104. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

99E/2019 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, ofizioz aldatzen duena argindarra ekoizteko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Castejóngo udal-mugartean dago eta haren titularra EDP España SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua: Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 22ko 298/2011 Ebazpenaren bidez eman zioten, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 15eko 234/2013 Ebazpenaren bidez aldatu zen eta, geroago, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 356E/2017 Ebazpenaren bidez eguneratu zen.

Ingurumen baimen integratu horrek ezartzen duenez, airearen kalitatea zaintzeko, immisioa kontrolatzeko Alfaron (Errioxan), Funesen eta Tuteran dauden estazioen sare bat erabili beharko da, eta Nafarroako estazioek, besteak beste, SO2 analizagailu bat eduki beharko dute.

Funesko kontrol estazioan dagoen SO2 analizagailuak funtzionamendu arazo larriak izan ditu. Antzinatasuna dela eta, ekipamendua zaharkituta zegoen eta konpontzen oso zaila zen, ordezko piezak falta zirelako. Bestalde, ez zituen betetzen urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuak, airearen kalitatea hobetzeari buruzkoak, eskatzen zituen betekizunak.

Horren ordez beste analizagailu bat jartzeko aukera baloratutakoan, ondorioztatu da ez inbertsioa ez geroko mantentze-lanen kostua ez daudela justifikatuta; izan ere, instalazio horretan ez dira SO2 kutsatzailearen kantitate handiak igortzen, erregai moduan erabilitako gas naturalak ez daukalako sufrerik (usaina emateko izan ezik).

Bestalde, Tuterako kontrol estazioak ere badauka, bere ekipamenduen artean, SO2 analizagailu bat. Hori nahikotzat jotzen da Castejón herrian kokaturiko bi zentral termikoek eragiten ahal dituzten ukipenen jarraipena eta zaintza egiteko.

Ondorioz, eta Funesko kontrol estazioan dagoen SO2 analizagailuari baja eman zaionez, instalazio horren ingurumen baimen integratua aldatu behar da.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran adierazitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da eta, horrenbestez, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazi denarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordeturik utzi zaizkidan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Argindarra ekoizteko instalazio baten ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte instalazioaren ingurumen baimen integratua eman, aldatu eta eguneratzeko administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioa Castejóngo udal-mugartean dago eta haren titularra EDP España SAU da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak ingurumeneko diziplina neurriak hartzea ekarriko du. Neurri horiek jasota daude Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen gainean abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako testu bateginaren IV. tituluan, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarria, aplikagarri izaten segituko baitu, eta orobat jasota, modu subsidiarioan bada ere, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean ere.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa paratzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau EDP España SAUri eta Castejóngo Udalari bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1905476