2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MIRAFUENTES
Formakuntza eta kirol jardueretarako laguntzen ordenantza.
Behin betiko onespena
Mirafuentesko Udalak, 2018ko abenduaren 19an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Formakuntza eta kirol jardueretarako laguntzak arautzen dituen ordenantza. Hura 2019ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 7an, eta ez denez haren aurkako oharrik edo erreklamaziorik egin, behin betiko onetsitzat jotzen da, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. eta 326. artikuluei jarraikiz.
Mirafuentesen, 2019ko apirilaren 25ean.–Alkate udalburua, Roberto Larrión Otermin.
ORDENANTZA, FORMAKUNTZA ETA KIROL JARDUERETARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Helburua eta definizioa.
Ordenantza honen xedea da, batetik, Mirafuentesko bizilagunen artean musika, dantza, antzerki, hizkuntza eta kirol arloetako formakuntzarako jarduerak sustatzea eta, bestetik, Udalaren kirol eskola eta zentroetan eta/edo ofizialetan matrikulatzen diren ikasleei laguntzea. Orobat, helburu horiek lortzeko laguntzak zehaztu eta arautu nahi dira.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Ordenantza hau aplikatuko zaio Mirafuentesko udal-mugartean erroldaturik egon eta bertan bizi den orori.
3. artikulua. Laguntza motak eta zenbatekoak.
Ordenantza honetan arautzen diren udal laguntza hauen bidez, Udalak familiei hein batean lagundu nahi die halako jarduerek berekin ekartzen dituzten gastuak finantzatzen. Laguntzak kirol irakaskuntzarako eta formakuntzarako eskatzen ahal dira.
Laguntzek finantzatuko dituzte ikasmaila eta irakasgai hauen hileroko ordainketak (ez matrikula):
a) Musikaren, dantzaren, antzerkiaren eta abarren gaineko ikasketak, beste herrietan egiteagatik Mirafuentesko ikasleentzako dirulaguntzarik edo deskonturik ez dutenak, baina ikasketa horiek ematen diren herrietako ikasleei aplikatzen zaizkienak.
b) Kirol jarduerak, Mirafuentesko ikasleentzako dirulaguntzarik edo deskonturik ez dutenak, baina jarduera horiek ematen diren herrietako ikasleei aplikatzen zaizkienak.
4. artikulua. Baldintzak.
4.1.–Onuradunak:
4.1.1.–Laguntzok nahi duen orok eskatzen ahalko ditu.
4.1.2.–Laguntzak eskatzen dituztenek eta izaten ahal diren onuradunek eskaera egin baino urtebete lehenago Mirafuentesen erroldatutako familia unitatea osatu behar dute betiere.
Onuradunak erroldaturik segitu behar du ikasturtea amaitzen den egunean, beka osoa eskuratuko badu. Hala ez bada, kalkulu proportzionala eginen da bajaren egunaren arabera.
4.1.3.–Onuradunek aipatu Dirulaguntzei buruzko Legearen 13. artikuluak arautzen dituen baldintzak bete beharko dituzte. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
4.1.4.–Onuradunek frogatu behar dute zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituztela.
5. artikulua. Deia.
Dirulaguntzen deialdia urtero eginen da, alkatearen ebazpenaren bidez, eta Mirafuentesko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan iragarriko da.
6. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak urte bakoitzeko irailean aurkeztu beharko dira nahitaez, ekitaldi honi dagozkionak kenduta, horiek ordenantza hau indarrean jarri ondoan aurkezten ahalko baitira.
7. artikulua. Frogagiriak.
7.1.–Eskaera normalizatua, urteko deialdian argitaratzen den ereduaren araberakoa, matrikula egin zuen ikaslearen ordezkaria dirulaguntza eskatu zuen bera izan bazen.
7.1.1.–Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, ordainketak eguneratuak dituela dioena; ofizioz egiaztatuko da Mirafuentesko Udalarekin ordainketak eguneratuak ote dituen.
7.2.1.–Fotokopia konpultsatua, eskatzailearen NANarena edo nortasuna egiaztatzen duen beste agiri batena.
7.2.2.–Onuradunaren edo ikaslearen legezko ordezkariaren kontua dagoen banku entitatearen edo aurrezki kutxaren ziurtagiri eguneratua, honako hauek jasotzen dituena: entitatearen izena, bulegoa, kontrol digitua eta kontu zenbakia (IBAN/Swift BIC), bertan laguntzaren zenbatekoa ordainduko baita, hala behar bada.
Eskaera aurkezteak ez du esan nahi hura nahitaez eman behar denik.
Eskatzaileek ez baldin badute eskatu zaizkien agiri guztiak aurkezten edo aurkeztu dituztenek akats formalen bat badute, hamar eguneko epea emanen zaie, hura jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren aginduzko agiriak ekar ditzaten; hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko da, eta tramite gehiagorik gabe artxibatuko da.
Eskaera Mirafuentesko udal bulegoetan aurkeztuko da, artikulu honetan zehaztutako dokumentazio osagarriarekin batera.
8. artikulua. Laguntza emateko modua.
8.1.–Arautzen diren laguntzak urtero Mirafuentesko Udalaren aurrekontu arruntean kontsignatzen den partidaren kontura ordainduko dira.
8.2.–Eskaera kopuruaren arabera ordaindu beharreko zenbatekoak aurrekontuko kontsignazioa gainditzen badu, hainbanatu eginen dira modu linealean eman beharreko dirulaguntzak.
8.3.–Eskatzaileak izanen dira laguntzak hartuko dituztenak.
8.4.–Laguntza hauek ez dira bateragarriak beste administrazio batzuek edo entitate pribatuek ematen dituztenekin.
8.5.–Jardueraren kostua gainditzen bada, lortutako dirulaguntzak eta dirulaguntzaren xede den jarduera finantzatzeko eskuratutako gainerako diru-sarrerak batuta, laguntza emateko ebazpena aldatuko da, onartutako zenbatekoa finantzaketan lortutako soberakina bezainbat murrizteko.
9. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.
Laguntzen gehieneko zenbatekoa matrikularen kostuaren %40 izanen da eta, 200 eurokoa gehienez, ikasleko. Hasiera batean 3.000 euroko partida bat izanen da, aurkeztu eskaerei erantzuteko.
10. artikulua. Laguntza ematea eta ukatzea.
10.1.–Mirafuentesko Udalak eginen du, osoko bilkuran bilduta, deialdien ebazpena.
10.2.–Legezko ondorio guztietarako, laguntza eskatzailearentzat izanen da.
10.3.–Ebazteko eta jakinarazteko epea hilabete izanen da gehienez, dirulaguntza eskaerak aurkezteko azken egun baliodunetik hasita.
Epe hori ebazpen espresik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
10.4.–Eskaera egiteko espedienteetan ezarritako datuak laguntza emateko oinarritzat hartzen baitira, Mirafuentesko Udalak noiznahi ikuskatzen ahalko ditu benetakoak diren ala ez egiaztatzeko.
10.5.–Ikuskapen prozesuan laguntzeari uko egin edo eskatutako informazioa eta dokumentazioa aurkezten ez duten onuradun edo eskatzaileek, besterik gabe, onuradun edo eskatzaile izateari utziko diote, eta laguntzan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, bestela premiamendu bidez eskatuko baitzaizkie.
10.6.–Datu ekonomikoak eta/edo inguruabarrak ezkutatu edo faltsutuz gero, laguntza bertan behera gelditzen ahalko da eta jasotakoa itzuli beharko da.
10.7.–Laguntza onartzeari buruz organo eskudunak ematen duen ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari eta haren aurka zuzenbidearen arabera bidezkoak diren errekurtsoak aurkezten ahalko dira. Ebazpen hori banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 39/2015 Legean xedatuari jarraikiz.
10.8.–Hilabeteko epea izanen da onartutako dirulaguntzaren ordainketa pagamendu bakarrean mamitzeko, onarpenaren ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina, eta konpentsazioa jaso daiteke Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatzen diren baldintzetan.
10.9.–Laguntzen onuradunen eta hartzaileen betebeharrak.
Eskatzaileak betebehar batzuk ditu eta, betetzen ez baditu, ordenantzaren xede diren laguntzak eskuratzeko eskubidea gal dezake. Hauek dira:
a) Diruz lagundutako ikasketetan gertatzen diren aldaketa garrantzizko guztien berri ematea Mirafuentesko Udalari.
b) Ebaluatzaileei lana erraztea.
c) Diruz lagundutako ikasketek beste erakunderen batetik ere laguntza ekonomikorik jasoz gero, berehala jakinaraztea Mirafuentesko Udalari.
11. artikulua. Laguntzak ezeztatzea.
11.1.–Laguntza zertarako eman zen, beste xede baterako erabiltzea, laguntza ezeztatzeko arrazoia izanen da eta hura berehalakoan itzuli beharko da, organo eskudunak errekerimendua egin ondotik. Hala ez egiteak derrigorrezko diru-bilketa ekarriko du, kasuan kasukoa, deusetan ukatu gabe kasu bakoitzean abiaraz daitezkeen jarduketa zibil, penal edo bestelakoak.
11.2.–Eskatzaileak datuak faltsutu edo ezkutatu baditu, eskatutako laguntza ukatzen ahalko zaio, laguntza emateko baldintzak betetzen baditu ere.
11.3.–Laguntza ezeztatzen ahalko da, hura ordaintzeko prest izan eta hiru hilabeteko epea iragaten bada ordaindu gabe, betiere interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla medio.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean eta ondorio juridiko osoak sorraraziko ditu.
Formakuntza jarduerak sustatzeko laguntzen deialdirako eskabidea (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L1905667