111. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 29an hartua, “La Máquina kaleko obra” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

2019ko otsailaren 13an, Cortesko Udalak Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari eskatu zion presako prozeduraren bidez tramitatzea “La Máquina kaleko obra” izeneko proiektuaren jendaurreko informazio tramitea eta desjabetzeko espedientea, udal horren alde.

Cortesko Udalak, 2019ko otsailaren 11n egin osoko bilkuran, erabaki zuen proiektu hori onestea eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batean onestea. Onespen horrek berarekin dakar onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa. Jendaurrean jarri zen hamabost eguneko epean, eta erabaki zen ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onetsitzat joko dela alegaziorik egon ezean. Zerrenda horretan agertuko dira okupatu beharreko ondasunen jabeen edo horien ordezkarien izenak.

Jendaurreko epean ez da horiei buruzko alegaziorik aurkeztu.

Egin beharreko obrak urte honetan hasi eta 2019ko abenduaren 1a baino lehen bukatu beharko dira, Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko Plana onesten duen urriaren 10eko 19/2018 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarriarekin bat. Hortaz, beharrezkoa da desjabetzeko espedientea presako prozeduraren bidez tramitatzea, lehenbailehen eskuratzeko desjabetuko diren lurrak; izan ere, aipatu obrak foru lege horren II. eranskinean sartuta daude.

Nafarroako Gobernuak, Cortesko Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa deklaratzea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “La Máquina kaleko obra” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Cortesko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1907548