105. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 31

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRA

Aurretiazko administrazio baimena,
Puyloboko 48,51 MW-eko parke eolikorako

Politika Energetikoaren eta Meategien Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena, Sistemas Energéticos Loma del Viento SAUri aurretiazko administrazio baimena ematen diona, Puyloboko 48,51 MW-eko parke eolikorako eta energia eramateko 30 kV-eko linea elektrikoetarako, Borjako eta Mallengo udal-mugarteetan, Zaragozako probintzian, eta Corteskoan, Nafarroako probintzian.

Sistemas Energéticos Loma del Viento SAUk (aurrerantzean, eskatzailea), helbidea Zaragozako Gómez Laguna etorbidean, 25 4.a A, duenak, 2017ko martxoaren 27an eskatu zuen aurretiazko administrazio baimena Puyloboko 62,37 MW-eko parke eolikorako.

Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloan eta Gobernuaren Zaragozako Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arloko Bulegoan ireki zen espedientea.

Espedientea Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin bat tramitatu zen, eta kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien ukitutako administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei.

Eskaera jendaurrean jarri zen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoarekin bat, eta zenbait alegazio jaso ziren, eskatzaileak behar bezala erantzun zituenak.

Besteak beste, Aragoiko Gobernuko Energia eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiaren txostena jaso zen, adieraziz parke eoliko horrek ez duela ukipen eolikorik Aragoiko Autonomia Erkidegoan alegazio horren egunera arte tramitatutako proiektuen gainean. Hori guztia, halere, erkidego horretan tramitazio prozesuan dauden eta oraindik erakunde horrek egiaztatzerik izan ez dituen proiektuen gainean izan daitezkeen ukipen eolikoak ukatu gabe. Eskatzaileak erantzun du esanez kontuan hartuko dituela instalazioak erakunde horren ardurapeko ondasunetan izan ditzakeen ukipenak.

Udal hauen erantzunak ere jaso dira, eta ez dute eragozpenik jartzen: Cortesko Udala, Mallengo Udala eta Borjako Udala. Eskatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela jakinarazi du.

Enagas SAren, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren erantzunak jaso dira; horietan baldintza teknikoak ezartzen dira eta, kasuren batean, erakunde horietan baimena eskatzeko betebeharra, instalazioak haien eskumeneko ondasunak edo zerbitzuak gurutzatzen dituelako. Eskatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela jakinarazi du.

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuak txosten bat eman zuen adieraziz proiektuko instalazioak ez duela ukipenik Nafarroako errepideen sarean, baina bai, ordea, AP-68 autobidean, eta, horregatik, txostena eskatu behar zaiola emakida-hartzaileari. Eskatzaileari igorri zaio erantzun hori, eta ados dagoela jakinarazi du.

Aragoiko Estatuko Errepide Barrutiak txostena eman zuen, proiektuaren kontrako jarrerarik adierazi gabe baina baldintza batzuk ezarriz AP-68 autobidearen ukipen-eremuan egin beharreko lanetarako. Eskatzaileak erantzun du ados dagoela.

Aragoiko Gobernuko Kultura eta Ondare Zuzendaritza Nagusiak baimena eman zuen indusketa arkeologikoak egiteko, eta baldintza batzuk ezarri zituen. Ondoren, erakunde horrek indusketen emaitza igorri zion sustatzaileari, adieraziz lur horietan ez dagoela hondar arkeologikorik, eta baldintza batzuk ezarriz. Eskatzaileak erantzun du ados dagoela baldintzekin.

Erregelamenduari jarraituz, Aragoiko Gobernuko Landa Garapeneko eta Basogintza Politikako Zuzendaritza Nagusiari errepikatu zaio eskaera, baina ez denez erantzunik jaso, ulertzen da ados dagoela, halaxe xedatzen baitu abenduaren 1eko 1955/200 Errege Dekretuaren 127.2 artikuluak.

Red Eléctrica de España SAUk adierazi du proiektatutako instalazioak ukipenak izan ditzakeela bere jabetzako linea batean, zehazki Magallón-Tutera 220 kV-eko linea elektrikoan, eta beraz baldintza batzuk jartzen ditu bien arteko gurutzaketa egiteko. Eskatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela jakinarazi du.

Gobernuaren Zaragozako Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arloko Bulegoak txostena eman zuen 2018ko urtarrilaren 26an, gero 2018ko maiatzaren 4an eguneratu zuena.

Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak txostena eman zuen 2018ko otsailaren 13an.

Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziak zortasun aeronatikoen arloko akordio bat eman zuen 2017ko maiatzaren 9an, parke eoliko horren instalaziorako baimena eman eta baldintza tekniko batzuk ezartzen dituena.

2019ko apirilaren 3an, ministerio honen erregistroan sartu zen eskatzailearen idazki bat, zeinaren bidez uko egiten baitio lau haize-sorgailu jartzeari, Peñadil, Montecillo eta Monterreyko kontserbazio bereziko eremuan duten ukipenengatik; hori dela eta, parke eolikoaren potentzia jaitsi eginen litzateke, 62,37 MW-etik 48,51 MW-era.

Instalazioaren aurreproiektuak eta haren ingurumen eraginaren azterketak ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura bete dute, eta aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egin da, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Ingurumeneko Biodibertsitate eta Kalitate Zuzendaritza Nagusiaren 2019ko apirilaren 12ko Ebazpenean jasoa; haren bidez ezartzen da parke eolikoa eta lur azpiko linea ezartzeko ingurumen eraginaren azterketan sartutako 2. alternatiba egin behar dela, sustatzaileak PUY 2B, PUY 04, PUY 09 eta PUY14 haize-sorgailuak kendu baititu.

Ingurumen eraginaren adierazpen horrek ezartzen duenez, ingurumen eraginaren azterketan eta ebazpenean bertan ezarritako neurri guztien zehaztapena eta aurrekontua jaso beharko ditu sustatzaileak proiektuan edo haren adenda batean, onespena eman aurretik. Era berean, ingurumeneko jarraipen eta zaintza programa eguneratuta aurkeztu beharko dute, adierazpen horretan zehaztutako aginduekin.

Parke eolikotik energia ateratzeko, konexioa eginen da garraiorako sarearekin Red Eléctrica de España SAUren jabetzako La Serna 400 kV-eko azpiestazioan.

2018ko ekainaren 18an, Red Eléctrica de España SAUk Konexiorako Baldintza Teknikoen Betetzeari buruzko Txosten eta Konexiorako Baldintza Teknikoen Egiaztapenari buruzko Txosten eguneratuak eman zituen, La Serna 400 kV-eko azpiestazioan konexioa egiteko eskaerari dagozkionak.

Ministroen Kontseiluaren 2015eko urriaren 16ko Erabakiaren bidez onetsi zen “Plangintza energetikoa. Energia Elektrikoaren Garraio Sarearen Garapena, 2015-2020” izeneko agiria, urriaren 21eko IET/2209/2015 Aginduaren bidez argitaratua (2015eko 254. Estatuko Aldizkari Ofiziala, urriaren 23koa), eta La Serna 400 kV-eko azpiestazioa jasota dago plangintza horretan.

Energia ateratzeko azpiegitura, baimen honek biltzen duena, 30 kV-eko lur azpiko lineak baizik ez dira, parke eolikoa eta Cortesko azpiestazioa, Nafarroako Gobernuko Energiaren eta Meategien Zuzendaritzak baimendua, lotzen dituztenak.

Energia ateratzeko gainerako azpiegitura ebazpen honen eremutik kanpo dago eta parke eoliko batzuei dagokie.

Ikusirik Nafarroako Gobernuko Energiaren eta Meategien Zuzendaritzak 2010eko azaroaren 23an emandako Ebazpena, proiekturako administrazio baimena eta onespena ematen dizkiona Gamesa Energía SAUri, Cortesko 66/30 kV-eko azpiestazio elektrikorako, “Valdenavarro” eta “El Valle I+D” parke eolikoek sortutako energia ateratzeko, Cortesko udal-mugartean.

Ikusirik Nafarroako Gobernuko Energiaren, Meategien eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak 2018ko ekainaren 20an emandako 134/2018 Ebazpena, lehen aipatutakoa aldatzen duena eta 30/66 kV-eko transformadore baten kokapena gehitzen duena Puyloboko parke eolikorako.

Ikusirik Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren 2012ko martxoaren 30eko Ebazpena “Cortesko TAE-Tuterako TAE-La Serna TAE” goi tentsioko linea elektrikoaren proiektua onetsi eta, zehazki, haren onura publikoa deklaratzen duena.

Eskatzaileak proiektua gauzatzeko gaitasun legala, teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa dituela frogatu duenez.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Erregulaziorako Gainbegiratze Aretoak txosten bat eman du, eta ondorioetan adierazi entitate horrek betetzen dituela ezarritako baldintzak, gaitasun legalari, teknikoari eta ekonomiko-finantzarioari dagozkienak. Administrazio Kontseiluak 2019ko otsailaren 13an egindako bilkuran onetsi zuen txostena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresa ekimen askea aitortzen du energia elektrikoaren hornidurarako jardueretan aritzeko.

Esandakoaren ondorioz, Energia Politikako eta Meatzaritzako Zuzendaritza Nagusi honek,

Ebatzi du:

Lehena.–Sistemas Energéticos Loma del Viento SAUri aurretiazko administrazio baimena ematea Puyloboko 48,51 MW-eko parke eolikorako, 30 kV-eko linea elektrikoak barne, 2017ko ekaineko “Puyloboko parke eolikoaren administrazio proiektua” izenekoan zehaztutako ezaugarriekin. Parke eolikoa Borjako eta Mallengo udal-mugarteetan dago, Zaragozako probintzian, eta Corteskoan, Nafarroan.

Parke eolikoaren ezaugarri nagusiak hauek dira:

–Teknologia mota: eolikoa.

–Instalatutako potentzia: gutxi gorabehera, 48,51 MW.

–Haize-sorgailuen kopurua: 14, haietako bakoitza 3,465 MW-ekoa, gutxi gorabehera.

–Ukitutako udalerria: Borja, Zaragozako probintzian.

30 kV-eko lur azpiko lineak 5 tartetan banatuta daude; jatorria plantako haize-sorgailuetan dute, eta bukaera 30/66 kV-eko azpiestazioan. Ukitutako udal-mugarteak hauek dira: Borja eta Mallén, Zaragozako probintzian, eta Cortes, Nafarroan.

Energia elektrikoa garraio sareraino eramateko azpiegitura, zenbait parke eolikori dagokiona, ez dago baimen honen eremuan sartuta.

Proiektuaren xedea da parek eoliko bat eraikitzea, energia elektrikoa sortzeko eta sortutako energia hori sarera eramateko.

Bigarrena.–Guztiz onartzea Sistemas Energéticos Loma del Viento SAUk 2019ko apirilaren 3an aurkeztutako ukoa, 3,465 MW-eko lau haize-sorgailu egiteko aurretiazko administrazio baimena tramitatzeari egindakoa, aurrerago beste eskaera bat egiteko eskubidea galarazi gabe.

Eskatzaileak bete beharko ditu tramitazioan onartutako baldintzak, bai eta Ingurumen Biodibertsitaterako eta Kalitaterako Zuzendaritza Nagusiaren ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritakoak eta eraikitzeko administrazio baimena emateko ebazpenean ezartzen direnak ere.

Eskatzaileak exekuzio proiektuaren adenda bat aurkeztuko du, instalazioa eraikitzeko administrazio baimena eman aurretik, eta bertan jasoko ditu 2019ko apirilaren 12ko ingurumen eraginaren adierazpenean aipatzen diren neurriak, bai eta ingurumen jarraipenerako eta zaintzarako programa ere, adierazpenean zehaztutako aginduekin eguneratua.

Era berean, bete beharko ditu Sistemaren Operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak.

Baimen hau ematen bada ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Energiaren estatu-idazkariaren aurrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Madrilen, 2019ko maiatzaren 9an.–Zuzendari nagusia, María Jesús Martín Martínez.

Iragarkiaren kodea: E1906840