107. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

205/2019 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez baimen berri bat ematen zaio Iruñeko “Creanavarra” atzerriko ikastetxe pribatuari, eskaintzen dituen ikasketak aldatzeagatik.

Iruñeko “Creanavarra” atzerriko ikastetxeko titularra den “Creanavarra Centro Superior de Diseño, Sociedad Limitada” erakundea ordezkatuz Carolina Beperet Liberal andreak sustatuta, ireki den espedientea ikusirik, ikastetxeari baimena eman dakion eskaintzen dituen Erresuma Batuko hezkuntza sistemako ikasketak aldatzeko (horretarako baimenduta dago, eta ikasketa horiek iraungi dira), eta hezkuntza sistema bereko beste batzuk emateko, modalitate presentzialean.

“British Council en España” erakundeak emandako ziurtagiria ikusirik, zeinean esaten baita eskatutako ikasketa berriak balio eta aitorpen osoa daukatela Erresuma Batuan.

Ikusirik, halaber, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioko Plangintza eta Hezkuntza Kudeaketako Zuzendaritza Nagusiak emandako txostena, zeinetan adierazten baita eman gogo diren tituluak banaka homologatzen/baliozkotzen ahal direla ikasle eskatzaile bakoitzak aurkeztutako dokumentazioa zehazki aztertu ondoren, baina ezin direla besterik gabe homologatu/baliozkotu Espainiako hezkuntza sistemako Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketekin/tituluekin, ez baitago baliokidetza taularik Erresuma Batuko eta Espainiako irakaskuntzen artean.

Espainian dauden ikastetxe atzerritarren araubideari buruzko maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoa kontuan harturik.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,

EBATZI DUT:

1. Baimen berria ematea, 2018-19 ikasturtetik aurrera, Iruñeko “Creanavarra” atzerriko ikastetxe pribatuari (Ikastetxearen kodea: 31014633), modalitatea presentzialean ematen dituen ikasketak aldatzeagatik.

2. Nafarroako Gobernuko Unibertsitatez Kanpoko Ikastetxeen Erregistroan ikastetxearen datu hauek inskribatuko dira:

–Ikastetxearen kodea: 31014633.

–Titularra: Creanavarra Centro Superior de Diseño, Sociedad Limitada.

–Izen generikoa: atzerriko ikastetxe pribatua.

–Berariazko izena: Creanavarra.

–Helbidea: Larrabide kalea 17-19.

–Herria: Iruña.

–Udalerria: Iruña.

–Modalitate presentzialean baimendutako ikasketak: Erresuma Batuko hezkuntza sistemako goi mailako hezkuntza esparruaren parte diren hurrengo ikasketa programak, “Bussiness and Technician Education Council (BTEC)” kontseiluaren zenbait titulu lortzera daramatenak (“Higher National Diploma”), adierazten den ikaspostu kopuruarekin:

  • “BTEC Level 5 - Higher National Diploma Graphic Design (Graphic Design)”: 30 ikasle.
  • “BTEC Level 5 - Higher National Diploma in Art and Design (Fashion)”: 30 ikasle.
  • “BTEC Level 5 - Higher National Diploma in Art and Design (Interior Design)”: 30 ikasle.
  • “BTEC Level 5 - Higher National Diploma in Art and Design (Product Design)”: 60 ikasle.
  • “BTEC Level 5 - Higher National Diploma in Creative Media Production (Visual Effects)”: 30 ikasle.

–Baimendutako ikasleak: espainiarrak eta atzerritarrak.

3. 806/1993 Errege Dekretuaren 16. artikuluarekin bat, ikastetxeko entitate titularrak behar den baimena eskatu beharko dio departamentu honi, “British Council en España” erakundearen ziurtagiria eta izandako aldaketaren frogagiria aurkeztuta, baldin eta ikastetxearen konfigurazioa aldatu nahi bada eta horrek ebazpen honen 3. atalean ezarritako erregistro datuak aldatzea ekartzen badu, edo instalazioak aldatu nahi badira.

4. Ohartaraztea, halaber, ikastetxeak Nafarroako Gobernuko Ikastetxeen Erregistroan duen inskripzioa deuseztatu, baliogabetu edo aldatzen ahalko dela, bidezkoa denaren arabera, titular interesdunari entzun ondoren, baldin eta inskripzioaren oinarri izandako funtsezko baldintzak aldatzen badira edo maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoa urratzen bada, errege dekretu horren 17. artikuluak ezarritako moduan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau ikastetxearen titularrari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzura, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalera eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora igortzea.

Iruñean, 2019ko apirilaren 8an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

Iragarkiaren kodea: F1905606