108. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

336/2019 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin-behinekoz ebazten baita unibertsitateko ikasketak eta derrigorrezko ikasketen ondoko unibertsitatez kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako beka eta laguntzen 2018-2019 ikasturterako deialdi orokorra.

Ikusirik Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuko zuzendariak ikasketetarako beka eta laguntzen 2018-2019 ikasturteko deialdi orokorra behin-behinekoz ebazteko eman duen txostena (deialdia irailaren 6ko 607/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2018ko 181. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, irailaren 18koan), eta ebazpen horren 10. eta 12. oinarrietan ezarritakoa betez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. I. eranskineko ikasleei ikasketetarako bekak ematea behin-behinekoz, izan daitezkeen erreklamazioak galarazi gabe, unibertsitateko ikasketak eta derrigorrezko ikasketen ondoko unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko, 2019ko aurrekontuko “Irakaskuntza ertainetarako eta goi mailako ikasketetarako beka eta laguntzak” izeneko 410002 41140 4800 323100 partidaren kargura.

2. Bekak behin-behinekoz ukatzea II. eranskinean ageri diren ikasleei, deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik.

3. Ikasketarako, garraiorako, jantokirako eta bizitokirako beka edo laguntzen zenbatekoak, errenta tarteen araberakoak, eta laguntza bereziei dagozkienak aipatu deialdiaren 9. arauan ezarritakoak dira.

4. Onuradunei pagatu beharreko zenbateko zehatza Nafarroako Gobernuak ematen duen laguntzari Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak edo Eusko Jaurlaritzak ematen duen bekaren zenbatekoa kenduz lortuko da, aipatu deialdiaren 9. arauan xedaturikoarekin bat. Horretarako, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak edo/eta Eusko Jaurlaritzak bekak eman edo ukatzearen gaineko frogagiria aurkeztua behar dute izan.

5. Deialdiaren 12. araua betetzearren, I. eta II. eranskinetan biltzen diren eskatzaileek adjudikazio irizpideak oker ezarri zaizkiela uste badute edo, inguruabar ekonomiko eta akademikoengatik, iruditzen bazaie laguntza jaso duen beste izangairen batek baino eskubide gehiago dutela, beren beka edo laguntza espedientearen berrikusketa eskatzen ahalko dute, hilabeteko epearen barnean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Eskaera Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari zuzenduko zaio. Halaber, zerbitzu horrek ofizioz ikuskatzen ahalko ditu akatsak dituzten espedienteak edo 2018-2019 ikasturteko beka eta laguntzen deialdi orokorrean xedatutakoa urratzen dutenak.

6. 2018-2019 ikasturteko beka eta laguntzen deialdi orokorreko kanpaina 2019ko irailaren 30ean bukatuko da behin betiko. Espediente edo erreklamazioren bat ondoren ebazten bada, 2019-2020 ikasturteko bekekin batean ordainduko dira.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea eta ebazpen honen eranskinak jendaurrean jartzea honako tokiotan:

–Nafarroako Gobernuko Argibide Bulegoa, Karlos III.aren etorbidea 2, Iruña.

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoa, San Domingo aldapa z.g., Iruña.

8. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzaile delegatura, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 30ean.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

Iragarkiaren kodea: F1907608