1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
274E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Orotz-Beteluko Udal Planaren egiturazko aldaketaren alde (4. poligonoko 114. lurzatia). Tirso Aranaz Cordeiro da aldaketaren sustatzailea.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren menpe jartzen da Orotz-Beteluko Udal Planaren egiturazko aldaketa bat, Olaldea auzoari dagokiona.
Aldaketak Udalaren hasiera bateko onespena du, 2019ko otsailaren 13an egindako osoko bilkuran emana. Gero, jendaurrean egoteko epe bat ireki zen iragarki bat argitaratuz 2019ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 22koan. Epe horretan, ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.
Aldaketaren helburua da 2.556 m²-ko eremu bat sartzea hiri lurzoruen sailean, familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko, jabeak bizileku iraunkor gisa erabiliko duena. Lur eremu hori 4. poligonoko 114. lurzatian dago, Olaldea auzoan.
Aldaketan eremu horren sailkapena aldatzea proposatzen da, bizigunearen inguruko lurzoru urbanizaezin izatetik bizitegi-erabilerarako hiri-lurzoru finkatua izatera igarotzeko. Aldaketaren eremuan sartzen dira, orobat, 332C azpilurzatia, hiri-lurzoru izatera igaroko baita, non ez den eraikuntza egintzarik gauzatuko, eta Ibaiondo kaleko hegoaldeko muturretik datorren konexio-bidea.
Aipatutako lurzatia Urrobi eta Erro ibaien ibai-sistema izeneko kontserbazio bereziko eremuaren mugakidea da; gainera, lurzatiaren hego-ekialdeko muturrean, 500 urteko errepikatze-denborako uholdeen eragin puntuala jasaten da. Arriskuei aurrea hartzeko, uholde horien muga ezartzen da gehieneko eraikuntza-lerro gisa.
Aldaketak berekin dakar gaur egun belardi gisa erabiltzen den lursail baten erabilera aldatzea, non ez den ingurumen elementu edo balio nabarmenik identifikatzen. Beraz, ez da ingurumen ukipen nabarmenik aurreikusten. Dena dela, aipatu kontserbazio bereziko eremuaren mugakidea izanik, ibai ondoko landareei eragitea saihestu beharko da.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela, eta aldeko txostena eman du.
Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura arruntaren menpe ez jartzea Orotz-Beteluko Udal Planaren egiturazko aldaketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.
2. “Orotz-Beteluko Udal Planaren egiturazko aldaketa 4. poligonoko 114. lurzatian” espedientea dela eta, aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea, ingurumenean eragin aipagarririk ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Tirso Aranaz Cordeiro da.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluan aurreikusten denari jarraikiz, ingurumen txosten estrategikoaren aurka ezinen da errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe Plan Orokorraren egiturazko aldaketa onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeen errekurtsoak edo Orotz-Beteluko Plan Orokorraren egiturazko aldaketaren onespenaren aurka administrazio bidean jar daitezkeen errekurtsoak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau Orotz-Beteluko Udalari eta Hirigintza Atalari jakinaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 7an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1906509