziko Udalak (Lakabe ere atxikitzen da) eskatzen du inguruneko kanonean ingurumen zerbitzuengatiko ordainak esleitzea, eta Pirinioetako udalerriek parte hartzea kanon hori dela-eta eratuko den lantaldean. Onartzen da kanonaren xedeen artean egotea ingurumen zerbitzuengatiko ordainak (uraren hiri zikloari buruz izanen den legean ezarriko diren berariazko arauen menpe), eta Pirinioetako udalerriak lantaldean sartzea.

–Urbizi elkarteak eskatzen du zehaztapenak sartzea putzu alubialen erabilerari eta hornidura iturriak babesteari buruz. Behin betiko agirian zehaztapen batzuk sartu dira putzu alubial horien erabilera hobetzeko (eskakizun gutxiko erabileretara bideratuko dira baliabide horiek), iturrien babeserako neurriak mantendu dira, eta gogora ekartzen da bestelako kontrol mekanismo berariazkoak martxan daudela gaur egun.

Jendaurreko informazioaren prozesu osoko datu laburtuak eskura daude Interneteko esteka honetan:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/partaidetza/prozesuak/hiri-erabilerako-uraren-ziklo-integralaren-plan-zuzentzailea

II. ERANSKINA

Eskualde bakoitzeko goi hornidurarako hautatu diren aukeren deskripzioa

Hona hemen eskualde bakoitzeko hornidura egiteko proposatu diren irtenbideak, laburturik:

Iruñerriko eskualderako irtenbidea. Kasu honetan, Iruñerriko Mankomunitateak egin beharreko jarduketa txikiak baizik ez dira sartzen, zeinek xede izanen baitute biztanlegune txikiak eta isolatuak sistemara lotzea, horniduraren bat hobetzea eta ur-biltegi berriren bat eraikitzea.

Baztan-Bidasoa eskualderako irtenbidea. Bera-Lesakako hornidura hobetzea planteatzen da, baita Malerrekakoa ere. Baztanen eta hurbileko inguruan, bigarren seiurtekorako, zenbait jarduketa planteatzen dira Almandozko lotura eta Sastrako iturburutik hurbil dauden beste herri batzuetakoa hobetzeko, Ziga inguruaren hornidura hobetzeko Pagogeliko iturburua erabiliz, eta Agozpeko hornidura hobetzea Elizondon eta hurbileko biztanleguneetan. Halaber, hodi nagusi baten bidez, Iruritako eta Elizondoko sistemak hobetuko dira.

Zangozerriko eskualderako irtenbidea. Aukera bereiztuak deskribatzen dira. Batetik, Irunberrirako hornidura Nafarroako Ubidearen bidez bermatzen da, baina ez da alde batera utziko “La Canaleta” erabiltzea badaezpadako sistema gisa. Hala ere, aukera hori baliatzeko, azpiegitura bat eraikitzeko beharra aurreikusten da planean, eta horren ondorioz Arbaiungo Arroila KBEan ukipen nabarmenak eragin daitezke. Kasedarako, planean ezartzen da Zangozako Mankomunitatera lotuko dela, behin edateko uren araztegia amortizatzen delarik (tramitatzen ari den planaren indarralditik kanpo).

Estellerriko eskualderako irtenbidea. Eskualde honetarako kontsumoak zuzentzen dira: 9,74 hm³/urte ingurukoak izanen dira (Azagra barne). Jendaurreko informazioaren prozesuan alegazio ugari aurkeztu dira, zeinak partez baietsi baitira, eta azkenik 1. eta 2. aukeren arteko irtenbide bat hartu da, jendaurrean jarritako hasierako bertsioko zenbait alderdi aldatuta, hala ere. Honako eredu honi jarraituko zaio:

–Lizarrako eskualdea Itxakotik hornitzea, 2,7 hm³/urte. Aldi baterako, Itoitz-Nafarroako Ubiderako lotura martxan jarri arte, bolumena 3,0 hm³ izanen da urtean.

–Ega ibaiaren goi-arroa eta Estellerriko Erribera hornitzeko (Vianatik San Adrianeraino, eta baita Azagraraino ere, Erriberagoieneko eskualdean), Mendazako P2 putzua erabiliko da; bolumena 5,72 hm³/urte izanen da trantsizio aldian; hots, Itoitz-Nafarroako Ubidea sistemarako lotura martxan jarri arte (2024-2027 aldia). Irtenbide horrek edateko uren araztegi berria beharko du. Itoitz-Nafarroako Ubidea sistemarako lotura abian jartzen delarik, bolumen hori 3,81 hm³ izanen da urtean. Honako hauek hornituko dira Itoiztik: Lerin, Carcar, Andosilla, San Adrian eta Azagra (Erriberagoiena). Lotura hori 2024an hasiko litzateke gauzatzen, eta 2027an bukatuko.

–Arbiozko, Larragoa-Aranaratxe-Eulateko, Ameskoabarrengo, Aguilar Kodesko, Lana ibarreko eta Errezuko iturburuak eta emari gutxiagoko beste batzuk mantentzea. Iturburu horiek guztiek 0,52 hm³ egiten dute urtean.

–Putzu alubialak mantentzea badaezpadako baliabide gisa, eskakizun gutxiko erabileretarako, eta aurreikusitako azterketekin bat. Horrela, Mendazatik atera beharrekoa murriztuko da.

Larraun-Leitzaldea eskualderako irtenbidea. Sistema hau oso garatua dago jadanik. Hobekuntza txikiak proposatzen dira. Sistema oso barreiaturik dago, isolaturiko baliabideen menpekoa da, eta zaila da horiek irtenbide globaletan integratzea. Lehenbiziko bosturtekoan Basaburuko sistema hobetzea proposatzen da, eta, hurrengo seiurtekorako, berriz, Larraun eta Leitzako sistema hobetzea, beste jarduketa txikiago batzuekin batera.

Pirinioetako eskualderako irtenbidea. Zaraitzu eta Erronkari ibarretako bi eremu hornitzeko irtenbideak deskribatzen dira, eta erregistratu gabeko urak murrizteko lan handia eginen da (urtean 1,1 hm³ kontsumitzetik 0,8 hm³ kontsumitzera pasako da). Lehen eremurako azken proposamenak aurreikusten du Gorza, Uskartze eta Izize Arratozko sistemarekin lotzea. Bigarren eremua Garderi dagokio, eta erabaki da Izaba-Erronkari-Urzainki taldearekin lotzea. Irtenbide horiekin batera, gaur egungo sistemak erabiliko dira: Iturriotz, Erroibarko iturburuak, Arratoz, Txorimiloko iboia, Abaurregaineko eta Abaurrepeko iturburuak eta beste.

Pirinioaurreko eskualderako irtenbidea. 2030ean 5.600 biztanle eta urtean 0,6 hm³-ko eskaria izatea aurreikusi da; planteatzen da kontsumoaren zatirik handiena Itoitz-Nafarroako Ubidearen bitartez hornitzea. Orain arte bezala, Elo eta Ibargoitiren hornidura Iruñerriko Mankomunitateko sistemaren bidez eginen da, eta Urraulgoitikoa, berriz, gaur egungo iturburuen bidez.

Erriberako eskualderako irtenbidea. Gaur egungo horniduraren ereduak oinarri du Ebroko edo horko ubideetako baliabideak erabiltzea, salbu Arguedas eta Valtierraren kasuan, horiek Esako hornidura erabiltzen baitute, Bardeako ubidearen bitartez, bai eta El Ferialgo urtegiaren bidez ere. Moncayoko Mankomunitateko udalerriak hornitzeko Queilesko urak erabiltzen dira, kalitate onekoak, baina La Dehesako erregulazio-idoian denbora gehiegi egoten dira atxikirik. Gainera, putzu alubialak erabiltzen dira osagarri gisa.

Etorkizuneko ereduak urteko 14,6 hm³-ko kontsumoa bermatu behar du, 90.000 biztanlerendako. Azken kontsumoa handitu da, erregistratu gabeko uren kopurua txikitu arren aurreikusi baita industriaren eskaria handituko dela. Lehenik eta behin, adierazi behar da ezen hornidurarako aurreikusten dela Queiles-Moncayo sistemako baliabideak erabiltzea (2,3 hm³/urte). Oraingo baliabideen erabilera mantentzea planteatzen da, dibertsifikazio mekanismo gisa eta berme bat izan daitezen balizko gorabeheren aurrean. Itoitz-Nafarroako Ubidea sistemako baliabide nagusiaren osagarri izanen dira, nahiz eta zenbait arazo izan (azpiegitura eskasa, La Dehesako idoian denbora gehiegi egotea atxikirik, etab.).

Honako baliabide hauek ere mantenduko dira: ubide inperialekoak, Ebro ibaiko ur-harpenak, La Estanquillako baliabideak eta putzu alubialak, azken horiek industriako eta eskakizun gutxiko erabileretarako, eta Tutera hornitzeko ere bai.

Horrela, proposatzen da Erriberako eskualdean zenbait hodi instalatzea gaur egungo azpiegituretako asko Itoitz-Nafarroako Ubidea sistemarekin lotzeko, zeinak lehendik ere aurreikusi baitira Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen aurreproiektuan. Beraz, eskualdeari irtenbidea emateko, Canrasoren eta Nafarroako Ubidearen arteko lotura egin beharko da, gaur egun Tuterako Ur Batzordeak hornitzen duen eremu osoari zerbitzu emateko. Horrez gain, ura Nafarroako Ubidetik Las Estanquillasko edateko uren araztegira bideratu eta ponpatuko da, Cascante, Cintruénigo eta Fitero urez hornitzeko, eta hodiak ezarriko dira Fontellas-Buñuel, Buñuel-Ribaforada-Cortes eta Buñuel-Cortes tarteetan. Bigarren seiurtekoan, Monteagudo-Barillas-Ablitas Nafarroako Ubidearekin lotzeko aukera planteatuko da. Horretarako, proposatzen da Cascanten ura ponpatzea eta Corella Las Estanquillasen bidez lotzea.

Erriberagoieneko eskualderako irtenbidea. Etorkizunean 26.000 biztanle egonen direla uste da, urtean 3,7 hm³-ko kontsumoa eginen dutenak. Hortaz, erregistratu gabeko urak murrizteko ahalegin handia egin beharko da. 2030ean, baliabide guztiak Itoitz-Nafarroako Ubidea irtenbidetik helduko dira, La Pedrerako irtenbidearen bidez. Horretarako, edateko uren araztegi hori handitu beharko da. Aurreikusten da Azagrako udalerriaren eta sistema honen arteko lotura 2027tik aurrera egitea, eta hori egin artean Estellerriko irtenbidea erabiltzea. Hodiei dagokienez, beharrezkoa da La Pedrerako edateko uren araztegia udalerri guztiekin lotuko dituen goi garraioko azpiegitura guztia eraikitzea, bai eta beste hodi txikiago batzuk eraikitzea ere. Cadreitarako irtenbide gisa aurreikusten da Itoitz-Nafarroako Ubidera lotzea, Villafrancako hodia luzatuz.

Sakanako eskualderako irtenbidea. Sakanako eskualdean 20.700 biztanle izanen dira ziurrenik 2030ean, eta urteko kontsumoa, berriz, 2,3 hm³-koa, oraingo 4,3 hm³-en aldean. Eskualde honetan planteatzen da erregistratu gabeko urak asko murriztea. Proposatzen da oraingo sareak mantentzea 2024ra arte, baina, epe ertainean, Urdalur erabili beharko da sistema nagusi gisa, Sakanatik Irurtzunera bitarteko igarobide guztian, eta, are, Larraun ibaiaren behe-arroko udalerrietan ere. Iribasko iturburua dibertsifikatzeko eta badaezpadako neurri gisa planteatzen da soilik, baita gainontzeko iturburuen erabilera ere (Urbasa, Etxarri Aranatz, Beriain, etab.).

Izarbeibar-Novenera eskualderako irtenbidea. Izarbeibar-Novenerako egungo kontsumoa 1,6 hm³-koa da urtean. Etorkizunean 13.000 biztanle izanen dira, eta kontsumoa zertxobait txikiagoa izatea zenbatetsi da (1,4 hm³/urte), erregistratu gabeko uren kopurua hobetu ondoan. Baliabideen jatorria gaur egungoen antzekoa izanen da: azpiegiturek garapen handia dute, eta Toki Inbertsioen Planean munta handiko jarduketak aurreikusten dira; hori dela eta, epe motzean ez dira azpiegitura asko gauzatu beharko.

Erdialdeko eskualderako irtenbidea. Erdialdean eratuko den eskualdea bat dator, hein handi batean, Mairagako Mankomunitatearen oraingo eremuarekin. Gaur egun, kontsumoa 3,5 hm³-koa da urtean. Kontsumoak txikitzea espero da, erregistratu gabeko urak murriztearen bidez. 2030ean egoera ezberdina izanen litzateke baliabideen jatorriari dagokionez: alde batera utziko lirateke Cidacos ibaiaren goi-ibilguko ur-harpenak, eta baita Esa-Bardeako ubidekoak ere (hura mantentzea 2024an berrikusi beharko litzateke), eta horien ordez Olorizko eta Itoitz-Nafarroako Ubideko sistemak erabiliko lirateke. Era berean, eskualde honetan putzu alubialen erabilera aztertzea aurreikusten da, edo bestelako baliabide batzuena, eskakizun gutxiko erabileretarako.

Iragarkiaren kodea: F1906969