Iragarkia
102. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
271/2019 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, deialdi publikoa onesten da diru baliabideak esleitzeko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan profesionalak kontratatzeko, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko 2019-2020 ikasturtean. DDBN identifikazioa: 454891.
2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legeak 28.6 artikuluan ezartzen du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak edo gizarte edo kultur egoera ahulean dauden ikasleak dituzten Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Irakaskuntzetako ikastetxe itunduek bestelako langileak eta diru baliabideak izanen dituztela, behar diren txosten teknikoek finkatzen dutenaren arabera banatuko direnak, Hezkuntza Departamentuak onetsi beharreko deialdi publiko baten bidez.
Nafarroako Gobernuak, 2019ko apirilaren 17ko erabaki baten bidez, 3.819.529,96 euroko urte anitzeko gastu bat onetsi zuen, eta 639.014,32 euroko beste bat; hortaz, deialdi honen finantzaketarako, guztira, 4.458.544,28 euro daude.
Horrenbestez, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena ikusirik, non proposatzen baita 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoa onestea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Deialdi publiko bat onestea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan, 2019-2020 ikasturtean, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren baliabideak esleitzeko eta emateko, horri esker hezkuntzako konpentsazioa lortu ahal izateko, I., II., III., IV. eta V. eranskinetan xedatutakoarekin bat.
2. Deialdi honen xedeko giza eta diru baliabideak finantzatzeko 4.458.544,28 euroko gastua onestea, honela banaturik:
2.1. “Hezkuntza premia berariazkoak. Irakaskuntza pribaturako dirulaguntza” izeneko 410003-41140-4811-322402 partidaren kargura (kontabilitateko 40001536 espedientea), guztira 3.819.529,96 euro. Horietatik, 1.273.176,65 euro 2019ko aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 2.546.353,31 euro, 2020ko gastu-aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.
2.2. “Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Irakaskuntza pribaturako dirulaguntza” izeneko 410003-41140-4811-322403 partidaren kargura (kontabilitateko 40001536 espedientea), guztira 639.014,32 euro. Horietatik, 213.004,77 euro 2019ko gastu-aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 426.009,55 euro, 2020ko gastu-aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Deialdi honen eta beronen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuan den kontu-hartzaile delegatuari, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 13an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da baliabide ekonomikoak esleitu eta ematea Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Derrigorrezkoaren Ondoko Hezkuntzan (azken kasu honetan, eta salbuespenez, Espainiako zeinu-hizkuntzaren interpreteendako eta mugitzeko desgaitasuna duten ikasleen zaindariendako bakarrik) ikasleak dituzten ikastetxe itunduei, hezkuntza laguntzako premia berariazkoak dituzten ikasleei arreta emateko profesionalak izan ditzaten 2019-2020 ikasturtean.
Ikasle horiek hezkuntza sisteman aurrera egiteko, curriculumaren egokitzea behar dute, eta/edo esku-hartze berariazkoa eta sistematikoa. Horretarako, lankidetza handia behar da irakasle espezialisten edo laguntzako irakasleen eta irakasle tutorearen artean. Aniztasunari erantzuteko ohiko neurriak aplikatu ondoren emanen da laguntza hori, ikasleak eskolan integra daitezen; horretarako, metodologia aktiboak eta elkarlanekoak erabiliko dira, eta antolamendu eredu malguak, oinarrizko gaitasunen garapena ahalbidetuko dutenak (II. eranskina).
Xede horretan ikasle talde hauek sartzen dira:
–Hezkuntza-premia bereziak izateagatik (izan desgaitasun fisikoaren, intelektualaren edo zentzumenezkoaren ondorioz edo izan portaera-arazo larrien ondorioz) edo ikasteko berariazko zailtasunak izateagatik hezkuntza laguntza behar duten ikasleak. Laguntza hori honako hauetan ezartzen da: Nafarroako Foru Komunitateko aniztasunari nola erantzun arautzen duen ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 12. artikuluan eta Ikaskuntzaren nahasmenduarengatik eta arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduarengatik berariazko hezkuntza-premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna arautzen duen Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 2. artikuluan.
–Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren eta/edo egoera soziokultural ahulean dauden ikasleak, curriculumeko atzerapena dutenak (bi ikasturte edo gehiago). Nafarroako Foru Komunitateko aniztasunari nola erantzun arautzen duen ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 23., 26. eta 27. artikuluetan aipatzen diren ikasleak dira.
Nahitaezkoa da aurreko ataletan aipaturiko ikasleak EDUCA programan dagokien erroldan egotea. Ikastetxearen ardura da ikasle horien txostenak eta dokumentazioa eguneratuta edukitzea, ikuskatu ahal izateko eta, orobat, ikasleak errolda horietan sartzen direnean familiei edo, hala dagokionean, legezko tutoreei jakinaraztea. EDUCAn agertzen ez diren ikasleak ez dira aintzat hartuko baliabideak banatzeko orduan.
Erroldan 2018ko irailaren 1etik aurrera sartu diren ikasleen txostenak baizik ez dira aurkeztuko, eta honako atal hauetan egon beharko dute EDUCA kudeaketa programaren HLBP fitxa eguneratzeko gidaliburuan: 1 (Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak), 2 (Adimen gaitasun handia) eta 4 (Ikasteko berariazko zailtasunak).
Deialdi honetan ez dira sartzen Hezkuntza Bereziko ikastetxe itundu berariazkoak, ez eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako erdibideko unitateetan/garapenaren nahasmendu orokorreko unitateetan eta Bigarren Hezkuntzako curriculum bereziko unitateetan diharduten ikasleak ere.
Bigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.
1. Aipatu ezaugarrietako ikasleak izan, eta ebazpen honetan ezarritakoaren arabera txostenak aurkeztu behar dituzten ikastetxe itunduek eskabide orria aurkeztu beharko dute departamentu honetako Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari zuzendua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez.
Ikastetxeen erregistro berezian ikastetxearen titular gisa agertzen denak aurkeztu beharko du eskaera.
Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, txostenak aurkeztu dituzten ikastetxeek (deialdi honen lehenbiziko oinarriaren arabera) 7 egun naturaleko epea izanen dute eskatzen zaienetik dokumentazioan egindako akatsak zuzentzeko.
2. Erreserban uzten diren baliabideak eskatzeko (eranskin honetako seigarren oinarrian aipatzen direnak), eskaerak aurkezteko epea 2019ko irailaren 16an bukatuko da. Oinarri honen 1. puntuan aipatzen den zerbitzu berari zuzenduko zaizkio, eta leku beretan aurkeztuko.
Hirugarren oinarria.–Eskaerarako aurkeztu beharreko agiriak.
1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako baliabideak eskatzeko, honako hau aurkeztu behar da:
a) Ikasleen zerrenda, III. eranskinaren araberakoa (ebaluazio psikopedagogikoaren txostena aurkezten dutenena).
b) Ebaluazio psikopedagogikoaren txostena. Ikasle batentzat baliabideak lehen aldiz eskatzen direnean, hura egoki baloratzeko eta ezagutzeko txosten bat aurkeztu beharko da.
Horretarako, IV. eranskinean jasotako eredua erabiliko da, beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa erantsita.
Txosten psikopedagogikoan, proba objektibo estandarizatuen emaitzen bidez egiaztatuko da diagnostikoa.
Ebaluazio psikopedagogikoa egiteko, erreferentziatarako kontsultatzen ahalko dira NHBBZko taldeek egindako gidak, esku-hartzearen esparru desberdinetan ebaluazio psikopedagogikoa egiteko gidak, alegia: http://creena.educacion.navarra.es/web/protocolos/.
Hizkuntza arloko hezkuntza premiak dituzten ikasleen kasuan, “Hizkuntza ebaluatzeko orientabideak” izeneko dokumentuan (Komunikazioaren nahasmenduen esparrua) jasotako jarraibideei jarraitzen ahalko zaie. NHBBZren web-orrian dago:
https://sites.google.com/a/educacion.navarra.es/trastornos/home/materiales/documentos.
(Zuzeneko esteka:
https://drive.google.com/file/d/0B0eiH-cLhm7IVXp5WXIxc3FnNVk/view).
Behar mota honetarako ez da txosten berariazkorik eginen, eta balorazioa IV. eranskineko txostenean sartuko da.
c) Balorazio psikopedagogikorako, EDUCA programaren kategoria diagnostikoak erabiliko dira.
d) Espainiako zeinu-hizkuntzaren interpretea behar duten ikasleen kasuan, txosten bat aurkeztu beharko da ikasle horiek Espainiako zeinu-hizkuntza bere inguru sozialean erabiltzen dutela frogatzeko.
Laugarren oinarria.–Deialdi honen ebazpenean ematen diren baliabideen kudeaketa eta ordainketa.
1. Irakasleen soldatak, antzinatasuna eta karga sozialak Administrazioak ordainduko ditu zuzenean, ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan harremana galarazi gabe. Horrek ez du inolako lan harremanik sortuko Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren IV. tituluaren arabera.
2. Gainerako giza baliabideen –irakasle ez diren langile osagarrien– soldata, antzinatasuna eta karga sozialak ikastetxeko titularrak ordainduko ditu zuzenean eta Hezkuntza Administrazioak konpentsatuko dio ikastetxeko titularrari bi hilabetez behin egindako ordainketen bitartez. Ikastetxearen titularrak, sarrera horien justifikazio gisa, Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean aurkeztuko ditu, irailean, urtarrilean eta maiatzean, irakasle ez diren langile osagarrien lansarien eta Gizarte Segurantzaren ordainketaren frogagiria eta dataren egunean kobrantzak eginak dituztela dioen adierazpena, langile osagarriek sinatua.
3. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduaren titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean jasoko da zer baliabide onesten diren deialdi honen ebazpenaren ondorioz ikastetxe itundu bakoitzerako.
4. Deialdi honen bitartez giza baliabideak jaso ahal izateko, ikastetxe itunduek aplikatu egin beharko dituzte Hezkuntza Administrazioaren eta irakaskuntza pribatuko enpresa erakundeen eta sindikatuen artean adostutako neurriak, hain zuzen, ebazpen honen bosgarren oinarrian aipatzen diren dirulaguntzak eta itunak iraungitzearen ondorioz ukitutako irakasleak eta langile osagarriak birkokatzekoak. Giza baliabidea emanen da baldin eta ikasleak ikastetxean jarraitzen badu eta baliabide horren beharra baldin badago.
Bosgarren oinarria.–Baliabide ekonomikoak.
1. Deialdi honen xederako kreditua, hots, hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten eta egoera ahulean dauden ikasleei arreta emateko langileak kontratatzeko, 4.458.544,28 euro izanen da guztira gutxi gorabehera, partida hauen kargura:
1.1. “Hezkuntza premia berariazkoak. Irakaskuntza pribaturako dirulaguntzak” izeneko 410003-41140-4811-322402 partida (kontabilitateko 40001536 espedientea), guztira 3.819.529,96 euro. Horietatik, 1.273.176,65 euro 2019ko aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 2.546.353,31 euro, 2020ko gastu-aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.
1.2. “Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Irakaskuntza pribaturako dirulaguntza” izeneko 410003-41140-4811-322403 partida (kontabilitateko 40001536 espedientea), guztira 639.014,55 euro. Horietatik, 213.004,77 euro 2019ko gastu-aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 426.009,55 euro, 2020ko gastu-aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.
2. 2019-2020 ikasturterako, hasierako esleipenean, honenbeste laguntza-ordu banatzen ahalko dira gehienez, espezialitateen arabera:
a) Pedagogia Terapeutikoko irakasleen 1.610 ikastordu astean, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arretarako.
b) Entzumena eta Hizkuntzako irakasleen 310 ordu astean, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasleentzat.
c) Desgaitasunak dituzten ikasleentzako zaintzaileen 515 ordu astean.
d) Espainiako zeinu-hizkuntzaren Interpretazioko goi mailako teknikarien 5 ordu astean.
e) Egoera soziokultural ahulean dauden eta bi ikasturte edo gehiagoko curriculumeko atzerapena duten ikasleentzako irakasleen 350 ikastordu astean, Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako.
Espezialitate bakoitzerako onartutako orduen kopurua aldatzen ahalko da, betiere gastua, osotara, esleitutako kopurua baino handiagoa ez bada.
Seigarren oinarria.–Aparteko deialdia.
Ordu kopuru bat erreserban utziko da, bigarren oinarrian eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik irailaren 16ra bitarte sortzen diren premia berriei aurre egiteko (V. eranskinak arautuko du). Zehazki:
a) 90 ordu astean, Pedagogia Terapeutikoko irakasleek emanak hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arretarako.
b) Entzumena eta Hizkuntzako irakasleen 30 ordu astean.
c) Desgaitasunak dituzten ikasleentzako zaintzaileen 40 ordu astean.
d) Espainiako zeinu-hizkuntzaren interpreteen 5 ordu astean.
e) Laguntzako irakasleen 10 ordu.
Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren prozedura, ebazpena eta justifikazioa.
1. Batzorde bat eratuko da baliabideak esleitzeko. Honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua:
- Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Kideak:
- Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.
- Hezkuntza Premien Bulegoko burua.
- Inklusio Proiektuetarako Bulegoko burua.
- Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) zuzendaria.
- Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko bi profesional, zuzendariak izendatuak.
–Idazkaria:
- Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelari bat.
2. Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko batzorde tekniko bati eskatuko dio baliabideak esleitzeari buruzko proposamen bat egin dezala.
Proposamen horretan hau jasoko da:
a) Ikastetxearen identifikazio-datuak.
b) Ikasleak eskolatzen laguntzeko behar diren giza baliabideen proposamena.
3. Batzorde teknikoaren proposamena kontuan hartu behar da deialdia ebazterakoan.
Aurkeztutako premietarako kalkulatzen diren orduek bosgarren oinarrian gehienez ezarritako ordu kopurua gainditzen badute, ordu horiek hainbanatuko dira ikastetxeen artean.
4. Epe arruntean balorazio prozesua buruturik, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak baliabideak emateko behin-behineko proposamena prestatuko du, eta Hezkuntzako zuzendari nagusiak behin-behineko ebazpena emanen du, zeina Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratuko baita, jakinarazpen ondorioetarako. Ebazpen horren aurka alegazioak eta/edo erreklamazioak aurkezten ahalko dira, 10 egun balioduneko epean, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak aipatzen du erregistro hori).
Ikastetxeen erregistro berezian ikastetxearen titular gisa agertzen denak aurkeztu beharko ditu alegazioak.
5. Epe hori bukaturik, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak erreklamazioen gainean ebatzi eta baliabideak emateko behin betiko ebazpenaren proposamena igorriko dio Hezkuntzako zuzendari nagusiari.
Esleitzen diren giza baliabideekin arreta eman beharko zaie hezkuntza premiak dituzten ikasle guztiei, eta ikastetxearen eskumena da baliabide horiek antolatu eta kudeatzea.
6. Aparteko deialdian zehazten diren erreserba-orduak (seigarren oinarria), Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, eskaerak baloratu behar dituen batzordeak txostena berretsi ondoren, 2019-2020 ikasturtea hasita sortzen diren premia larrien arabera; Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak izendatuko dituen langile teknikoek premia horien gaineko txostena egin beharko dute.
7. Erreserban dauden baliabide horiek agortzen ez badira behar berririk ez dagoelako, erreserban mantenduko dira, ikasturtea bukatu bitartean sortu daitezkeen beharretarako.
8. Hezkuntza Departamentuak bere webgunean argitaratuko du behin betiko ebazpena, non sartuko baitira ikastetxe interesdunek egiten dituzten aldaketak, erreklamazioen ondoriozkoak, halakorik badago, bai eta erreserba epean emandako baliabide berriak ere. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
9. Honen bidez justifikatu beharko da emandako baliabideak nola erabili diren:
9.1. Ikastetxeko titularrak, sarrera horiek justifikatzeko, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean aurkeztuko du, urtarrilean, maiatzean eta irailean, langile osagarriek sinatutako adierazpen bat, egun horretaraino dagozkion kobrantzak eginak dituztela dioena, baita ikastetxearen ziurtagiri bat ere, azaltzen duena ordaindu direla epe horretarako Gizarte Segurantzari dagozkion zenbatekoak eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura egindako atxikipenak, behar bezala zehazturik.
Ikasturtearen hasieran, langile osagarrien kontratuak aurkeztuko dira, Hezkuntza Administrazioak haien soldaten eta antzinatasunaren berri izan dezan.
Beren ikastetxeetan lan egiten duten erlijiosoek, Vatikanoaren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako akordioak direla-eta PFEZa ordaintzetik salbuetsirik badaude, aurreko urteko sozietateen gaineko zergaren aitorpenean zerga horren baliokide diren ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, hala behar denean, langile autonomoen araubide bereziaren bidez Gizarte Segurantzari eginiko ordainketen agiriak.
9.2. Ikastetxeak behartuta daude 2019ko azaroaren 30a baino lehen informatzera, EDUCA programaren bidez, hezkuntza premia bereziak izateagatik edo egoera ahulean egoteagatik hezkuntza laguntzako premiak dituzten ikasleei arreta emateko orduak nola erabili diren.
II. ERANSKINA
Hezkuntza laguntzako premiak dituzten ikasleei arreta emateko orientabideak
Arrazoia edozein dela ere, eskolatze prozesua bitartean hezkuntza laguntzako berariazko premiaren bat duten ikasleei arreta egokia eman behar zaie.
Horrenbestez, antolamenduaren eta pedagogiaren aldetik erabakiak hartu behar dira proposatutako neurriei segimendua egiteko, betiere ikastetxeetan irakasle taldearen koordinazioa bultzatuz eta hezkuntzako inklusioaren printzipioa errespetatuz.
Hezkuntzako etapa guztietan, hezkuntza babestu eta indartzeko neurriak, ahal dela, ikaslearen erreferentziako ikasgelan berean planifikatuko dira. Besteak beste, antolaketa eta metodologia neurri hauek hartuko dira, elkarlana oinarri: talde elkarreragileak, ikasgelan bi irakasle jartzea, berdinen arteko ikaskuntza, lan proiektuak, tailerrak, txokoak...
Komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan beharrak dituzten ikasleekin esku-hartzeko orientabideak:
–Haur Hezkuntzan, Entzumena eta Hizkuntza arloko profesionalek arreta berezia emanen diete, desgaitasun intelektual, fisiko edo zentzumenezko baten ondorioz, komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan hezkuntza premiak dituzten ikasleei. Haur Hezkuntzan, Entzumen eta Hizkuntza arloko profesionalak eta Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistrek, atzerapen edo nahasmendu larriengatik hezkuntzan eta komunikazioan zailtasun handiak dituzten ikasleei lagunduko diete, curriculumean sartzea eragozten dutenean eta ikasteko arazo larriak ekartzen dituztenean.
–Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarte, desgaitasunaren ondoriozko hezkuntza premia bereziak izanik mintzamenean eta komunikazioan garapen funtzional bat lortu duten ikasleei dagokienez, mintzamenaren eta idazmenaren arloko premiei arreta ematea, batez ere, Pedagogia Terapeutikoko profesionalen ardura izanen da.
–Irakurmenaren eta idazmenaren nahasmenduaren kasuetan, Lehen Hezkuntzan Entzumena eta Hizkuntza arloko profesionalen eta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Pedagogia Terapeutikoko profesionalen esku-hartzearen helburu nagusia irakurri eta idazteko prozesuak birgaitzea izanen da. Nahasmendu horren ondorioz beste arlo batzuetan gertatzen diren curriculum atzerapenei heltzeko, ikastetxeak aniztasunari erantzuteko garatzen dituen beste neurri batzuk aplikatuko dira.
–Ahalik eta gazteen hastea lehenetsiko da, eta ikasle berarekin profesional bat baino gehiago ez aritzea, bana-banako arreta beharrezkoa den kasuetan. Arreta hori salbuespenekoa izanen da beti, eta ongi koordinatuta egonen da; ahal den guztietan, ohiko ikasgelan edo talde txikitan lan eginen da.
III. ERANSKINA
Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen zerrenda (PDFa).
IV. ERANSKINA
Ebaluazio psikopedagogikoaren txostena, ikastetxe itunduetan diru-zenbatekoa esleitzeko (PDFa).
V. ERANSKINA
Aniztasunari erantzuteko baliabideak epe berezian berrikusteko prozesua
Baliabideen berrikuspena eska daiteke, ekainaren 7an, eskaeran sartu diren ikasleak ez badaude jadanik EDUCA erroldan sartuak eta jarraian azaldutako irizpideak betetzen badituzte.
Pedagogia Terapeutikoa.
PTko baliabidea kasu hauetan berrikusiko da epe berezian:
1. Askotariko desgaitasuna duten ikasleak: Askotariko desgaitasuna duten ikasleak EDUCAren erroldan sartzeko, betebehar hauek bete beharko dituzte:
–Adimen desgaitasun larri edo oso larria (20-25-40tik 35-40ra) edo adimen desgaitasun sakona (20-25etik behera).
–Disfuntzio oso larria mugimenduan (mugimendua oso murriztuta dago).
–Desgaitasun sentsorial larria edo oso larria.
Gaur egun EDUCAren egituran loturiko bi ardatz izan daitezke soilik. Hori dela eta, askotariko desgaitasuna arrazoitzeko hirugarren inguruabarra oharretan sartu beharko da:
Adibidea:
Ardatz nagusia: askotariko desgaitasuna.
Loturiko 1. ardatza: adimen desgaitasun larri edo oso larria (20-25-40tik 35-40ra).
Loturiko 2. ardatza: haurren garun-paralisia.
Oharrak: hipoakusia oso larria (70 dB-etik 90era bitartean).
2. Desgaitasun psikikoari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, baldin eta bi urte edo gehiagoko curriculum atzerapena badute.
MATRIKULA OSOA, IKASTETXEAN | FAKTOREA |
1 eta 50 ikasle artean | Ezaugarri hauek dituen ikasle berri bat izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke. |
51 eta 100 ikasle artean | Ezaugarri hauek dituzten bi ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 5 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek ikasle berri bati dagokion baliabidea eska dezakete). |
101 eta 200 ikasle artean | Ezaugarri hauek dituzten hiru ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 15 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek bi ikasle berriri dagokien baliabidea eska dezakete). |
200 ikasle baino gehiago | Ezaugarri hauek dituzten lau ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 20 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek hiru ikasle berriri dagokien baliabidea eska dezakete). |
3. Desgaitasun sentsoriala (ikusmenarena, entzumenarena eta/edo mugimenduarena) duten ikasleak, baldin eta (HE/CE) sarbide-egokitzapena badute eta/edo curriculum egokitzapen esanguratsua badute, eta jokabidearen nahasmendu larria duten ikasleak. Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalak baloratuko ditu ikasle hauen premiak, eta, behar izanez gero, argibideak eskatuko ditu.
Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.
Entzumena eta Hizkuntza.
PTko baliabidea epe berezian kasu hauetan berrikusiko da:
1. Askotariko desgaitasuna duten ikasleak (*ikus gorago eman definizioa).
2. Desgaitasun psikikoarekin lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, baldin eta bi urte edo gehiagoko curriculum atzerapena badute eta/edo MBN diagnostikoa duten ikasleak, baldin eta bi urte edo gehiagoko curriculum atzerapena badute:
ZENBAT IKASLE | FAKTOREA |
1 eta 100 ikasle artean | Ezaugarri hauek dituen ikasle berri bat izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke. |
101 eta 200 ikasle artean | Ezaugarri hauek dituzten bi ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 5 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek ikasle berri bati dagokion baliabidea eska dezakete). |
200 ikasle baino gehiago | Ezaugarri hauek dituzten hiru ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 15 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek bi ikasle berriri dagokien baliabidea eska dezakete). |
3. Desgaitasun sentsoriala (entzumenarena eta/edo mugimenduarena) duten ikasleak, (HE/CE) sarbide-egokitzapena eta/edo curriculum egokitzapen esanguratsua badituzte. Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalak baloratuko ditu ikasle hauen premiak, eta, behar izanez gero, argibideak eskatuko ditu.
Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.
Lehen eta Bigarren Hezkuntzako laguntzako irakasleak.
1. Epe berezian, hezkuntzan berandu sartu diren eta hizkuntza ezagutzen ez duten 6 ikasle, gutxienez, hartu izana.
Baliabideak esleituko erabilgarri dauden orduen arabera.
Iragarkiaren kodea: F1906538
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
