101. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

500E/2019 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzen deialdia, bai eta aldatu ere haren oinarri arautzaileak, maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez onetsiak. DDBN identifikazioa: 447068.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, betiere haien oinarri arautzaileak 2019. urtea baino lehen onetsi baldin badira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Bidezkoa da, beraz, desgaitasuna duten pertsonek lan-merkatu arruntean enplegu lagundua lortzeko dirulaguntzen gastua baimentzea, 2019. urterako.

Halaber, bidezkoa da oinarri arautzaileak aldatzea, kudeaketako zenbait oker zuzentzeko. Horrez gain, lanpostuen egokitzapenak eta lan-ingurune batzuetan kontratazio mugagabeak finantzatzeko dirulaguntzen zenbatekoak aldatzen dira. Kontuan hartu da, horretarako, azken ekitaldietan ez dela ia eskabiderik aurkeztu izan, eta honako hau dela enplegurako politika aktibo interesgarrienetako bat, desgaitasuna dutenak laneratzearen arloan.

Aipatu oinarri arautzaile hauek betetzen dute Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) I. kapituluan eta 33. eta 34.2.c) artikuluetan ezarritakoa. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; artikuluok dirulaguntza hauek emateko funts juridikoa dira. Araubide hau, zeinaren aplikazioa 2019an Europako Batzordeari komunikatu behar baitzaio, SA51207 laguntza bezala dago identifikatua bere laguntza publikoen erregistroan.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–370.000 euroko gastua baimentzea desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako, 2019rako gastu-aurrekontuko partida honen kargura: “Enpresa arruntek desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko laguntzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241105 partida. Maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez onetsi ziren deialdiaren oinarri arautzaileak (DDBN: 447068).

2.–2018ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2019ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3.–Maiatzaren16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez onetsi ziren oinarri arautzaile hauek aldatzea:

3.1.–Deialdiaren 6. oinarriak testu hau izanen du:

“Honako hauek dira eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoak:

1 a) Kontratu mugagabea, lanaldi osoan: 4.000 euro.

1 b) Emakumezkoen kontratu mugagabea, lanaldi osoan: 4.400 euro.

2 a) Desgaitasuna duen pertsona, lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituenean: 8.000 euro.

2 b) Desgaitasuna duen emakumezkoa, lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituenean: 8.400 euro.

3. Lanpostua egokitzea, babes pertsonalerako bitartekoak hornitzea edo oztopo arkitektonikoak kentzea: 3.600 euro arte.

4. Lan-inguruneak:

a) Gizonak:

–Lanaldi osoan: 5.000 euro.

–Zailtasun bereziak izanez gero: 9.000 euro.

b) Emakumeak:

–Lanaldi osoan: 6.000 euro.

–Zailtasun bereziak izanez gero: 9.800 euro.

Lanaldi partzialeko kontratuetan eta aldizkako langile finkoen kontratuetan, 1., 2. eta 4. puntuetako laguntzen zenbatekoa hainbanatuko da, benetan lan egindako denboraren arabera.

Hasiera batean mugagabeak diren lan kontratuen kasuan, bi enplegu-emailek edo gehiagok kontratazioaren egun berean egiten dituztenean, 1. eta 2. puntuetako laguntzen zenbatekoa hainbanatuko da enplegu-emaileen artean, benetan lan egindako denboraren arabera. Zenbateko hori ezin da gainditu kontratu guztien artean.”

3.2.–8.1 oinarriak testu hau izanen du:

“1.1. Kontratazio mugagabearengatik ematen diren laguntzen eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, kontratua hasi edo aldi baterako kontratua mugagabe bihurtu eta biharamunetik hasita, gastuaren baimena argitaratu bada betiere. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren kargura izanen dira aurreko urteko azaroaren 1etik abian den urteko urriaren 31ra bitarte egindako kontratazioei edo aldaketei dagozkien eskaerak.

1.2. Lanpostua egokitzeko, babes ekipoak hornitzeko edo oztopoak edo trabak kentzeko laguntzen eskaerak egokitzapena egiten hasi baino lehenago aurkeztu beharko dira, eta epea hamabi hilabetera bukatuko da, lan kontratua hasi eta biharamunetik aurrera. Eskaera aurkeztu beharko da, nahitaez, gasturako baimena argitaratu ondoren.

Aipatutako egokitzapena eginik badago, eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, aurkeztutako fakturen azken ordainketatik hasita, baldin eta gasturako baimena argitaratuta badago. Bestela, epea hilabetekoa izanen da, baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren kargura izanen dira aurreko urteko azaroaren 1etik eta abian den urteko urriaren 31ra bitartean egin eta ordaindutako inbertsioei dagozkien eskaerak.

1.3. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

1.4. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) dagokion fitxa erabiliz (laguntzen fitxa).”

3.3.–9.1.2 oinarriak testu hau izanen du:

“Lanpostua egokitzeko eskaerarekin batera, aurretik aipatutako agiriez gainera, egin beharreko gastuaren aurrekontu bat aurkeztu beharko da.

Inbertsioa eginik badago, faktura bakoitzari dagokion ordainagiria erantsiko zaio, hau da, fakturen eta ordainketen arteko trazabilitatea egiaztatzeko aukera ematen duten bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak.

Era berean, proposatutako edo egindako egokitzapenaren beharra azaltzen duen memoria aurkeztu beharko da.

Edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak edo administrazioak berak emandakoak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zein administrazio organori zuzendurik aurkeztu zituen agiri horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikoak erabiliz eskuratuko ditu, salbu eta interesdunak berariaz kontra dagoela adierazten badu. Kasu horretan, behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, aurkez ditzan eskatzen ahalko dio berriz interesdunari.”

3.4.–16. oinarriak testu hau izanen du:

“1. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpena emanen du dirulaguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.

Aurrekoa gorabehera, ezinbesteko kasuetan, borondatezko bajen kasuetan edo bidezko kaleratzeen kasuetan, dirulaguntzaren parte bat baizik ez da itzuli beharko, hau da, diruz lagundutako kontratazioan eskatutako hiru urteko epea betetzeko falta den denboraren araberakoa, berandutze-interesak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2.i) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, non eta enplegu-emaileak ez duen pertsona hori ordezten, gehienez ere hilabeteko epean, desgaitasuna duen beste pertsona batekin. Ordezkatzaileari dagokion edozein inguruabarren ondorioz, dirulaguntza emandakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta zati bat itzultzea eskatuko da, kasuan kasuko diferentziaren eta hiru urteko epea betetzeko falta denaren arabera, berandutze-interesak barne. Ordezkapena Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatuko zaio, kontratu berriaren datatik hilabeteko epean gehienez ere.

Ondorio horietarako, ezinbesteko kasuak izanen dira Langileen Estatutuaren 49.1 artikuluko e), f), g), h) eta i) ataletan ezarritakoak.

Bidegabeko kaleratzearen ondorioz uzten bada lana, ez da ordezkapenik eginen. Onuradunak itzuli beharko ditu emandako dirulaguntza eta berandutze-interesak.

2. Lanaldiaren ehunekoa gutxitzen bada kontratazioaren hiru urteko epea bete aurretik, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta zati bat itzultzea eskatuko da, kasuan kasuko diferentziaren eta hiru urteko epea betetzeko falta denaren arabera, berandutze-interesak barne.

3. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura honakoek arautuko dute: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotzen diren xedapen orokorrek eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak.

4.–Aldatzen diren oinarri arautzaileei dagokien dirulaguntza deialdian 2018an aurkeztutako eskaerak oinarrien arabera tramitera onartu eta ebatziko dira, eta ez da beharrezkoa izanen interesdunek eskaera berri bat aurkeztea.

5.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

6.–Ebazpen hau igortzea Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura.

7.–Europako Batzordeari jakinaraztea SA51207 laguntza araubidearen indarraldia luzatu dela.

8.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko apirilaren 2an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1905072