1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
106E/2019 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen Ukipenetarako Baimena ematen duena Funes udal-mugartean zuntz optikoko kablerako azpiegitura berria prestatzeko proiekturako. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.
2018ko urriaren 18an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen Ukipenetarako Baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean (“Komunikazio instalazioak”) sartzen da. Foru Dekretu horren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen Ukipenetarako Baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen Ukipenetarako Baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Aireko linea elektrikoa jarri nahi da, Funesko Telefono Zentrala eta Funesko Oinarri Estazioa lotzeko eta zuntz optikoko 8 zuntzeko kablea pasatzea errazteko. Horretarako, 978 metroko ibilbidea eta egurrezko 19 zutoin beharko direla aurreikusi da. Aireko linea elektrikoaren ibilbidea zoru urbanizaezinetik igaroko da. Espedientea tramitazio prozesuan zegoela, Ingurumen Ukipenen gaineko Ikerketaren Eranskina aurkeztu zen, ibilbidea aldatuta, lurzoru urbanizaezinean dagoen babestu beharreko basoari kalterik ez egiteko.
Espedientean jasota daude Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena eta Funesko Udalaren txostena. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintza jarrita.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen Ukipenetarako Baimena ematea proiektu honetarako: Funesko udal-mugartean zuntz optikoko azpiegitura berria egitea. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:
–Ingurumenaren arlokoak:
- Kablea pasatzeko zutoinak eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
- Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.
–Hirigintzaren arlokoak:
- Linearen ibilbideak herri-lurrak ukitzen dituenez eta, beraz, herri-lur horien “aprobetxamendua eta erabilera” oztopatzen dituenez, eta sustatzailea Udala ez denez gero, instalazioa egin aurretik Udalak okupazio espedientea tramitatu behar du, eta hura onetsi behar da, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bitartez. Horretarako, ukitutako gainazalaren kokapen zehatza eta Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritako ziurtagiriak emanen dira.
- Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
- Egin nahi den jarduerak izan ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoen eskutik.
- Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, linea elektrikoko zutoinak bide publikoetatik 3 metrora egon beharko dira, gutxienez.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimendu ondotik, bi urteko epean egin edo abian jarri beharko da, gehienez. Epe hori iragatean baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
3. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta espedientean interesa dutenek, Administrazio Publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Funesko Udalari, Basozaintzari (Barrutia: Tutera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2019ko apirilaren 4an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1905070