107. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

226/2019 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Iruñeko “Kid´s Garden” Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe pribatuaren baimena aldatzen duena, titulartasuna aldatzeagatik.

Carmen Merodio Sotillo andreak eta Mar Contreras Luzón andreak, Centros Infantiles Kid´s Garden SL ordezkatuz, eskaera egin dute Iruñeko “Kid´s Garden” Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko, zentroaren titulartasuna aldatu baita: Miravalles-El Redín fundazioak aipatu entitateari eman dio. Eskaera horren aurrean instruitu den espedientea ikusi da.

Ikusirik martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren 29. artikuluaren e) letran ezarritakoa, izan ere, dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu zen eta hura ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta zikloaren hezkuntza edukiak ezarri ziren.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko “Kid´s Garden” Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe pribatuak daukan baimena aldatzea (ikastetxearen kodea: 31014736), titulartasuna aldatzeagatik. Hori horrela, 2019-2020 ikasturtetik aurrerako ondorioekin, Centros Infantiles Kid´s Garden SL izanen da titularra (IFZ: B36919702).

2. Adieraztea titular berriak subrogatuak izanen dituela indarra duen legerian ezarritako eskubide, betebehar eta karga guztiak, ikastetxean eragina dutenak; bereziki, Hezkuntza Departamentuarekiko harremanekin zerikusia duen guztia.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau ikastetxearen titularrari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura eta Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalera.

Iruñean, 2019ko apirilaren 15ean.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

Iragarkiaren kodea: F1905710