104. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

223E/2019 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana; horren bidez, Larragako Udal Planaren egiturazko aldaketaren Ingurumen Txosten Estrategikoa egiten da. Naveo Sociedad Cooperativa da aldaketaren sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Espedienteari hasiera emateko, Udalak “Larragako Udal Planaren egiturazko aldaketa”ri lotutako dokumentazioa, Ingurumen Ebaluazioaren eskaera eta ingurumen-agiri estrategikoa bidali zituen 2019ko martxoaren 29an. Aldaketa 2018ko urriaren 25ean onetsi zen hasiera batez, eta jendaurrean jarri zen iragarki bat argitaratuz 2018ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 6koan.

Udal Planeko aldaketaren helburua da Larragan lehenagotik dauden eta Legearen araberakoak diren abeltzaintzako eraikinak eta/edo jarduerak zaharberritzeko edo handitzeko hirigintza aldetik bete behar diren baldintzak ezartzea, edozein dela lurzoru urbanizaezinen kategoria desberdinetarako aurreikusirik dagoen babesaren araubidea. Aldaketa egiteko proposamenaren helburua da aipatutako Sozietate Kooperatiboaren instalazioak handitu ahal izatea. Horrek araudia aldatzea eskatzen duenez, aldaketek eragina izanen dute Larragako lurzoru urbanizaezin guztian.

Aldaketa egiteko proposamena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen azken xedapenetako hamargarrenean ezarritakoan oinarrituta dago. Eduki hori txertatuko da 94. artikuluan (“Babes orokorra”), 96. artikuluan (“Produktibitate handiko lurzoruak eta ureztalurrak”) eta 97. artikuluan (“Nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoruak”). Era berean, 106. artikulua aldatu da, okupatzeko eta bertan eraikitzeko baldintzak baldintza berriak jartzeko lurzoru urbanizaezinean lehendik dauden abeltzaintzako instalazioetarako.

Lurraldea eta Paisaia Zerbitzuak aldeko ingurumen txostena egin du.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura egoki bete dela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Larragako Udal Planaren egiturazko aldaketa” ohiko ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren menpe ez jartzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Aldeko Ingurumen Txosten Estrategikoa ematea Naveo Sociedad Cooperativak sustatutako “Larragako Udal Planaren egiturazko aldaketa” egiteko, ingurumenean ondorio nabarmenik ez duelakoan.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen txosten estrategikoaren aurka ezin izanen da errekurtsorik paratu; bai, ordea, auzibidean, egiturazko aldaketa onetsi zuen xedapen orokorraren aurka, edota, administrazio bidean, egiturazko aldaketa onesteko egintzaren aurka.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen berri ematea Larragako Udalari eta Planeamenduko Atalari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 11n.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1905245