2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ITZAGAKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Aldaketa, Ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena
Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzarrak, 2018ko azaroaren 8an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen dituen ordenantza.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin bat, espedientea jendaurrean egonen da 30 egun baliodunean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek azter dezaten eta, nahi izanez gero, bidezkoak iruditzen zaizkien erreklamazio, eragozpen eta oharrak aurkez ditzaten.
Epe hori iragan denez inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da.
Urrotz Hirian, 2019ko maiatzaren 2an.–Mankomunitateko burua, José Javier Eslava Armendáriz.
UR HORNIDURAREN ETA HUSTUKETAREN TASAK
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA
Oinarria
1. artikulua. Ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen dituen ordenantza ezarri da Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikuluan eta Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legearen IV. kapituluko 7. atalean (100. artikulua eta haren ondokoak) eta lege horren 12. artikuluan xedatutakoaren babesean.
Zerga-egitatea
2. artikulua. Edateko urez hornitzeko zerbitzua nahiz hondakin-uren hustuketa edo saneamendu zerbitzua eskura izan edo benetan erabiltzea eta kontagailuak ezartzea, horra zerga-egitatea.
Subjektu pasiboa
3. artikulua. Subjektu pasiboak dira eta ordenantza honetan arautzen diren tasak ordaintzera beharturik daude ur hornidura eta saneamendu sareetarako loturen titularrak. Kontrakorik frogatzen ez den bitartean, loturen titulartzat hartuko dira higiezinen jabeak.
Karga-oinarriak
4. artikulua. Karga-oinarriak honako hauek dira:
a) Hornidura eta saneamendu zerbitzua eskura izatea eta mantentze-lanak egitea, zerbitzuaren atalen arabera.
b) Hornidura eta saneamenduko harguneak egitea, hargunearen diametroaren arabera.
c) Ur kontsumoa.
d) Neurgailuak erabiltzea.
Tarifak
5. artikulua. Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzarrak (hemendik aurrera Mankomunitatea) urtero onesten dituenak izanen dira tarifak. 2018ko ekitaldirako tarifak ordenantza honen eranskinean zehazten dira.
Tributu-kuota
6. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari dagokion tarifa aplikatuko zaio.
Tasen sortzapena
7. artikulua. Zerbitzua eskura izateko eta hura mantentzeko tasak eta hornidurarenak sei hilabetean behin kobratuko dira.
Hargune eskubideak hargunerako lizentzia ematen den unean kobratu eta sortuko dira.
Kudeaketa arauak
8. artikulua. Eraikin edo industria batean eta halakoetan hargunea egin nahi duen sustatzaile, eraikitzaile, pertsona fisiko edo juridiko orok prozedura honi jarraitu beharko dio, dela hiri-lurzoruan, urbanizaezinean edo landa-lurrean:
1. Dagokion udalaren aginduzko obra-lizentzia eskuratzea.
2. Mankomunitateari zuzendutako eskabidea aurkeztea, nahi den hargunea eskatzeko, datu hauek zehaztuta:
a) Eskatzailearen izen-deiturak eta posta helbidea, hargunearen xede den eraikinaren titularra edo sustatzailea den zehaztuta.
b) Hargunearen poligonoa, lurzatia eta posta helbidea.
c) Eskatutako hargunearen diametroa edo sekzioa. Etxebizitza kopurua, hala izanez gero.
d) Obra-lizentziaren kopia.
Oro har, Mankomunitateak ez du urez hornitzeko harguneetarako lizentziarik emanen ureztaketarako eta aisia jardueretarako, ezta lurzoru urbanizaezinean eraikuntzak egiteko ere, baldin eta udalerrietako hirigintza planeamenduekin bat ez badatoz.
Mankomunitateak, obra-lizentzia izan arren, zilegi izanen du hornidurarako eskatutako hargunea ukatzea, uste badu eskatutako harguneak kalte egin diezaiokeela hiriguneetako hornidurari.
Hargunea egiteko lizentzia ematen bada, Mankomunitateak zehaztuko du sareari lotzeko puntua, baita neurgailuen kokalekua eta lotunearen ezaugarriak ere.
9. artikulua. Eraikitzen diren igerilekuen edo ur kontsumoa duten aisialdirako beste instalazio batzuen kasuan, kontsumo horretarako berariazko neurgailu bat jarriko da. Tarifa erabilera orokorrerako ezartzen den bera izanen da, baina kontagailu hori Mankomunitateak aldi baterako itxi ahalko du, ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako erabileren hierarkia aplikatzea beharrezkoa izanez gero.
10. artikulua. Mankomunitateak, egokia iruditzen bazaio, bidezkotzat jotzen dituen argibide osagarriak eskatzen ahal ditu, hornidurarako eskaera ebatzi aurretik.
11. artikulua. Sare orokorrari lotzeko lanak hasi aurretik, hargune eskubideak ordaindu beharko dira, ordenantza honen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Loturarako baimen, kontzesio edo lizentziek ez dute eraginik izanen behar den tasa ordaindu dela frogatzen duen agiria aurkezten ez bada.
Hornidurako baldintza orokorrak eta gisako zerbitzuak ematea
12. artikulua. 1. Eskatzaileak ordainduko ditu harguneen gastu guztiak, kaxarenak eta kontagailuarenak izan ezik, horiek Mankomunitateak emanen baititu.
Kontagailuak lurzoru publikoan jarriko dira eta giltza izanen dute aurrealdean eta atzealdean. Mankomunitateak giltza horien ezaugarriak zehazten ahalko ditu. Instalazio horren salbuespenak arrazoitu egin beharko ditu erabiltzaileak, Mankomunitateak, egoki bada, onar ditzan.
2. Kontagailu horiek “eteteko puntua” izanen dira. Horietatik aurrera erabakiko da erantzukizuna hornitzailearena edo abonatuarena den, sortutako matxurak konpontzeko eta horien ondorioz gertatzen diren ur-ihesak ordaintzeko.
Zentzu horretan, hornitzailearen kontura izanen dira lurzoru publikoan eteteko punturaino edo kontagailuraino gertatutako matxurak. Abonatuen kargura, berriz, eteteko puntutik etxebizitza partikularreraino gertatzen direnak.
13. artikulua. Mankomunitatea une oroz saiatuko da urez hornitzeko zerbitzua ardura handiz eta bermez ematen; hala ere, ez da erabiltzaileek jasaten ahal dituzten kalte edo galeren erantzule izanen presio gutxiegi izatearen, ur hornidura etetearen edo zerbitzuan beste gorabehera aurreikusiezinen bat izatearen ondorioz.
Mankomunitateak hornidura zerbitzua moztu behar badu edo haren zenbait erabilera debekatu behar baditu hornidura arazo larriak direla medio, erabileren hierarkia hau ezarriko da: 1. Etxeko erabilera; 2. Merkataritza eta zerbitzuak; 3. Nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera; 4. Ureztaketa eta aisia; 5. Gainerako jarduerak.
14. artikulua. Hargune baten edozein titularri kentzen ahalko zaio ur hornidura, baldin eta kontagailuaren ondoren galerak baditu eta konpontzeko eskatu arren konpontzen ez baditu. Horrenbestez, Mankomunitatea ez da izanen eraikineko banaketa sarearen anomaliek hirugarrenei sortzen dizkieten kalteen erantzule.
15. artikulua. Hargune baten titularrak ezin izanen dio hirugarren bati urez hornitzeko hargunerik eman Mankomunitateak berariaz baimentzen ez badu; une oroz saihestu beharko da bere axolagabekeriagatik edo zainketa ezagatik gertatzen ahal den iruzurra.
16. artikulua. Erabiltzaile zergadunek berehala jakinaraziko diote Mankomunitateko behar den zerbitzuari ura banatzeko sare orokorrean atzematen den edozein matxura.
17. artikulua. Kontsumoa neurtzeko gailuak lurzati pribatu baten barnean daudenean, erabiltzaile zergadunari dagokio kontagailuaren eta ixteko giltzaren tokia behar bezala zaintzea eta Mankomunitateak horren gainean adierazten dituen jarraibideak betetzea.
18. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren tasetakoren bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude Mankomunitateko langile behar bezala baimenduei kontagailua dagoen tokira sartzen uztera, kontagailuen irakurketa egiteko edo ongi funtzionatzen duten ikusteko.
19. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 86.3 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza honetan ezarritako tasak aplikatzetik sortzen diren tributu-zorrak “jakinarazpen gabekoak” izanen dira.
20. artikulua. Aipatutako tasak sei hilabetean behin ordainaraziko dira, eta haien jakinarazpena egintzat hartuko da behar den bandoa edo ediktua argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta egun horretatik hasiko da kontatzen 30 egun balioduneko epea, ordainketa borondatezko aldian egiteko. Hargune eskubideak, bai orokorrak bai partikularrak, hargunea gauzatu aurretik ordainduko dira.
21. artikulua. Tasak borondatezko aldietan ordaintzen ez dituztenei errekarguak ezarriko zaizkie; azken bidea premiamendu bidea izanen da.
22. artikulua. Bi ordainagiri edo gehiago ordaintzeko dituzten zergadunei zerbitzua kentzen ahalko die Mankomunitateak.
Zerbitzua kenduta, zergadun horiek, ordaintzeko zituzten tasak ordaindu ondoren, berriz ere zerbitzuan alta izatea eskatzen badute, ezarritako hargune tasak ordaindu beharko dituzte, alta berri bat balitz bezala.
Orobat, Mankomunitateak urez hornitzeko eta/edo saneamendu zerbitzuak eteten ahalko dizkie abonatuei, honako kasu hauetan:
a) Iruzurragatiko likidazio irmotik sortzen diren zenbatekoak ordaindu ez direnean.
b) Abonatuak kontratuan ezarritako tarifa kontratatua oker erabiltzen duenean.
c) Abonatuak bere instalazioetatik adarrak paratzen dituenean edo paratzen uzten duenean, kontratupekoak ez diren eraikinak hornitzeko eta hustuketa egiteko.
d) Abonatuak Mankomunitateko langileei lokalean sartzen uzten ez dienean instalazioak aztertzeko edo kontsumoa zein erabilera egiaztatzeko. Halakoetan, bi lekukoren bidez edo agintaritzako agenteren bat bertan dagoela jasoko da ezetza.
e) Abonatuak larriki hausten dituenean ordenantza honetan aipatzen diren aginduak edo ordainketako polizan finkatzen diren baldintzak.
Etenak eta lotura berriak sortzen dituzten gastuak abonatuaren kontura izanen dira.
23. artikulua. Nekazaritzan erabiltzeko berariazko harguneak gaituko dira eskatzen duten herrietan. Betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Harguneak herritik kanpora paratuko dira; kontagailua eta itzulerarik gabeko balbula izanen dituzte.
b) Titular baten izenean alta emana egon beharko du kontagailuak eta Mankomunitateak baimendutako langileek baloratuko dute instalazioa.
c) Hargunea gaitzearen kostua eskatzaileak ordainduko du.
Arau-hausteak
24. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-haustetzat hartuko dira ondoko hauek:
a) Hornidura sareko edozein ataletatik ura hartzea, modu irregularrean eta baimenik gabe.
Modu irregularrean hartu dela ulertuko da hornidura sare publikotik egindakoa, norberak erabiltzeko edo nekazaritzan edo abeltzaintzan, aurreko artikuluan ezarritako betekizunak bete gabe egin bada.
b) Mankomunitatearen berariazko baimenik gabe ura hartzea (iruzurra) eta hornidura sarean kutsadura eragiteko prozedurak erabiliz ura hartzea.
c) Mankomunitateko langile behar bezala baimenduek egiten dituzten ikustaldiak oztopatzea.
d) Mankomunitateak emandako aginduak ez betetzea edo kontagailuak irakurtzen ez uztea.
e) Mankomunitateak jarritako zigiluak, sarrailak eta neurgailuak bestelakotzea.
Zehapenak
25. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-hausteak 50 eta 3.000 euro bitarteko isunekin zehatuko dira, eginiko arau-haustearen eta arau-hausleen ardura handiagotu dezaketen inguruabarren arabera, esaterako:
–Arau-haustea egitea ur-eskasia edo behar publiko larria dagoenean.
–Pertsonak behartzea edo haien edo gauzen kontra indarkeria erabiltzea, ura ekartzeko eta hornitzeko instalazioetan kalteak sortuz.
–Arau-haustea berriz egitea, aurreko lau urteetan zehatua izan bada ordenantza honetan ezarritako edozein arau-hausterengatik.
Aurreko artikuluaren a) eta b) apartatuetan jasotako iruzur eta ura modu irregularrean hartzeko kasuetan, ura zenbat den zehazteko, neurgailutik pasa daitekeen ur bolumen handiena izanen da kontuan, Mankomunitateko langileek egindako azken irakurketa egin zutenetik.
AZKEN XEDAPENA
26. artikulua. Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, Udalei buruzko Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da.
27. artikulua. Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako tramiteak bete ondoren, eta Mendinueta Soluzioko goi-hornidurako sare berria abian jartzen denean.
ERANSKINA
Ur horniduraren eta hustuketaren ordenantza. Tarifak
Hornidura:
–Kuota finkoa, kontagailu bakoitzeko: 15,00 euro urtean.
–Kontsumitutako metro kubikoaren prezioa: 0,45 euro.
–Kontagailuaren alokairua: 8,00 euro urtean.
–Hornidura sareko hargunea: 250,00 euro.
Saneamendua:
–Kuota finkoa, saneamenduagatik: 15,00 euro urtean.
–Saneamendu sareko hargunea: 250,00 euro.
Urrotz Hirian, 2019ko maiatzaren 2an.–Mankomunitateko burua, José Javier Eslava Armendáriz.
Iragarkiaren kodea: L1906232