1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
96E/2019 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, partzialki onesten duena hondakindegirako eta arriskutsuak ez diren hondakinen transferentzia zentrorako instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen inguruan eskatutako aldaketa. Instalazioa Arbizuko udal-mugartean kokatuta dago eta haren titularra Sakanako Mankomunitatea da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua: Ingurumenaren eta Uraren zuzendariaren apirilaren 30eko 888/2008 Ebazpenaren bidez eman zioten, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 304E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zen eta, gero, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 7ko 81E/2017 Ebazpenaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 176E/2017 Ebazpenaren bidez eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 21eko 64E/2018 Ebazpenaren bidez aldatu zen.
2018ko ekainaren 29an, titularrak ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, hondakin batzuk sartzeko sortu eta kudeatzen diren hondakinen zerrendan, zeina ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean jasota baitago.
Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumenaren aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika hoberenen aplikazioarekin, hondakin hauei dagokienez izan ezik, jarraian azaltzen den moduan:
–Efluenteen bertako tratamenduko lohiak hondakindegira botatzeko eskatu da (020204 kodea). Ezin da baimendu hondakindegian uztea, hondakin organikoa delako. Hondakin horretarako baimendutako eragiketak R3 eta R10 dira.
–Partzialki konpostatuta dagoen eta konpost ontzi komunitarioetatik datorren hondakinari kodea aldatzeko eskatu da, zehazki, LER 190501 kodea esleitzeko. Ez da bidezkoa jotzen kodea aldatzea, gaur egun erabiltzen dena (200108 kodea) hizpide den hondakinarekin bat datorrelako.
–Konpostaje prozesuan kudeatutako 200108 hondakinaren deskribapena aldatzeko eskatu da, hain zuzen, deskribapenean adierazteko hondakin biodegradagarriak direla honako hauetatik heldu diren hondakin biodegradagarriak: etxeko eta merkataritzako hondakinen gaikako bilketatik eta udal hondakinen zati organikotik, zeina partzialki konpostatuta baitago eta konpost ontzi komunitarioetatik baitator. Gaur egun ezin da eskatutako aldaketa egin.
Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran adierazitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da eta, horrenbestez, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazi denarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordeturik utzi zaizkidan eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Partzialki onartzea hondakindegirako eta arriskutsuak ez diren hondakinen transferentzia zentrorako instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen inguruan eskatutako aldaketa. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte instalazioari ingurumen baimen integratua eman, aldatu eta eguneratzeko administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioa Arbizuko udal-mugartean dago eta haren titularra Sakanako Mankomunitatea da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak ingurumeneko diziplina neurriak hartzea ekarriko du. Neurri horiek jasota daude Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen gainean abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako testu bateginaren IV. tituluan, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarria, aplikagarri izaten segituko baitu, eta orobat jasota, modu subsidiarioan bada ere, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean ere.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa paratzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Sakanako Mankomunitateari eta Arbizuko Udalari bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2019ko apirilaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F1905477