Iragarkia
11. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
684/2018 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein izanen den, funts publikoekin finantzatutako ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozeduraren baitan, hurbiltasun linealaren irizpidea, haren balorazioa eta aplikatuko den gehieneko distantzia, zer herritan aplikatuko den eta zein izanen den ikasleen batez besteko gehieneko erlazioa eskola unitate bakoitzeko, bai eta, horrez gain, zein diren prozeduraren jarraibideak, egutegia eta ereduak ere, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egiteko 2019-2020 ikasturtean.
Bat etorriz 8/2015 Foru Aginduaren 2. oinarriaren 7. atalean eta 3. oinarriaren 3. atalean ezarritakoarekin, zehaztu behar da, ikasturte akademiko bakoitzerako, zer herritan aplikatuko den hurbiltasun linealaren irizpidea, zein den irizpide hori erabiltzeko kontuan hartuko den gehieneko distantzia, eta zer ikasketetan eta zer ikasmailatan hartuko den kontuan irizpidea. Foru agindu horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak, eta abenduaren 29ko 141/2016 Foru Aginduak aldatu zuen. Bestalde, beharrezkoa da, halaber, prozesuaren jarraibideak eta datak zehaztea ikasturte bakoitzerako.
Orobat, eta bat etorriz apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin, bidezkoa da zehaztea Hezkuntza Departamenduak ezarritako plangintzarekin bat ikastetxe bakoitzari esleitutako plazak, betiere hezkuntza hitzarmenetarako ezarritako berariazko arauak betez ikastetxe itunduen kasuan. Foru dekretu horren bidez ezartzen dira unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak.
Hori guztia ebazpen batean zehaztuko da urtero, zeina eskolatze arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emanen baitu.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketetan aplikatzea, honako herri hauetan ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxeetan, gehieneko distantzia linealaren irizpidea, 2019-2020 ikasturterako: Iruña, Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur, Egues, Ezkabarte, Galar, Uharte, Noain (Elortzibar), Oltza Zendea, Orkoien, Atarrabia eta Zizur Nagusia.
2. Hurbiltasun linealaren irizpideari dagokionez, zeina zehaztuta baitago Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 17ko 28/2015 Foru Aginduaren 5. oinarriaren 5. paragrafoan, honako hau ezartzen da: hurbiltasun linealaren irizpidea erabiltzeko gehieneko distantzia lineala 1.500 metrokoa izanen da 2019-2020 ikasturteko. Distantzia hori kalkulatzeko, eskatzaileak bi hauen artean aukeratu dezake: hots, kontuan har daitezke, alde batetik, edo eskatzailearen bizilekuaren UTM koordenatuak edo, bestela, gurasoetako baten edo legezko tutoreetako baten lantokiaren UTM koordenatuak, eta, bestetik, lehenengo aukera bezala eskatutako ikastetxearen UTM koordenatuak. Kalkulu hori egiteko, eskola kudeaketako EDUCA sisteman dagoen geolokalizazio tresna erabiliko da, zeina Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sisteman oinarritzen baita.
3. Hurbiltasun linealaren irizpidea 0,5 punturekin baloratzea.
4. Irizpide honen aplikazioan kontuan hartuko da martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuan ezarritakoa, bai eta ondorengo lege garapenak ere. Aipatu foru dekretuak arauak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko, eta martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuak aldatu zuen.
5. Gehienez ere talde bakoitzeko 25 ikasleko ratioa ezartzea Haur eta Lehen Hezkuntzako maila guztietarako, bat etorriz Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2206 Lege Organikoarekin 157.1.a artikuluan ezarritakoarekin eta Hezkuntzaren esparruan gastu publikoa arrazionalizatzeko presako neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin. Gertatuz gero ebazpen hau onesten den unean ikastetxeren batek ratio handiagoa izatea, ezin izanen dira bajak ordeztu baldin eta horrek arestiko ratioa gainditzea badakar.
6. Ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedurarako jarraibideak, egutegia eta eskaera ereduak onestea, 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin ditzaten; ebazpen honen I., II. eta III.A eta III.B eranskinetan jaso dira jarraibideak, egutegia eta eskaera ereduak.
7. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Plangintzaren Zerbitzura eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzaten.
8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
9. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2018ko abenduaren 27an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
I. ERANSKINA Haur eta Lehen Hezkuntzako bigarren ziklorako jarraibideak |
PLAZA ESKAERA | 1. Ikastetxeek eskabide orriaren fotokopia zigilatua emanen diote eskatzaileari, eskabidea zein egunetan sartu den adierazita duela. 2. Aurreinskripzioa egiteko eskabidearekin batera, erroldaren ziurtagiria edo bolantea aurkeztu behar da. Bertan, gutxienez ere, ikaslearen izena eta aitaren edo/eta amaren edo legezko tutorearen izena agertuko dira. Etxebizitza berean bizi beharko dute dagokion puntuazioa lortzeko. 3. Lantokia egiaztatzeko, enpresaren titularrak luzatutako dokumentua aurkeztu behar da, zeinean zehaztuko baita non dagoen lantokia eta zer lan zerbitzu eskaini ohi duen bertan. Langile autonomoek EJZ aurkeztu beharko dute (ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartuta dagoela dioen agiria), herriko udalak luzatua. Dokumentu hori 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerakoa izanen da. 4. Eskatzaileek zalantza badute ikaslearen promozioaren gainean, inprimaki berean egin daiteke onartzeko eskaera bai ikasmailaz igarotzeko bai errepikatzeko. 5. Ikastetxeek EDUCA bidez sartuko dituzte eskaera guztiak aurreinskripzioa egiteko epean, puntu guztiak beteta dituztela. 6. Nahitaez igorri eta jakinarazi behar da matrikulen aurreikuspena horretarako ezarritako epean, EDUCA programako “Ikastetxearen eskaintza (VII. eranskina)” delakoaren bitartez. |
ESKAERAK AURKEZTEA ETA BANANTZE ETA DIBORTZIO KASUAK | Eskaera baliozkotzat eta eraginkortzat joko da kasu hauetakoren batean baldin badago: –Bi gurasoen sinadurarekin eginikoa. –Haietako batek bakarrik egina bada, baldin eta laukitxo hau markatu badu: zin egiten dut gurasoak/tutoreak bat gatozela eskaera honekin. –Horietako batek bakarrik eginikoa, baldin laukitxo hau markatu badu: gurasoak/tutoreak banantze, dibortzio edo desadostasun egoeran gaudela deklaratzen dut, eta ebazpen judiziala edo indarra duen dokumentazioa aurkezten dut, ahalmena ematen didana nik neuk bakarrik aukeratzeko semearen edo alabaren ikastetxea. Horretaz gain, aipatu dokumentazioa aurkeztu beharko du eta hartatik aterako da erabakia berari bakarrik dagokiola. Agiri horietatik ez bada ondorioztatzen erabakia soilik berari dagokiola, eskabidea tramitatuko da banantze, dibortzio edo desadostasun egoeretan daudela ikastetxeek nola jardun behar duten arautzen duten jarraibideetan eskolatzeari buruzko zatian (1. atala) ezarritako irizpideen arabera ulertu badaiteke bi gurasoek onartzen dutela eta egoera hori emandako agiriekin egiaztatu bada. –Gainerako kasuetan eskatzaileari errekerituko zaio eskaera osa dezan, ohartaraziz eskaera bertan behera geldituko dela baldin eta adierazitako epean osatzen ez badu. |
JAIEGUNAK | 1. Ebazpen honen II. eranskinean adierazitako datak aginduzkoak dira. “Bukaera egunen bat” jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen zaio. |
IRIZPIDE OSAGARRIA (hurbiltasun lineala) | 1. Bat etorriz 8/2015 Foru Aginduak, zeina abenduaren 29ko 141/2016 Foru Aginduak aldatu baitzuen, bere 2. oinarriaren 8. atalean ezarritakoarekin, eta aintzat hartuz Arartekoaren gomendioa, ikastetxe bakoitzeko organo eskumendunak 0,5 puntu emanen dizkio eskatzaileari baldin eta berorren helbidetik edo gurasoetako baten edo legezko tutoreetako baten lantokitik lehenbizi eskatutako ikastetxera dagoen distantzia ebazpenean hurbiltasun lineal gisa ezarritako distantzia bera edo hortik beherakoa bada, kontuan izanik eskatzaileak puntuazioa kalkulatzeko aukeratutako helbidea, bizitokia den kasuetan, 2019ko urtarrilaren 1a baino lehenago egon behar duela alta emanda, eta lantokia den kasuetan, bertan zerbitzu ematen ari behar duela 2018ko abenduaren 31n. |
ONARTZEKO BAREMOA | 1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak. 2. Baremorako, agiri bidez egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira. 3. 2017. urteko lanbide arteko gutxieneko soldata 9.907,80 eurokoa da. Errenta aitorpena aurkeztuz gero, baliozkotze mekanikoaren kodea daraman ale bat izan beharko du. Per capita errenta kalkulatzeko, ondoan heldu diren jarraibideak hartuko dira kontuan, dagokion atalean. Per capita errenta kalkulaturik, EDUCA aplikazioaren dagokion laukitxoan sartuko da balio hori. 4. Errenta tarteak eta EDUCAk bakoitzari emandako puntuazioa ondoko hau da: –Lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia edo hori baino txikiagoa bada per capita errenta (4.953,9 euro): 1,5 puntu. –Lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia baino handiagoa eta soldata horren hiru laurdenak edo txikiagoa bada per capita errenta (7.430,85 euro): 1,0 puntu. –Lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurdenak baino handiagoa eta soldata hori bera edo txikiagoa bada per capita errenta (9.907,80 euro): 0,5 puntu. –Lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa bada per capita errenta: 0 puntu. 5. Minusbaliotasun maila, %33koa edo handiagoa, dokumentu hauetako baten bidez frogatuko da: a) Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena, ziurtagiria edo txartela. (Nafarroan, gaur egun, Eskubide Sozialetako Departamentua da organo eskuduna). b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena (GSIN), ezintasun iraunkor osoagatik, ezintasun iraunkor absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik pentsioduna dela adierazten duena. c) Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren edo Defentsa Ministerioaren ebazpena, lanerako ezintasun iraunkorragatik edo lanerako desgaitasunagatik erretiro pentsioa aitortzen diona. 6. Legez familia ugaria izatea horretarako ezarritako titulu ofizialaren bidez egiaztatuko da. 7. Eskaerak hartzeko epea bukaturik, ez da baremoan eragin dezakeen dokumentazio gehiago onartuko. 8. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak EDUCAtik ateratako eredua erabiliz emanen dira aditzera, eta ikastetxean, toki ageri batean, erakutsiko dira. 9. Zerrendak argitaratu aurretik, ikastetxeek EDUCAren bidez jakinarazi beharko dute onartu izana. 10. Anai-arreba edo guraso edo tutore izaera ikastetxeak emandako ziurtagiri bidez frogatuko da. |
PER CAPITA ERRENTAREN KALKULUA, ONARTZEKO BAREMOAREN ONDORIOETARAKO | 1. Ondorio horietarako, familia unitatearen errentatzat hartuko da (dira) Likidazio Oinarri Osoa(k) (NFK-ko errenta aitorpenaren 525 laukia). 2. Ondorio horietarako, familia unitatetzat hartuko da aitorpenaren lehen orrialdean ageri den familia kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Ondorio horietarako, familia unitatearen per capita errenta kalkulatuko da likidazio oinarri osoa (atal honetako 1. puntua) zati familia kideen kopurua eginik (atal honetako 2. puntua). |
GIZARTE ETA KULTURA ALDETIK BAZTERTUTAKO IKASLEENTZAKO ERRESERBA | 1. Erreserbatutako plaza horiek eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena aurkeztea. |
BESTELAKO ERRESERBAK | 1. Ikasleak beste ikastetxe batera joan daitezke atzerriko hizkuntza bat ikastera. Hori errazteko, ikastetxeek matrikulatuta utziko dituzte ikasle horiek haien plazetan, gehienez ere ikasturte batez. Epe hori igarota, eta ikaslea ikastetxera itzuli ez bada, zegokion ikaspostua galduko du. 2. Behin matrikulatuta egonda, aurreko puntuan aipatutako ikasleak ikastetxeari eman beharko dio horren berri, eta esan zer herrialde eta herritan dagoen ikastetxea eta zein izen duen. |
JENDAURREKO ZOZKETA | Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituenak, 15. artikuluan ezartzen du ezen, berdinketa gertatuz gero, zozketa eginen dela organo eskudunaren aurrean. Zozketa hori jendaurrekoa izanen da eta Hezkuntza Departamenduan eginen da (San Domingo kalea, z.g.), ebazpen honen II. eranskinean ezarritako egun eta orduan. 1. Jendaurreko zozketarako prozedura: a) Zerrenda bat eginen da Nafarroan inskribatutako eta matrikulatutako ikasle guztiekin, eta bakoitzari zenbaki bat emanen zaio. b) Gero, zenbaki bat aterako da, ikasle batena izanen dena. c) Zenbaki hori nori dagokion, pertsona horretatik hasita zehaztuko da plazak esleitzeko lehentasuna. d) Urte berean jaiotako anai-arreben eskaeren kasuan, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 4ko 8/2015 Foru Aginduaren 2. oinarriko 10. atalean ezarritakoari jarraituko zaio. e) Zozketa bukatuta, haren emaitzaren arabera eratuko da onartu direnen zerrenda. f) Plaza huts guztiak esleituta direla, prozedura berari jarraituko zaio itxaron zerrenda osatzeko, zozketan parte hartzen dutenen zerrenda bukatu arte. g) Esleitutako plazei inork uko eginez gero, zerrenda hori erabiliko da. h) Aurreko prozedura horri guztiari buruzko akta eginen da, eta bertan jasoko da zozketaren emaitza. |
IKASLEAK ALFABETIKOKI ORDENATZEKO IRIZPIDEAK, BERDINKETAK EBATZI BEHAR DIREN KASURAKO | Ikasle guztiak ordenatzeko kontuan hartzen dira, lehenengo eta behin, abizenak, eta, bigarrenik, ponte-izena, EDUCAren ordena irizpideen arabera, hau da: 1. Ikasleek abizen bakarra badute, lehenaren ondoan bigarrena ere dutenen atzetik jartzen dira. 2. Aurrizkia duten abizenak eta abizen konposatuak: preposizioak, kontrakzioak, artikuluak eta zenbait abizenen parte diren bestelako hitzak abizen bakoitzaren osagarritzat hartzen dira. Kasu horietan, zuriunea a letraren aurreko karakteretzat hartzen da. 3. Letra larriak, tiletak, apostrofoak eta marratxoak ez dira aintzat hartzen ordenatzeko garaian. |
ERREKLAMAZIOAK BEHIN-BEHINEKO ZERRENDARI | 1. Zer ikastetxetan egin den aurreinskripzioa, hango zuzendari titularrari zuzenduko zaizkio behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, ebazpen honen II. eranskinean ezarritako epeko azken eguneko 14:00ak baino lehen. |
DOKUMENTAZIOA | 1. Epe arruntean eta berezian nahiz ikasturtea hasita dagoela ikastetxe batean sartzen diren ikasle berriek matrikula egiteko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute: a) Familia Liburuaren edo jaiotza agiriaren fotokopia eta, ikastetxeak erka ditzan, jatorrizko agiriak. b) Txerto karneta edo zein txerto dosi hartu diren adierazten duen beste agiri mediko bat. c) Osasun Txartelaren fotokopia. d) Egindako osasun azterketen txostenak, ikasleak minusbaliorik, eritasunik edo beste osasun arazorik baldin badu, ikastetxeak jakin beharrekoa (txosten audiometrikoak, otorrinolaringologiakoak, oftalmologiakoak eta abar). e) Erroldaren ziurtagiria edo bolantea aurreinskripzioaren orriarekin batera aurkeztuko da ikastetxean, horretarako ezarritako epeetan. 2. Eskaera eta matrikulazio tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturek bat etorri beharko dute Familia Liburuan agertzen direnekin. |
ITXARON ZERRENDAK | 1. Epe arrunteko nahiz bereziko itxaron zerrenden indarraldia aurreinskripzioa egiten den urteko urriaren 31 bitartekoa da. |
TOKIA GALTZEA JATORRIZKO IKASTETXEAN | 1. Behin ikasle bat behin betiko onartuta dagoela ikastetxe batean, tokia galtzen du jatorrizko ikastetxean. 2. Ikasle bat ikastetxe batean onartu dela ulertuko da, onartutako ikasleen behin betiko zerrendan agertzen denean, edo Hezkuntza Departamentuak ikastetxe batean tokia esleitzen dionean. |
HIRU URTEKO IKASLEAK: AUKERAK, MATRIKULA ETA AUKERA HOBETZEA | 1. 3 urteko ikasleen kasuan, behin betiko zerrendak argitaratu ondoren (epe arrunta, 1. zerrenda) tokirik ez badute sei aukeretako ezeinetan ere, aurreinskripzioa egin zuten ikastetxera jo beharko dute ebazpen honen II. eranskinean ezarritako epeetan, beste hiru aukera gehitzeko. 2. Inskripzio inprimakian lehenengo aukera gisa adierazitakoaz beste batean lortzen duten ikasleek, matrikula formalizatzeko garaian “aukera hobekuntza” adierazi dezakete horretarako ezarritako laukitxoan. 3. Aukera hori hautatzen bada, horrek ekarriko du plaza lortu ahal izatea hobetsitako aukeretako batean. Aukera hobekuntza egin eta gero onartutako 3 urteko ikasleen behin betiko zerrenda (3. zerrenda) ebazpen honen II. eranskinean zehaztutako datan argitaratuko da. 4. Aukera hobekuntza baliatuz gero, nahitaez aldatu beharko da ikastetxez, eta, hori dela eta, epe bat ezarri da aukera hobekuntza horri uko egiteko, irailaren 2an, 14:00etan, amaituko dena. |
EPE BEREZIA | 1. Epe arruntean herrialdez edo bizilekuz aldatu direlako eskaera egin ez duten ikasleek bakarrik izanen dute eskaera epe berezian aurkezteko aukera. Ondorio horietarako, helbide aldaketa justifikatzeko, posta kodearen aldaketa egon behar du. 2. Bizileku aldaketa frogatzeko, erroldaren ziurtagiria edo bolantea aurkeztuko da, aurreinskripzioaren epe arrunta itxi ondoren bizileku berrian alta hartu izana erakusteko. |
EPETIK KANPO ESKOLATZEA | 1. Epe bereziaren ondotik bizilekuz aldatzeagatik ikastetxez aldatu beharra justifikatua duten ikasleek bakarrik eskatzen ahalko dute plaza. Ondorio horietarako, helbide aldaketa justifikatzeko, posta kodearen aldaketa egon behar du. Egoera hori dokumentu bidez frogatuko da. 2. Ikastetxe guztiek eman eta jasoko dituzte eskaerak, plaza hutsak izan edo ez, eta tramitatu eginen dituzte behar diren oharrekin, Hezkuntza Departamentuari ikasle horiek eskolatzen laguntzearren. |
KOMUNIKAZIO BIDEAK | –Helbide elektronikoa: nescolar@navarra.es –Gurasoei eta ikasleei aholkuak eta orientazioa ematea: 848 42 66 17. –Tramitazio eta onarpen kontuak, ikastetxeentzat: 848 42 69 77. –Eskolatze Arloko Koordinatzailea: 848 42 65 57. –Faxa: 848426987 |
II. ERANSKINA 2019-2020 ikasturtea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak onartzeko prozesuaren egutegia |
PROZESUA | HASIERA-EGUNA | BUKAERA-EGUNA | |
EPE ARRUNTA | Ikastetxean inskribatzeko epea | Otsailaren 4a | Otsailaren 8a (14:00ak arte) |
Aurreinskribatutako ikasleen datuak EDUCA bidez sartzea | Otsailaren 12a | ||
Jendaurreko zozketa Hezkuntza Departamentuan | otsailak 15 (13:00etan) | ||
Onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda ikastetxean ikusgai jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean. Onartutako ikasleak nondik datozen ikastetxeei jakitera ematea (Educa) | martxoaren 1a | ||
Ikastetxean onartuen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioak egiteko egunak | Martxoaren 11 | Martxoaren 12a (14:00ak arte) | |
Ikastetxeak ebaztea onartutako ikasleen behin-behineko zerrendari jarritako erreklamazioak | Martxoaren 13a | ||
Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ikastetxean ikusgai jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean (3 urtekoen kasuan, 1. zerrenda) | Martxoaren 14a | ||
VII. eranskina EDUCA bidez igorri eta jakinaraztea: “Matrikularen aurreikuspena, aurreinskripzio-epe arruntaren ondoren” | Martxoaren 14a | ||
3 urteko ikasleak: gehienez ere beste 3 aukera gehitzeko azken eguna, tokirik lortu ez duten ikasleentzat | Martxoaren 21a | ||
Onartu gabeko ikasleak: Hezkuntza Departamentuak tokiak esleitzea | Martxoaren 15a | Martxoaren 25a | |
Tokia esleitua duten 3 urteko ikasleen zerrenda (2. zerrenda) | Martxoaren 25a | ||
3 URTEKO IKASLEEN MATRIKULA | Martxoaren 26a | Martxoaren 28a (14:00ak arte) | |
Bigarren Hezkuntzako ikastetxera berari atxikitako ikasleen zerrenda igortzea | Martxoaren 29a | Apirilaren 1a | |
HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZAKO IKASLEEN MATRIKULA (3 urtekoak izan ezik) | Ekainaren 24a | Ekainaren 27a (14:00ak arte) | |
VII. eranskina EDUCA bidez igorri eta jakinaraztea: “Ekaineko matrikularen aurreikuspena” | Ekainaren 28a arte | ||
3 urteko ikasleak: aukera hobekuntzari uko egiteko azken eguna | Irailaren 2a (14:00ak arte) | ||
3 urteko ikasleak: aukera hobekuntza egin ondoren onartutako ikasleen behin betiko zerrenda (3. zerrenda) | Irailaren 5a | ||
EPE BEREZIA | Ikastetxean inskribatzeko epea | Irailaren 2a | Irailaren 3a (14:00ak arte) |
Aurreinskribatutako ikasleen datuak EDUCA bidez sartzeko azken eguna | Irailaren 3a | ||
VII. eranskina EDUCA bidez igorri eta jakinaraztea: “Iraileko matrikularen aurreikuspena”) | Irailaren 3a | ||
Onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda ikastetxean ikusgai jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean. Onartutako ikasleak nondik datozen ikastetxeei jakitera ematea (Educa) | Irailaren 5a | ||
Ikastetxean onartuen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioak egiteko egunak | Irailaren 6a | Irailaren 9 (14:00ak arte) | |
Ikastetxeak ebaztea onartutako ikasleen behin-behineko zerrendari jarritako erreklamazioak | Irailaren 10a | ||
Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ikastetxean ikusgai jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean. (3 urteko ikasleen kasuan, epe bereziko 1. zerrenda) | Irailaren 10a | ||
Epe arrunteko ikasleen matrikula (aukera hobekuntza 3 urteko ikasleentzat) eta epe berezikoa | Irailaren 11 | Irailaren 12a (14:00ak arte) | |
Onartu gabeko ikasleak: Hezkuntza Departamentuak tokiak esleitzea | Irailaren 13a |
III. A ERANSKINA
3 urteko ikasleak inskribatzeko eskabidea. 2019-2020 ikasturtea (PDFa).
III. B ERANSKINA
Haur eta Lehen Hezkuntzako inskripziorako eskabidea, 3 urtekoak izan ezik. 2019-2020 ikasturtea (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1900094
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
