102. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

73/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 17koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 9ko 121/2013 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez, gasolio profesionala kontsumitzeagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala egiteko prozedura ezarri zen.

Uztailaren 3ko 6/2018 Legeak, Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, aldatu egiten du, besteak beste, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 50. artikulua, zeinak hidrokarburuen gaineko zergaren zerga-tasak arautzen baititu, eta indargabetu egiten du 50.ter artikulua, zeinaren bidez hidrokarburoen gaineko zergaren erkidegoetako zerga-tasa arautzen baitzen.

50.ter artikulua indargabetzearen ondorioz, ez dira aplikatzekoak autonomia erkidegoek, kasua bada, hidrokarburoentzat ezarritako zerga-tasak. Erkidegoetako zerga-tasak desagertu ondoan, itzulketa-oinarri bakarra dago, hots, interesdunak erositako eta ibilgailu baimenduetan erregai gisa erabilitako gasolio bolumena, mila litrotan adierazita. Bolumen horri aplikatuko zaio hidrokarburoen gaineko zergaren estatuko zerga-tasa. Halaber, itzulketa-tasa bakarra dago: araubide erkideko Zerga Berezien Legearen 52.bis.6.a) artikuluko lehenbiziko paragrafoan ezarritakoa.

Hori dela eta, gasolio profesionala kontsumitzeagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala egiteko prozedura egoera berrira egokitu behar da. Prozedura hori apirilaren 9ko 121/2013 Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren laugarren xedapen gehigarriarekin bat, Foru Komunitateak behar diren arauak eman arte, hidrokarburoen gaineko zerga arautzen duen 38/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak apirilaren 9an emandako 121/2013 Foru Agindua aldatzea. Haren bidez, gasolio profesionala kontsumitzeagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala egiteko prozedura ezarri zen.

Bat. 2. artikuluaren 1., 5. eta 14. apartatuak.

“1.–Itzulketa-oinarria. Itzulketa-oinarri honi aplikatuko zaio estatuko tasa: interesdunak erositako eta ibilgailu baimenduetan erregai gisa erabilitako gasolio bolumenari, mila litrotan adierazita”.

“5.–Itzulketaren gehieneko zenbatekoa. Gehienez ere ibilgailu eta urte bakoitzerako 50.000 litroko kontsumoari dagokiona, 1. apartatuan zehaztutako itzulketa-oinarriari jarraikiz. Taxiak direnean, itzulketaren gehieneko zenbatekoak ez du gaindituko 5.000 litrori dagokiona taxi eta urte bakoitzeko”.

“14.–Itzulketa-tasa. Itzulketa-tasa izanen da Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 52.bis.6.a) artikuluan ezarritakoa”.

Bi. Lehen xedapen gehigarria.

“Lehen xedapen gehigarria.–Lankidetza soziala.

Beste inoren izenean aitorpenak telematika bidez aurkezteko baimenduriko pertsona edo entitateak eskumen horretaz baliatu ahal izanen dira foru agindu honetan aipatzen diren eskabideak eta zerrendak aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 29an eman 130/2009 Foru Aginduan xedaturikoarekin bat. Horren bidez, beste inoren izenean zerga arloko aitorpen, jakinarazpen eta beste zerga agiri batzuk telematika bidez aurkeztu eta zerga arloko zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpoko lankidetzarako ituna onetsi zen.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 17an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1906869