Iragarkia
112. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Berdintasuneko Ordenantza. Behin betiko onespena
Iruñeko Udalbatzak, 2019ko martxoaren 7an egindako Osoko Bilkuran, Iruñeko Udalaren Berdintasuneko Ordenantza hasiera batez onesteko erabakia hartu zuen, eta hura 2019ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 1ekoan.
Behin hasierako onespen-erabakiaren iragarkia argitara emanda eta legeak ezarritako jendaurreko epea erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu gabe iraganda, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat, aipatu Ordenantza behin betiko onetsi da, eta testua oso-osorik argitaratzea xedatu da, behar diren ondorioetarako.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 31n.–Alkate udalburua, Joseba Asiron Sáez.
BERDINTASUNEKO ORDENANTZA
Iruñeko Udala
AURKIBIDEA.
ZIOEN AZALPENA.
I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.
1. artikulua. Xedea eta arau-esparrua.
2. artikulua. Helburua.
3. artikulua. Definizioak.
4. artikulua. Aplikazio-eremua.
5. artikulua. Printzipio orokorrak.
II. TITULUA.–Tokiko gobernantza eta genero-zeharkakotasuna.
I. KAPITULUA.–Egiturak eta koordinazioa.
I. ATALA.–Berdintasunerako udal-egiturak.
6. artikulua. Berdintasuneko Alorra.
II. ATALA.–Udalaren berdintasun-politikak bultzatu, kudeatu eta koordinatzeko egiturak.
7. artikulua. Batzorde Politikoa.
8. artikulua. Batzorde Teknikoa.
9. artikulua. Emakumearen Udal Kontseilua.
10. artikulua. Berdintasunaren sustapena.
11. artikulua. Erakundeen arteko parte-hartzea.
12. artikulua. Sare-lana Nafarroako toki-erakundeetako berdintasun-teknikariekin.
II. KAPITULUA.–Ordezkaritza politikoa eta udal-organoen osaera.
13. artikulua. Xedapen Orokorra.
14. artikulua. Ukitutako organoak.
III. KAPITULUA.–Zeharkakotasun-estrategia txertatzeko prestakuntza eta gaikuntza teknikoa.
15. artikulua. Xedapen Orokorra.
16. artikulua. Neurriak.
IV. KAPITULUA.–Berdintasun-printzipioa osatzen duten lan- eta administrazio-prozedurak.
I. ATALA.–Iruñeko Berdintasun plana.
17. artikulua. Xedapen orokorra.
18. artikulua. Esku hartzeko arloak.
II. ATALA.–Berdintasunaren integrazioa udal-politika guztietan.
19. artikulua. Xedapen orokorra.
20. artikulua. Barneko berdintasun plana.
21. artikulua. sarbidea eta langileen hautaketa.
22. artikulua. Mailaz igotzea.
23. artikulua. Ordainsariak.
24. artikulua. Laneko segurtasuna eta lan-osasuna.
25. artikulua. Sexu-jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik gabeko lan-ingurunea.
III. ATALA.–Genero-inpaktuaren gaineko txostenak.
26. artikulua. Xedapen orokorra.
27. artikulua. Genero-inpaktuari buruzko txostenak egitearen egokitasuna.
28. artikulua. Genero-inpaktuari buruzko txostenak egiteko prozedura.
29. artikulua. Inpaktu-mota.
30. artikulua. Sexuan oinarritutako inpaktuaren edukia eta hura identifikatzeko prozesua.
IV. ATALA.–Genero-ikuspegia kontratazioan.
31. artikulua. Xedapen orokorra.
32. artikulua. Neurriak.
33. artikulua. Betebeharrak.
V. ATALA.–Genero-ikuspegia dirulaguntzetan.
34. artikulua. Xedapen orokorra.
35. artikulua. Neurriak.
36. artikulua. Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.
VI. ATALA.–Aurrekontuaren planifikazioa eta ebaluazioa.
37. artikulua. Xedapen orokorra.
VII. ATALA.–Informazioaren kudeaketa eta komunikazio-politika.
38. artikulua. Xedapen orokorra.
39. artikulua. Aldi baterako aholkularitza.
40. artikulua. Neurriak.
VIII. ATALA.–Udal-ikerketak eta -estatistikak.
41. artikulua. Xedapen orokorra.
III. TITULUA.–Emakumeen ahalduntzea eta balio-aldaketa.
I. KAPITULUA.–Emakumeen autonomia ekonomikoa.
42. artikulua. Emakumeek enplegu arloan bizi duten egoeraren ikusgarritasuna.
43. artikulua. Teknologia berriak.
II. KAPITULUA.–Parte-hartzea eta eragin politikoa.
I. ATALA.–Parte-hartzea Udalaren bizitza politiko eta zibilean: Emakumearen Udal Kontseilua.
44. artikulua. Xedapen orokorra.
II. ATALA.–Emakumeen Etxea.
45. artikulua. Xedapen orokorra.
III. KAPITULUA.–Hezkuntza eta hezkidetza.
46. artikulua. Xedapen orokorra.
IV. KAPITULUA.–Sexu-eskubideak eta sexu- zein genero-identitate aniztasuna.
47. artikulua. Xedapen orokorra.
48. artikulua. Sexu- eta genero-aniztasunaren inguruko informazio, aholkularitza eta babes egokia bermatzea.
V. KAPITULUA.–Aztura osasungarriak, jarduera fisikoa eta kirola egitea.
49. artikulua. Xedapen orokorra.
50. artikulua. Osasunaren sustapena.
VI. KAPITULUA.–Kultura eta kultur sorkuntza.
51. artikulua. Xedapen orokorra.
52. artikulua. Tokiko memoria.
53. artikulua. Memoria historikoa.
VII. KAPITULUA.–JAIAK.
54. artikulua. Xedapen orokorra.
55. artikulua. Prebentzio-kanpaina.
56. artikulua. Jarduketa-esparrua.
57. artikulua. Emakumeek jaietan parte har dezaten sustatzea.
VIII. KAPITULUA.–Garapenaren aldeko lankidetza.
58. artikulua. Xedapen orokorra.
IV. TITULUA.–Zainketa-lanak eta ardurakidetza bizitzaren jasangarritasunerako gakotzat aitortzea.
I. KAPITULUA.–Ingurune bizigarria, jasangarria eta segurua.
I. ATALA.–Jasangarritasun-estrategia.
59. artikulua. Xedapen orokorra.
II. ATALA.–Hirigintza-plangintza.
60. artikulua. Xedapen orokorra.
61. artikulua. Laguntza eta babesa.
III. ATALA.–Etxebizitza.
62. artikulua. Xedapen orokorra.
IV. ATALA.–Mugikortasuna eta garraioa.
63. artikulua. Xedapen orokorra.
V. ATALA.–Ingurumena.
64. artikulua. Xedapen orokorra.
II. KAPITULUA.–Zainketa-lanen balioa gehiago aitortzea, eta haien elkar-menpekotasuna ekoizpen-sistemarekiko.
65. artikulua. Xedapen orokorra.
V. TITULUA.–Emakumeen aurkako indarkeria.
I. KAPITULUA.–Esparru orokorra.
66. artikulua. Xedapen orokorra.
67. artikulua. Jarduketa-esparru orokorra.
68. artikulua. Arta integral eta koordinatua izateko eskubidea.
II. KAPITULUA.–Prebentzioa eta sentsibilizazioa.
69. artikulua. Xedapen orokorra.
70. artikulua. Ikerketa.
III. KAPITULUA.–Baliabideak.
71. artikulua. Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua.
IV. KAPITULUA.–Koordinazioa, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko.
I. ATALA.–Udal-baliabideen arteko koordinazioa.
72. artikulua. Xedapen orokorra.
73. artikulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko erakundeen arteko Nafarroako Akordioa eta Batera Jarduteko Protokoloa.
II. ATALA.–Udaleko langileen gaikuntza.
74. artikulua: Xedapen orokorra.
XEDAPEN GEHIGARRIA.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.–Genero-inpaktuari buruzko txostenak.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.
AZKEN XEDAPENA.
ZIOEN AZALPENA
Ordenantza honen xedea da emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzea eta emakumeen bereizkeria eta gizarte- nahiz genero-desparekotasunak sortu eta errepikatzen dituzten historia-egiturak alboratzea.
Emakume izateak berekin ekarri izan ohi du, historian zehar eta gaur egun, gizarte gehienetan ekarri ere, emakumeak berdintasun ezean bizitzea, gizonekiko. Horrek ekarri du emakumeak esparru pribatuari lotzea, bereziki zaintzari, eta gizonak, aldiz, eremu publikoari eta ekoizpenekoari. Prozesu hori, sexu-genero sistema delakoa, sexu-desberdintasunetatik abiatuta gizarteek egiten dituzten praktika, sinbolo, irudikapen, arau eta balio guztien ondorio da. Sistema horretan oso errotuta dago gizonek emakumeekiko duten nagusitasuna, eta horrela sexuan oinarritutako rolak modu asimetriko eta hierarkizatuan ematen dira, sistema hori gidatzen duten egitura sozioekonomiko eta politikoen, arau edo balioen eta gizarteratzeko prozesuen bitartez.
Garapen kulturala, zientifikoa eta ideologikoa, eta bereziki azken hamarkadetan demokraziaren eta teknologiaren arloan emandako aldaketak direla-bide, gizonen eta emakumeen arteko gizarte- eta familia-harremanak arian-arian aldatzen joan dira, jarrera-aldaketa bat hasi da –apurka-apurka, baina erritmo motelagoan–, zeinaren ondorio baitira zainketetan, lan-munduan, arlo politikoan, erabakiak hartzean eta abarretan emandako benetako jarrera-aldaketak. Bilakaera horren sustapenean garrantzi handia izan dute lege-aldaketek, izan ere, berdintasun-politikek gero eta isla handiagoa dute gure arauetan, hala estatu- edo autonomia-mailan nola NBEetan eta Europar Batasunean. Aldaketa horiek gertatu badira ere, hainbat emakume eta emakume-talde bizitzen ari diren egoerak egiazko berdintasun maila handiagoen alde lan egitera bultzatzen gaitu, berdintasun formal horrek ez baitu islarik gizartean.
Xede hori hartuta, aldi baterako estrategiak diseinatu behar dira, helburutzat hartuta bazter uztea gizartean aukera-berdintasuneko benetako egoera bat lortzea eragozten duten egoera, aurreiritzi, jarrera edo praktika kultural eta sozialak Hori lortzeko lehen mekanismoak dira –Ordenantza hau hor kokatzen da– genero-ikuspegia, zeharkakotasuna edo mainstreaming-a. Mainstreaming-a jarduteko metodologia bat da, lehentasunezko helburutzat duena politika eta erabakitzeko maila guztietan txertatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, honako hauen bidez: baliabide guztiak eskuragarri egotea baldintza-berdintasunean, politika publikoak lehendik existitzen diren berdintasun-ezak kontuan izanda planifikatzea eta beroriek egiazko berdintasunaren aurrerapenean eragindako emaitzak eta inpaktuak identifikatzea eta ebaluatzea. Nazio Batuek Beijingen, 1995ean, antolatutako Emakumeei buruzko Munduko IV. Biltzarrean sortu zen mainstreaming terminoa. Emakume eta feministen mugimenduek lortu zuten berdintasunaren kontzeptu hori politika publikoetan txertatzea.
1995ean, Europan, Europako Kontseiluak Mainstreamingeko Aditu Talde bat sortu zuen, eta horrek egin zuen amaierako txostenean gaur egun genero-zeharkakotasunaren definiziorik osatuentzat jotzen dena: “Prozesu politikoak antolatzea (berrantolatzea), hobetzea, garatzea eta ebaluatzea, halako moduan ezen neurri politikoak hartzearekin zerikusia izan ohi duten eragileek genero-berdintasunaren ikuspegia txertatuko baitute politika guztietan, eta maila nahiz etapa orotan”.
Amsterdameko Itunak sartu zuen zeharkakotasuna Europar Batasuneko erakundeen esparruan, 1999an. Arau horrek ezarri zuen Europako Erkidegoaren helburu gisa gizonen eta emakumeen artean tratu-berdintasuna egotea, ekintza guztien helburu nagusia izanik emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunak ezabatzea eta berdintasuna sustatzea. Halaber, aipatutako itunaren 13. artikuluak Europar Batasuneko erakundeak ahalbidetzen zituen, haien eskumen-esparruan, neurriak har zitzaten sexu edo sexu-orientazioa dela medio gertatutako bereizkeria orori aurre egiteko. Horrela, Amsterdameko Itunean ezarritakoari eta Nazio Batuek Emakumeei buruz antolatutako Munduko IV. Biltzarraren Deklarazioaren eta Ekintzarako plataformaren gomendioei esker (aurrez aipatuak) txertatu ziren neurri horiek Batasuneko Zuzenbidean, eta, ondoren, Europar Batasuneko estatuen ordenamendu juridikoan.
Bestalde, 2005ean, Emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten berdintasunerako Europako Gutuna egin zen, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren ekimenez, non emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko oinarrizko printzipiotzat jasotzen baita “genero-dimentsioa tokiko eta eskualdeko jarduera guztietan txertatzea beharrezkoa dela”. Iruñeko Udalak 2013ko azaroaren 7ko Osoko bilkuran sinatu eta berretsi zuen Gutun hori.
Estatuari dagokionez, 1978ko Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan oinarrizko eskubidetzat jasotzen dira hala gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna nola diskriminatzeko debekua sexua edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozial dela-eta. Era berean, aipatutako lege-testuaren 9.2 artikuluaren arabera, botere publikoak derrigorturik daude norbanakoen eta norbanakoek osatzen dituzten taldeen askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta benetakoak izateko baldintzak sustatzera. Bestalde, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren bidez sartu da zeharkakotasuna gure ordenamendu juridikoan. Legearen zioen azalpenean mainstreaminga jasota dator, diskriminazioaren kontrako zuzenbide modernoaren nortasun-ikur gisa, botere publikoen jarduteko gidalerro orokor bilakatzen duelarik. 15. artikuluan definitzen da modu zehatzago batean zeharkakotasun-printzipioa: “Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa kontuan hartuko da botere publiko guztien jardunean, zeharkakotasun-izaerarekin”. “Administrazio publikoek printzipio hori modu aktiboan barneratuko dute, euren arau-xedapenak ematean nahiz betetzean, esparru guztietako politika publikoak zehaztu eta horien inguruko aurrekontuak egitean”.
Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, tratu-berdintasunaren inguruko erreferentziazko araua 33/2002 Foru Legea da, azaroaren 28koa, emakumeen eta gizonen Aukera Berdintasuna sustatzekoa. Lege aitzindaria da, estatukoa baino urte batzuk lehenago onetsi baitzen, eta bultzada eman zien Nafarroako Administrazioek egiten ahal zituzten ekintza guztiei.
Gainera, Ordenantza Iruñeko Udalaren Berdintasunerako III. Planaren esparruan kokatu behar dugu, zeinak bere ildo estrategiko batean helburutzat baitu “Lan- eta administrazio-prozedurak, xede harturik berdintasun-printzipioa integratzea eta herritarrak zein udal-langileak asetzea Udalak berdintasuna kudeatzeko moduari eta harekiko konpromisoari dagokienez”.
Azkenik, Ordenantza honek berritasun bat du estatuan onartutako beste ordenantzekin alderatuta, genero-inpaktuari buruzko txostenak egiteko betebeharra ezartzen baitu arau-proiektuak eta planak onartu ahal izateko, horrela diskriminaziorik eragin ez dezaten emakume eta gizonengan eta genero-berdintasunean inpaktu positiboa izate aldera.
Inpaktuari buruzko txostenen inspirazio eta jatorria ingurumen-politiken aplikazioan dago. Europar Batasunaren esparruan, 80ko hamarkadan hasi zen ezartzen azpiegiturekin eta industria-jarduerekin lotutako jarduketa publikoen garapenean horien ingurumen-inpaktuari buruzko txostenak egiteko derrigortasuna. Hortaz, klausula horiek txertatzearen ondorioz sortu zen genero-klausulak txertatzeko ideia. Hori dela eta, 1997az geroztik, Europako Batzordeak genero-klausulak erabiltzen ditu arauak prestatzeko prozesuan. Gainera, “Legeak hobeto egin” ekimenaren baitan, Inpaktuaren gaineko txostenen Gidari buruzko azken bertsioan, justifikatu egiten du genero-inpaktuaren gaineko txostenak egitea honako hauek lortzeko: legeen eta politiken diseinua hobetzea, prozesua hobetzea, eta lege-printzipioak nahiz helburu orokorrak politika espezifikoetan txertatzea. Europako Batzordeak genero-inpaktuaren gaineko txostenak gizarte-eremuan kokatzen ditu, eta ingurumenaren eta ekonomiaren esparrukoekin batera izaera legal eta administratibokoak osatzen dituzte.
Estatuan, arauak egitean genero-inpaktua kontuan hartzeko derrigortasuna aurreneko aldiz jaso zen urriaren 13ko 30/2003 Legean, gobernuak egiten dituen arau-xedapenetan genero-inpaktuaren balioespena jasotzeko neurriei buruzkoan. Arau horretan ezarri zen lege-proiektuekin eta erregelamenduzko xedapenekin batera horietan bildutako neurriek eragindako genero-inpaktuari buruzko txosten bat egin behar zela. Inpaktuaren gaineko txosten hori nola egin behar zen arautu zen 1083/2009 Errege Dekretuak onetsi zuen legezko eragina aztertzeko Memoria baten bidez.
Gero, 3/2007 Lege Organikoaren 19. artikuluak honako hau ezarri zuen: “Izaera orokorreko xedapen-proiektuak eta berebiziko garrantzia duten plan ekonomiko, sozial, kultural eta artistikoak, Ministroen Kontseiluak onetsi behar dituenean, txosten bat izan beharko dute generoan oinarritutako inpaktuari buruz”.
Bestalde, eta Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak arautzen ditu Gobernuaren legegintzarako ekimena eta arauak emateko ahalmena, eta nahitaez ezartzen du aurreproiektu guztiek horietan jasotako neurriek eragindako genero-inpaktuari buruzko txosten bat egin behar dela, Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 16an hartutako Erabakian horiek egiteko jarraibideak garatuz.
Ordenantza hau aipatu testuinguru juridiko horretan garatzen da, Iruñean emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiketan aurrera egiteko, horiek sendotzeko eta iraunarazteko asmoz. Denboran irauteko helburua duen arau-tresna da ordenantza, eta Iruñeko Udalak jarraitu beharreko printzipioak eta helburuak finkatzeko balio du, baita esku-hartzeko ildo nagusiak zehaztu eta adierazitako helburuak lortu ahal izateko barne antolamenduko baldintzak sortzeko ere.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea eta arau-esparrua:
1. Ordenantza honen xedea da Udalean emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araubide juridikoa ezartzea, nazioarteko, Europako, estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko araudien esparruan. Horretarako, abiapuntutzat hartzen da onartzea emakumeen kontrako bereizkeria unibertsala dela, egiturazkoa, sistemikoa eta mendekotasuna eragiten duela.
2. Ordenantza honek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan Udalaren jardunean nagusi izan behar diren printzipio orokorrak ezartzen ditu, baita berdintasuna bizitzaren esparru guztietan bermatzeko neurri-sorta zabala ere, eskubideak benetan eta egiaz gauzatzea galarazten duten diskriminazio-moduak desagerraraziz eta oztopoak ezabatuz.
3. Aurreko atalean ezarritakoarekin bat, Ordenantza honetan jasotakoak indarreko araudia beteko du, honako hauek bereziki garrantzitsuak direlarik erregulazioaren xede den gaia dela-eta:
a) Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko konbentzioa.
b) Emakumeek eta Gizonek Tokian Tokiko Bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutuna (Iruñeko Udalak sinatu eta berretsi zuen 2013ko azaroaren 7an egindako Osoko Bilkuran).
c) 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-Indarkeriaren aurka Oso-osoko Babesa emateko Neurriei buruzkoa.
d) 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako.
e) 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena.
f) 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
g) 33/2002 Foru Legea, azaroaren 28koa, emakumeen eta gizonen Aukera Berdintasuna sustatzeari buruzkoa.
h) 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
i) Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko konbentzioa (CEDAW).
j) 9/2018 Errege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero-indarkeriaren kontrako Estatuko Ituna garatzeko premiazko neurriei buruzkoa.
k) 12/2018 Foru Legea, ekainaren 14koa, Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa.
l) 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.
m) 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.
2. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen helburu orokorra da Udalean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen laguntzea, emakumeen kontrako ezein bereizkeria ezabatuta hala Udalean nola haren sektore publiko instituzionalean. Horretarako, berdintasunarekiko konpromisoa publiko egiteaz gain, udal-gobernuak gainerako erakunde publiko eta politikoak engaiatuko ditu, baita gizarte zibileko erakunde pribatuak ere.
Ordenantza honetan, Berdintasuneko Alorra terminoarekin esan nahi da Alor honek aparteko garrantzia duela udal-jardunean, Udaleko antolaketa egituran duen kokapena edozein delarik ere.
3. artikulua. Definizioak:
a) Ekintza positiboa: gizonekiko izatezko desparekotasun-egoera nabariak zuzentzeko hartzen diren emakumeen aldeko berariazko neurriak. Egoera horiek dirauten bitartean aplikatu ahalko dira neurriak, zeinak arrazoizkoak eta proportzionalak izanen baitira kasu bakoitzean lortu nahi den helburuari dagokionez.
b) Genero arrakala: Gizonen eta emakumeen arteko tasen aldea, zeinak agerian uzten baitu testuinguru jakin batean emakumeen eta gizonen artean ematen den baliabide, eskuragarritasun eta boterearen banaketa desorekatua.
c) Kontziliazioa: Pertsonek bizitzaren esparru ezberdinetan dituzten denbora eta baliabideen erabilera orekatua, bereziki esparru pertsonalean, lanekoan, profesionalean edo familiakoan.
d) Ardurakidetza: Emakumeek eta gizonek duten ardura antzeko betebeharrez bezainbatean, bizitza bideragarria eta jasangarria izan dadin zuzentasuna eta justizia soziala aintzat hartuta.
e) Zuzeneko bereizkeria eta zeharkakoa:
1.–Sexuan oinarritutako zuzeneko bereizkeriatzat jotzen da sexua dela-eta pertsona bat ez bada tratatua izan beste bat bezain ongi alderagarria den egoera batean, edo hori gerta badaiteke.
2.–Sexuan oinarritutako zeharkako bereizkeriatzat jotzen da egoera bat non itxuraz neutroa den neurri, irizpide edo praktika batek sexu bateko pertsonak desabantaila berezian uzten dituen beste sexukoekin alderatuta, salbu eta neurri, irizpide edo praktika horiek objetiboki justifikatu badaitezke asmo zilegi bat kontuan hartuta eta asmo hori lortzeko bitartekoak beharrezkoak eta egokiak badira.
f) Ahalduntzea: emakumeen autoestimua, autonomia eta parte-hartzea laguntzen duen estrategia da, justizia soziala eta berdintasuna lortzeko bidean aurrerapausoak emate aldera.
g) Benetako berdintasuna: Tratu eta aukera berberak eskura izatea giza-eskubideak eta oinarrizko askatasunak aitortu eta gozatze aldera edo horiek erabat gauzatzeko.
h) Genero-ikuspegia: Errealitatearen azterketa, oinarritzat hartzen duena kontuan hartzea emakume eta gizonei sozialki esleitzen zaizkien rol eta eginkizunak, horiei ematen zaien balioa eta bien arteko elkarrekiko harremanak. Analisi horrek ahalbidetzen du identifikatzea, zalantzan jartzea eta baloratzea hala emakumeen bereizkeria, desparekotasuna eta bazterketa nola genero-faktoreen gainean jarduteko eta genero-berdintasuna eraikitzen lagunduko duten aldaketarako baldintzak sortzeko egin behar diren ekintzak.
i) Lanbide-segregazioa: Genero-rol eta -estereotipoek eragindako egoera, zeinetan emakumeek eta gizonek batez ere lanbide jakin batzuk bete, ikasketa zehatz batzuk hautatu edo denbora edo espazioaren –eta beste zenbait esparru– erabilera banatzen duten. Segregazio hori horizontaltzat hartzen da pilaketa gertatzen denean lanbide edo jarduera-esparru txiki batean, eta bertikaltzat, zuzendaritza-kategorietara eta erabakitzeko ahalmena duten karguetara iristeko desparekotasunak daudenean.
j) Bizitzaren jasangarritasuna: bizitzaren prozesua hala baliabide materialak nola zainketekin eta begirunearekin lotutako harreman nahiz testuinguruak aintzat hartuz ulertzen duen paradigma.
k) Zeharkakotasuna: Prozesu politikoak antolatzea (berrantolatzea), hobetzea, garatzea eta ebaluatzea, halako moduan ezen neurri politikoak hartzearekin zerikusia izan ohi duten eragileek genero-berdintasunaren ikuspegia txertatuko baitute politika guztietan, eta maila nahiz etapa orotan.
4. artikulua. Aplikazio-eremua.
a) Ordenantza hau aplikagarri izanen da Iruñeko Udaleko Administrazioan eta haren sektore publiko instituzionalean.
b) Iruñeko Udalaren menpeko eta hari lotutako enpresa entitate publikoak, merkataritzako sozietateak, lan-sozietateak, fundazioak edo bestelako erakundeak, edo horietako edozeinen elkarteak, baldin eta nortasun juridikoa badute –publikoa edo pribatua– eta honako betekizun hauek betetzen badituzte:
a.–Haien jardueretan, gutxienez partzialki, industria edo merkataritzakoak ez diren interes publikoko xedeak izatea.
b.–Haien jardueren erdiak baino gehiago Udalak finantzatuak izatea, zuzenean edo zeharka, edo haiengan eragin nabarmena izatea horien kudeaketa kontrolatzeko mekanismoen bitartez, edo ahalbidetzen badute Iruñeko Udalak izendatzea horien administrazio-, zuzendaritza- eta zaintza-organoetako kideen erdiak baino gehiago.
5. artikulua. Printzipio orokorrak.
1. Udal-administrazioaren jardunbidea gidatu eta orientatzen duten printzipio orokorrak Espainiako Konstituzioaren 9.2. artikuluan jasota datoz, eta horien arabera, botere publikoen egitekoa da bideak jartzea norbanakoen nahiz taldeen askatasuna eta berdintasuna bene-benetakoak izan daitezen, askatasun eta berdintasun xede hori galarazten edo osotara garatzea zailtzen duten oztopoak kentzea, eta herritarrei aukera egokia ematea bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartzeko.
Bestalde, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak legearen aurreko berdintasuna ezartzen du, debeku delarik inolako diskriminaziorik egitea jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta.
Aurreko atalean aipatutako benetako berdintasun efektiboa lortze aldera, udal-administrazioak Ordenantza honetan duen jardunbidea bat dator, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 14. artikulutik 22.era jasotakoaren arabera, botere publiko guztien jarduteko modua gidatu eta orientatu behar duenarekin.
2. Aurreko paragrafoan aipatutako printzipioen interpretazioa eta gauzatzea 3/2007 Lege Organikoan printzipio orokorrak jorratzen dituzten artikuluetan jasotako definizioekin bat eginen dira.
3. Aipatu printzipioen definizioan gizonei eta emakumeei buruz egiten den aipamen simetrikoa ezertan galarazi gabe, Ordenantza honetan horiekin bat garatzen den udal-politikak aintzat hartuko du emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunaren arazoa gizartean –bi sexuei eragiten badie ere– emakumeek pairatzen dutela estrukturalki.
4. Halaber, emakumeei eragiten dieten bereizkeria-faktore gehigarriei erantzungo die, hala nola adina, klase soziala, nazionalitatea, etnia, dibertsitate funtzionala, sexu- edo genero-identitatea, sexu-orientazioa, emakume migratzaileen bizilekuaren inguruko egoera administratiboa edo desabantaila gehiago dakarten bestelako inguruabarrak.
II. TITULUA
Tokiko gobernantza eta genero-zeharkakotasuna
I. KAPITULUA
Egiturak eta koordinazioa
I. ATALA
Berdintasunerako udal-egiturak
6. artikulua. Berdintasuneko Alorra.
Berdintasuneko Alorrak berdintasuna sustatzen du emakumeen eta gizonen artean, eta ekitatea bilatzen du. Alorrak Berdintasunaren aldeko politikak sustatu eta koordinatzen ditu, zeinak, betiere, zeharkakotasun-izaeraz abiatuko baitira, Udalaren jardunaren alde guztietan.
Ordenantza honetan ulertuko da Berdintasuneko Alorra dela berdintasun gaietan eskudun den udal administrazio-unitatea. Izendapen horrek ez du inolaz ere baldintzatuko udal-administrazio betearazlearen antolakuntza eta egitura, zeina Alkatearen eskumen esklusiboa baita.
II. ATALA
Udalaren berdintasun-politikak bultzatu, kudeatu eta koordinatzeko egiturak
7. artikulua. Batzorde Politikoa.
1. Batzorde Politikoa da Berdintasunerako Planaren zuzendaritza- eta segimendu-organorik gorena. Haren zeregina izanen da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-estrategia ezarriko dela bermatzea, eta estrategia hori eraginkorra izatea, betiere ziurtatuz akordio politikoak hartuko direla eta Udalaren konpromiso instituzionala. Batzorde politikoaren lana bideratuko da, erabakiak hartzeari dagokionez behar diren konpromisoak hartzera genero-berdintasuna lehentasun politiko partekatua eta gobernagarritasunerako elementu nagusia izan dadin.
2. Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi bana egonen da batzordean, eta Berdintasuneko Alorreko arduradun politikoa izanen da batzordeburua. Gutxienez urtean bi aldiz bilduko da, urteko berdintasun-programa onesteko eta hura ezartzen dela egiaztatzeko zein haren segimendua egiteko.
3. Ez-ohiko bilerak ere egiten ahalko dira aparteko gaiei heltzeko, Batzordeko kideen heren batek hala eskaturik.
8. artikulua. Batzorde Teknikoa.
1. Koordinazio hori bultzatu, kudeatu eta gainbegiratzeko asmoz, Iruñeko Udalaren Berdintasunerako Batzorde Teknikoa eratuko da. Batzorde Politikoari laguntza tekniko iraunkorra emanen dio eta haren izenean jarduten ahalko du bere eskumeneko alderdi teknikoetan. Koordinaziorako organo iraunkor gisara eratzen da, eta haren zeregina izanen da Iruñeko Udalaren Berdintasunerako Planen bideragarritasun teknikoa eta garapena bermatzea.
2. Berdintasunerako Batzorde teknikoko kide izanen dira Alor guztietako zuzendaritza-taldeak eta alor bakoitzean izendatutako teknikari bat, Berdintasuneko Alorrarekin solaskide arituko dena.
3. Berdintasuneko Alorra arituko da batzordea koordinatzeko zereginetan.
4. Berdintasuneko arduradunarekin adostutako lan-egutegiaren arabera bilduko da, urtean 3 bilera eginen direlarik, gutxienez.
5. Batzordearen bilerak lau hilean behin eginen dira, eta epe hori murrizten ahalko da udal-agintaritzak berez egoki jotzen duenean edo batzordekideek edo Berdintasuneko Alorrak hala eskatuta.
6. Batzorde Teknikoak eginen du Ordenantzaren aplikazioaren jarraipena, hala Iruñeko Udalean nola bere sektore publiko instituzionalean.
9. artikulua. Emakumearen Udal Kontseilua.
1. Emakumearen Udal Kontseiluak xede dauka emakume eta gizonek gobernuan eta udal-bizitza publikoan berdintasunean parte har dezaten bideratzea, erraztea eta bermatzea. Emakumearen Udal Kontseiluaren Erregelamenduak arautzen ditu kontseiluaren osaera, eskumenak eta funtzionamendu-araubidea.
2. Organo aholku-emaile hau sektoretako partaidetzaz, harreman politikoez eta berdintasuneko politiken jarraipenaz arduratzen da, eta haren bidez koordinatzen dira Berdintasuneko Alorrak emakumeen taldeekin, kolektibo feministekin eta sindikatuetako zein talde politikoetako emakume-arloekin dituen harremanak, Planaren segimenduaren eta berariazko ekintzak gauzatzearen berri emateko.
10. artikulua. Berdintasunaren sustapena.
Berdintasuneko Alorraren eskumenak ezertan galarazi gabe, Udalaren alor guztiek sustatu beharko dute haien jarduketa-esparruan bereizkeria deuseztatzea eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea.
11. artikulua. Erakundeen arteko parte-hartzea.
Berdintasunerako udal-politika gainerako udalerri eta organismo publiko zein pribatuekin modu koordinatuan sustatzeko asmoz, udal-gobernuak behar diren ahaleginak eginen ditu harremanak eta jada eraturik dauden sareak mantentzeko eta etorkizunean sortuko diren beste sare eta koordinazio-formulen parte-hartzea sustatzeko.
12. artikulua. Sare-lana Nafarroako toki-erakundeetako berdintasun-teknikariekin.
Zehazki, Iruñeko Udaleko Berdintasuneko Alorrak Nafarroako toki-erakundeetako berdintasun-teknikarien arteko lan- eta elkartruke-profesionala sustatuko ditu.
II. KAPITULUA
Ordezkaritza politikoa eta udal-organoen osaera
13. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak organo guztietan ordezkaritza eta osaketa orekatua bultzatuko dute.
2. Ordezkaritza eta osaketa orekatutzat joko da –kasuan kasuko taldeari dagokionez– sexu bakoitzeko pertsonak guztizkoaren ehuneko berrogei eta hirurogei bitarte izatea bermatuko duen egoera.
14. artikulua. Ukitutako organoak.
1. Ordezkaritza edo osaketa orekatuak eragina izanen du kasuan kasuko hauteskunde-prozesuaren ondoren emanen den udal-gobernuaren eraketan; era berean, oreka hori bultzatu beharko da honako hauen osaketan: Batzordeak, udal-gobernuko izendapen askeko kargudunak edo konfiantzazko karguak, partaidetzako kontseilu eta organoak eta gainerako udal-organo administratiboak.
2. Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 44 bis artikuluarekin bat, udal-hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzek emakumeen eta gizonen arteko osaketa orekatua izan beharko dute, halako moduan ezen zerrenda osoari dagokionez sexu bakoitzeko hautagaiek gutxienez ehuneko berrogei joko baitute.
3. Xede horretarako, eta Berdintasuneko Alorraren aldeko txostenarekin, ordezkaritza orekatuaren irizpidea ez aplikatzea justifikatzen ahalko da honako kasu hauetan:
a) Kasuan kasuko udal-organoak zein jarduketa-sektore edo -esparrutan jardun eta horretan sexu bereko pertsonak %40 baino gutxiago izanez gero. Kasu horretan, bermatu beharko da aipatutako sektore edo esparru horretan gutxien ordezkatutako sexuko pertsona-kopurua zein izan eta horren kopuru-baliokidea egotea gutxienez organoan, salbu eta hurrengo ataletan aipatutako inguruabar hauetakoren bat betetzen bada:
b) Emakumeak %60 baino gehiago izanez gero, baina neurriz gaineko ordezkaritza hori egokitzat jotzen bada emakumeek historikoki erabakiak hartzeko esparruetan izan duten gutxiegizko ordezkaritzak eragindako desparekotasun egoerari aurre egiteko helburua betetze aldera.
c) Kasuan kasuko organoan parte hartzeko gaitasuna, trebakuntza eta prestakuntza egokia duen sexu jakin bateko pertsonarik egon ezean, edo, egonik ere, horiek ez badute parte hartu nahi edo ezin badute eragin diezaiekeen gehiegizko lanagatik.
d) Administrazio-organoen kasuan, baldin eta horietako kideen izendapena karguaren arabera egiten bada edo hainbat erakundek edo elkartek egiten dutenean izendapen hori. Kasu horretan, ordezkaritza orekatuaren irizpidea mantendu beharko da instituzio edo erakunde berberak izendatutako pertsona-taldeari dagokionez, salbu eta aurreko ataletan jasotako kasuren bat aplikagarri izanez gero.
e) Ordezkaritza edo osaketa orekatua, aldiz, ez da aplikagarria izanen Emakumearen Udal Kontseiluan –Ordenantzaren 9. artikuluan jasotako entitatean–, bere izaera berezia dela-eta emakumez osatua egotea lehenetsiko baita.
III. KAPITULUA
Zeharkakotasun-estrategia txertatzeko prestakuntza eta gaikuntza teknikoa
15. artikulua. Xedapen orokorra.
Administrazio-jarduketetan genero-ikuspegia modu eraginkorrean txertatzea ahalbidetzeko, udal-gobernuak erraztu eta sustatuko du udal-langileek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza oinarrizkoa, mailakakoa eta iraunkorra jasotzea. Era berean, berariazko prestakuntza eta gaikuntza bermatuko du Berdintasuneko Alorra osatzen duten lanpostuetarako.
16. artikulua. Neurriak.
Aurreko artikuluko lehenengo atalean ezarritakoa ahalbidetzeko asmoz, tokiko gobernuak, Berdintasuneko Alorraren aholkularitzarekin, honako neurri hauek hartuko ditu, gutxienez:
a) Zerbitzuko langileek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruz duten prestakuntza-mailaren inguruko diagnostikoak egitea, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza ematea erantzukizun politikoa duten pertsonei. Diagnostikoak legegintzaldi bakoitzaren lehenengo urtean eginen dira.
b) Diagnostikoa oinarri hartuta, zerbitzuko langileei zuzendutako prestakuntza-programak egitea eta gauzatzea, eta sentsibilizazio-planak erantzukizun politikoa duten pertsonendako.
c) Zerbitzuko langileen ordutegia egokitzea eta langileek berdintasunaren inguruko prestakuntzari eskainitako denbora baloratzea.
IV. KAPITULUA
Berdintasun-printzipioa osatzen duten lan- eta administrazio-prozedurak
I. ATALA
Iruñeko Berdintasun plana
17. artikulua. Xedapen orokorra.
Berdintasun plana da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruz Udalak, Ordenantza hau oinarri hartuta, aldian-aldian egiten dituen politiken garapena eta zehaztapena islatzen dituen agiria. Halakoa ezen esparru berri bat zedarrituko baitu eraldaketa sakona lortze aldera, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik ezak iraultzeko, eta, orobat, bizitza berri bat, pertsona guztiak barne hartzen dituena, eraikitzeko, hala esparru publikoan nola pribatuan.
18. artikulua. Esku hartzeko arloak.
1. Berdintasun planak Ordenantzan aurreikusitako esku hartzeko arloetako edozeinetarako jarduketa-neurriak garatuko ditu, baita interesekoak izan daitezkeen beste batzuetarako ere.
2. Nolanahi ere, Planean berariaz kontuan hartzekoak izanen dira honako jarduketa-esparru hauetan –edo beharrezkotzat jotzen diren horietan– emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera zuzendutako neurriak:
a) Gobernantza eta berdintasunaren aldeko konpromiso politikoa.
b) Emakumeak ahalduntzea eta balio-aldaketa.
c) Zainketa-lanak eta ardurakidetza bizitzaren iraunkortasunerako gakotzat aitortzea.
d) Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza hiri seguru batean.
e) Beharrezkotzat jotzen diren beste arlo batzuk.
II. ATALA
Berdintasunaren integrazioa udal-politika guztietan
19. artikulua. Xedapen orokorra:
a) Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa bermatuko dute lanpostuen definizio, sarbide, sailkapen profesional, maila-igoera, prestakuntza, lan-osasun, ordainsari eta lan-eskubideez bezainbatean, horretarako bereizkeriarik gabeko lan-baldintza duinak bermatuko direlarik.
b) Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak Ordenantza honetan jasotako neurriak hartuko dituzte, eta, oro har:
a.–Langileen inguruko politika berraztertuko dute genero-ikuspegia aintzat hartuta.
b.–Behar diren neurriak hartuko dituzte langileen inguruko kudeaketan berdintasun-printzipioa bermatzeko.
c.–Lan-eskubideen hobekuntza eta horiek gauzatzea bultzatuko dute, haien plantilletan berdintasunezko ikuspegi bat aintzat hartuta.
20. artikulua. Barneko berdintasun plana.
1. Neurri horiek gauzatze aldera, diagnostiko instituzional bat prestatuko da, ikusteko noraino txertatu diren berdintasun arloko helburuak udal-antolaketan. Diagnostiko horretan aztertuko dira pertsonen kudeaketa, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren prebentzioa eta ordezkaritza orekatua.
2. Udaleko langileendako barneko berdintasun plan bat diseinatu eta ezarriko da, diagnostikoan antzemandako beharrei erantzuteko.
3. Plana bi urtez behin ebaluatuko da.
21. artikulua. sarbidea eta langileen hautaketa.
Hautaketa prozesuetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-printzipioa bermatzeko asmoz, baita langile berrien gaikuntza emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ere, Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak honako neurri hauek hartuko dituzte:
1. Berdintasuneko edukiak txertatzea lanpostuaren arloarekin lotutako gaitegietan, hala orokorretan nola berariazkoetan.
2. Emakume eta gizon kopuru orekatua egotea epaimahai guztietan, arrazoi objektibo eta funtsezkoak daudenean izan ezik, behar bezala arrazoiturik egonen direlarik.
3. Aktiboki sustatzea emakumeek lanpostu eta sailkapen-maila guztiak eskuragarri izatea, aurrerapausoak emate aldera bereizketa horizontala eta bertikala errotik kentzeko.
22. artikulua. Mailaz igotzea.
Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak erraztuko dute mailaz igotzeko prozesuetan karrera profesionalean zeharkako bereizkeriak ekiditeko mekanismoak ezartzea, hala bereizketa bertikalari nola horizontalari dagokionez.
23. artikulua. Ordainsariak.
Iruñeko Udalak eta haren sektore instituzionalak haien langileen soldata-arrakalak identifikatu eta bermatuko dute genero-lerratzeak ezabatzea eta berdintasunezko politika bat aplikatzea, hala lanpostuak baloratzean nola ordainsariei buruzko politikaz bezainbatean.
24. artikulua. Laneko segurtasuna eta lan-osasuna.
Laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa eragingarri izateko, Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak honako neurri egoki hauek hartuko dituzte:
1. Genero-desparekotasunak aztertzea hala lan-baldintzetan nola lan-arrisku psikosozial, ergonomiko, higieniko eta osasunezkoen esposizioan, eta prebentzio-mekanismoak ezartzea.
2. Osotasun fisiko eta psikikorako arriskurik gabeko lan-giroak sortzea eta mantentzea.
3. Plantillako langileek hartutako lan-bajen intzidentzia aztertzea lanpostuen arabera, zenbait egoera prebenitzeko, non lanetik eratorritako kalteak pertsonen sexuarekin lotuta egon daitezkeen.
4. Laneko gaixotasunei buruzko ikerketak bultzatzea, genero-ikuspegia aintzat hartuta.
5. Behar bezalako bermeak ematea langileen ugalketa-osasunerako, haurdunaldirako eta edoskitzarorako.
6. Gizonen ardurakidetza sustatzea hala zaintza-lanetan nola bizitza pertsonala, lana eta familia bateragarri egiteko.
7. Langileak laneko arriskuen prebentzioan prestatzea, genero-ikuspegia aintzat hartuta.
25. artikulua. Sexu-jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik gabeko lan-ingurunea.
1. Iruñeko Udalak, haren sektore publiko instituzionalak eta udal-langile guztiek, haien ordezkariek barne, konpromisoa hartzen dute sexu-jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik gabeko lan-ingurunea mantentzeko prebentzio- eta ekintza-mekanismoak ezartzeko. Zehazki, udal-organoek eta zuzendariek beren esku dauden bitarteko guztiak jarriko dituzte eskura, sexu-jazarpenezko edo sexuan oinarritutako jazarpenezko egoera oro prebenitu eta eragozteko eta, hala bada, horrelako egoera oro atzeman eta ezabatzeko, bai eta horrelako egoerek eragiten dituzten portaera guztiak zehatzeko ere. Nolanahi ere, biktimentzako laguntza eta babesa isiltasunez, profesionaltasunez, objektibotasunez, inpartzialtasunez eta arintasunez ematea bermatuko da.
2. Bermatzea sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta jarduketa-protokoloa aplikatuko zaiela Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren zerbitzura lanean ari diren langile guztiei, edozein izanik ere langileekiko lan-harremanaren izaera juridikoa.
3. Protokoloa bi urtez behin berrikusiko da, hiru salaketa egonez gero eta lege-aldaketa edo hobekuntzarik gertatuz gero gaiaren inguruko ezagutza teknikoei dagokienez.
4. Protokoloa bera ebaluatzea aurreikusia dago, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta jarduketa-tresna gisa, lehen hiru salaketak izapidetu ondotik edo protokoloa ezarri eta urtebetera, bai eta lege-aldaketak gertatzen diren bakoitzean eta gaiari buruzko ezagutza teknikoetan hobekuntzak dauden bakoitzean ere.
III. ATALA
Genero-inpaktuaren gaineko txostenak
26. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Genero-inpaktuak xede du arau-xedapenek edo politika publikoek emakume eta gizonengan –modu bereizian– sor litzaketen emaitzak identifikatzea eta baloratzea.
2. Genero-inpaktuari buruzko ikerketak hizpide hartzen du arau eta politika publikoek emakume eta gizonen bizitzan –modu bereizian– sortzen dituzten emaitzak eta eraginak aztertzea, genero-desparekotasunak gertatzea, mantentzea edo areagotzea identifikatu, prebenitu eta ekiditeko asmoz.
27. artikulua. Genero-inpaktuari buruzko txostenak egitearen egokitasuna.
1. Nahitaezkoa izanen da genero-inpaktuaren gaineko txostenak egitea Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak egiten dituen arau-proiektu eta planetan, horietan jaso beharko delarik –arrazoiturik eta objetiboki justifikaturik– kasuan kasuko datuen bitartez, onartua izanez gero, arau edo planaren edukiak izanen dituen ondorioak emakume eta gizonen egiazko berdintasunaz bezainbatean.
2. Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da Udalaren urteko aurrekontuetan genero-inpaktuaren gaineko txosten bat egitea.
28. artikulua. Genero-inpaktuari buruzko txostenak egiteko prozedura.
Honako etapa hauek hartuko dira kontuan genero-inpaktuaren gaineko txostena egiteko:
1. Araua edo plana bultzatzen duen udal-alorrak eginen du genero-inpaktuaren gaineko txostena.
2. Berdintasuneko Alorrari bidaliko zaizkio araua edo plana eta genero-inpaktuaren gaineko txostena.
3. Berdintasuneko Alorrak, arau-proiektua edo plana eta txostena aztertu ondoren, udal-alor sustatzaileari igorriko dizkio –hala behar izatera– arau-proiektu edo planaren edukia indarreko berdintasun-araudiari egokitzeko txertatu behar diren aldaketen inguruko oharrak.
29. artikulua. Inpaktu-mota.
Arau, plan edo txostenaren edukiaren arabera, ondoriozta daiteke generoan oinarritutako inpakturik duen ala ez.
1. Joko da generoan oinarritutako inpaktua dagoela baldin eta araututako gaiak eragina badu emakume eta gizonen egoera pertsonal eta sozialean. Kasu horretan, txostenak erakutsi beharko du nolako eragina duen honako hauetan:
a) Eragin positiboa berdintasunean: emakume eta gizonen arteko desparekotasunak –aurrez identifikatuak– murrizten baditu. Araua edo plana egokitzen zaio emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunerako printzipioari.
b) Eragin negatiboa berdintasunean: desparekotasunak murrizten ez baditu edo areagotzen baditu. Araua edo plana berrikusi beharko da, eta inpaktu positiboa izan dezan behar diren zuzenketak sartu.
c) Joko da generoan oinarritutako inpakturik ez dagoela baldin eta araututako gaiak ez badu inolako eraginik emakume eta gizonen egoera pertsonal eta sozialean, eta, horrenbestez, egiazko berdintasuna lortzeko inolako eraginik ez badu.
30. artikulua. Sexuan oinarritutako inpaktuaren edukia eta hura identifikatzeko prozesua.
1. Aurreikusten bada arauak edo planak generoan oinarritutako inpaktua duela, txostenak honako hauek jaso beharko ditu:
a) Datu estatistiko ofizialak, emakume eta gizonek arau edo planaren xede eta edukiarekiko zer nolako egoera duten adierazten dutenak. Hau da, berekin dakar arautzen ari den gaiarekiko emakume eta gizonek duten egoera eta kokapen hierarkikoaren deskribapena, benetako kopuruak edo genero-adierazle arruntak erabiliz, besteak beste “genero-arrakala”. Pertsona juridiko edo kide anitzeko organoetan, horiek osatzen dituzten emakume eta gizonen ehunekoei buruzko datuak emanen dira, baita ardura maila eta jarduera-esparruena ere.
b) Aipatutako datuen azterketaren emaitza, dagoen berdintasun- edo desparekotasun-maila adierazita, hala alderdi kuantitatiboekin nola kualitatiboekin lotutakoei dagokienez.
c) Arauak edo planak berdintasunean izanen duen aurreikusteko moduko inpaktua. Aurreko azterketako emaitzak eta arau edo planaren edukiak alderatuta, aurreikusiko da nolako eragina izanen duen hura aplikatzeak identifikatu diren desparekotasun-egoeretan, eta balizko emaitza erakutsiko da: onetsia izanez gero, xedapenak edo planak eragina izanen ote duen egun dauden desparekotasunak betikotu edo areagotzeko, edo, kontrara, horiek zuzendu eta txikitzen lagundu eta genero-berdintasuna bultzatuko ote duen.
i. Aurreko analisitik ondorioztatzen bada inpaktua negatiboa dela, txostenak modu arrazoituan iradokiko ditu araua edo plana zuzentzeko neurriak, inpaktu positiboa izate aldera.
ii. Arau edo planaren analisia eginda, ondorioztatzen bada inpaktua positiboa dela, txostenean adieraziko da emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunean aurrerapausoak emateko eragina izanen luketen neurri, ekintza edo alderdiak arau-proiektuaren zein artikulutan edo planaren zein edukitan zehazki jasota dauden.
d) Aurreikusten bada arauak edo planak ez duela genero-inpakturik, ez da nahikoa izanen txostenak adieraztearekin edukia neutroa dela, eta, horrenbestez, ez duela aldeko edo kontrako inpakturik berdintasunari dagokionez; alabaina, justifikatu beharko du zergatik ez duen inolako eraginik emakume eta gizonen egoera pertsonal eta sozialean, eta, horrenbestez, ez dion inolaz ere eragiten egiazko berdintasuna erdiesteari. Halaber, eta, edozein kasutan, hizkera ez baztertzailea erabiliko da, berdintasun-printzipioarekin bat, eta emakume zein gizonendako diskriminatzaileak izan litezkeen terminoak erabili gabe.
e) Berdintasuneko Alorrak jarraibideak emanen dizkie Udaleko alorrei –zehazki, txosten horiek egiteko ardura duten langileei– egiaztatze aldera arau edo plana zein mailatan egokitzen zaion emakume eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzeari.
f) Era berean, Iruñeko Udalak eta haren enpresa publikoek konpromisoa hartzen dute prestakuntza emateko genero-inpaktuaren gaineko txosten horiek egiteko ardura duten langileei. Prestakuntza hori urteko prestakuntza planean jasoko da, eta Ordenantza hau indarrean sartu eta urte bateko epean eman beharko da.
IV. ATALA
Genero-ikuspegia kontratazioan
31. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuko dute kontratazio publikoan.
2. Iruñeko Udaleko Berdintasuneko Alorrak gomendioak prestatuko ditu Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak egiten dituen kontratuen baldintza partikularretan berdintasun-irizpideak txertatzeko.
3. Era berean, Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute prestakuntza emateko lizitazio publikoak egiten dituzten langileei, ordenantza hau indarrean sartu eta urte bateko epean.
32. artikulua. Neurriak.
Aurreko artikuluko konpromiso, aitorpen eta bermeen esparruaren barruan, Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak honako neurri hau aplikatuko dute:
1. Aintzat hartu beharko ditu kontratu bakoitzak berdintasuna sustatzeko eskaintzen dituen genero-ondorioak eta aukerak, eta kontratuen inguruko foru araudia aplikatu, berdintasunari buruzko gizarte-irizpideez bezainbatean.
2. Zentzu horretan, kontratuaren xedeari dagokionez egokitzat jotzen denean, esleipena egiteko gizarte-irizpideen haztapenaren %5 gutxienez gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin lotuta egonen da.
33. artikulua. Betebeharrak.
Iruñeko Udalarekin eta haren sektore publiko instituzionalarekin kontratatzen duten entitate edo pertsona guztien betebeharra izanen da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartzea:
1. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez sexista egitea diruz lagundutako programa, proiektu edo jarduerak sustatzeko egiten diren kartel, testu, agiri eta gainerako euskarrien edukietan.
2. Genero perspektiba txertatzea kontratuaren xede diren programa, proiektu eta jardueretan.
3. Ez sortzea sexuan oinarritutako zuzeneko edo zeharkako bereizkeria dakarren ezein programa, proiektu edo jarduerarik.
4. Sexuaren arabera bereizitako estatistikak egitea.
V. ATALA
Genero-ikuspegia dirulaguntzetan
34. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak bermatuko dute dirulaguntzak baloratzeko irizpideen artean genero-ikuspegia ere txertatzen dela aurkeztutako eskaintzan eta diruz lagundutako proiektu edo jardueran.
2. Iruñeko Udaleko Berdintasuneko Alorrak konpromisoa hartzen du gomendioak emateko emakumeen eta gizonen berdintasunerako irizpideak txerta daitezen dirulaguntzen oinarrietan, eta gomendio horiek zuzenduta daude gobernu-ardurak, zuzendaritzakoak edo teknikoak edukita Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren dirulaguntzak emateko prozedurak sustatu edo horietan parte hartzen duten pertsonei.
35. artikulua. Neurriak.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak ez die inolako laguntza edo dirulaguntzarik emanen sexu-arrazoiak direla medio diskriminatzen duten jarduerei –salbu eta sexuen arteko berdintasunik eza zuzentzea xede duten kasuetan–, ez eta sexu-zioak direla eta diskriminatzeagatik zehapen administratibo edo penal baten xede izan diren pertsona fisiko eta juridikoei ere, dagokien zehapenak ezarritako epean.
2. Elkarte, erakunde edo kolektibo eskatzaileei dirulaguntzak esleitzeko orduan, dirulaguntzen xedearekin bat egokitzat jotzen denean, balorazio irizpide gisa txertatuko da horien konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko, hala bere zuzendaritza-organoen osaerari nola garatu nahi dituzten jarduerei dagokienez.
36.artikulua. Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzaren baten onuradun diren pertsona eta entitate guztiak, dirulaguntzak emateko prozedura eta ildoa edozein delarik ere, honako betebehar hauek izanen dituzte:
1. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez sexista egitea diruz lagundutako programa, proiektu edo jarduerak sustatzeko egiten diren kartel, testu, agiri eta gainerako euskarrien edukietan.
2. Genero perspektiba txertatzea dirulaguntzaren xede diren programa, proiektu eta jardueretan.
3. Ez sortzea sexuan oinarritutako zuzeneko edo zeharkako bereizkeria dakarren ezein programa, proiektu edo jarduerarik.
4. Sexuaren arabera bereizitako estatistikak egitea.
VI. ATALA
Aurrekontuaren planifikazioa eta ebaluazioa
37. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Udalak urtero esleitu eta zehaztuko ditu bere aurrekontuetan Ordenantza honetan aurreikusitako eginkizunak betetzera eta neurriak gauzatzera zuzendutako baliabide ekonomikoak, baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, oro har, sustatzera bideratutakoak ere.
2. Berdintasuneko Alorrak aurrekontu-partida egoki eta nahikoa izanen du urtero bere eginkizun guztiak garatu ahal izateko.
3. Gainera, udal-jarduera guztiak aintzat hartuta, urteko aurrekontuaren %1, gutxienez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatu eta bultzatzeko neurrietara bideratuko da.
4. Halaber, diru-sarreren eta gastuen politikak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzean aintzat hartuko dira emakumeen eta gizonen baldintzak, egoerak eta beharrak. Horretarako, sustatuko da genero-ikuspegia duten aurrekontuak egitera bideratutako ekimenak abiatzea edo finkatzea eta horien inguruko hausnarketa eta analisia egitea.
VII. ATALA
Informazioaren kudeaketa eta komunikazio-politika
38. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Ezertan galarazi gabe 3/2007 Lege Organikoaren 28. artikuluan jasotako betebeharrak betetzea, Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak zuzenean edo hirugarren pertsona fisiko edo juridikoen bidez sortutako idatzizko agiri, ikono eta euskarrietan (irudiak, webguneak, txatak...) erabilera ez sexista baliatuko dute informazio, komunikazio eta hizkuntza mota oro ekoiztu eta kudeatzean.
2. Halaber, emakumeen presentzia bultzatuko da bizitza sozial, politiko, kultural eta ekonomikoaren esparru desberdinetan.
3. Gainera, sexu bateko edo besteko gutxiagotasun edo nagusitasunaren ideian oinarritzen diren ahozko adierazpenak eta irudiak erabiltzea eta horien inguruko praktikak eta aurreiritziak ekidin eta prebenituko dira.
4. Bultzatuko da emakumeen eta gizonen tratamendua, protagonismoa eta balorazioa baliokidea izan dadila hala informazio idatzian, ahozkoan eta ikonografikoan nola publizitate-ekintzetan eta barruko nahiz kanpoko komunikazioan.
39. artikulua. Aldi baterako aholkularitza.
Iruñeko Udalean eta haren sektore publiko instituzionalean informazioaren, komunikazioen, ikonoen edo estereotipo sexisten erabilera ez sexistatzat jo daitekeena zedarritzeari dagokionez, Berdintasuneko Alorrak emanen die aholkularitza teknikariei eta politikariei.
40. artikulua. Neurriak.
1. Informazio, komunikazio eta ikonografia ez sexista sustatze aldera eta estereotipoetan oinarritutako jarrera eta jokamoldeak ekiditeko, Iruñeko Udalak, Berdintasuneko Alorraren ekimenez, kontzientziazio-kanpainak egin, prestakuntza-ikastaroak sustatu eta aholkularitza emanen die laguntza eskatzen duten Udalaren elkarte, erakunde eta entitateei.
2. Komunikazio ez sexista erabiliko da hala Udalaren Alorren artean egiten diren informazio, komunikazio, ikonografia eta edozein idazki motatan nola beste Administrazio Publiko batzuetara bidalitakoetan.
3. Hizkera sexista erabiltzea ekidingo da Udalaren jabetzakoa den edozein elementutan.
VIII. ATALA
Udal-ikerketak eta -estatistikak
41. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, beren eskumenen esparruan, honakoa egin beharko dute Ordenantza honetan jasotako arauak bete eta genero-ikuspegia beren ohiko jardunean modu eraginkorrean bermatzeko asmoz:
1.–Sexuaren aldagaia sistematikoki txertatzea egiten dituen estatistika, inkesta eta datu-bilketa guztietan.
2.–Eragiketa estatistikoetan adierazle berriak erabiltzea, hobeki ezagutze aldera zer nolako desberdintasunak dauden emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, xede eta beharren artean.
3.–Behar diren adierazle eta mekanismoak diseinatu eta txertatzea esku-hartze esparru ezberdinetan askotariko bereizkeria-egoerak sortzen dituzten beste aldagai batzuek duten eragina ezagutzeko.
4.–Lagin aski zabalak egitea, horietan jasotako aldagaiak sexu-aldagaiaren arabera ustiatu eta aztertu ahal izateko.
5.–Eskuragarri dauden datuak ustiatzea, horrela ezagutzeko emakumeek eta gizonek esku-hartze esparru ezberdinetan dituzten egoerak, baldintzak, xedeak eta beharrak.
6.–Eskuragarri dauden estatistika-definizioak berraztertu eta, hala badagokio, egokitzea emakumeen lana aitortu eta baloratu dadin laguntzeko, horrela ekidite aldera emakumeen zenbait kolektiboren inguruan estereotipo negatiboak sortzea.
III. TITULUA
Emakumeak ahalduntzea eta balio-aldaketa
I. KAPITULUA
Emakumeen autonomia ekonomikoa
42. artikulua. Emakumeek enplegu arloan bizi duten egoeraren ikusgarritasuna.
1. Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute emakumeek egun ez ezik udalerriaren historian zehar ere tokiko garapenean eduki duten rola ezagutzera eman, ikusarazi, azpimarratu eta hedatzeko. Hori horrela, hala Berdintasuneko Alorraren ekimenez nola Udalari lotutako beste zenbait zerbitzu, entitate eta erakundek bultzatuta, dela beren kabuz dela beste entitate batzuekin elkarlanean, zenbait ekintza sustatuko dira emakumeek Iruñeko garapen sozioekonomikoan bete duten zeregina ikertu eta ezagutzera emateko.
2. Harreman iraunkor eta eramanerrazak ezarriko dira ekonomia- zein enpresa-jardueren garapenean engaiaturik dauden tokiko eragileekin, esparru horretan emakumeek duten egoera hobetzearen alde lan egite aldera.
3. Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak prestakuntza, orientazioa, informazioa eta laguntza arloetako jarduerak eta programak sustatuko dituzte edo laguntza emanen dute haietan, emakumeak gizarteratu eta laneratzeko, arreta berezia emanen zaielarik gizarte-bazterketan dauden emakumeei.
4. Halaber, engaiamendua hartzen dute, batetik, emakumeak kalitateko enpleguetan kontratatzeko konpromisoa hartzen duten enpresei laguntzeko eta haiek aintzat hartzeko, eta, bestetik, autonomo gisara lanean hastea erabakitzen duten herritar emakumeei laguntzeko eta akuilatzeko.
5. Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, ikastetxeekin zein tokiko prestakuntza-zentroekin dituzten harremanetan, indarreko genero-estereotipoak hausten dituen lanbide-orientazio bokaziozkoaren aldeko jarduketak eta programak sustatuko dituzte; izan ere, estereotipo horien arabera, mutilek zein neskek tradizioz esleitzen zaizkien ikasketak hautatzen dituzte, gizarteak gizonengandik eta emakumeengandik espero daitekeena berriz ere gauzatuz eta, hortaz, berdintasun-ezak sortuz.
43. artikulua. Teknologia berriak.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute baliabideak mantendu eta sustatzeko, ekipamenduak, laguntza eta ezagutza emakumeen eskura jartzeari begira, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) eskuragarri izan eta erabil ditzaten.
2. Udal-baliabide honen bitartez genero arrakala digitala murriztu nahi da teknologiaren erabileraz eta sarbideaz bezainbatean. Izan ere, helburua da emakumeen parte-hartzea bultzatzea esparru sozial, politiko eta profesionalean, haien gizarteratze- eta laneratze-prozesuak babestea, eta haien ahalduntze pertsonala zein kolektiboa sustatzea.
II. KAPITULUA
Parte-hartzea eta eragin politikoa
I. ATALA
Parte-hartzea Udalaren bizitza politiko eta zibilean: Emakumearen Udal Kontseilua
44. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko emakumeek eta gizonek eskubidea dute berdintasunean parte hartzeko tokiko gobernuan eta bizitza publikoan.
2. Udalak konpromisoa hartzen du emakumeen tokiko parte-hartzearen gaineko diagnostikoa egiteko eta gaian sakontzeko, haien parte-hartzea mugatu ohi duten zergatiak eta zioak ezagutze aldera.
3. Orobat, Udalak, Berdintasuneko Alorraren bitartez, formulak bilatuko ditu emakumeen parte-hartzea zailtzen duten oztopoak kentzeko, haien parte-hartzea, dela banaka dela taldeka, sustatze aldera, barne harturik, egokia balitz, honako alderdi hauek: parte-hartzerako prestakuntza edo neurriak abiaraztea partaidetza-prozesuak egokitu daitezen emakumeen behar praktikoetara eta estrategia-interesetara.
II. ATALA
Emakumeen Etxea
45. artikulua. Xedapen orokorra.
Iruñeko Udalak Emakumeen Etxea sortzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartzen du, horren bidez hiriko mugimendu asoziatibo feminista indartzeko baldintzak eta Iruñean bizi diren emakumeak elkartu daitezen baliabideak sortzeko.
III. KAPITULUA
Hezkuntza eta hezkidetza
46. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Udala eta haren sektore publiko instituzionala, Berdintasuneko Alorraren bidez, harremanetan jarriko dira pertsonen hezkuntzan, prestakuntzan eta sozializazioan lanean ari diren zenbait entitaterekin, horiek bereziki garrantzitsuak jotzen baititu berdintasunaren aldeko balio, eredu eta erreferenteen sustapen eta bultzadan.
2. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, eta zehazkiago Berdintasuneko Alorrak zein horien burutzan ari diren politikari eta teknikariek lehentasunezko helburutzat edukiko dute hartu-eman iraunkorrak eta errazak edukitzea Iruñeko eskola-komunitatearen ordezkaritzarekin (irakasleak, gurasoak, ikasleak, etab.) eta beste zenbait prestakuntza-organo eta entitaterekin, beharrei antzemateko eta diagnostiko partekatua egiteko udalerrian berdintasunezko kultura garatzeari begira.
3. Halaber, Berdintasuneko Alorrak kontuan hartuko du komenigarri ote den udalerrian lanean ari diren era askotako eskola-foroetan sartu eta parte hartzeko eskatzea.
4. Udalak, Berdintasuneko Alorraren bidez, lankidetza-ekimenak diseinatu eta abiatuko ditu ikastetxeekin eta prestakuntza-entitateekin batera berdintasunezko balioak sustatzeko.
5. Berdintasunaren aldeko sentsibilizazio-kanpaina orok berariazko tratamendua eta hedapena edukiko ditu ikastetxeetan eta tokiko prestakuntza-entitateetan, dagozkien erakunde publikoekin koordinazioan.
IV. KAPITULUA
Sexu-eskubideak eta sexu- zein genero-identitate aniztasuna
47. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak aitortzen dute pertsonek orok badutela oinarrizko eskubide guztiak eta giza-eskubide unibertsal guztiak bete-betean baliatzeko, kontuan hartu gabe beren sexu-orientazioa, genero-adierazpena eta sexu- edo genero-identitatea.
2. Hori horrela, Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak bereizkeria ez pairatzeko eskubidea babestuko dute, norberaren edo familia zein gizarte-taldearen sexu-orientazioa, genero-adierazpena, sexu- zein genero-identitatea edozein delarik ere.
3. Halaber, konpromisoa hartzen dute berdintasunaren eta ez-bereizkeriaren printzipioak benetan betetzen direla sustatu eta bermatzeko, beharrezkoak izan daitezkeen ekimen positibo guztiak gauzatuz, sexu-orientazioak, genero-adierazpenak eta sexu- edo genero-identitateak eta familia- zein gizarte- talde batekoak izateak eragindako egoerak oro ezabatzeko.
4. Iruñeko Udaleko Berdintasuneko Alorrak kanpainak egitea sustatuko du, emakume lesbianek, bisexualek, transexualek eta transgeneroek haien sexu-orientazio, genero-adierazpen eta sexu zein genero-identitateagatik jasaten duten bereizkeria askotarikoa errotik ezabatzeko.
5. Bestalde, Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak babesa emanen dute gogoan hartzeko moduko egunetan ekitaldiak eta antzekoak ospatzeko, gai hau ikusgarri bihurtzeko moduak diren neurrian, LGTBI+ pertsonen gizarte-berdintasun bete-betea eta eraginkorra lortzeko tresnak baitira.
48. artikulua. Sexu- eta genero-aniztasunaren inguruko informazio, aholkularitza eta babes egokia bermatzea.
Iruñeko Udalak berariazko ordenantza baten bidez arautuko du zerbitzu honen arta, honako hauek barne hartuta:
a) LGTBI pertsonei banaka eta taldeka arta zein aholkularitza sexologikoa eta psikosoziala ematea.
b) Elkarri laguntzeko taldeak, LGTBI pertsonentzat eta haien familiako zein hurbileko pertsonentzat.
c) Dokumentazio-zentroa, LGTBI edukietan espezializatutako liburutegi- eta mediateka-zerbitzuarekin, kontsulta-aretoa eta mailegu-zerbitzua erabiltzeko aukera eskaintzen duena.
d) LGTBI pertsonei zuzendutako aholkularitza juridiko ireki, berdinzale, doako eta konfidentziala, hainbat arlotan informazioa eta aholkularitza emateko.
e) Espazioak zein baliabideak lagatzea, sexu- eta genero-aniztasunaren alde lan egiten duten kolektibo, entitate eta elkarteei.
V. KAPITULUA
Aztura osasungarriak, jarduera fisikoa eta kirola egitea
49. artikulua. Xedapen orokorra.
a) Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak udalerriko kirol-eragileekiko lankidetza sustatuko dute, kirol-praktikan esku hartze aldera, baldin eta kirol-jarduera batean, aisialdikoa edo lehiakoa delarik, antzematen bada objektibotasunez emakumearen kontrako bereizkeria izan dela zio hauetako batengatik: emakumeen intereseko kirol-eskaintzarik eza, kultura eta hezkuntzaren arloetako arazoak emakume eta neska kirolarien ingurunean, komunikabideetan ez agertzea emakume kirolari erreferenterik edo denbora libre gutxiago edukitzea kirola egiteko, besteak beste.
b) Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatuko du kirol-eginkizunetan (kirolariak, zuzendariak, arbitroak, boluntarioak eta abar), haietan objektiboki emakumearen kontrako bereizkeriarik atzemanez gero.
c) Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak baliabide publikoez bultzatuko dute udalerrian zenbait kirol-eskaintza egitea, baldin eta, aurrez diagnostiko objektiboa eginda, haietan bidea ematen bada edozein sexutako biztanleria-talde ororen aukera askotarikoak ugaltzeko, eta pertsona jakin batzuk beste kirol ezberdin batean aritzea nahi izanda ere, kirol-praktika mota zenbaiti lotarazten dieten hezkuntza eta kultura arloko oztopoak gutxiagotzen badituzte.
a.–Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak ariketa fisikoa eta kirola sustatuko dituzte edozein adinetako emakumeen artean, bereziki eskola-adinean eta hirugarren adinean, betiere kirol eta osasun arloetako erakunde ofizialek aholkatzen duten ariketa fisiko zein kirol motarekin eta kantitatearekin bat.
b.–Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak baliabide publikoez antolatu edo babesten dituzten torneo, lehiaketa eta txapelketetan sustatuko da emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadila. Halaber, kirol-jarduera mistoak sustatuko dira, hezkidetza bultzatzekoak, berdintasuna beren balio erantsien artean modu planifikatu batez txertatua dutenak.
c.–Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak emandako sari, donari, aitortza edo dirulaguntzetan sexuen araberako ordezkaritza zein ikusgarritasun albait orekatuenak bermatuko dira onuradunen artean.
50. artikulua. Osasunaren sustapena.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, osasuna sustatzeko beren jarduketetan, emakumeak beren buruen gaineko kontrol handiago edukita osasun-maila hobetzen duten prozesua bultzatuko dute. Honen barruan zenbait jarduketa sartzen dira –hezkuntza, prebentzio eta osasun arloetakoak–, non herritarrek bizitza osasungarriaren aldeko politikak zein estiloak bultzatzen dituzten, modu osasungarriagoaz bizitzeko aukera ematen dien ahalduntze eta gizarte-babeseko sistema baten bidez.
2. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute emakumeei eragiten dieten osasun-zioak ikertu eta ikusarazteko, bereziki azpimarratuta genero-sistemak esleitzen zaizkien eginbehar eta betebeharretatik eratorritakoak.
3. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, Foru Komunitateko Administrazioaren osasun-planen zein jarraibideen esparruan gauzatutako eskumenekin bat, konpromisoa hartzen dute elkarrekin lan egiteko eta komunikatzeko bidea ezartzeko, batera aritze aldera Oinarrizko Laguntzako eta Pediatriako zerbitzuekin eta bereziki zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeen osasun afektibo-sexuala eta ugaltzekoa hobetzen laguntzen duten osasun zerbitzuekin.
4. Gazteria eta Berdintasuneko udal-zerbitzuek sentsibilizazio-ekintzak eginen dituzte, sexu-praktika osasungarriak sustatzeko eta sexu-osasunaren esparruan arriskuak gutxitzeko.
5. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute herritarrak, oro har, eta osasuneko langileak bereziki sentsibilizatzeko ohartu daitezen emakumeen kontrako indarkeriak kaltetu egiten duela hala emakumeen beraien osasuna nola haien familiena eta, bereziki, haien seme-alabena.
6. Udalak zenbait jarduketa diseinatu eta gauzatuko ditu, generoak eragindako estereotipoek udalerriko emakumeen eta gizonen osasuna kaltetu dezaten ekidite aldera.
7. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute informazioa hedatzeko herritarren osasun-mailan eragina duten osasun-baldintzen gainean, eta, bereziki, arrisku biologiko, ingurumeneko, klimatiko edo bestelakoen gainean. Eta informazio horrek emakumeen osasunean eraginik badauka, sexuaren arabera bereizita emanen da.
VI. KAPITULUA
Kultura eta kultur sorkuntza
51. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak zainduko dute emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa eragingarri izatea, sorkuntza eta ekoizpen artistiko nahiz intelektualari eta hori hedatzeari lotutako edozein aldetan.
2. Iruñeko Udalak kultur politika berrikusiko du genero-ikuspegitik abiatuta, eta beharrezko neurriak hartuko ditu kulturaren esparruan emakumeen parte-hartzeari dagokionez atzemandako defizitak (sorkuntzan, emanaldietan edo hedapenean, kontsumoan) gero eta gehiago gainditzeko.
3. Orobat, egungo joerak orekatzeko xedez, bitarteko egokiak eta eskuragarriak jarriko ditu emakumeen eskuetan arte- eta sormen-ekoizpenean gehiago engaia daitezen, eta gizonen kasuan, kultur-jardueren kontsumoan gehiago parte har dezatela sustatuko du.
4. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak zainduko dute beren kultur politikaren esparruan programatutako edukiek ez dezatela eduki mezu edota ikonografia sexistarik, eta beren programazioak generoari loturik egon daitezela.
52. artikulua. Tokiko memoria.
Tokiko memoria udalerriari identitatea ematen dion funtsezko osagarria da. Horregatik, bada, zenbait ekimen bultzatuko dira Berdintasuneko Alorraren bidez, udalerriaren historian eta garapenean zehar emakumeen ikusgarritasuna bermatzeko, emakumeen presentzia gero eta handiagoa izan dadin tokiko iruditerian, haiei aitortza eginez plaza, parke, eraikin, monumentu eta beste zenbait elementu sinbolikotan.
53. artikulua. Memoria historikoa.
Iruñeko Udalak genero-ikuspegia txertatuko du esparru honetan gauzatzen dituen jarduketa orotan. Eta, horrez gain, elkarlanean arituko da emakumeen protagonismoa eta ekarpenak kontuan hartzen dituzten beste zenbait entitate eta erakunderekin.
VII. KAPITULUA
Jaiak
54. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Udalak aitortu egiten du jai gunearen eta denboraren balio sinbolikoa tokiko esparruan, eta, hori horrela, konpromisoa hartzen du jaietan emakumeek bizi dezaketen bereizkeria-aldeak diagnostikatu, ezagutu eta aitortzeko. Halaber, ahaleginduko da jai gunea eta festa-denbora osatzen dituzten elementu guztiak bat etor daitezen, bete-betean etorri ere, berdintasun- eta parekotasun-irizpideekin.
2. Iruñeko Udala eta haren sektore publiko instituzionala arduratuko dira hala jai-jarduerek nola horiek sortzen duten giroak udalerriko pertsona guztien gozamena areagotu dezaten, festa-ekitaldietan parte hartzeko eskubidea ezein kasutan mugatu gabe, sexua, adina, jatorria, hezkuntza-maila, egoera ekonomikoa edo sexu-aukera direla bide.
55. artikulua. Prebentzio-kanpaina.
a) Iruñeko Udalak bere gain hartzen du ardura emakumeen kontrako indarkeriaz bezainbatean eta apustu egiten du emakumeen kontrako erasorik gabeko hiri bat eraikitzearen alde. Hori horrela, hiri-eredu horrekiko konpromisoa erakusten du, indarkeria sexistako kasuak gertatzen direnean modu koordinatu eta koherentean erantzunez.
b) Hona hemen prebentzio-kanpainaren helburu orokorrak:
a.–Aurrera egitea jaietan eraso sexistak ezabatzeko udal-konpromisoarekin.
b.–Herritarrak engaiatzea hiria bere osotasunean eraso sexisten kontra ager dadin.
c.–Posible egitea emakumeek bizi dezatela hiria espazio aske eta seguru gisara.
d.–Herritarrei argibideak ematea, jaietan eraso sexisten kasuan eskuragarri dauden bitartekoen gainean, orientazio, arta eta salaketaz bezainbatean.
e.–Erakundeen eta herritarren erantzun koordinatua ematea eraso sexistarik gertatzen bada.
56. artikulua. Jarduketa-esparrua.
Eraso sexistei aurre egiteko jarduketa-esparruak barne hartzen ditu hiru protokolo, eta horiek, gaur egun, erasoren bat izanez gero abiatzen dira:
1. Poliziak esku hartzeko protokoloa.
2. Arta eta lagun egiteko protokoloa.
3. Herritarrek eta erakundeek erantzuteko protokoloa.
Betiere ikuspegi orokor eta integratzaile batetik abiatuta, protokolo horien oinarria da erasoa jasan duten emakumeak eta haien ingurunea babesteko jarrera irmoa eta erradikala.
57. artikulua. Emakumeek jaietan parte har dezaten sustatzea.
Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute jai-esparruetan emakumeen parte-hartzea sustatzeko.
VIII. KAPITULUA
Garapenaren aldeko lankidetza
58. artikulua. Xedapen orokorra.
Udalak zainduko du bera parte den lankidetza-proiektuetan genero-ikuspegia eta jasangarritasunekoa kontuan har daitezen, modu koherente, integral eta zeharkakoan, proiektuen fase guztietan.
IV. TITULUA
Zainketa-lanak eta ardurakidetza bizitzaren jasangarritasunerako gakotzat aitortzea
I. KAPITULUA
Ingurune bizigarria, jasangarria eta segurua
I. ATALA
Jasangarritasun-estrategia
59. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak konpromisoa hartuta dauka jasangarritasunarekin, hori ulertuta egungo belaunaldiaren behar sozialak, ekonomikoak, kultur aniztasunekoak eta ingurumen osasungarrikoak asetzen dituen prozesu gisara, betiere datozen belaunaldien beharrak asetzea arriskuan jarri gabe, Garapen Jasangarriari buruzko Johannesburgoko adierazpenak (2002) jasotzen duenarekin bat. Genero-berdintasuna esparru horretako osagaitzat hartua da, bai eta, aldi berean, garapen jasangarriaren aurretiko helburu eta baldintzatzat.
2. Iruñeko Udalak genero-ikuspegia txertatuko du konpromiso hori betetzeko gauzatzen dituen jarduketa orotan. Horretarako, Berdintasuneko Alorra elkarlanean arituko da Tokiko Agenda 21arekin bereziki –bertan jasota baitago udal-jasangarritasunaren aldeko estrategia– eta esparru honetan lanean ari diren beste entitate eta erakundeekin.
II. ATALA
Hirigintza-plangintza
60. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak aitortzen dute hirigintza ez dela neutroa genero ikuspegitik, hobetu edo kaltetu egiten ahal duelako emakumeek beren era askotako ardurak esparru publikoan zein pribatuan gauzatzeko modua.
2. Horregatik, bada, Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute espazioa garatzeko eta udal-lurraldea erabiltzeko politikak zein planak garatzeko, gizonek eta emakumeek hiria berdintasunean baliatzeko erabilera errazten duten baldintzak sortzeari begira.
3. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak berdintasun-politikek eskatzen dituzten ardurakidetza eta bateragarritasuna bultzatuko dituzte, lurralde-antolamenduaren eta hiri-planeamenduaren bidez hirigintza funtzioaniztuna (eta ez eremuka zedarritua eta funtzio bakarrekoa) sustatuz, irisgarritasuna bultzatuz eta oztopo arkitektonikoak kenduz, espazio publikoan pertsona ororen segurtasun-baldintzak hobetuz, zerbitzu eta ekipamendu publikoen zein pribatuen kokapen egokiak ziurtatuz bateragarritasuna bultzaturik, eta ekipamendu zein zerbitzu publiko eta pribatu horien ordu-eskaintza egokituz bateragarritasunaren arloko beharretara.
61. artikulua. Laguntza eta babesa.
Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak honako konpromiso hauek hartzen dituzte:
1. Aztertzea, sexua eta adina kontuan harturik, emakumeen eta gizonen segurtasunari erasotzen dioten gertakarien kopurua eta horien motak (barne harturik pertsonaren kontrako delitu larriak), eta, egoki izanez gero, herritarren segurtasun faltaren maila eta izaera zedarritzea espazio publikoan gerta daitezkeen kriminalitatearen edo beste zenbait arrisku-iturriren aurrean.
2. Estrategiak, politikak eta ekintzak garatu eta aplikatzea, berariazko hobekuntzak barne harturik, ingurumenaren egoeran edo osaeran. Hori dena, betiere, herritarren segurtasuna hiri-espazioan hobetzeari begira eta segurtasun eza herritar esparru guztietan murriztea xede harturik.
3. Legegintzaldi bakoitzean hiriko mapa bat egitea, emakumeei segurtasun eza sortzen dieten udalerriko guneak ezabatze aldera.
III. ATALA
Etxebizitza
62. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak aitortzen dute etxebizitza duin eta kalitatekoa eskuratzeko eskubideak oinarri duela pertsonen ongizatea lortzeko funtsezko beharretako bat asetzea.
2. Aitortzen du, halaber, gizonak eta emakumeak eskubide horretaz berdintasunean baliatzeko, kontuan hartu behar dela emakumeek zailtasun handiagoak eta behar bereziak dituztela.
IV. ATALA
Mugikortasuna eta garraioa
63. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Mugikortasuna funtsezko baldintzatzat hartzen da, emakumeek eta gizonek hirian gauzatu ahal ditzaten beren eskubideetako asko eta asko eta horietatik eratorritako zerbitzuak eskuratu ditzaten.
2. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute genero-ikuspegia txertatzeko mugikortasuna hobetzea xede duten diagnostiko, ekintza, programa edo plangintza orotan.
V. ATALA
Ingurumena
64. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak bere gain hartzen du udal-lurraldeko ingurumenaren kalitatea hobetzeko ardura, barne harturik udal-eskumenei dagozkien tokiko politikak abiatzea.
2. Aitortzen du, halaber, emakumeek zein gizonek eskubidea dutela Udalak ingurumenaren arloan abiatutako politiken eta zerbitzuen onuradun izateko. Horretarako, kontuan hartu beharko du emakumeen eta gizonen bizimoduak ezberdinak direla, emakumeek eta gizonek joera dutela tokiko zerbitzuak eta atari zabaleko guneak modu ezberdinez erabiltzeko, edo, are ingurumen-arazo ezberdinei aurre egin behar dietela.
3. Aurreko horren ondorioz, Udalak, ingurumen-politikak eta zerbitzuak garatzeari dagokionez, neurri berean hartuko ditu aintzat emakumeen eta gizonen bizimodu ezberdinek eragindako berariazko beharrak eta belaunaldien arteko elkartasuna.
4. Halaber, herritarrak sentsibilizatuko ditu kontsumo jasangarriko azturak edukitzearen gainean, betiere kontuan harturik ezberdinak direla emakumeen eta gizonen errealitateak, eta, hori horrela, kasu bakoitzean egoki diren mezuak, formatuak eta hedapen-bideak erabili behar direla.
5. Uraren zein energiaren kontsumoa eta etxeetan hondakinen sorrera eta kudeaketa jomuga dituzten ekintzen kasuan, Udalak ardurakidetza sustatuko du kontsumo mota horiei lotutako etxeko lanez bezainbatean.
II. KAPITULUA
Zainketa-lanen balioa gehiago aitortzea, eta haien elkar-menpekotasuna ekoizpen-sistemarekiko
65. artikulua. Xedapen orokorra.
Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak beharrezko mekanismoak ezarriko dituzte honako neurri hauek garatzeko:
1. Udal-langileen lana, bizitza pertsonala eta profesionala bateragarri egiteko sustatzea, betiere emakumea ahalduntzen duen ikuspegi batetik abiatuta, zeinak, horrez gain, gizonen ardurakidetza bultzatuko baitu zaintza-lanetan.
2. Aldaketa-prozesuak sustatzea antolaketan, erdigunean jartze aldera emakumeen eta gizonen berdintasuna eta bizitza-zaintza.
3. Berariazko jarduketa-plan bat egitea, gizonen ardurakidetza zaintza-lanetan sustatzeko.
4. Jarduketa batzuk bultzatzea, zerbitzuko langileen amatasun- eta aitatasun-baimen besterenezinak parekatzeko.
5. Langileen ordutegi- eta espazio-malgutasuna bultzatzea, betiere emakumea ahalduntzen duen ikuspegi batetik abiatuta, zeinak, horrez gain, gizonen ardurakidetza bultzatuko baitu zaintza-lanetan.
6. Sustatzea Udala hornitzen duten enpresek aldaketa-prozesuak garatu ditzatela beren antolaketan, bateragarritasuna, ardurakidetza eta emakumeen eta gizonen berdintasuna kontuan harturik.
7. Sustatzea Iruñeko udalerrian egoitza duten enpresek aldaketa-prozesuak garatu ditzatela beren antolaketan, bateragarritasuna, ardurakidetza eta emakumeen eta gizonen berdintasuna kontuan harturik.
V. TITULUA
Emakumeen aurkako indarkeria
I. KAPITULUA
Esparru orokorra
66. artikulua. Xedapen orokorra.
Ordenantza honen ondorioetarako, honako hau ulertzen da emakumeen aurkako indarkeriatzat: emakume izate hutsagatik emakumeen kontra gauzatzen dena, edo genero-zio batek eragindako bereizkeriako agerpen gisara modu neurrigabean erasaten diena, izaera fisiko, psikologiko, sexual edo ekonomikoko kalteak edo oinazeak dakartzana edo ekar ditzakeena, barne harturik mehatxuak, larderiak, hertsapenak edo arbitrarioki askatasuna galtzea, dela bizitza publikoan dela pribatuan. Nolanahi ere, emakumeen aurkako indarkeriatzat ulertzen da Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean jasotakoa.
67. artikulua. Jarduketa-esparru orokorra.
Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute, emakumeen eta haien seme-alaben kontrako indarkeriaren arazo larriari aurre egiteari begira, beren eskumenen esparruan betetzeko Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak zein Genero-Indarkeriaren aurka osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak aurreikusten dituen betebeharrak, bai eta erakundeen arteko protokolo edo prozeduretan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko ere.
68. artikulua. Arta integral eta koordinatua izateko eskubidea.
a) Indarkeriaren biktimak diren emakumeek badute eskubidea, emakume izateagatik, arta integrala eta pertsonalizatua jasotzeko, halako moduz non indarkeria-egoerak berekin ekarritako askotariko beharrei heldu eta baliabide egokienak eskura jarriko baitzaizkie kasu bakoitzeko inguruabar pertsonalen edo sozialen arabera.
b) Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Udalaren jardunak, bereziki biktimei arta ematera zuzendutakoak, honako hauek bete beharko ditu:
a.–Berdintasuna bermatzea, honako zio hauetako batek eragindako bereizkeriari aukerarik eman gabe: egoera zibila, sexu-orientazioa, adina, sinesmena edo ideologia, gutxiengo etniko, nazional edo hizkuntza bateko kidea izatea, maila ekonomikoa, desgaitasun mota oro edo beste zenbait inguruabar pertsonal edo sozial. Beharrezko neurriak hartuko dira beren eskubideak benetan gauzatzeko bermea izan dezaten inguruabar pertsonalak eta sozialak direla bide arta modu integralean jasotzeko zailtasun handiena duten biktimek eta, bereziki, emakume desgaituek eta etorkinek, haien egoera administratiboa edozein delarik ere.
b.–Indarkeriaren biktima izan diren emakumeen autonomia pertsonala erraztea, bizimodu normalizatua bultzatuz.
c.–Adingabekoen interesen defentsa bermatzea.
d.–Modu eraginkor eta zaluaz antolatzea, egoeren larriak eskatzen duen bezain azkar erantzuteko.
e.–Biktimizazio sekundarioa ahalik eta gehien ekiditea, profesionalek eta erakundeek esku hartzen dutenean biktimei eragiten ahal dizkieten eragozpenak ahal den gehien murriztuz.
f.–Bermatzea desgaituek eskura edukiko dituztela baliabideak, ondasunak eta zerbitzuak, Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legeak arautzen duenarekin bat.
II. KAPITULUA
Prebentzioa eta sentsibilizazioa
69. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak bere kabuz edo beste erakundeekin elkarlanean kanpainak eginen dituzte herritarrak sentsibilizatzeko errealitate honen gainean, bai eta emakumeei zuzendutako ekintzak ere emakumeen kontrako indarkeria halakotzat aitortu eta ezagutzea lehen pausua izan dadila hari kontra egiteko.
2. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute beren kanpaina guztietan emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen urraketa gisara kontzeptualizatzeko, bai eta emakumeen eta gizonen arteko desparekotasuna indarkeria horren eragile gisara identifikatzeko ere.
70. artikulua. Ikerketa.
Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak aktiboki lagunduko dute eta ikerlanak egitea bultzatuko dute udalerrian emakumeen kontrako indarkeria nola gauzatzen den ezagutze aldera, zer ziok eragiten duten, zenbat emakumek jasaten duten eta zer bide har daitezkeen egoera hobetzeko. Matxismo-portaerak nola indartzen diren ere aztertuko da, hura zuzendu eta errotik ezabatzeko politikak abiatze aldera.
III. KAPITULUA
Baliabideak
71. artikulua. Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua.
1. Zerbitzu publiko bat da, doakoa eta espezializatua, honako egoera hauetakoren batean dauden Iruñeko emakumeei arta integrala eta pertsonalizatua ematera bideratua:
a) Genero-indarkeria edo hori sufritzeko arriskua izatea:
–Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria.
–Indarkeria familiaren testuinguruan, beste gizon batzuek genero-bazterkeriarengatik eragindakoa.
–Emakumeei zuzendutako sexu-indarkeriaren edozein adierazpen (sexu-erasoak, sexu-jazarpena, sexu-abusua zein eraso sexistak).
–Emakumeen trafikoa, sexu-esplotazioa edo beste edozein helburu xede harturik.
–Sexu-esplotazioa.
–Ezkontzak oso gaztetan, hitzartuak zein derrigortuak.
b) Bikote-harremanaren haustura, gatazka-maila handiaz.
c) Dibortzio-prozesuak eta seme-alabekiko harremanak legez arautzeko prozesuak.
d) Prostituzioa uzteko prozesuak.
2. Honako hauek izanen dira berariazko jarduketa-esparruak:
a) Aurreko atalean aipatu egoeraren batean egon eta laguntza soziala, juridikoa edo psikologikoa behar duten emakumeei arta integrala ematea.
b) Orientabideak ematea genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen ingurune sozio-familiarrari.
c) Emakumeen aurkako indarkeria mota ezberdinei aurre egiteko beharrezko jarduketak koordinatu, antolatu eta abiatzea. Hori horrela, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuak, zein alorretan sartu eta zuzendaritza horren agintearen pean, sarean jardunen du lanean hala Administrazio Publikoetako zerbitzu eta erakundeekin nola genero-indarkeriaren kontrako jarduerak egiten dituzten erakunde ororekin, horiek publikoak zein pribatuak izan daitezkeelarik.
d) Genero-indarkeriaren kontrako sentsibilizazio-jarduketak sustatzea, herritarrei zuzenduak.
e) Zerbitzua unean-unean zein udal-alorri atxikita egon eta hark esleitzen dizkion beste edozein jarduketa.
IV. KAPITULUA
Koordinazioa, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko
I. ATALA
Udal-baliabideen arteko koordinazioa
72. artikulua. Xedapen orokorra.
Kapitulu honetan hizpide hartutako arta, horretan engaiaturik dauden udal-zerbitzu guztiek emanen dute koordinaturik bai haien artean bai emakumeak modu egokian suspertzen laguntzen duten gainerako erakundeekin. Xede horretarako, Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak lankidetza-akordioak eta protokoloak sustatuko dituzte tokiko esparruan, Autonomia-erkidegoen mailan sinatutako akordioak eta protokoloak Udalaren errealitatera garatu, zehaztu eta egokitzeko.
73. artikulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko erakundeen arteko Nafarroako Akordioa eta Batera Jarduteko Protokoloa.
1. Iruñeko Udalak bat egiten du Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko erakundeen arteko Nafarroako Akordioarekin eta Genero-indarkeriaren kontrako Estatuko Itunarekin.
2. Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak beteko dute erakundeen arteko Akordioaren esparruan sortutako Batera Jarduteko Protokoloan jasotakoa.
II. ATALA
Udaleko langileen gaikuntza
74. artikulua. Xedapen orokorra.
Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute beren langileei prestakuntza emateko emakumeen kontrako indarkeriaren gainean. Eta batez ere indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko zereginetan ari direnei. Baina, horiez gain, prestakuntza emanen die, baita ere, zenbait sektore, hala nola gazteria, adineko jendea, desgaituak eta beste batzuk xede dituzten politikak ezartzen dituztenei, emakumeen kontrako indarkeriaren gaineko informazio- eta prebentzio-politikak zeharkakoak izan daitezen.
Udalerriko emakumeei zuzendutako jardueren artean, zeharkako prestakuntza-jarduerak proposatuko dira, bereziki, emakumeek jakin dezaten nola jartzen den agerian emakumeen kontrako indarkeria, nola errekonozitu daitekeen eta nola egiten ahal zaion aurre.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren karietara ezarritako zehapen-prozedurari dagokionez, kontuan hartuko da tokiko erakundeei gai honetan aplikagarri zaizkien arauetan xedatutakoa.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA
Genero-eraginaren gaineko txostenak
Genero-eraginaren gaineko txostenei buruz Ordenantza honetan jasotakoa bete beharrekoa izanen da Ordenantzak indarra hartu eta urtebeteren buruan.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Ordenantza honek indarra hartzearekin batera, indargabeturik geratuko dira hari kontra egiten dioten udal-xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko nahiz Foru Komunitateko Administrazioek toki-entitateei haien egintzak eta erabakiak ezeztatzeko errekerimendua egiteko duten ahalmena gauzatzeko ezarritako epea (hamabost egun baliodun) iragan arte.
Iragarkiaren kodea: L1907660
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
