110. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Aldaketa, Zizur Nagusiko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2019ko otsailaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea, ondoren erregelamenduaren arabera tramitatzeko, Zizur Nagusiko esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza aldatzeko espedientea.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2019ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 1ean, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

Zizur Nagusian, 2019ko maiatzaren 23an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ALDAKETA, ZIZUR NAGUSIKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAN

Aldaketak Zizur Nagusiko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren 2., 18. eta 19. artikuluei eragiten die.

Artikulu bakarra.

2., 18. eta 19. artikuluetan aldaketak egin dira; eta honela geratu dira:

2. artikulua. 6. epigrafea berridatzi da.

“2. artikulua.

(...)

6. Euskara jakitea nahitaezkoa ez den lanpostuetan, zehaztea hura zein portzentajerekin baloratuko den, euskaraz mintzatzeko eskubidea ahalbidetze aldera.”

18. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

“18. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea”.

19. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

“19. artikulua. Euskarak deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) %5eko balorazioa izanen du. Aitzitik, herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) %10eko balorazioa izanen du.”

Merezimendu lehiaketa bidez betetako lanpostuetan, portzentaje hori aplikatuko zaio merezimenduen baremoari esleitutako puntuazioari.

XEDAPEN BAKARRA

Ordenantzaren aldaketa hau indarrean jarriko da behin testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L1907021