11. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

380E/2018 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Enerizko udal-mugartean La Calera parke eolikoko energia ateratzeko goi tentsioko lurpeko linearen saihesbiderako proiektuari. Sustatzailea MTorres Desarrollos Industriales SL da.

2018ko ekainaren 8an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Eneritz udalerriaren hego-mendebaldean dagoen La Calera parke eolikoko energia ateratzeko 66 kV-eko lurpeko linearen iparraldeko zatia 1.500 m-tan aireko linearekin ordeztea jasotzen du proiektuak; izan ere, egun lurpean dagoen zatiak, San Domingo-Artatxabalako ermitatik Eneritz ingururaino doan bidearen azpian eraikitakoak, Enerizko hego-mendebaldeko mendilerroko mendi hegalak zeharkatzen ditu eta lur horiek ezegonkorrak direnez maiz kalteak izaten dituzte.

Sustatzaileak bi trazadura proposatu ditu: 1. proposamena, laburragoa, San Domingo ermitatik hurbilekoa eta 2. proposamena ermitaren mendebalderantz urruntzen dena paisaia ukipenak saihesteko, ingurunearen berezitasuna eta erabilera publikoa dela eta. 2. proposamena eremua hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen 220 kV-eko Red Eléctrica Española linearen kalera hurbiltzen da.

Badirudi bi proposamenek antzeko zortasuna eta okupazioa dutela baso zoruan, baita antzeko ikuspena ere Eneritzera jaisteko tartean, horregatik, ermitarekiko urruntasuna aintzat hartuta, sustatzaileak 2. aukera egitea proposatzen du. Aukeratutako proposamenaren euskarrietarako sarbidea landabideetatik eta alor landuetatik eginen da, euskarri batean izan ezik, pinudi txiki batetatik barrena sartu behar baita.

Linea osoa mugatzen duen eremuari aplikatzekoa zaio abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.

Espedientean jasota dago 2018ko abuztuaren 3an Enerizko Udalak emandako aldeko txostena eta 2018ko urriaren 31n, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena jaso zen, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Enerizko udal-mugartean La Calera parke eolikoko energia ateratzeko goi tentsioko lurpeko linearen saihesbiderako proiektuari. Sustatzailea MTorres Desarrollos Industriales SL da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Amarratzeko euskarri guztietarako dokumentazioan proposatutako isolagailu eredua (U70YB66-AL+PECA-1000-A) erabili beharko da eta gutxienez metro isolatu bateko distantzia errespetatu beharko du elementu eroalearen eta pausalekuaren artean.

–Talka egiteko arriskua murrizteko, hegaztiak babesteko balizak jarriko dira linea osoan. Balizak hiru eroaleetan jarriko dira, 15 metro bakoitzeko, baina txandakatuz; horrela, baliza baten eta bestearen arteko ageriko distantzia 5 metrokoa izanen da.

–Sastrakak kentzen hasi aurretik, bereziki mozketak egin aurretik, Ingurumeneko Basozaintzako langileei ohartarazi eginen zaie, 7. barrutia, Iruña (Tel.: 608 062 649; ogfopamp7@navarra.es).

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari. Bereziki, Herri-lurren Atalaren 2018ko urriaren 22ko txostenean ezarritakoa beteko da; txosten hori ebazpen honi erantsi zaio.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Enerizko Udalari, Basozaintzari (7. barrutia, Iruña) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko abenduaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1816053