109. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

232E/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita “Urdazubiko Udal Planaren egiturazko aldaketari” dagokionez. Eliz-Aldea SL da aldaketaren sustatzailea.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluko (Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua) 2. apartatuan xedatutakoa aplikatuz, planen aldaketa txikiek ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Aldaketa hasiera batean onetsi zuen Urdazubiko Udalak, 2018ko abuztuaren 31n egin osoko bilkuran, eta 2018ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2018ko urriaren 8an, jendaurrean jartzeko. Epe horretan, ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

2018ko azaroaren 16an, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteari hasiera emateko eskaera igorri zuen Urdazubiko Udalak. Memoriak eta planoek, ingurumen-azterketa estrategikoak eta parte-hartze planak osatzen zuten espedienteko dokumentazio guztia. Gero, otsailean, I. eranskina gehitu zitzaion ingurumen-azterketa estrategikoari.

Aldaketaren xedea da merkataritzako erabilerako lurzoru urbanizagarria handitzea Dantxarinea-Landibarko eremuan, 1. poligonoko 108. lurzati osoa, lurzoru urbanizaezinekoa, gaineratuz. Horrekin batera, N121B errepidean biribilgune berria egitea aurreikusten da, eremutik hegoaldera, eta, orobat, merkataritza eremu berria harekin lotzea.

Udal Planaren aldaketan proposatzen da 108. lurzatia exekuzio unitate berri bat izatea (UE9), eta eremu osorako determinazio xehatuak ezartzen dira. Erabilerak, bide publikoen sistema orokorrak, espazio libre publikoak, ekipamenduak eta zuzkidurak zehazten dira. Eremuaren 23.192,16 m² dira eraikigarriak; horietatik, %66 (15.169,41 m²) merkataritzako erabilerakoak dira, eta 8.022,75 m² hirugarren sektorerako dira. Espazioaren antolamendua honela gelditzen da: merkataritzako eremu bat (egungo saltokiekin muga egiten duena), eraikin batek, sartzeko bideek eta aparkatzeko guneek eratua; eta, haren inguruan, berdegune bat, haren diseinuan oinezkoentzako pasealekuak, altzariak, zuhaitzak eta landaketa pedagogikoak dituena. Hegoaldean hirugarren sektoreko eremua dago, baita espazio librea ere, berdegunearen antzeko tratamendua duena; Landibarko auzotik hurbil, berriz, balio anitzeko ekipamendurako espazioa gorde da.

Hornidurarako oinarrizko azpiegiturei dagokienez, adierazten da ez dela behar hornidurarako edo saneamendurako azpiegitura berririk. Hornidura elektrikoa gauzatzeko, transformazio zentroak jarriko dira lurzati pribatu edo publikoetan, lurpean ezkutaturik edo erakinetan integraturik.

Aldaketaren eremuak 3,4 hektareako azalera dauka, eta lurzatiko desnibel topografikoak eragin nabarmena du eremuaren diseinuan eta antolamenduan, kota-ezberdintasuna 30 m ingurukoa da eta. Ingurumen-azterketa estrategikoan kontuan hartzen da eremuko topografiak garrantzia duela hirigintzako esku-hartzeak paisaian sortzen dituen inpaktuak leuntzeko orduan.

Ikusirik zein diren esparruaren eta topografiaren ezaugarriak, paisaian eragindako inpaktua eta sortutako lur soberakinak dira hirigintzako esku-hartzeak dituen ingurumen ukipen nagusiak.

Planoetatik eta memoriatik eratortzen diren paisaia-integraziorako neurriak dira, besteak beste, eraikinetan eta aparkatzeko guneetan lorategi bihurtutako estalki berdeak erabiltzea, lurraren kontra eraikitzea, eta berdegunea eta eraikinik gabeko espazioak Landibar eta Dantxarinea arteko loturarako espazio gisa diseinatzea eta ekipatzea. Neurri horiek eraginkorrak direla bermatzeko, behar den hirigintza-fitxan determinazio lotesle gisa sartu beharko dira.

Eremuaren antolamenduan 720 toki aurreikusi dira aparkatzeko; hots, eremurako zenbatetsi diren tokiak baino 300 gehiago. Merkataritzako gunean atzeman diren beharrei erantzun nahi zaie horrela. Gainazal iragazgaitzak gutxitzeko, lur gaineko aparkaleku guztietan sistema drainatzaileak edo landarez osaturikoak ezarriko dira. Neurri horrek, mendi-magaletik heldu diren jariatze-uren tratamenduarekin batera, izaera loteslea izanen du urbanizatzeko proiektuan.

Ingurumen-azterketa estrategikoaren I. eranskinean aurreikusi da 126.200 m³ lur geldituko direla soberan, betelanetarako bi tokitan (merkataritza-gunearen atzealdea eta aparkalekuaren ondoko tokia) berrerabili ondoan. Ahaleginak eginen dira lurren bolumen gehiena eremuan berean geldi dadin. Hala ere, ez da analizatu, ingurumenari dagokionez, 2. poligonoko 65. lurzatian lurrak sartzeari buruzko proposamena (aparkaleku goratu bat dago han). Hasiera batean, proposamen hori ez da bideragarria; izan ere, ez dator bat 2012an antolamenduaren arloan onetsitako aurreikuspenekin, urte horretan aldatu baitzen Urdazubiko Udal Plana (Dantxarinea-Landibar).

Horrenbestez, erauzketa jarduerak ukitutako espazio bat lehengoratzeko (R10) erabiliko dira indusketetatik ateratako lur naturalak, Ikaburuko harrobi zaharra lehengoratzeko, hain zuzen. Espazio horren gainean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak 17E/2015 Ebazpena eman zuen urtarrilaren 23an, eta, gainera, jarduera lizentziaren aldeko aurretiazko txostena eta jarduera sailkatuaren lizentzia eman zitzaion (Alkatetzaren 34. Ebazpena, 2015eko apirilaren 34koa). Lur horiek kudeatzeko, Ikaburuko harrobia betetzeko proiektuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Gune akustikoak ezartzerako orduan, gainera, eremua hirugarren sektoreko gune akustiko gisa sartu beharko da aldaketan.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen, baldintza batzuekin.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ez jartzea ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arruntaren menpe “Urdazubiko Udal Planaren egiturazko aldaketa”, Eliz-Aldea SLk sustatua, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Aldaketa horren aldeko ingurumen-txosten estrategikoa ematea, betebehar hauek eransteko baldintzapean:

–Araudian honako hauek sartzea aldaketaren determinazio lotesle gisa:

–Paisaia-integraziorako neurriak, besteak beste, eraikinetan eta aparkatzeko guneetan lorategi bihurtutako estalki berdeak erabiltzea, lurraren kontra eraikitzea, eta berdegunea eta eraikinik gabeko espazioak Landibar eta Dantxarinea arteko loturarako espazio gisa diseinatzea eta ekipatzea.

–Sistema drainatzaileak edo landarez osaturikoak ezartzea aparkalekuetan.

–Euri-uren kudeaketa.

–Indusketetatik ateratako lur naturalak Ikaburuko harrobia lehengoratzeko erabiltzea, harrobia betetzeko proiektu indardunari jarraikiz.

–Gune akustikoak ezartzerako orduan, eremua hirugarren sektoreko gune akustiko gisa sartzea.

–Aldaketatik eratorritako aurreikuspenak gauzatzean eta garatzean, ingurumen-azterketa estrategikoan sartutako prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak hartuko dira.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluan aurreikusten denari jarraikiz, ingurumen-txosten estrategikoaren aurka ezinen da errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe aldaketa egituratzailea onetsi zuen xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeen errekurtsoak, edota aldaketa egituratzailea onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Urdazubiko Udalari eta Planeamendu Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1905548