109. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

897/2019 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez agintzen baita argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena”, Gobernu Kontseiluak 2019ko maiatzaren 24an hartu zuen erabaki baten bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko 2019ko maiatzaren 24ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, zeinaren bidez onetsi baitzen “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena”.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE
PUBLIKOKO ADMINISTRAZIOKO ETA
ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA 
ORGANIKOA ALDATZEN DUENA

1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak ezartzen du plantilla organikoa onetsi egin behar dela. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, aplikatu beharrekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileei, Unibertsitatearen Estatutuen 106. artikuluaren arabera. Plantilla horretan, lanpostuak zerrendatu behar dira, behar bezala sailkaturik, eta adierazi behar da bakoitza zein mailari dagoen atxikia, eta, bidezkoa denean, lanpostuan aritzeko egiaztatu behar diren betebehar espezifikoak, bai eta izendapen librearen bidez bete daitezkeen lanpostuak eta erregelamenduaren arabera ezarri diren ordainsari osagarriak esleituak dauzkatenak ere.

Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6an hartu zuen Erabakiaren bidez –zeina 2009ko urriaren 30ean errektoreak emandako 1600/2009 Ebazpenaren bidez argitaratu baitzen–, onetsi egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen plantilla organikoa. Plantilla hori askotan aldatu da, urtero argitaratzen da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoera eta egitura organikoa islatzen ditu. Hain zuzen, 2019ko otsailaren 21ean argitaratu zen azkenekoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 36. zenbakian, errektoreak 2019ko urtarrilaren 30ean emandako 146/2019 Ebazpenaren bidez.

Zerbitzu eta unitate organiko batzuek hala eskatu baitute, beharrezkoa da plantilla organikoan zenbait aldaketa egitea, zerbitzu eta unitate horien benetako beharretara egokitzeko.

Proposamena Negoziazio Mahaian aurkeztuta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuei entzun ondoren, hau da kudeatzaileak, 2019ko maiatzaren 24an egindako bileran, Gobernu Kontseiluari proposatu dion,

ERABAKIA:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen plantilla organikoaren aldaketak onestea. Eranskin gisa gehitu den oroitidazkian daude aldaketa horiek.

Bigarrena.–Erabaki hau eta bere eranskina Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratzen den egun berean sortuko ditu ondorioak erabaki honek.

Hirugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.”

Iruñean, 2019ko maiatzaren 24an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

ERANSKINA

Oroitidazkia: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoaren aldaketak

2019. urteko ekitaldia

A.–Egituren aldaketa.

A.1.–Unitate bat sortzea.

–Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen Gaietarako Errektoreordetza / -- / -- / Osasun Zientzien Saila.

–Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen Gaietarako Errektoreordetza / -- / -- / Osasun Zientzien Saila-Laborategiari Laguntzeko Unitatea.

Justifikazioa: Sortu den unitate berri honetan kokatuko dira Medikuntzako Gradua ezartzearen ondoriozko beharrei erantzuteko sortu diren Laborategiko ofizialen bi lanpostuak.

A.2.–Gaztelaniazko izenaren aldaketa.

Idazkaritza Nagusia / -- / Agirien Kudeaketako eta Artxibo Nagusiko Atala.

HASIERAKO IZENA

AZKENEKO IZENA

SECCIÓN DEL GESTIÓN DEL DOCUMENTO Y ARCHIVO GENERAL

SECCIÓN DE GESTIÓN DE DOCUMENTOS Y ARCHIVO GENERAL

Justifikazioa: Atalaren gaztelaniazko izena ez da zuzena, eta, hori, aldi berean, beste gai batzuetan islatzen da (organigrama, etab.); izan ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denez, izen ofizialtzat hartzen da, eta ez da hala.

Atalaren izen ofiziala Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 2009ko 55. zenbakian ezarri zen, maiatzaren 6koan, 5433. orrialdean, orduan aldatu baitzen haren izena, eta “Sección de Archivo General” (Artxibo Nagusiko Atala) izatetik “Sección de Gestión de Documentos y Archivo General” (Agirien Kudeaketako eta Artxibo Nagusiko Atala) izatera pasatu zen.

Gaur egungo gaztelaniazko izena transkripzio akatsen baten ondorioa da.

B.–Lanpostuen aldaketak.

B.1.–Lanaldiaren aldaketa.

Lanpostu honen lanaldia aldatu da:

LANPOSTU ZK.

LANPOSTUA

HASIERAKO LANALDIA

AZKENEKO LANALDIA

111

MANDATARIA

Goizez

Arratsaldez

Justifikazioa: Arratsaldeko txandan langile gehiago behar dira, premiak sortu baitira zenbait egoera direla-eta: lanaldi murrizketak, murrizketa medikoak, langileen adina, eta Sailen eta Laguntza Administratiborako Unitateen berrantolaketaren ondoriozko lan karga berriak.

B.2.–Lanpostuak sortzea.

Lanpostu hauek sortu dira:

–Ikerketa Errektoreordetza / Ikerketa Zerbitzua / Jakintza Bestetaratzeko Atala.

  • Kudeaketaria O.L.
  • Maila: B.
  • Lanpostuaren zk.: 662.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria: Iruñea.
  • Justifikazioa: Ikerketa katedrekin loturiko jarduerak gorakada handia izan du, eta, kudeaketa ekonomikoa eta dokumentala egiteaz gain, Ikerketa Zerbitzuak katedren esparruan deitzen diren beken, sarien eta laguntzen deialdi guztien kudeaketa osoa egiten du (deialdiak eta ebazpenak idaztea, txostenak, eskaerak jasotzea, argitalpenak prestatzea, bai eta ebaluazioan laguntza ematea ere). Funtsezko ekintza horietan oinarritzen da katedren jardueraren zati handi bat.

Gainera, katedra berri ugari sortzen ari dira, eta, ondorioz, beharrezkoa da horretan arituko diren langileak sartzea, Ikerketa Zerbitzuak jarraitu ahal dezan katedrei laguntzen eta laguntza hori hobetzen.

Halaber, lanpostu berri honek aukera emango du Ikasleen Gaietarako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzarekin koordinazioan Zerbitzuak egiten dituen lanetan laguntzeko, Unibertsitateko oinarri teknologikoko enpresekin eta haien kudeaketa eta jarraipenarekin loturiko guztian.

–Irakaskuntzako Errektoreordetza / --- / Hizkuntza Plangintzarako Atala.

  • Teknikaria O.L. (Euskara).
  • Maila: A.
  • Lanpostuak: 1.
  • Lanpostuaren zk.: 663.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria: Iruñea.
  • Hizkuntza: Euskara C1.
  • Justifikazioa: Itzulpenen eta haiekin loturiko beste lan batzuen lan karga (testuen zuzenketa eta berrikuspena, aholkularitza...) nabarmen handitu da, eta are gehiago handituko dela aurreikusten da zenbait faktorerengatik, besteak beste: euskarazko ikasketen eskariaren gorakada, NUPen Plan Estrategikoan eta Euskararen Plan Gidarian jasotako konpromiso instituzionala, euskarazko irakasgaien gorakada, webgunearen egokitzapena...

Hori dela-eta, beharrezkoa da teknikari itzultzaile lanpostu berri bat sortzea. Gainerako itzultzaileekin partekatzen ahalko du lana, nolabaiteko malgutasunez, arlo administratiboan edo arlo akademikoan unean-unean dagoen itzulpen eskariaren arabera.

–Kudeatzailetza / Informatika Zerbitzua / Campus Zerbitzuen Atala.

  • Kudeaketaria O.L.
  • Maila: B.
  • Lanpostuaren zk.: 664.
  • Lanaldia: zatitua.
  • Herria: Iruñea.
  • Justifikazioa: Campus Atalean beharrak eta laguntza teknikoen premia gero eta handiagoak dira; izan ere, asko handitu da webgunean eman beharreko laguntza, alde batetik, zerbitzuak aurkezteko modua delako, gizartearekiko lotura hurbilagoa eta handiagoa izan dadin, eta, bestetik, gero eta gehiago direlako zerbitzuen atariaren bidez ematen diren barne zerbitzuak.

Zerbitzu kritikoak dira, eta laguntza teknikoa izan behar dute goizez zein arratsaldez, urteko egun guztietan.

Ohiko laguntza teknikoaz gain, une honetan zenbait lani helduko zaie: edukien berrantolaketa, webgunearen migrazioa eta zerbitzuen atariko edukien berregituraketa.

Lan horiek denboran mantenduko dira, hots, badakigu noiz hasiko diren, baina ez noiz bukatuko diren; hartara, beharrezkoa da langile gehiago izatea, arlo horietan dauden gero eta behar handiagoei erantzuna emateko.

–Kudeatzailetza / Informatika Zerbitzua / Erabiltzaileari Laguntzeko Atala.

  • Ofizial teknikoa (Informatika Zerbitzua).
  • Maila: C.
  • Lanpostuaren zk.: 665.
  • Lanaldia: zatitua.
  • Herria: Iruñea.
  • Justifikazioa: Medikuntzako titulazio berria abian jarri ondoren, beharrezkoa da Informatika Zerbitzuak eman behar duen laguntza antolatzea, titulazio hori abian jartzearen ondorioz sortutako beharrei erantzuteko.

Osasun Zientzietan eman beharreko laguntza teknikoa ere handitu da, langileak hasi direlako NUPeko Navarrabiomed eraikinean, eta langileek hara joan behar dutelako erabiltzaileek laguntza teknikoa eskatzen dutenean.

–Kudeatzailetza / Antolaketaren, Kalitatearen eta Prozesuen Zerbitzua / Kudeaketa Hobetzeko Atala / Ikastegiak eta Sailak Koordinatzeko Unitatea / Administrazio Laguntzako 6. Unitatea.

  • Administrari laguntzailea O.L.
  • Maila: D.
  • Lanpostuak: 1.
  • Lanpostuaren zk.: 668.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria: Iruñea.
  • Justifikazioa: Medikuntzako eta Psikologiako gradu berriak ezartzearen ondorioz, lan karga nabarmen handituko da Osasun Zientzien Sailari laguntza ematen dion Administrazio Laguntzako Unitatean; izan ere, sail horrek izango du batez ere gradu horietako irakaskuntza ematearen ardura. Zehazki, alderdi hauetan handituko da lan karga: irakasgaiaren arduradunek ematen dituzten kronogramak berrikustea, kontrolatzea eta guneak kudeatzeko tresnan iraultzea; guneak erreserbatzea eta kanpoko irakasleei harrera egitea eskolak emateko erabili behar dituzten oinarrizko tresna informatikoei buruzko jarraibideak emateko; eta ikasleentzako informazio-puntu bat ezartzea, unitateak jasotzen dituen kontsulta eta eskaera presentzial ugariei erantzuna emateko.
  • Administrari laguntzailea O.L.
  • Maila: D.
  • Lanpostuak: 1.
  • Lanpostuaren zk.: 669.
  • Hizkuntza: Euskara C1.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria: Iruñea.
  • Justifikazioa: Medikuntzako eta Psikologiako gradu berriak ezartzearen ondorioz, lan karga nabarmen handituko da Osasun Zientzien Sailari laguntza ematen dion Administrazio Laguntzako Unitatean; izan ere, sail horrek izango du batez ere gradu horietako irakaskuntza ematearen ardura. Zehazki, alderdi hauetan handituko da lan karga: irakasgaiaren arduradunek ematen dituzten kronogramak berrikustea, kontrolatzea eta guneak kudeatzeko tresnan iraultzea; guneak erreserbatzea eta kanpoko irakasleei harrera egitea eskolak emateko erabili behar dituzten oinarrizko tresna informatikoei buruzko jarraibideak emateko; eta ikasleentzako informazio-puntu bat ezartzea, unitateak jasotzen dituen kontsulta eta eskaera presentzial ugariei erantzuna emateko.

–Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako Errektoreordetza / -- / -- / Osasun Zientzien Saila-Laborategiari Laguntzeko Unitatea.

  • Laborategiko Zerbitzuetako ofiziala.
  • Maila: C.
  • Lanpostuaren zk.: 666.
  • Titulazioa: Anatomia Patologikoko goi mailako teknikaria.
  • Lanaldia: zatitua.
  • Herria: Iruñea.
  • Justifikazioa: Medikuntzako Gradu berria ezartzearen ondorioz, beharrezkoa da langile mota hau izatea, praktiketako orduak gehituko direlako, metodologia berriak sartuko direlako eta Erizaintzako Graduan gaitasunak ebaluatzeko jarduera integratuak sartuko direlako. Medikuntzako Gradua Osasun Zientzien Fakultatera atxikita egongo da eta Osasun Zientzien Saileko kideek irakatsiko dute hartan.
  • Laborategiko Zerbitzuetako ofiziala.
  • Maila: C.
  • Lanpostuaren zk.: 667.
  • Titulazioa: Laborategi Kliniko eta Biomedikoko goi mailako teknikaria edo haren baliokidea den osasun kliniko eta biomedikoaren esparruko goi mailako teknikari titulua.
  • Lanaldia: zatitua.
  • Herria: Iruñea.
  • Justifikazioa: Medikuntzako Gradu berria ezartzearen ondorioz, beharrezkoa da langile mota hau izatea, praktiketako orduak gehituko direlako, metodologia berriak sartuko direlako eta Erizaintzako Graduan gaitasunak ebaluatzeko jarduera integratuak sartuko direlako. Medikuntzako Gradua Osasun Zientzien Fakultatera atxikita egongo da eta Osasun Zientzien Saileko kideek irakatsiko dute hartan.

Iragarkiaren kodea: F1907261