102. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

50/2019 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, eraikitzeko administrazio baimena ematen duena CAVAR-2 haize-parkerako, Cadreitako eta Valtierrako udal-mugarteetan.

2019ko otsailaren 22an, Renovables de la Ribera SLk eraikitzeko administrazio baimena eskatu zuen CAVAR-2 haize-parkerako, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 130. artikuluan ezarritakoarekin bat. Errege dekretu horrek arautzen ditu energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.

Aurrekariak:

Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, CAVAR-1, CAVAR-2, CAVAR-3, CAVAR-4 eta CAVAR-5 izeneko haize-parkeen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen. Gobernuaren erabaki horrek ezartzen zuenez, CAVAR-1, CAVAR-2, CAVAR-3A eta CAVAR-3B haize-parkeak, baita horiei lotutako instalazioak ere, espedientera ekarritako dokumentazio teknikoan ezarritako baldintzak betez garatu behar ziren, baita Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 10ean emandako 1209E/2016 Ebazpenean ezarritako baldintzak betez ere; ebazpen horren bidez eman zen aurreproiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak uztailaren 5ean emandako 61/2018 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena eman zen CAVAR-2 haize-parkerako.

Proiektuaren xehetasunak:

Aurkeztutako proiektuaren arabera, parke honetarako 27.720 kW-eko potentzia aurreikusi da, eta 3.465 kW-eko potentzia unitarioa duten makinak izanen ditu. Hortaz, 8 haize-sorgailu izanen dira guztira, G132 modelokoak eta Siemens Gamesa enpresak fabrikatuak. 101,5 metro garai den abatza edukiko dute.

Haize-sorgailuak bi lerrotan antolatu dira, honako UTM koordenatu hauetan:

UTM koordenatuak (ETRS89)

Haize-sorgailua

UTM X

UTM Y

2.1

611522

4677038

2.2

611711

4677215

2.3

611863

4677413

2.4

612067

4677557

2.5

612234

4676398

2.6

612429

4676559

2.7

612592

4676748

2.8

612769

4676921

Haize-sorgailuek sorturiko energia garraiatzeko hustuketa sarea bi zirkuitutan antolatuko da. Lurpeko linea batek eratuko du sare hori, eta HEPRZ1 motako fasekako eroale polobakarrak erabiliko dira, 18/30 kV-ekoak eta AI ebakidura ezberdinetakoak. Parkeko potentzia guztia 30/66 kV-eko azpiestazio baten bitartez aterako da, zeina beste proiektu batean zehaztuko baita.

Aurkeztu den proiektuan, haize-parkerako sarbideak eta barneko bideak ere sartu dira.

Ukitutako administrazioak, erakundeak edo zerbitzu publikoak nahiz interes orokorrekoak ematen dituzten enpresak:

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131. artikuluarekin bat, proiektuaren separata igorri da Iberdrola Distribución Eléctrica SAUra, Eólica Navarra SLUra, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura, Valtierrako Udalera eta Cadreitako Udalera.

Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk txostenak egin ditu 2019ko martxoaren 4an (2099818001212) eta apirilaren 1ean (2099818001494). Haietan, CAVAR-2 haize-parkea eraikitzea onartzen du.

Apirilaren 11n, Eólica Navarra SLUk jakinarazi du Eólica Caparroso SLU sozietatea dela “Caparroso” haize-parkearen eta horko energia bideratzeko azpiegituren titularra. Eólica Caparroso SLU pertsona bakarreko sozietatea da, eta hango partaidetza guztiak Eólica Navarra SLUrenak dira. Hortaz, azken horrek adierazi du proiektuarekin ados dagoela, baldin eta zenbait baldintza betetzen badira (Erregistroko dok. zk.: 2019/286977).

Apirilaren 12an egin eskaeran, Renovables de la Ribera SLk adierazi du Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk jarritako baldintzak onartzen dituela. Halaber, adierazi du Eólica Caparroso SLUk jarritako baldintzak ere onartzen dituela, eta konpromisoa hartzen duela linea elektrikoa erabiliko duten bi erabiltzaileen beharrak koordinatzeko eta adostasuna lortzeko, ahalik eta eperik motzenean eraiki eta abian jar daitezen behar diren bi deribazioak.

Martxoaren 15ean, Zainketa Zerbitzuak N-121 eta NA-134 errepideekiko ukipenari buruzko txostena egin du, eta adierazi du obrak baimentzen ahal direla, errepide horiekiko ukipenari dagokionez (esp. erref.: 2019/145494).

Apirilaren 10eko agiriaren bitartez, Valtierrako Udalak aldeko txostena eman dio haize-parkea instalatzeari. Orobat, apirilaren 12ko agiriaren bidez, aldeko txostena eman du 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoarekin gertatzen den gurutzaketa tarteari buruz, linea hori aipatu udalarena baita.

Apirilaren 24ko instantziaren bidez, Cadreitako Udalak aldeko txostena igorri du, udaleko arkitektoak egina.

Ebazpen proposamena:

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proposatzen du Renovables de la Ribera SLren eskaera onartzea, kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoa, bai eta Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eraikitzeko administrazio baimena ematea Renovables de la Ribera SLri CAVAR-2 haize-parkerako.

2. Onestea instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Mercedes de la Sota Iturralde industria ingeniariak 2019ko otsailean sinatua. Hogeita hamasei hilabete ematen zaizkio obrak gauzatzeko.

3. Aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira instalazioak, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

5. Eraikitzeko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera eta Ingurumen Ebaluazioaren Bulegora, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atalera, eta Zainketa Zerbitzuko Ustiapen Atalera.

7. Hori guztia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Renovables de la Ribera SLri, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri eta Eólica Navarra SLUri, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

9. Ebazpen hau Valtierrako Udalari eta Cadreitako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko apirilaren 29an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia. Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1905970