1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
69/2019 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendariak emanda, Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen zentsu ofiziala aldatzen duena (zentsua Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 22ko 111/2018 Ebazpenaren bidez onetsi, eta 2015eko 83. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 30ekoan, argitaratu zen), eta baja ematen diona zentsu horretan Otsagabiko udal-mugartean dagoen bainurako ur naturalen eremuari.
Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko otsailaren 15ean onetsitako 2006/7/EE Zuzentaraua, bainurako eremuen kalitatea kudeatzeari buruzkoa, gure barne zuzenbidean sartu zen Bainurako eremuetako uren kalitatea kudeatzeari buruzko urriaren 11ko 1341/2007 Errege Dekretuaren bidez.
Bainurako eremuak kudeatzeko oinarrizko arau esparrua den 1341/2007 Errege Dekretu horren xedeak dira bainurako uren osasun irizpideak ezartzea, ingurumenaren kontserbazioa, babesa eta hobekuntza, eta, arlo horretan, gutxieneko xedapenak ezartzea kontrolerako, sailkapenerako, kudeaketa neurriak hartzeko eta jendeari informazioa emateko.
Errege dekretu horren 3. artikuluan agintarien definizio batzuk sartu dira, besteak beste osasun agintariarena, hau da, autonomia erkidego bakoitzaren esparruan agindu horretan ezarritako osasun arloko baldintzak betearazteko ardura duenarena. Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren 8. artikuluarekin bat, Osasun Zuzendaritza Nagusiari dagozkio osasun agintaritza betetzea eta esku-hartze publikoaren eginkizunak, banakakoen eta gizataldeen osasunaren arloan.
Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 13. artikuluak xedatzen du Foru Komunitateko osasun arloko administrazioek osasun publikoarekin lotura duten jarduketak garatuko dituztela, eta a) atalean, ingurumenaren gaineko ardura zehazten du, giza osasunean izan dezakeen eraginaren aldetik. Horren barrenean sartzen da uraren ziklo integrala kontrolatu eta hobetzea, baita aisiarako erabiltzen denean ere.
Aipatu xedapenekin bat, Osasun Departamentuarena da 1341/2007 Errege Dekretuan araututako zenbait alderdiren gaineko eskumena eta, zehazki, bainurako eremuak, laginketa-tokiak, kontrolerako egutegia eta bainu denboraldia ezartzea eta zentsu ofizialeko altak eta bajak proposatzea.
Errege dekretuaren 4.2 artikuluan ezartzen denez, urtero, martxoaren 20an beranduenez, agintari eskudunek Bainurako Eremuen Zentsuko gutxieneko informazioa erantsiko dute, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioak 14.1 artikuluan xedatutakoa bete dezan, eta 4.3 artikuluan ageri den gutxieneko informazioa emanen da.
Osasuneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 29ko 1496/2012 Ebazpenarekin bat etorriz, zeinak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen esku uzten baitu zenbait eskumenen erabilera, institutu horri dagokio bainurako ur naturalen eremuaren zentsu ofiziala onestea.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 22ko 111/2018 Ebazpenak onetsi zuen Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen azken zentsu ofiziala. Zentsu horretan Río Anduña 1 izeneko bainurako eremua agertzen da, “ibaiko igerilekua” laginketa-gunea, Otsagabiako udal-mugartean; PM kodea (EUROSTAT) ES22000185C31185A1 du eta koordenatuak UTM ETRS89, X: 656555, Y: 4752738. Eremu horretarako indarrean jarraitzen du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak otsailaren 24an emandako 62/2016 Ebazpenak. Bertan, gomendatzen da bainurik ez hartzea uraren kalitatea behar adinakoa ez den bitartean.
1341/2007 Errege Dekretuaren 4.6 artikuluan ezartzen da baja ematen ahal zaiola zentsuan bainurako ur eremu bati edo laginketa-gune bati hainbat arrazoi direla medio, eta horien artean, 12.4 artikuluan deskribatzen diren egoerak gertatzea. Dekretuaren arabera, agintaritza eskudunak justifikatu behar ditu bainurako ur eremu bati edo laginketa-gune bati emandako baja guztiak, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioari komunikatuko zaizkion dokumentu batzuen bidez, 14. artikuluak aipatzen duen informazio sistemaren bidez, dagokion urtearen martxoaren 20a baino lehen.
2019ko otsailaren 28an, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak proposamen-txosten bat egin du, Otsagabiako bainurako ur naturalen eremuei zentsuan baja emateko. Txosten horretan, funtsean, honako hau esaten da:
“1. Era programatuan egin diren laginketek aski kalitaterik ezaren egoera erakutsi dute elkarren ondoko bost denboralditan.
2. Egoera aztertu da, ikusteko ea posiblea den zuzentzea atzemandako arazoak. Arazoetako bat, gutxienez, lotuta dago abeltzaintza estentsiboko jarduera batekin. Jarduera honek behar diren baimen guztiak dauzka eta lan hau egiteko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen ditu. Edonola delarik ere, baimendutako abeltzaintza jarduera honi lotutako kutsadura-prozesuak baldintza meteorologikoen mende daude neurri handi batean; uste izatekoa denez, zer eguraldi egonen den aurreikustea ezinezkoa da eta Pirinioko meteorologia bereziarekin loturik dago. Hor sartzen dira udako ekaitzak, maiz gertatzen direnak eta saihestezinak direnak.
3. Beraz, baldintza meteorologiko horiek ezin dira zuzendu, ez bada berariaz kentzen dela kutsadura sortzen duen abeltzaintza jarduera. Baina jarduera hori kentzeak proportziorik gabeko kostua ekarriko luke, eta kalte ekonomiko larriak sorraraziko zizkien Otsagabiako biztanleei.
4. Araudiak ezartzen du bainurako eremua izateko, beharrezkoa dela jende multzo handi batek erabiltzea, eta horrelakorik ez da ikusi kasu honetan, egin diren erregistroetan. Alderantziz, atzeman diren erabilerak eta dinamikak ez dute erakusten jende multzo handi batek eskatzen duenik han bainatzea, eta errege dekretuaren 3. artikuluak, bainurako eremuak zein diren definitzen duenak, ezartzen du “jende multzo handi batek erabili nahi dituenak” direla bainurako eremuak. Hasierako usteak bestelakoak ziren arren, denboraren joanak erakutsi du eskaera ez dela oso handia izan.
Horren ondorioz, uste dugu ongi betetzen direla errege dekretuak aipatzen dituen irizpideak, bereziki 12.4 artikuluak ezartzen dituenak, eta administrazio publikoak ezin duela egoera zuzendu neurri errealista eta proportzionatuen bidez (administrazio publikoaren ardura izanik osasunaren babeserako eskubidea eta giza-osasunarentzako arriskurik eza bermatzea), eta beraz, bidezkoa da Otsagabiko eremua bainurako ur naturalen eremuen zentsutik baja emateko proposamena, 1341/2007 Errege Dekretuaren babesean.”
Horren berri jakinarazi zaio Otsagabiko Udalari 2019ko martxoaren 7an, baita alegazioak egiteko aukera duela ere. Udalak alegazioak egin ditu 2019ko martxoaren 18an, eta alegazio horiei erantzun zaie Ingurumen Osasunaren Ataleko teknikarien 2019ko martxoaren 20ko osasun txostenaren bidez.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluan eta Osasuneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 29ko 1496/2012 Ebazpenean (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen esku utzi zuen zenbait eskumenen erabilera) ematen zaizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen zentsu ofiziala aldatzea (zentsua Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 22ko 111/2018 Ebazpenaren bidez onetsi, eta 2015eko 83. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 30ekoan, argitaratu zen), eta baja ematea Río Anduña 1 izeneko baino eremua, “ibaiko igerilekua” laginketa-gunea, Otsagabiako udal-mugartean, PM (EUROSTAT) ES22000185C31185A1 kodearekin eta UTM ETRS89, X: 656555, Y: 4752738 koordenatuekin.
2. Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen zentsu ofizial berria ezartzea, ebazpen honen 1. eranskinaren taulan ematen dena.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Uraren Zerbitzura, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira, Ebroko Ur Konfederaziora, Nafarroako Foruzaingora, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzura eta Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen hau Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA), Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, Otsagabiko Udalari, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua Erakunde Autonomoari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2019ko martxoaren 20an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, María José Pérez Jarauta.
I. ERANSKINA Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen zentsu ofiziala |
| KONTZEJUA | UDALERRIA | BAINURAKO EREMUAREN IZENA | LAGINKETA-GUNEA | X–UTM ETRS89 | Y–UTM ETRS89 | PM KODEA (EUROSTAT) |
1 | Artabia | Allin | Urederra ibaia 2 | Ibaiko igerilekua | 575187 | 4731752 | ES22000011C31011A1 |
2 | | Beriain | Morea baltsa 1 | Morea baltsa | 611707 | 4731866 | ES22000109C31109A1 |
3 | | Betelu | Araxes ibaia 1 | Ibaiko igerilekua | 583679 | 4763946 | ES22000055C31055A1 |
4 | | Burgi | Ezka ibaia 1 | Presa | 663443 | 4731528 | ES22000059C31059A1 |
5 | | Zarrakaztelu | Aragoi ibaia 1 | Presa | 630151 | 4695037 | ES22000067C31067A1 |
6 | | Lizarra | Ur gaziko iturburua 1 | Aska | 578844 | 4724503 | ES22000097C31097A1 |
7 | Lerate | Gesalatz | Allozko urtegia 1 | Pieza Redonda | 587142 | 4730533 | ES22000120C31120A1 |
| | | | Hondartza | 586989 | 4730458 | ES22000120C31120A2 |
8 | | Nabaskoze | Benasako arroila 1 | Ibaiko igerilekua | 653819 | 4729984 | ES22000181C31181A1 |
9 | | Tutera | Pulguer baltsa 1 | Pulguer baltsa | 607020 | 4656525 | ES22000232C31232A1 |
10 | | Uztarroze | Uztarroze ibaia 1 | Ibaiko igerilekua | 668042 | 4751018 | ES22000247C31247A1 |
11 | Zudairi | Ameskoabarrena | Urederra ibaia 1 | Zentrala | 571209 | 4736463 | ES22000013C31013A1 |
Iragarkiaren kodea: F1907147