105. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Laburpena, Tuterako ikastetxeetan jateko prestazio ekonomikoak banakako ebaluazioaren bidez emateko dirulaguntzen 2019ko deialdiarena

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b) eta 20.8.a) artikuluetan ezarritakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). DDBN (identifikazioa): 452449.

–Onuradunen baldintzak eta betebeharrak:

3. artikulua. Oinarriak. Baldintzak eta betebeharrak.

3.1.–Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira eskabideak aurkezteko epea bururatzean, eta bere horretan egon ikasturte osoan.

3.1.1 Ezinbesteko baldintzak izanen dira eskola garaian ikastetxean jateko laguntzak jaso ahal izateko:

a) Tuteran egiazko bizilekua izatea eta bertan erroldaturik egotea (adingabea, aita eta/edo ama, izatezko bikotekidea edo adingabearen tutoreak, adingabearekin bizi badira), laguntza jaso bitartean. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiaztatuko dute, udal erroldaren bidez, eskatzaileen eta onuradunen erroldatze eta bizikidetza egoera.

b) Bere ardurapean izatea eskolara doazen adingabeak, betiere 1. artikuluan aipatzen diren mailetariko batean eskolatuta badaude.

c) Eskolako jantokia erabiltzeko premia objektiboa izatea, betiere oinarri hauetan zehazten den egoera ekonomikoan egonez gero, arrazoi hauetariko batengatik:

  • Adingabeek beren etxean bazkaltzeko ezintasuna, helduak bazkaltzeko ordutegian kanpoan daudelako, ordu horretan lanean aritzeagatik edo lana aurkitzeko aukerak hobetzeko prestakuntza jarduera batean aritzeagatik, salbu eta bizikidetza unitatean diru-sarrerak urteko LGSaren %130 edo txikiagoak badira.
  • Adingabearen ardura duen laguna zaindaria izatea NMAk menpekotzat hartzen duen batena, baliaezintasun handiak jotako batena edo %65eko edo handiagoko desgaitasun maila duen batena. Lagun berak izan behar du helduen edo mendekotasuna duten adinekoen zaindaria eta aldi berean adingabeena, edo mendekotasuna izatea adingabea begiratzen duena, paragrafo honetan jasotzen den gisara, ezintasuna izanik etxe barrenean ardura horiek beste heldu batekin partekatzeko, bazkaltzeko tenorean.

Gizarte eta familia egoerak beharrezkoa egitea haurra jantokira joatea prebentzioko baliabide gisa eta hura babesteko.

d) Familiaren diru-sarrerak, kontzeptu guztiengatik, oinarri hauetako erreferentziako taula ekonomikoetakoak baino apalagoak izatea, hau da, urteko LGSaren %190 edo txikiagoak, bizikidetzako familia unitatearen eta horiek kalkulatzeko aintzat hartutako kontzeptuen arabera.

e) Deialdi honetan eskatzen diren eskaera eta dokumentazioa ezarritako epeetan aurkeztu izana.

f) Familiaren ondarea gehienez ere 60.000 euro izatea, salbu eta ohiko etxebizitza eta lanean aritzeko ondasun higigarri eta higiezinak.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren e) letran eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikulua aldatzen duen apirilaren 14ko 7/2014 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, onuradunak salbuetsirik geldituko dira betebehar hauek eguneraturik izateko baldintzatik: tributu arlokoak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Tuterako Udalarekikoak; horrek Ur Batzordea izeneko erakunde autonomoarekikoak eta Castel Ruiz enpresa entitate publikoarekikoak ere barnean hartzen dituela esan nahi du.

Baldintza hauek 8. artikuluan xedatuaren arabera egiaztatu beharko dira, udal artxiboetan agertzen diren datuak izan ezik.

3.1.2) Ezinbesteko baldintza izanen da eskola garaitik kanpo (oporretan) ikastetxeetan jateko laguntzak jaso ahal izateko:

  • Ikasturte horretan eskola garaian ikastetxean jateko laguntza jaso izana.

3.2.–Eginbehar hauek dituzte onuradunek:

a) Deialdian arautzen den xedea betetzea.

b) Organo emailearen aitzinean frogatzea baldintzak betetzen direla eta haurra eskolako jantokira joaten dela.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

Jantokira joateari dagokionez gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea Udalari eta jantokiko arduradunari (bajak, justifikatutako arrazoiak direla medio luzaroan ez joatea eta abar).

Hartutako dirua itzultzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusten diren kasuetan.

3.3.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta osagarritasuna.

a) Deklaratzen da Tuterako Udalak eskolako jantokirako ikasturte bakoitzean ematen dituen laguntzen bateragarritasuna xede berdintsuaren bertze administrazio publiko batzuetatik edo bertze ente pribatu edo publikoetatik etortzen diren bertze laguntza edo bekekin, guztira zenbatekoak egiten ez badu 7.3 artikuluan bildutako gastua baino gehiago.

b) Laguntza hauek osatu beharko dira bertze administrazio publiko batzuetatik edo bertze ente pribatu edo publikoetatik etortzen direnekin.

–Xedea: Deialdi honen xedea gizarte zerbitzuen arloko dirulaguntzak ematea da, banakako ebaluazioaren bidez, Tuteran erroldaturik bertan bizi diren ikasleak eskolako jantokietara joateko, baldin eta ikasturte bakoitzean haur hezkuntzako bigarren zikloan, lehen hezkuntzan edo derrigorrezko bigarren hezkuntzan badaude.

Orobat, deialdi honen barnean sartzen dira ikastetxeetan eskola garaitik kanpo (oporretan) jateko eta jarduerak egiteko laguntzak.

Jantokirako dirulaguntza biztanleriaren halako sektore batendako da; ez da, beraz, biztanle guztiendako, baizik eta gizarte eta ekonomiaren aldetik egoera txarrean dauden familiendako.

–Oinarri arautzaileak: Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2017ko 232. zenbakia, abenduaren 1ekoa), Dirulaguntzen Base Nazionalean eta Tuterako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, hots, Tuterako Díaz Bravo kaleko 27an (31500), edo bienestarsocial@tudela.es helbidean eskatuta (telefonoa: 948826761).

–Zenbatekoa: 40.000,00 euro (dagokion ikasturteko iraila-abendua) eta 80.000,00 euro (dagokion ikasturteko urtarrila-ekaina).

Eskola garaian ikastetxeetan jateko laguntzen zenbatekoari dagokionez, ikastetxeetako jantokietako batez besteko kostuaren %85ekoa izanen da gehienez ere, erreferentziatzat harturik aurreko ikasturtea. Bazkariaren kostua batez besteko kostua baino txikiagoa duten jantokietan, diru saria kostu errealean oinarriturik aplikatuko da.

Kontzeptu beragatik beste erakunde batzuengandik (Nafarroako Gobernua, enpresetako gizarte onurak, etab.) jasotakoaren osagarria izanen da arautzen den saria, gehienez ere ezarritako mugaraino.

–Eskabideak aurkezteko epea: dagokion ikasturteko ekaina.

–Balorazioa: Familiaren egoera soziekonomikoaren arabera, oinarrietako 7. artikuluan jasotzen da laguntzen zenbatekoa eta ordainketa, bai eta gastu kengarriak ere. (Urteko diru-sarrerak/12) - gastu kengarriak = laguntza aplikatzeko erabiliko den zenbatekoa.

Tuteran, 2019ko apirilaren 29an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

Iragarkiaren kodea: L1907271