105. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTAXOA

Ordenantza, Udalaren “La Alameda” futbol zelaiko instalazioen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Artaxoako Udalak, 2019ko martxoaren 7an egin osoko bilkuran, erabaki zuen, bertaratutakoen gehiengoa zuela, hasiera batez onestea Artaxoako Udalaren “La Alameda” futbol zelaiko instalazioen erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 22an, eta erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iragan da jendaurreko epea. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, urriaren 29ko 11/2004 Legean duen idazketaren arabera, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa ematen da argitara.

Argitara ematen da, interesdunak jakinaren gainean egon daitezen.

Artaxoan, 2019ko maiatzaren 10ean.–Alkatea, Adolfo Vélez Ganuza.

ORDENANTZA, ARTAXOAKO UDALAREN “LA ALAMEDA” FUTBOL ZELAIKO INSTALAZIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Artaxoako Udalaren “La Alameda” futbol zelaiko instalazioak, ordenantza honen ondorioetarako “instalazioak” deituko ditugunak, jabari eta zerbitzu publikoko ondasunak dira, batez ere kirolaren helburu partikularretarako erabiltzekoak.

2. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau multzo bat ematea, udalaren kirol instalazioetan jarduerak planifikatu eta arautzeko, honako onura hauek lortzearren:

Instalazioak modu arrazoizkoan eta ordenatuan erabiltzea, herritar guztiek haiek erabiltzeko aukera berak izan ditzaten bermatzeko.

Erabil daitezkeen baliabideen erabateko aprobetxamendua.

Ahaleginak eta jarduerak koordinatzea.

3. artikulua. Zein den ere instalazioetan egiten den jarduera, Udalak esku-hartze administratiboa, kontrola eta zainketa egingo ditu, baita agintaritzari dagozkion eginkizun guztiak ere, bere eskumenekoak badira. Kontuan hartuz instalazioetan pertsona kopuru mugatua sartzen dela, kopuru hori gainditzen denean, Udalak eragotzi ahalko du erabiltzaile eta/edo ikusle gehiago sartzea.

4. artikulua. Udalaren “La Alameda” futbol zelaiko instalazioetan praktikatu ahalko dira instalazioen ezaugarriek ahalbidetzen dituzten kirol jarduerak, bereziki futbola. Alkatetzaren ebazpen arrazoituaren bidez ezarriko da erabiltzeko ordutegia, bai eta oporretarako edo konponketetarako noiz itxiko den ere, eta bandoen bidez jakinaraziko da.

5. artikulua. Kirol instalazioetan sartzeko, honako modalitate hauetako bat erabiliko da: dagokion lizentziaren babesean eta Udalak onesten duen ordenantza fiskalean ezarritako prezioa ordainduz, beharrezkoa bada. Klubetako eta erabiltzeko baimena duten entitateetako kidetzea frogatzen duen banakako identifikazioaren bidez. Eta sarrera ordainduz, txarteldegia erabiltzen duten lehiazko jardueren kasuan.

Kirol arlokoak ez diren ekitaldietan instalazioetan sartu ahalko da dagokion sarrera ordainduta.

Doako kirol ekitaldi edo bestelako ekitaldietara, nahi duten guztiak sartu ahalko dira instalazioetan.

6. artikulua. Ezin da instalazioetan animaliarik sartu. Itsu-txakurrak sar daitezke, behar bezala identifikatuta badaude, beren lana egiten ari badira eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte.

7. artikulua. Instalazioak erabiltzeko ohiko ordutegia 17:00etatik 22:00etara da, astelehenetik ostiralera. Asteburu eta jaiegunetan, txapelketen arabera. Alkatetzaren ebazpen bidez, ezohiko ordutegiak baimendu ahalko dira.

8. artikulua. Erreserben eskaera oro gutxienez hamabost egun lehenago egin behar da, Alkatetzari zuzendutako idazki baten bidez, eta honako gorabehera hauek zehaztuko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak, pertsona fisikoen kasuan, edo sozietate-izena, pertsona juridikoen kasuan.

–Erabiltzeko eguna eta ordua.

–Partiden kasuan, zehaztuko da txapelketa ofizialen batekoak diren eta eskatzailea federaturik dagoen.

Udalak, dagozkion instalazioen erabilera-baimenak emango ditu, honako irizpide hauen arabera:

1.–Entitate bakoitzaren kategoria: aurrekontua, lurralde-inpaktua, etab.

2.–Jarduera federatuak eta haien maila.

3.–Partaide kopurua eta haien adina.

4.–Talde egonkorrak izatea edo ez.

5.–Erakartzen dituen ikusleak.

6.–Ezarritako betebeharrak betetzea: kuotak ordaintzea, ordena zaintzea...

7.–Baliabide propiorik ez edukitzea.

8.–Sustapen gutxiagoko kirolei erantzutea.

9.–Udalarekin lankidetzan aritzen diren kirol entitateak.

Kirol klub batek futbola praktikatzea helburu berezi bezala daukanean eta, hobeki antolatzeko, instalazioak urte anitzez erabiltzea eskatzen duenean, Udalak, azaldutako irizpideak aintzat hartuz, urte anitzeko lizentzia eman ahalko du, gehienez ere bost urtekoa.

Lizentziak ezin zaizkie hirugarrenei eskualdatu.

9. artikulua. Instalazioak erabili ahalko dira gehienez ere egunean 5 orduz, astean 35 orduz eta urtean 1.825 orduz, erabiltzaile guztien artean.

Belar naturaleko zelaia ez da erabiliko, euria edo antzekoren bat dela eta, egoera desegokian dagoenean.

10. artikulua. Udalak ezingo du jarduteko baimenik eman, ezarritako gehieneko %80 edo gehiago hartzen duen lizentziadun bati ere.

11. artikulua. Udalak urtean ezarritako gehienekotik beti izan beharko du gutxienez ehuneko bost (%5) erreserbatua, bere sustapenerako kirol jarduerak antolatzeko.

12. artikulua. Artaxoako Udalak, hots instalazioen titularrak, gainera, eta horrenbestez, aurreko puntuan ezarritakoa galarazi gabe, agindu edo baimendu ahalko du instalazioak erabiltzea kirol arlokoak ez diren jardueretarako, uste badu haiekin bateragarriak direla, dela ordutegiei dagokienez dela instalazioak kontserbatzeari dagokionez.

13. artikulua.

1.–Udalak prezio publikoen bidez eta agintzen dituen zerbitzu arauen bidez kasu bakoitzerako ezartzen dituen baldintza ekonomikoek arautuko dute instalazioen erabilera. Era berean, araubide ekonomikoak hainbat salbuespen izaten ahalko ditu: ohiko entrenamenduak, partida federatuak eta abar izatearen arabera.

2.–Erabilera orokorreko araubideak honako salbuespen hauek izaten ahalko ditu:

2.1.–Ezartzen diren kostuak, lanak egiten direnean edo instalazioetan ezohiko materialak erabiltzean.

2.2.–Ikus-entzunezko publizitatearen edo publizitate estatikoaren ustiapenaren gainean egiten den arauketa, halakorik bada.

14. artikulua. Instalazioak araudia betez erabiltzen direnean, era berean, ulertzen da baimendua dagoela honako hauetarako eskubidea:

1. Aldagela eta komunetara joatea arropaz aldatzeko, joko zelaia erabili baino 30 minutu lehenago.

2. Aldagelak, komunak eta dutxak erabiltzea, joko zelaia erabili ondoren, 30 minutuz gehienez.

Kirol jarduerak ez direnetarako, araubide berariazkoa ezarriko da haiek egiten direnean.

15. artikulua. Udalak beretzat gordetzen du eskubidea aurretik baimendutako egutegiak (ofizialak edo ez), ordutegiak, instalazioak, etab. aldatzeko, gerora gertaturiko inguruabarrek edo instalazioaren mantentze lanerako eta kudeaketarako behar zehatzek hala gomendatzen badute. Instalazioaren ohiko erabileran egiten diren aldaketak, behar den denborarekin jakinaraziko dira.

16. artikulua. Lizentziadunek, egutegian (ofiziala edo ez), ordutegian, instalazioan eta abarretan instalazioen erabilera baimenduari dagokionez, egin nahi duten edozein aldaketa egiteko, idatziz eskatu beharko diote Udalari, gutxienez ere hamar egun baliodun lehenago.

Instalazioak ezin izango dira erabili dagokion baimena edo lizentzia eskuratu arte.

17. artikulua. Instalazioetan materiala gordetzen duten kirol entitate guztiek, materiala behar bezala jasoko dute saskietan edo entitatearen jabetzako armairuetan, instalazioen zaintzaz arduratzen denak azaldutako jarraibideekin bat. Artaxoako Udalak ez du inola ere bere gain hartuko aipatu material eta edukiontzien galeraren edo hondatzearen ardura.

18. artikulua.

1.–Tabakoari eta alkoholdun edariei dagokienez, kirol eremu irekien arloko indarreko araudian ezarritakoa aplikatuko da.

2.–Kirol ikuskizunak egiten diren joko-eremuan sartzen edo saltzen diren edarien edukiontziek legez ezarritako zurruntasun eta edukiera baldintzak bete beharko dituzte.

3.–Halaber, debeku da jatea edo edatea kirola egiteko eremuetan, haiei atxikietan, aldageletan eta belardi edo lorategietan.

4.–Debekatuta dago bengalak edo su artifizialak sartzea eta erabiltzea instalazioetan.

19. artikulua. Artaxoako Udala ez da instalazioan gertatzen diren galera edo ebasketen erantzule izango. Baliozko gauzarik ez eramateko gomendatzen da.

20. artikulua. Erabiltzaileek instalazioak erabiltzen ahal dituzte, haien izaeraren, baimendutako jardueraren, federazio arauen eta ordenantza honek erabilera horri buruz ezarritako arauen arabera.

21. artikulua. Erabiltzaile orok eskubidea du egoki iruditzen zaizkion erreklamazio eta iradokizunak egiteko instalazioetako arduradunari edo, idatziz, Alkatetzari.

22. artikulua. Erabiltzaileek erantzungo dute instalazioen, kirol ekipamenduaren, materialaren, aldagelen eta abarren erabilera okerrak sortutako kalteengatik.

23. artikulua. Era berean, aurreko artikuluan aipatu kalteetakoren bat sorrarazten duen erabiltzailea edo entitatea beharturik dago horren berri ematera instalazioetako zaintzaren arduradunari. Jakinarazteko behar hori ez betetzeak dolozko jarrera adierazten du, eta aplikatu beharreko zehapena finkatzean baloratuko da.

II. KAPITULUA

Zerbitzuak

24. artikulua. “La Alameda” futbol zelaiko instalazioek honako zerbitzu hauek ematen dituzte:

Kontrola.

Bilera aretoa eta administrazioa.

Komunak, aldagelak eta dutxak.

Futbol zelaiak, lurrezkoa eta belarrezkoa.

25. artikulua. Instalazio horien erabilera honako arau hauei lotuko zaie:

Kirola soilik praktikatu ahalko da kirol eremuetan, eta erabilera hori duten joko-eremuetan.

Une oro errespetatuko dira instalazioetako zaintzaren arduradunaren jarraibideak.

Erabiltzaileek garbi mantendu behar dituzte instalazioak, arduradunari lagunduz eta eremuetan zehar dauden paperontziak eta hautsontziak erabiliz.

Instalazioetako erabiltzaileek behar den errespetua gordeko diete gainerako pertsonei, erabiltzaile izan edo ez, bereziki moduei, jarrerari eta norbere garbitasunari dagokienez.

Une oro errespetatu eta zainduko dira ekipamendua, altzariak materiala eta abar.

Behar diren jokabidea eta prestutasuna agertu beharko dira, gainerako erabiltzaileak errespetatuz, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

Nahitaezkoa da kiroleko arropa eta oinetako egokiak janztea, kirola praktikatzeko eremuak behar bezala erabiltzeko futbol zelaiko instalazio guztietan. Nahitaezkoa da txankleta motako oinetakoak edo antzekoak janztea, instalazioetako aldagela eta dutxa eremu guztietan.

26. artikulua. Instalazio horien erabileran lehentasuna izango dute Artaxoan federaturiko futbol klubek, eta Udalaren erantzukizuna da entrenamendu eta txapelketarako ordutegiak banatzea, eskaeren arabera eta 8. artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz.

Instalazioen bestelako erabilera egiteko, idatziz egin behar da eskaera Udalean, eskatzen den eguna baino astebete lehenago, gutxienez.

Instalazioak soilik erabili ahal dira taldean edo gutxienez 4 pertsonaz osatutako elkarte antolatuetan. Debeku da banaka erabiltzea.

27. artikulua. Erabiltzaileek puntualtasunez eta aldez aurretik ordainduko dituzte instalazioak erabiltzeagatik eta zerbitzuak emateagatik ezartzen diren prezio publikoak, tasak eta kuotak.

28. artikulua. Debeku da bizikletak eta ibilgailu motordunak ibiltzea instalazioen barruan, ez badira zerbitzua emateko beharrezkoak edo laguntza behar duen pertsona batenak.

29. artikulua. Erabat debekatuta dago materialak eta objektu astunak arrastatzea instalazioetan barna, bai eta zoladura gainean halakoekin luzaroan egotea ere.

Edozein lerro eta seinale markatzeko, espresuki baimendu behar du Udalak, eta produktu egokiak erabili behar dira. Nolanahi dela ere, erabat debekatuta dago erasokortzat har daitekeen edozein produktu kimiko erabiltzea, esaterako, polietilenoa.

30. artikulua. Lizentziadun batek instalazioak erabiltzeko gehieneko denboraren ehuneko hirurogei (%60) edo gehiago izango balu, hitzarmen baten bidez eman ahalko zaio, kudeaketa osoa egin dezan eta, kasu horretan, bere gain hartu beharko du instalazioen mantentze eta zaintze lanen kostu guztia (ur, gas eta elektrizitate horniduren kostuak barne); kostu hori konpentsazioz ordaindu daiteke, aplikatu beharreko tarifaren likidazioa egitean.

III. KAPITULUA

Instalazioen arduradunak

31. artikulua.

1. Instalazioak zaintzeko arduradunak honako eginkizun hauek edukiko ditu:

Instalazioak ireki eta ixtea.

Mantentze-lanetako, ureztaketa manipulatzeko eta abarretarako oinarrizko lanak egitea.

Barnean jarduerak normaltasunez egiten direla zaintzea.

Ordena egokia, garbitasuna eta erabilera araudia betetzen direla zaintzea.

Egiten diren iradokizunak, kexak eta erreklamazioak aditzea eta, hala behar denean, horien berri ematea nagusiei edo Udalari.

2. Pertsona hori lizentziadunaren kidegokoa izan ahalko da, instalazioen kudeaketa esleitua duena dagokion hitzarmena sinatu duelako, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat. Kasu horretan boluntario laguntzaile gisa beteko du eginkizuna.

IV. KAPITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

32. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako hutsegiteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

Arau-hauste arinak dira:

–Berariaz debekutako lekuetan erretzea.

–Joko zelaira edozein hondakin, zigarrokin edo punta zorrotzeko gauzak botatzea.

–Modu desegokian erabiltzea instalazioetako materiala, ekipamendua eta altzariak.

–Instalazioetako arduradunak emandako jarraibideak ez errespetatzea.

Ordenantza hau ez betetzearen ondoriozko beste edozein hutsegite, astun edo oso astuna ez bada.

Arau-hauste astunak dira:

–Joko zelaira gai piroteknikoak edo sukoiak botatzea, bai eta edozein motatako marka egitea ere, Udalaren baimen espresik gabe.

–Modu desegokian erabiltzea eta haustea instalazioetako materiala, ekipamendua eta altzariak.

–Instalazioetako teknikari eta arduradunei errespetua galtzea, eta horiek iraintzea, mehatxatzea edo horienganako begirune falta astuna izatea.

–Duintasunaren edo begirunearen aurkako ekintzak eta portaerak izatea, edo programatutako jarduerak egitea oztopatzen edo eragozten dutenak eta erabiltzaileei, orokorrean, traba egiten dietenak.

–Mehatxu edo ahozko erasoak egitea kirol praktikan ari diren mota guztietako parte-hartzaileei.

–Bi hutsegite arin edo gehiago egitea.

Arau-hauste oso astunak dira:

–Herritarren bizikidetza modu larrian, berehalakoan eta zuzenean trabatzea, honako hauei eragiten dioten ekintzen bidez: beste pertsona batzuen lasaitasuna edo legezko eskubideak erabiltzea edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzea.

–Zerbitzu publikoaren ohiko funtzionamendua galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

–Zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak larriki hondatzea.

–Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

–Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri zein higiezin, larriki hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunari eragindako nahasmenduetatik aparte.

–Eraso fisikoak egitea kirola egiten ari den parte-hartzaile orori.

–Bi hutsegite astun edo gehiago egitea.

33. artikulua. Zehapenak honako hauek izango dira:

–Arau-hauste arinak: 100 eurora bitarteko isuna, eta harekin batera ezarri ahalko da instalazioetara sartzeko debekua edo ezintasuna, hilabetez gehienez ere.

–Arau-hauste astunak: 500 eurora bitarteko isuna, eta harekin batera ezarri ahalko da instalazioetara sartzeko debekua edo ezintasuna, urtebetez gehienez ere.

–Arau-hauste oso astunak: 3.000 eurora bitarteko isuna, eta harekin batera ezarri ahalko da instalazioetara sartzeko debekua edo ezintasuna, bi urtez gehienez ere.

34. artikulua. Zehatzeko ahalmena gauzatuko da zehapen ahalmena arautzen duen administrazio araudian ezarritako prozeduraren bidez.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Udalak behin betiko onetsi, eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.

Iragarkiaren kodea: L1906459