110. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

747/2019 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez onesten da Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa institutuetara atxikitako Talentua Erakartzeko 12 Laguntzaren 2019. urterako Deialdia, “La Caixa” Gizarte Ekintzak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak batera finantzatutakoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak 2018ko azaroaren 16an egindako bileran erabaki zuen onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa institutuetara atxikitako Talentua Erakartzeko Laguntzen 2019. urterako Deialdia, “La Caixa” Gizarte Ekintzak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak batera finantzatutakoa.

Ikusirik Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Ikusirik Unibertsitateko Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren egiaztagiria.

Ikusirik Gobernu Kontseiluan aurkeztutako gastua baimentzeko proposamena.

Ikerketarako errektoreordeak egindako deialdi proposamena ikusirik.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,

EBATZI DUT:

Lehena.–Ikerketa institutuetara atxikitako Talentua Erakartzeko 12 Laguntzaren 2019ko deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean adierazitako oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Organo eskudunak, Gizarte Kontseiluak, onetsi eta gero izango du eragina gastuaren baimenak. Bere zenbatekoa 1.128.541,28 euro izango da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko gastuen aurrekontuko partida hauei egotziko zaie zenbatekoa, eta beharrezkoak diren doikuntzak egingo dira deialdiko laguntzak emateko ebazpenean, kontratuen hasiera-egunak kontuan hartuta.

–2019ko aurrekontuak:

  • 33.0/30.00.7764/131.08 Ikertzaileak: 193.354,52 euro.
  • 33.0/30.00.7764/160.00 Gizarte Segurantza: 58.780,80 euro.
  • 33.0/30.00/7764.22805 Proiektuaren garapena: 120.000 euro.

–2020ko aurrekontua:

  • 33.0/30.00.7764/131.08 Ikertzaileak: 386.709,04 euro.
  • 33.0/30.00.7764/160.00 Gizarte Segurantza: 117.561,60 euro.

–2021eko aurrekontua:

  • 33.0/30.00.7764/131.08 Ikertzaileak: 193.354,52 euro.
  • 33.0/30.00.7764/160.00 Gizarte Segurantza: 58.780,80 euro.

Hirugarrena.–Eskaerak tramitera onetsi, balioetsi eta behin-behinean emateko, organo eskudunak, Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluak, urte anitzetako gastua baimendu eta onetsi behar du.

Laugarrena.–Aukera egongo da laguntzen zenbatekoa eta kopurua handiagotzeko, deialdia finantzatzeko aurrekontu handiagoa baldin badago.

Bosgarrena.–Ebazpen hau helaraztea Ikerketarako errektoreordeari, “La Caixa” Gizarte Ekintza Fundazioaren arduradunari, Aurrekontu eta Plangintza Ekonomikoaren Atalera, Kontabilitate Atalera, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Kontuhartzailetzara.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen webgunean argitara dadila agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta, bere aurka eta bere oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 8an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERKETA INSTITUTUEI ATXIKITAKO 12 LAGUNTZAREN 2019. URTERAKO DEIALDIA, TALENTUA ERAKARTZEKO, “LA CAIXA” GIZARTE EKINTZAK ETA NAFARROAKO KUTXA BANKU FUNDAZIOAK FINANTZATUTAKOA

747/2019 Ebazpenaren eranskina

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, azken urtean, bere jarduera zientifikoen berregituraketa garrantzizkoari ekin dio Ikerketa Institutuak sortuz. Institutu hauen ezaugarriak dira beren ikerketa-lerroak diziplina anitzak direla, helburuak handiagoak direla eta ikusgarritasun zientifiko handiagoa dela. Ikerketa-egiturak finkatzeko, beharrezkoa da ikertzaileak erakartzeko programak edukitzea, zientzialaririk hoberenak institutu horietan sartzea, bikaintasunezko ikerketa egiteko, eta institutuen baitan egiten diren garapenak bultzatzeko.

Horrez gainera, Plan Estrategikoak hurrengo urteetarako helburu estrategiko gisa jasotzen du ikerketa institutu horiek egonkortzea.

Beste alde batetik, “La Caixa” Gizarte Ekintzarekin eta Nafarroako Kutxa Fundazioarekin finantzaketa-hitzarmen bat izenpetu da, eta han aurrekontu-zuzkidurak daude talentua erakartzeko laguntzak finantzatzeko.

Kontuan hartuz gogoeta hauek guztiak, Ikerketa Batzordeak ikerketa institutuei atxikitako laguntzen deialdi hau onestea proposatu du, talentua erakartzeko.

I. KAPITULUA

Deialdiaren xedea eta modalitateak

1.–Laguntza modalitateak.

Ikerketa institutuei atxikitako 12 laguntzaren deialdia, talentua erakartzeko, deialdian dauden xedapen komunek eta berariazkoek arautuko dute, eta laguntzak emateko behar besteko aurrekontua beharko da. Deialdian ondoko laguntzak sartzen dira:

  • InaMati atxikitako 2 laguntza.
  • ISCi atxikitako 2 laguntza.
  • INARBEri atxikitako 2 laguntza.
  • IS-FOODi atxikitako 2 laguntza.
  • I-COMMUNITASi atxikitako 2 laguntza. Institute for Advanced Social Research.
  • IMABi atxikitako 2 laguntza. Institute for Multidisciplinary Research in Applied Biology.

II. KAPITULUA

Xedapen komunak

2.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

2.1. Zilegi da deialdian parte hartzeko eskaerak paperean aurkeztea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, autonomia erkidegoetako administrazioa eta toki administrazioa osatzen duten erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan. Alegazioa bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.

Eskaera posta-bulego batean edo Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatiko edo kontsuletxeetan aurkezten bada, eskaera-inprimakiaren kopia bat bidaliko da posta elektronikoko helbide honetara: servicio.investigacion@unavarra.es.

Eskabideak aurkezteko epea 10 lanegunekoa da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

Oro har, laguntza bakoitzerako eskatzen diren bete beharreko baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, gehienez ere hilabete bateko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko web-orrialdean jarriko da behin-behineko zerrenda, tramitera onartuak izan direnena eta baztertuena, ezarritako eskakizunen bat ziurtatu ez dutelako edo eskaturiko agiriak aurkeztu ez dituztelako. Bitarteko horiek dira Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra, nahiz eta modu osagarrian eta ez ofizialean ere egin litekeen interesdunei posta elektronikoaren bidez bidaliz. Eskatzaile horiei 5 egun balioduneko epea emango zaie, zerrenda ofiziala argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, dagokion dokumentazioan atzemandako gabeziak konpon ditzaten edo osatu beharreko dokumentazioa osa dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ezin izango da tramitera onartu.

2.3. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi eta gero, eta dagokion Institutuaren Batzorde Iraunkorrak, edo, hala badagokio, Batzorde Betearazleak proposaturik, Unibertsitatearen web-orrialdean argitaratuko da tramitera onartu diren eta baztertu diren eskaeren behin betiko zerrenda. Behin betiko ebazpen horrek administrazio-bidea agortuko du, eta bere aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.4. Tramitera onartu diren eskaeren behin betiko zerrenda argitaratzen denetik bi hilabeteko epean gehienez ere, puntuazioak eta laguntzen behin-behineko esleipen proposamena argitaratuko dira Unibertsitatearen web-orrialdean, alde batera utzi gabe interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea, modu osagarrian eta ez ofizialean, eta 5 egun balioduneko erreklamazio-epea jarriko da proposamena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Erreklamazioak ebatzi ondoren, dagokion Institutuaren Batzorde Iraunkorrak, edo, hala badagokio, Batzorde Betearazleak, Unibertsitateko errektoreari igorriko dio behin betiko esleipen proposamena, ebazpen baten bidez onetsia izan dadin. Puntuazioak eta laguntzak emateko behin betiko proposamenak Unibertsitatearen web-orrialdean argitaratuko dira. Hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta, ez bada ebazpenik ematen, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertuko da.

2.5. Laguntzak emateko errektorearen behin betiko ebazpenaren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, Unibertsitatearen web-orrialdean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.6. Argitaratzeko web-orrialdea: http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/investigacion/transferencia-conocimiento/conv-captacion-talento.pdf.

3.–Eskaeren aurkezpena.

a) Eskaera orri normalizatua, zeina helbide honetan baitago jaisteko: http://www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak/ikertzaileak?languageId=100001. Eskaera orria bete eta gero, izenpeturiko ale bat aurkeztu behar du eskatzaileak Erregistro Orokorrean, kasu bakoitzean eskatzen diren dokumentuekin batera. Izenpetzeak eta eskaera aurkezteak esan nahi du deialdi honetan ezartzen diren oinarriak onesten direla.

b) Curriculuma Ministerioak ezartzen duen formatuan edo antzekoan. Curriculum horrekin batera adierazitako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztuko dira, inprimaki normalizatuan ezartzen den zerrendaren arabera zenbatua eta ordenatua. Agiriz egiaztatutako merezimenduak balioetsiko dira, bakarrik, merezimenduak aurkeztea eta egiaztatzea ez baita deialdiko betekizun baztertzailea. Eskatzaileak dokumentazio hori aurkezten ez badu, Unibertsitateak ez ditu merezimendu horiek balioetsiko, eta ez du eskatuko merezimendu horiek egiaztatzeko.

Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.

c) Garatu beharreko ikerketa-proiektua.

d) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

e) Laguntza-deialdi honetan aurkeztu den tituluaren fotokopia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

f) Egindako egonaldiaren frogagiriak, datak ere adieraziz.

g) Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egongo, baina zirkunstantzia hori idatzita jasotzeko eskatu beharko dute idazki batean. Idazki horretan identifikatu behar dute zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.

h) Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza hauetako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

4.–Laguntzen araubide juridikoa.

4.1. Laguntzen onuradunen eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izango dira, eta aplikagarria zaien legeria indardunean ezartzen den beste edozein.

4.2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 22. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu kontratuak.

4.3. Institutu bakoitzeko zuzendariak egingo ditu behar diren tramiteak onuraduna Institutuari atxikia izan dadin.

4.4. Deialdi honetan jasotzen diren laguntzek ez dute inolaz ere konpromisorik ezartzen onuradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.

4.5. Deialdi honen babesean laguntza bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza batzuekin, bai eta laguntzaren onuradunari kontratu- edo estatutu-lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, Ikerketako errektoreordeak baimena eman ondoren:

–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+G proiektuetako parte-hartze baimenduak, eta 2001eko abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa, (2007ko apirilaren 14ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuena), aplikatuz egindako kontratuak.

–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

–Ikerketako errektoreordearen arabera emandako laguntzaren xedea garatzeari traba egiten ez dioten jarduerengatik noizean behin jasotako laguntzak.

5.–Onuradunen betebeharrak.

5.1. Onuradunak laguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arauak onartzea, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntzen jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.

5.2. Onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

5.2.1. Laguntzaren helburuko ikerketa-lana egiteko xedez, laguntza emateko ebazpenean edo kontratuan adierazten den egunean bertan sartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, orduan sartzen ez badira, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik kontratua sinatzeko jakinarazpena jasotzen den egunaren hurrengo 5 egunetako batean sinatzen ez bada.

Ikerketako errektoreordeak, interesdunak eskatuta, Institutuko zuzendariaren oniritziarekin, baimenduko du sarrera atzeratzea, horretarako ezinbesteko arrazoiak daudenean.

5.2.2. Esleituriko ikerketa institutuan bere lana aprobetxamenduz egitea.

5.2.3. Laguntzarekin lotutako lana garatzean lortu dituen informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, Institutuko zuzendariaren baimenik ez badu.

5.2.4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari igortzea egindako lanari buruz eskatzen dizkioten txostenak, lana burutzen ari den ikerketa institutuko zuzendariak ontzat emanak.

5.2.5. Laguntza jaso duen aldiko argitalpen guztietan eta ikerketa jardueren ondoriozko beste emaitza batzuetan jasotzea Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Bartzelonako Caixa d’Estalvis i Pensions Banku Fundazioak, “la Caixak” eta Nafarroako Kutxa Banku Fundazioak izenpetu duten hitzarmenaren babesean jasotako finantzaketaren aipamena

5.2.6. Laguntza-aldia behin betiko bukatu ondoren, egindako lanaren azken txostena aurkeztu beharko da, Institutuko zuzendari zuzendariak ontzat emana eta lan bizitzaren ziurtagiriarekin batera. Hurrengo deialdietan horrelako laguntzak berritzeko eskaerak balioestean, txosten hau aintzat hartzen ahalko da.

5.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak emandako laguntza baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzuli behar izatea, hala badagokio, dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean agindutakoarekin bat etorriz.

5.4. Erdietsitako laguntzari uko egiten diotenek Institutuko zuzendariaren sinadura daukan idazki bat egingo diote Ikerketako errektoreordeari, eta arrazoiak eman. Zilegi izango da kontratua hasi eta hurrengo 3 hilabeteetan gertatzen diren bajak betetzea deialdi honetako gainerako eskatzaileen artean, laguntzak emateko ebazpenean onetsitako balioespenean ezarritako ordenaren arabera. Laguntzari uko egiteko eskaera ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar da beranduenez.

5.5. Laguntza hauen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkiote laguntzaren helburu den ikerketa-jardueraren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak laguntzen onuradunei egile eskubideak aitortuko dizkie lortzen lagundu duten emaitzen gainean, Unibertsitateko kontratupeko ikertzaileei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza berdinetan.

6.–Onura sozialak.

Laguntzen onuradunek sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko dituzte.

7.–Irakaskuntza.

7.1. Laguntzen onuradunek zilegi dute baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean irakaskuntza lanetan laguntzeko, Institutuko zuzendariak eta ukitutako saileko zuzendariak ados daudela adierazi ondoren. Lankidetza horrek, gehienez, laurogei ordu hartuko ditu urte bakoitzean, eta ez da kontabilizatuko Sailaren ikasketak antolatzeko planean. 2018ko maiatzaren 30a.

7.2. Irakaskuntzaren ardura duen Sailari dagokion Administrazio Laguntza Emateko Unitatean eskatuko da baimena Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 30ean onetsitako prozedurarekin bat etorriz.

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-lankidetza?languageId=100001

8.–Laguntzak baliogabetzea.

Laguntza hauen onuradunek eskubidea edukiko dute Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, deialdian azaltzen den moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Errege Dekretuan ezarritakoekin bat, sortzen dituzten gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.

Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako egoeretan eten eginen da kontratuaren denboraren konputua: aldi baterako ezgaitasuna, arriskua haurdunaldian, amatasuna, adopzio edo harrera, arriskua bularra ematean eta aitatasuna.

9.–Eskatzaileen betebeharrak.

9.1. Talentua erakartzeko laguntzen helburua Ikerketa Institutuetako ikerketa jarduera indartzea eta finkatzea da, egiten den ikerketa bikaintasunezkoa izan dadin. Beraz, gutxienez ere doktoretza ondoko bi urteko esperientzia ziurtatua duten ikertzaileei zuzenduta dago.

9.2. Laguntza horien onuraduna izateko beharrezko baldintza orokorrak izango dira, eskaerak aurkezteko epemugarako bete beharrekoak:

–Gutxienez ere doktoretza ondoko bi urteko esperientzia ziurtatua izatea: doktoretza ondoko kontratuak edo laguntzak edo doktoretza ondoko egonaldiak ikerketa zentroetan.

–Doktoretza ondoko ikerketa-egonaldi bat egin izana NUPen, 6 hilabetean gutxienez ere.

9.3. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 22. artikuluaren arabera hiru urte baino gehiago kontratatuta egon ez izana, deialdia honetan jasotako kontratuaren hasierako egunean.

10.–Izangaien baldintzak eta hautaketa.

10.1. Laguntzaz baliatzeko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Espainiako Sistemarako Sarrerarako kontratu baten bidez gauzatuko da onuradunaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 22. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.

10.2. Deialdi honetako kontratuen iraupena bi urtekoa izango da.

10.3. Kontratuaren zuzkidura 31.200 euro gordinekoa da, urteko, 2.600 euro gordineko 12 hilabeterokotan banatua. Hilabeteko zuzkidura honetatik kenduko da nahitaezko kotizazio kuota. Hitzarmenaren esparruan emandako funtsen kontura, Unibertsitateak Gizarte Segurantzako dagozkion enpresa kuotak bere gain hartuko ditu, lege indardunetan ezarritako moduan.

10.4. Ikertzaile hauetako bakoitzaren kontratazioa 10.000 euroko gehieneko poltsa ekonomiko batekin etorriko litzateke, ikerketa proiektua garatzen laguntzeko. Poltsa horrek edukiko du ikerketa konferentzia/biltzarretara joateko bidaietarako finantzaketa bat jardueren zabalkunderako, material txiki inbentariagarri eta suntsigarria erosteko eta NUPeko graduondoko ikasleei dirulaguntzak emateko aukera beren master amaierako lanak ikertzailearekin batera egiteko.

10.5. Dagokion institutuko Batzorde Iraunkorrak edo, hala badagokio, Batzorde Betearazleak, hautatuko ditu izangaiak, izangaien ikerketa merezimenduak kontuan hartuz 10. atalean ezarritako baremoaren arabera, eta dirulaguntzak lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira.

11.–Baremoa.

Ikertzaileen kasuan, argitalpenen data urtebete luzatuko da aipatutako azken bost urteetan izandako seme edo alaba baten jaiotza bakoitzagatik edo harreragatik.

11.1. ISC ikerketa institutuari atxikitako laguntza:

a) Izangaiaren curriculumaren merezimenduak ISC institutuaren arloan balioestea (gehienez 80 puntu).

1.–Journal Citation Report delakoan azken 5 urteetan indexatutako argitalpenak: Gehienez ere, izangaiak aukeratutako 10 argitalpeni emango zaie puntuazioa. (D1: 4 puntu, Q1: 2,5 puntu. Q2: 2 puntu. Gainerakoak: 1 puntu) (40 puntu gehienez ere).

2.–Lidergoa finantzaketa publikoa edo pribatua eduki duten ikerketa-proiektuetan (15 puntu gehienez ere).

3.–Proposatutako ikerketa-proiektuaren egokitzapena ISCren bost ikerketa-lerroetakoren batera (Sentsoreak, IKT, Energia, Big Data eta Sistema erraztaileak), eta lehentasuna ematea aurreko 2 ikasturteetan laguntza honen onuradunak izan ez diren lerroei (gehienez ere 10 puntu).

4.–Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 15 puntu). Beste atal batzuetan sartzen ez diren Curriculumeko merezimenduak balioesteko balio duen beste edozein ekarpen balioetsiko da, batez ere izangaiak bere ikerketa lerroa garatzeko eta lidergoa eramateko gaitasuna. Hori balioesteko hauek hartuko dira kontuan: ikerketa lanen eta tesien zuzendaritza, patenteak, nazioarteko jarduerak, edukitako karguak, argitaletxe-kontseiluetakoa izatea, nazioarteko batzordeetakoa izatea, aitortzak eta sariak.

b) Institutuaren ikerketa-lerroen araberako ikerketa proiektuaren azalpena eta defentsa, Batzorde baten aurrean, 30 minutuz gehienez ere, eta Batzordearekiko ondorengo eztabaida (gehienez ere 20 puntu).

11.2. InaMat Ikerketa Institutuari atxikitako laguntza:

a) Izangaiaren curriculumaren merezimenduak InaMat institutuaren arloan balioestea (gehienez 75 puntu).

1.–Journal Citation Report delakoan azken 5 urteetan indexatutako argitalpenak: Gehienez ere, izangaiak aukeratutako 10 argitalpeni emango zaie puntuazioa. (D1: 5 puntu, Q1: 3,5 puntu. Q2: 2 puntu. Gainerakoak: 1 puntu) (50 puntu gehienez ere).

2.–Lidergoa finantzaketa publikoa edo pribatua eduki duten ikerketa-proiektuetan. 10 puntu gehienez ere.

3.–Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 15 puntu). Beste atal batzuetan sartzen ez diren Curriculumeko merezimenduak balioesteko balio duen beste edozein ekarpen balioetsiko da, batez ere izangaiak bere ikerketa lerroa garatzeko eta lidergoa eramateko gaitasuna. Hori balioesteko hauek hartuko dira kontuan: ikerketa lanen eta tesien zuzendaritza, patenteak, nazioarteko jarduerak, edukitako karguak, argitaletxe-kontseiluetakoa izatea, nazioarteko batzordeetakoa izatea, aitortzak eta sariak.

b) Institutuaren ikerketa-lerroen araberako ikerketa proiektuaren azalpena eta defentsa, Batzorde baten aurrean, 30 minutuz gehienez ere, eta ondorengo eztabaida Batzordearekin (gehienez ere 25 puntu).

11.3. INARBE ikerketa institutuari atxikitako laguntza:

A) Izangaiak INARBEren arloetan dituen curriculum-merezimenduak balioestea (gehienez ere 75 puntu).

1.–Journal Citation Report (JCR) delakoan indexatutako argitalpenak, bai eta Scimago Journal Ranking (SJR) delakoan ere, INARBEren arlo berekietan. (D1: 8 puntu gehienez ere, Q1: 5 puntu gehienez ere, Q2: 3,5 puntu gehienez ere, Gainerakoak: 2 puntu gehienez ere). Indexatu gabeko beste argitalpen batzuk: 1 puntu, gehienez ere (50 puntu gehienez ere).

2.–Parte-hartzea finantzaketa publiko edo pribatua duten ikerketa proiektuetan, eta bereziki balioetsiko da ikertzaile nagusi izatea (10 puntu gehienez ere).

3.–Beste merezimendu batzuk (15 puntu gehienez ere). Beste atal batzuetan sartzen ez diren Curriculumeko merezimenduak balioesteko balio duen beste edozein ekarpen balioetsiko da, batez ere izangaiak bere ikerketa lerroa garatzeko eta lidergoa eramateko gaitasuna. Hori balioesteko hauek hartuko dira kontuan: ikerketa lanen eta tesien zuzendaritza, patenteak, enpresen proiektuetako parte-hartzeak, nazioarteko jarduerak, edukitako karguak, argitaletxe-kontseiluetakoa izatea, nazioarteko batzordeetakoa izatea, aitortzak eta sariak.

b) Institutuaren ikerketa-lerroen araberako ikerketa proiektuaren azalpena eta defentsa, Batzorde baten aurrean, 30 minutuz gehienez ere, eta Batzordearekiko ondorengo eztabaida (25 puntu gehienez ere).

11.4. IS-FOOD ikerketa institutuari atxikitako laguntza:

a) Izangaiaren curriculum-merezimenduen balioespena IS-FOOD Institutuaren bi lerro aktibo hauetan (75 puntu gehienez ere):

–Arrasto hidrikoa: Uraren efizientzia eta erabilera jasangarria.

–Baliabide naturalak: Mendiko larreen jasangarritasuna eta belarjale-landare-lurzoru harremanak aldaketa globaleko egoera batean.

1.–Journal Citation Report delakoan azken 5 urteetan indexatutako argitalpenak: Gehienez ere, izangaiak aukeratutako 10 argitalpeni emango zaie puntuazioa (D1: 5 puntu, Q1: 3,5 puntu. Q2: 2 puntu. Gainerakoak: 1 puntu) (50 puntu gehienez ere).

2.–Parte-hartzea finantzaketa publikoa edo pribatua eduki duten ikerketa-proiektuetan (10 puntu gehienez ere).

3.–Beste merezimendu batzuk (15 puntu gehienez ere). Beste atal batzuetan sartzen ez diren Curriculumeko merezimenduak balioesteko balio duen beste edozein ekarpen balioetsiko da, batez ere izangaiak bere ikerketa lerroa garatzeko eta lidergoa eramateko gaitasuna. Hori balioesteko hauek hartuko dira kontuan: ikerketa lanen eta tesien zuzendaritza, patenteak, nazioarteko jarduerak, edukitako karguak, argitaletxe-kontseiluetakoa izatea, nazioarteko batzordeetakoa izatea, aitortzak eta sariak.

b) Institutuaren ikerketa-lerroen araberako ikerketa proiektuaren azalpena eta defentsa, Batzorde baten aurrean, 30 minutuz gehienez ere, eta ondorengo eztabaida Batzordearekin (25 puntu gehienez ere).

11.5. I-COMMUNITAS ikerketa institutuari atxikitako laguntza:

a) Izangaiak I-COMMUNITASen arloetan dituen curriculum-merezimenduak balioestea (75 puntu gehienez ere).

1.–Journal Citation Report (JCR) aldizkarian indexatutako argitalpenak, bai eta Scimago Journal Ranking (SJR) aldizkarian ere, I-COMMUNITAS-en arloetan: gehienez ere 5 puntu artikulu bakoitzeko, aldizkariak aipatu indizeetan dituen kokapenaren eta kuartilaren arabera, eta aipu kopurua eta beste kalitate-irizpide batzuk balioetsiko dira. Beste datu-base espezializatuetan indexatutako argitalpenak: gehienez ere 2 puntu artikulu bakoitzeko. Monografiak: gehienez ere 5 puntu liburu bakoitzeko, argitaletxearen kalitatearen arabera, SPIn duen kokapenak bermatua. Gehienez ere 2 puntu liburuko kapitulu bakoitzeko, irizpide beraren arabera (40 puntu gehienez ere).

2.–Parte-hartzea ikerketa-proiektuetan edo finantzaketa publikoa edo pribatua duten kontratuetan, eta bereziki balioetsiko da ikertzaile nagusia edo arduraduna izatea (15 puntu gehienez ere).

3.–Beste merezimendu batzuk (20 puntu gehienez ere). Beste atal batzuetan sartzen ez diren curriculum-merezimenduak balioesteko balio duen beste edozein ekarpen hartuko da kontuan, batez ere izangaiak bere ikerketa lerroa garatzeko eta lidergoa eramateko gaitasuna. Hori balioesteko zenbait alderdi hartuko dira kontuan. Esaterako: ikerketa lanen eta tesien zuzendaritza, hizkuntzak, biltzarretako parte-hartzeak, jakintzaren transferentzia, nazioarteko jarduerak, edukitako karguak, argitaletxe-kontseiluetakoa izatea, nazioarteko batzordeetakoa izatea, aitortzak eta sariak.

b) Institutuaren ikerketa-lerroen araberako ikerketa proiektuaren azalpena eta defentsa, Batzorde baten aurrean, 30 minutuz gehienez ere, eta Batzordearekiko ondorengo eztabaida (gehienez ere 25 puntu).

11.6. IMAB ikerketa institutuari atxikitako laguntza:

A) Izangaien curriculum-merezimenduen balioespena IMABen arloetan (75 puntu, gehienez ere):

1.–Journal Citation Report aldizkarian azken 10 urteetan indexatutako argitalpen zientifikoak: D1: 6 puntu, Q1: 5 puntu, Q2: 4 puntu, Q3: 3 puntu, Q4: Puntu 1 (50 puntu gehienez ere).

2.–Parte-hartzea finantzaketa publiko edo pribatua duten ikerketa proiektuetan, eta bereziki balioetsiko da ikertzaile nagusi izatea (10 puntu gehienez ere).

3.–Beste merezimendu batzuk (15 puntu gehienez ere). Beste atal batzuetan sartzen ez diren Curriculumeko merezimenduak balioesteko balio duen beste edozein ekarpen balioetsiko da, batez ere izangaiak bere ikerketa lerroa garatzeko eta lidergoa eramateko gaitasuna. Hori balioesteko kontuan hartuko dira: ikerketa lanen eta tesien zuzendaritza, patenteak, enpresen proiektuetako parte-hartzeak, prestigioko ikerketa zentroetako egonaldiak, berrikusle-jarduerak JCR aldizkarietan, edukitako karguak eta nazioarteko batzordeak, bekak, kontratuak eta ikerketa-sariak.

Curriculum-merezimenduen fasea gainditu eta hurrengo fasera pasatzeko 25 puntu lortu behar dira gutxienez.

b) Institutuaren ikerketa-lerroen araberako ikerketa proiektuaren azalpena eta defentsa, Batzorde baten aurrean, 30 minutuz gehienez ere, eta Batzordearekiko ondorengo eztabaida (gehienez ere 25 puntu).

Hautaketa-prozesua gainditzeko, gutxienez ere 40 puntu lortu behar dira kalifikazio osoan, eta 10 puntu proiektuaren azalpenean.

12.–Argitalpena.

Deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoan argitaratuko da, eta Unibertsitateko bitarteko elektronikoen bidez zabalduko da.

13.–Errekurtsoak

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F1907052