105. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

166/2019 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, “Nazioartekotzeko bonuak” izeneko 2019ko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 452865.

Nafarroako 2017-2020 III. Nazioarteko Planak bere erronka nagusien artean dauka Nafarroako enpresa txiki eta ertainak gehiago nazioartekotzea.

“Nazioartekotzeko bonuak” izeneko dirulaguntzen xedea da nazioartekotzea bilatzen duten edo kanpora ateratzeko lehen etapetan dauden Nafarroako enpresa txiki eta ertainei laguntza ematea, aholkularitza espezializatuko zerbitzuak kontrata ditzaten. Helburua da enpresa esportatzaileen kopurua handitzea, izan ohiko esportatzaileak nahiz esportatzaile finkatuak, eta, horrekin, Nafarroako esportazioen bolumena handitzea.

Enpresek laguntza ezberdinaren beharra izan dezakete nazioartekotzea hasteko eta finkatzeko, zein diren beren egoera, estrategia eta aukerak. Hori kontuan harturik, dirulaguntzak hiru modalitate ditu:

1) Brexit bonua, Erresuma Batuan interesak dituzten enpresei laguntza emateko beren negozio estrategiak egokitu ditzaten Erresuma Batuak Europar Batasuna utzi ondoan.

2) E-Commerce nazioarteko bonua, zeinak xede baitu nazioarteko merkataritza elektronikoko kanal berriak ireki daitezen bultzatzea.

3) Bultzada bonua, esportazioaren arloan hasierako pausoak egin dituzten baina finkatzeko bultzada bat behar duten enpresei zuzendurikoa.

Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 4an harturiko erabakiaren bitartez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari baimena ematen zaio “Nazioartekotze bonuak” izeneko dirulaguntzak eman diezazkien Nafarroako enpresa txiki eta ertainei, banakako ebaluazio araubidean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako enpresa txiki eta ertainentzako “Nazioartekotze bonuak” izeneko dirulaguntzen 2019ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza hauek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastu-aurrekontuko “Kanpo sustapenerako ekintzak enpresetarako” izeneko 81003-81430-4709-431300 partidaren kargura:

–50.000 euro Brexit bonurako.

–75.000 euro E-Commerce nazioarteko bonurako.

–75.000 euro Bultzada bonurako.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2019ko apirilaren 30ean.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da nazioartekotzea bilatzen duten edo kanpora ateratzeko lehen etapetan dauden Nafarroako enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak arautzea. Aholkularitza espezializatuko zerbitzuen kontratazioa lagunduko da, enpresa esportatzailen kopurua, oro har, handitzeko, baina, bereziki, ohiko esportatzaileen eta esportatzaile finkatuen kopurua handitzeko, Nafarroako esportazioen bolumenak gora egin dezan.

Enpresek laguntza ezberdinaren beharra izan dezakete nazioartekotzea hasteko eta finkatzeko, zein diren beren egoera, estrategia eta aukerak. Hori kontuan harturik, dirulaguntzak hiru modalitate ditu:

1) Brexit bonua, Erresuma Batuan interesak dituzten enpresei laguntza emateko beren negozio estrategiak egokitu ditzaten Erresuma Batuak Europar Batasuna utzi ondoan.

2) E-Commerce nazioarteko bonua, zeinak xede baitu nazioarteko merkataritza elektronikoko kanal berriak ireki daitezen bultzatzea.

3) Bultzada bonua, esportazioaren arloan hasierako pausoak egin dituzten baina finkatzeko bultzada bat behar duten enpresei zuzendurikoa.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak izan daitezke onuradunak:

a) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz.

b) Helbide fiskala Nafarroan izatea.

c) Esporta daitekeen produktu, zerbitzu edo marka berekia izatea.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean.

Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria, baita helbide fiskalari buruzkoa ere, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2. Oinarri honen 1.a, 1.b, 1.c eta 1.d baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskabide-orrian jasotzen den erantzukizunpeko adierazpena eginen da. Enpresa txiki edo ertain izateari buruzko 1.a baldintza betetzen dela justifikatzeko, enpresa eskatzaileak, lotutako edo elkartutako enpresarik badu, itxitako azken bi ekitaldietako kontuak aurkeztu beharko ditu, bai eskatzailearenak berarenak, bai hari lotutako edo elkartutako enpresenak.

3. Lehenago azaldu diren baldintzak eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dira, eta diruz lagundutako ekintzak egin bitartean mantendu.

4. Brexit bonua jasotzen duten enpresen berariazko baldintzak:

a) Filial edo sukurtsal bat Erresuma Batuan edukitzea, edo Erresuma Batura esportatu izana 2017ko edo 2018ko ekitaldian. Filiala edo sukurtsala duten enpresek filial edo sukurtsal hori eratzeko eskriturak aurkeztu beharko dituzte hori frogatzeko. Esportazio-zifra frogatzeko, berriz, Batasunaren barneko eragiketen aitorpen laburtua aurkeztuko da, edo, bestela, fakturak.

b) Diagnostiko bat egina izatea enpresaren jardueran Brexitak edukiko duen eragina eta hura leuntzeko ezarri beharreko neurriak identifikatzeko.

Diagnostiko horren ondorioak eta gomendioak aurkeztuz frogatuko da diagnostikoa egin dela, hura egin duen enpresaren sinadura daramatela.

5. E-Commerce nazioarteko bonua jasotzen duten enpresen berariazko baldintzak.

a) Aldeko diagnostiko bat edukitzea enpresa eskatzaileak salmenta kanal berrietan nazioarteko eCommerce estrategia bat abian jartzeko daukan ahalmenari buruz. Diagnostiko horren ondorioak eta gomendioak aurkeztuz frogatuko da diagnostikoa egin dela, hura egin duen enpresaren sinadura daramatela.

6. Bultzada bonua jasotzen duten enpresen berariazko baldintzak:

a) Aholkularitzako gastuetarako dirulaguntza eskatzeko, honako baldintza hauetako bat bete beharko da: ICEX NEXT programa egin izana edo egiten aritzea, PIPE programa egin izana, edo itxitako azken ekitaldian fakturazioaren %30 baino gehiago esportatu izana.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Brexit bonua: Brexitera egokitzeko plan bat prestatzeak dakarren kostuaren %50 finantzatuko da, gehienez 3.500 eurorekin.

1.1. Gastu hauek izan dezakete dirulaguntza:

a) Nazioartekotzeko aholkularitza, nazioartekotzeko plana eguneratzeko beharrezkoa, honako hauen gainean: negozio estrategia eta eredua, fiskalitatea eta aduanak, legeen eta arauen esparrua, antolamendua eta pertsonak, eta finantza eta zerga esparrua. Bat etorriko da Brexitak enpresan izanen duen eraginari buruzko diagnostikoaren txostenean sartutako gomendioekin.

1.2. 1.1 atalean adierazitako gastuak diruz lagungarriak izateko, zerbitzuak ematen dituen enpresak, nazioartekotze arloko aholkularitzari dagokionez, Erresuma Batuan espezializaturik beharko du egon, eta gutxienez 3 urteko esperientzia duela frogatu.

1.3. Gutxieneko gastu diruz lagungarria: 2.000 euro.

2. E-Commerce nazioarteko bonua: nazioarteko online negozio plan bat garatzeak (diseinua eta ezarpena) dakarren gastuaren %50 finantzatuko da, gehienez 3.500 eurorekin.

2.1. Gastu diruz lagungarriak:

a) Diagnostikoa egitea enpresak, produktuek eta markek salmenta kanal berrietan duten nazioarteko eCommerce ahalmenari buruz.

b) Nazioarteko eCommerce plana: merkatu berriak hautatzea eta haietako bakoitzean egokiena den estrategia zehaztea; adibidez: markarako denda propioak, hirugarrenen dendetan egotea, merkatu elektroniko egokiena edo egokienak (halakorik bada), eCommerce tresnak eta online marketinaren estrategia planifikatzea, zeina salmenta kanal bakoitzerako eginen baita.

c) Aurreko puntuan aipaturiko nazioarteko eCommerce planean bildutako neurriak abian jartzea.

Gastu diruz lagungarrien %70, gutxienez, nazioarteko eCommerce planean diseinaturiko neurriak abian jartzea laguntzeko izanen dira.

2.2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, 2.1.a, b eta c ataletan adierazitako zerbitzuak ematen dituzten enpresek kanpo-merkataritzako, merkataritza elektronikoko eta marketin digitaleko espezialistak izan beharko dituzte beren taldean, eta frogatu beharko dute gutxienez 6 proiektu egin dituztela, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, nazioarteko eCommerce arloan.

2.3. Gutxieneko gastu diruz lagungarria: 2.000 euro.

3. Bultzada bonua: gastu diruz lagungarrien %50 finantzatuko da, gehienez 3.500 eurorekin.

3.1. Gastu diruz lagungarriak:

a) Nazioartekotze plana eguneratzearekin edo hura merkatu berrietarako garatzearekin loturiko aholkularitza gastuak. Besteak beste, honako hauek sartuko dira: xedeko herrialdeak hautatzea, nazioartekotu nahi den produktua edo zerbitzua egokitzea, banaketa-kanalak egokitzea, edo bezero potentzialen zerrenda prestatzea.

b) Esportazioen kudeatzaile bati merkataritzako kontratua egitea, gutxienez sei hilabeterako.

c) Marka eta patenteak nazioarteko merkatuetan erregistratzeko kudeaketa.

d) Atzerriko bezeroei, erakundeei edo banatzaileei begirako homologazioak eta ziurtapenak.

3.2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, oinarri honetako 3.1.a) atalean adierazitako zerbitzuak ematen dituen enpresak frogatu beharko du nazioarteko merkataritzaren arloko aholkularitzan gutxienez hiru urteko esperientzia duela; 3.1.b) atalean adierazitako zerbitzuak ematen dituen enpresak edo autonomoak, berriz, frogatu beharko du nazioarteko merkataritzaren arloan edo export manager gisa hiru urteko esperientzia duela.

3.3. Gutxieneko gastu diruz lagungarria: 2.000 euro.

4. Ez dira diruz lagunduko jarduera iraunkor edo aldizkakoekin loturiko zerbitzuak, ez eta enpresaren ohiko ustiapen gastuekin loturikoak ere. Salbuespena izanen da esportazioen kudeatzaile bat kontratatzea.

5. Egindako gutxieneko gastua esleipenean onarturiko gastu diruz lagungarriaren %60 izanen da, dirulaguntzaren xedea betetzat jo ahal izateko. Gutxieneko gastu hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza bertan behera utziko da. Dirulaguntzaren xedea betetzen bada baina kostua, onartutako gastu diruz lagungarriaren aldean, txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa neurri berean gutxituko da.

6. Gastu diruz lagungarriak egiteko epea deialdia argitaratzen den egunetik 2019ko urriaren 18ra bitartekoa da.

Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2019ko abuztuaren 30ean bukatuko da.

2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8081/Bonos-internacionalizacion-para-pymes-navarras-2019, aurrerantzean, laguntzen fitxa. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta (zein bere izenarekin), laguntzen fitxan eskura dauden ereduei egokituta:

a) Ordezkari baten bidez eskatzen bada laguntza, ahalordetze-eskritura, edo eskatzailearen dokumentu pribatuaren kopia, ordezkariari eskaera aurkezteko baimena ematen diona.

b) Eskabide telematikoa, hartan zehaztuta zein bono eskatzen den, erantzukizunpeko adierazpen batekin batera, zeinak bilduko baititu 2.1 oinarrian aipatzen diren alderdiak.

c) Zer zerbitzutarako eskatzen den dirulaguntza, horiei buruzko memoria bat, laguntzen fitxan ezarritako egiturari jarraikiz.

d) Zerga Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria, eta helbide fiskala Nafarroan duela frogatzen duena ere bai, baldin eta departamentuari ez bazaio baimenik eman hori egiaztatzen duten datuak kontsultatzeko.

e) Bonuetako bakoitza jasotzen duten enpresentzat ezarritako baldintza berariazkoak, 2. oinarrikoak, betetzen direla frogatzen duten agiriak.

f) Zerbitzuak ematen dituzten enpresen baldintzak, eta, behar bada, baldintza pertsonalak betetzen direla ziurtatzea, zerbitzua ematen duten enpresen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, hartan adierazirik eskatutako esperientzia urteetan egindako lanik garrantzitsuenak, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egiaztatu ahal izateko gisan. Halaber, deialdiaren 3. oinarrian bonu bakoitzerako eskaturiko baldintzak betetzen dituzten pertsonen curriculumak aurkeztuko dira.

g) Zein aholkularitza lanetarako eskatzen den dirulaguntza, horien aurrekontuen kopia. Aurrekontuetan honako epigrafe hauek sartuko dira: xedea, lanerako plana, helburua, entregatzekoa eta eskaintza.

4. Enpresa eskatzaileak, lotutako edo elkartutako enpresarik badu, itxitako azken bi ekitaldietako kontuak aurkeztu beharko ditu, bai eskatzailearenak, bai hari lotutako edo elkartutako enpresenak, egiaztatzearren enpresa txikia edo ertaina dela.

5. Eskaerak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluan aipatutako baldintzak, ez baditu behar bezala biltzen eskatzen zaizkion datuak, edo harekin batera ez badira aurkezten onuradun izateko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean eskaera zuzen dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, eta aurrekontuetan bonu bakoitzerako kreditua den bitartean.

2. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

3. Behin ebaluazioa eginda, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatutako jarduketei emanen zaizkie dirulaguntzak.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Nazioarteko Ekintzaren Atala da laguntzak kudeatzen dituen organoa. Hark ebaluatuko ditu eskabideak, eta gero organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, hartan adierazita onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza jasotzeko betebehar guztiak.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak izanen du dirulaguntza esleitzea eta, hala bada, ordaintzea ebazteko eskumena. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

3. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, pertsona interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

4. Baldin eta eskaerarekin batera aurkeztu badira 7. oinarrian aipatutako frogagiriak eta gardentasun aitorpena, dirulaguntza aldi berean esleitu eta ordainduko da.

5. Baldin eta, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean, kreditu baimendua badago bonu modalitateren batean, eta erantzun gabeko eskaerak badaude beste modalitateetan, hasiera batean kreditu aski ez egoteagatik ezetsitako eskaerei erantzunen zaie, sarrera-ordenari jarraikiz, kreditua bukatu arte.

7. oinarria.–Dirulaguntzaren justifikazioa:

Onuradunek, 2019ko urriaren 18ra arteko epean, hura barne, honako justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Justifikazioaren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa. Inprimaki horrek dirulaguntza ordaintzeko eskaera bat izanen du, bai eta proiektuaren justifikazio memoria bat ere, ezarritako gidoiaren araberakoa, eta helburu bererako jaso diren laguntzei buruzko adierazpen bat, halakorik balego.

b) Fakturak eta haien ordainagiriak, eskaera aurkezten duen enpresaren izenean egon beharko dutenak (bankuko dokumentuak bakarrik onartuko dira).

Bultzada bonua eskatu bada esportazioen kudeatzaile bat kontratatzeko, izenpeturiko kontratua ere aurkeztu beharko da.

c) Ebaluazio inkesta, laguntzen fitxan eskura dagoena.

8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da gehienez, frogagiriak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako ekintzak 7. oinarrian ezarritako moduan eta epean egin izana frogatzea.

c) Beren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz, adieraztea dirulaguntza baten onuradun direla, eta horretarako Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) logoa ikusgai jartzea. www.planinternacional.navarra.es helbidean deskarga daiteke, “1. Qué es” puntuko deskargen atalean.

d) Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egiaztatze lanak onartzea.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

f) Laguntzen fitxan eskura dagoen eraginkortasun adierazleen galdetegia aurkeztea, laguntzei dagokien ekitaldia eta hurrengoa bukatu ondoren.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea gal daiteke, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, onuradunek aitortuko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasun Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

1. Deialdi honetako laguntzak bateraezinak dira 2018an eta 2019an nazioartekotzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzeko dirulaguntzarekin.

2. Halaber, deialdi honetako E-Commerce nazioarteko bonuak eta Bultzada bonuak bateraezinak dira Nafarroako Gobernuak 2019an kanpo sustapenerako ematen dituen dirulaguntzekin. Salbuespena da esportazioen kudeatzaile bat kontratatzeko Bultzada bonuaren bidez egiten den gastua.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1906031