105. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

211/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 20koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruan balorazio egiteko prozeduraren II. eskuliburua onesten duena.

Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen xedea da adingabeen arreta integrala bermatzea Nafarroako Foru Komunitatean. Horretarako, sartzen ditu adingabea babesteko esparru juridikoan prebentzioa, sustapena eta babesa ziurtatzeko neurri eta jarduketa administratiboak, eta bermatzen ditu kasu guztietan haurren eskubideak eta beren interesen defentsa, baita beren garapen integrala ere bizikidetzaren eremu guztietan.

Halaber, 15/2005 Foru Legearen garapen partzialeko erregelamendua onesten duen urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuak modu espezifikoan arautzen ditu gai hauek, besteak beste: adingabeak babesteko alorrean eskuduna den entitate publikoan lan egiten duen langile espezializatuen araubide juridikoa; balorazio batzordearen jardunbiderako araubide juridikoa (batzordea babesgabetasun egoerari buruzko informazioa emateko organo kolegiatu eskuduna da); kautelazko neurriak, babesgabetasun egoerak, familiako harrera eta, azkenik, babesteko neurrien jarraipena, aldaketa eta amaiera

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Nafarroako Foru Komunitatean familia, haurtzaroa eta nerabezaroa laguntzeko II. Plan Integralean (2017-2023) aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako eta haurrak babesteko programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Nafarroako Foru Komunitatean familia, haurtzaroa eta nerabezaroa laguntzeko II. Plan Integralak (2017-2023) bere 8. puntuan, haurren babesari buruzkoan, honako hau ezartzen du: “Haurren babesgabetasun egoerak ikertzeko/ebaluatzeko funtzioak eta egoera haiei dagozkien erabakiak hartzea eta kasuan kasuko planak prestatzea, gaian inplikatuta dauden talde eta profesional guztiek era koordinatuan egin behar dutela, eta beren edukia ahalik eta kalitate handienekoa izanen dela, baliabideak familien eta adingabeen beharretara egokitzen direla bermatzeko”.

Halaber, programetan lehentasun hau markatzen du: “Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren mendeko Balorazio Ataleko eta Zaintza Kudeatzeko Ataleko taldeek Nafarroako haurren babeserako sistemako talde guztiekin lan egitea lortu behar dutela, behar den bezalako “koordinazioa” eta “parte hartzea” bermatzeko, aldi berean, arlo honetako talde espezialistak direnez, jarduketa guztietan ezinbestekoa den lidergo gaitasuna lortzen duten bitartean.”

Hau dela eta, 2019an jarduketa hauek aurrera eramatea proposatzen du, besteak beste:

1. Babesgabetasunaren larritasuna baloratzen duen tresna bat prestatzea.

2. Arriskua ebaluatzen duen tresna bat prestatzea.

3. Kasuan kasuko plana prestatzeko eta pronostikoa ebaluatzeko tresna bat prestatzea.

4. Babesgabetasun egoerak ikertu eta ebaluatu behar dituzten profesional guztiei prestakuntza ematea, ikas dezaten erabiltzen babesgabetasunaren larritasuna baloratzen duen tresna, babesgabetasun arriskua ebaluatzen duen tresna eta kasuan kasuko plana prestatzeko eta pronostikoa ebaluatzeko tresna.

Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruan balorazio egiteko prozeduraren II. eskuliburua tresna ezinbestekoa da egoera zaurgarrian dauden familiak, haurrak eta nerabeak babesteko alorrean ari diren instituzio, erakunde eta eragileentzat, egoera horiek atzemateko, jakinarazteko, baloratzeko eta haietan esku hartzeko egin behar diren jarduketa guztiak bideratzeko modua ematen baitu, prozedurak bateratuz.

Eskubide Sozialetako Departamentuak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bidez, lidergoa hartzen du prozesu parte-hartzaile baten bidez Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruan balorazio egiteko prozeduraren II. eskuliburua idazteko. Horretarako bultzatu ditu ekintza berariazkoak departamentuen arteko ikuspuntuarekin, hau da, koordinazio egokia egon dadin instituzio publikoen, hirugarren sektoreko erakundeen eta haurren eskubideen defentsan jarduten duten beste eragile batzuen artean, baliagarriak direla erakutsi duten jarduketa eta ereduetan sakondu baitu eta berrikuntzak sartu baititu programa eta baliabide metodologikoetan, erronka berriei aurre egiteko.

Nafarroako Adingabearen Kontseiluari eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluari informazioa eman zaie, eta espedienteko txostenek agerian utzi dute Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruan balorazio egiteko prozeduraren II. eskuliburua egitea egokia eta gizarte-interesekoa dela.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruan balorazio egiteko prozeduraren II. eskuliburua onestea.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen zuzendariordetzara igortzea.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 20an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1906902