2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERRIOBEITI
Udal ordenantza, Eskaeraren araberako garraioa arautzen duena. Behin betiko onespena
Berriobeitiko Udalak, 2019ko otsailaren 5ean egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batez onestea Eskaeraren araberako garraioa arautzen duen udal ordenantza (erabakia 2019ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 13an).
Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (foru lege hori aldatu zen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez), eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Berriobeitin, 2019ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.
ORDENANTZA, ESKAERAREN ARABERAKO
GARRAIOA ARAUTZEN DUENA,
48. ORDENANTZA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Berriobeitiko Udalak ematen duen eskaeraren araberako garraioaren zerbitzu publikoa arautzea.
Ibilbide orokorrak honako hauek hartzen ditu: Berriozar, Berriobeiti eta zerbitzua hartzen duten sei kontzejuak: (Ballariain, Elkarte, Oteitza, Añezkar, Larrageta eta Lotza).
2. artikulua. Izaera.
Eskaeraren araberako garraioaren zerbitzu publikoa emateagatik kontraprestazio ekonomikoa izango da prezio publikoa. Ordenantza honetan espresuki xedatua ez den orotan, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira.
3. artikulua. Printzipio orokorrak.
Eskaeraren araberako garraioa Berriobeitiko Udalak ematen duen zerbitzu publikoa da, eta horrek une oro justifikatzen du haren kudeaketaren kontrola eta ikuskaritza.
Zerbitzua emateko, Berriobeitiko Udalak erabili ahalko ditu baliabide berekiak edo zerbitzua bermatu ahalko du kanpoko operadore batekin akordioa eginez.
4. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.
Prezio publikoak ordaintzera beharturik egongo dira zerbitzu publikoaren onuradunak.
Zerbitzu publikoaren onuradun izan ahalko dira udalerrian erroldaturik dauden guztiak.
5. artikulua. Txartelak.
Zerbitzu hau erabiltzeko beharrezko txartelak eskuratu ahalko dira Berriobeitiko Udalean edo, bestela, hark herritarren eskura jartzen duen edozein bitartekoren bidez.
Txartela soilik joanekoa edo etortzekoa izango da; hau da, ez da “joan-etorrikoa” izango.
Udalak pertsona bakar batentzako txartelak eman ahalko ditu eta, egoki ikusiz gero, taldean erabiltzeko txartelak eman ahalko ditu.
6. artikulua. Prezioa.
Txartelen prezioa bera izango da, edozein izanik ere jatorrizko kontzejua edo xede kontzejua; Udalaren osoko bilkurak ezarriko du prezioa.
Txartelak jasotzen diren unean ordaindu beharko da prezio publikoa.
Udalak uzten badio zerbitzu emateari, ordaindutako kopurua itzuliko du, erositako txartelak aurkeztuz gero.
7. artikulua. Zerbitzua erreserbatzea.
Zerbitzua erabili nahi duena harremanetan jarriko da zerbitzua kudeatzen duen entitatearekin, adostutako bitartekoen bidez; Berriobeitiko Udala arduratuko da bitarteko horiek ezagutzera emateaz eta hedatzeaz.
Zerbitzua erabili aurretik, abisua eman behar zaio entitateari ordu erdi lehenago gutxienez eta, 24 ordu lehenago, gehienez ere.
Dei horretan adierazi beharko dira izen-abizenak eta Berriobeitiko Udalak erroldaturik daudenentzat ematen duen eskaeraren araberako garraio zerbitzuaren erabiltzaile-identifikazioa, era berean, behar den zerbitzua azaldu beharko da, honako hauek zehaztuta:
–Eguna eta ordua.
–Erreserbatzen den leku kopurua.
–Zein geltokitan jaso behar den.
–Zein geltokitara eraman behar den.
Ezarritako ordua baino gutxienez ordu erdi aurretik egiten ez diren deiak ez dira hartuko ordenantza honen babesean emandako zerbitzutzat.
Zerbitzu honek ez du barne hartzen pertsonak eramatea eta ekartzea Berriozartik Berriobeitira edo Berriobeititik Berriozarrera.
Xede geltoki izan ahalko dira Berriozar, Berriobeiti, Ballariain, Elkarte, Oteitza, Añezkar, Larrageta edo Lotza, aipatu salbuespenarekin.
8. artikulua. Zerbitzuaren erabilera.
Erabiltzaileak jasotzeko geltokian egon behar du geltoki bakoitzerako ezarritako orduan eta/edo denbora tartean.
Garraioa iristean txartela behar bezala beteta eman behar da; hartan azalduko dira ibilbidearen jatorria, xedea, eguna eta ordua. Txartelik gabe ezin da zerbitzua erabili eta gidariak ez du inor hartuko.
Norbaitek zerbitzua jarraitu nahi badu bukatzeko geltokiez gaindiko beste leku batera, Berriozar hartuko da abiapuntutzat. Geltoki horretatik xede berrirako garraioa ez da hartuko ordenantza honen babesean emandako zerbitzutzat.
9. artikulua. Ibilbideak eta ordutegiak.
Ibilbidea Berriozarren hasiko da eta Udalak ezarriko ditu ateratzeko ordu zehatzak.
Garraiorako ibilgailuak geldialdia egingo du Berriobeitin, norbaitek eskaera egin badu hor jasotzeko, sei kontzejuetakoren batera joateko. Geldialdi horrek ere zehaztua izango du bere ordutegia.
Ibilgailua abiatuko da norbait jaso edo utzi behar duen kontzejuetara. Jarraitu beharreko ibilbidea gidariak ezarriko du, dagoen eskaerari egokituta. Zerbitzuaren erabiltzaileak jasotzeko, adierazitako tokian egon behar du Udalak azaldutako denbora tartean.
Dagokion ibilbidea egin ondoren, ibilgailuak Berriozarren bukatuko du ibilbidea, eta geldialdia egingo du, Berriobeitin norbaitek xede geltoki hori eskatu badu.
Udalak zehaztuko du geltokien kokapen zehatza.
Berriobeitiko Udalak une bakoitzean behar bezala jakinaraziko ditu indarreko geltokiak eta ordutegiak.
10. artikulua. Ezinbesteko kasuak.
Ezinbesteko kasuetan ukituak izan ahalko dira bai ibilbideak bai ordutegiak, eta zerbitzua ere aldi baterako eten ahalko da, kontzeju guztietan edo batzuetan. Ondorio hauetarako, ezinbesteko kasutzat hartuko dira elurra eta klimatologiaren bestelako aurkako egoerak. Kasu horietan ez dagokie inolako kalte-ordainik zerbitzua eskatu dutenei.
11. artikulua. Aurrekontu-aplikazioa.
Nolanahi ere, zerbitzua emateko baldintza izango da dagokion aurrekontu-aplikazioan kreditu erabilgarria izatea.
I. ERANSKINA
Hasierako prezioa euro 1 (euro bat) izango da txarteleko.
Iragarkiaren kodea: L1906177