111. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 29an hartua, “Mendiorozko putzu septikoa berritzea” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak 2018ko urriaren 19an emandako 816/2018 Ebazpenaren bidez, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearekin lankidetza araubidea onesten da, hiriko hondakin uren arazketarako instalazioak sustatu eta egiteko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak 2018ko azaroaren 13an emandako 926/2018 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai proiektua bai “Mendiorozko putzu septikoa berritzea” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurreko epean ez da horiei buruzko alegaziorik aurkeztu.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak 2019ko apirilaren 15ean emandako 552/2019 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi ziren aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta horri buruzko iragarkia argitaratu zen 2019ko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 3koan.

Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk, aipatu lankidetza araubideari jarraikiz, eskatu du proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presako deklara dadila. Hori justifikatzeko, aipatzen du udalerri horretako isurketek osasun eta ingurumen arloko arazoak eragiten dituztela, eta beharrezkoa dela arazo horiek konpontzea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk alegatutako arrazoiak ikusita eta aurrekontuan balio justua ordaintzeko kreditu nahikoa badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Mendiorozko putzu septikoa berritzea” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Erabaki hau Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA) eta Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1907547