2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ULTZAMA
Udaletxeko hegoaldeko 2. solairuan elkarrekin lan egiteko (coworking) erabilgarri dauden espazioen erabilera eta prezioak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena
Udal honek, 2019ko otsailaren 7an eginiko osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen udaletxeko hegoaldeko 2. solairuan elkarrekin lan egiteko (coworking) erabilgarri dauden espazioen erabilera eta prezioak arautzen dituen udal ordenantza aldatzea.
Hasiera batez onesteko erabakia 2019ko martxoaren 13ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Ultzamako Udalaren iragarki taulan argitaratu zen, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza horretako aldaketaren espedientea behin betiko onetsi da eta argitara ematen dira aldatutako artikuluak; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Larraintzarren (Ultzamako Bailara), 2019ko maiatzaren 7an.–Alkate anderea, M.ª Aranzazu Martinez Urionabarrenechea.
UDALETXEKO HEGOALDEKO 2. SOLAIRUAN ELKARREKIN LAN EGITEKO (COWORKING) ERABILGARRI DAUDEN ESPAZIOEN ERABILERA ETA PREZIOAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
Lehenengo artikulua.
Ultzamako Udala “coworking” lanerako espazio partekatuaren jabea denez gero, ordenantza honen bidez eratu nahi da barne araubidearen erregelamendua, Udalaren eta zerbitzu horiek erabili nahi dituzten profesionalen arteko harremanak arautzeko.
Erregelamendu honen xedea da “coworking” lanerako espazio partekatuaren erabiltzaileen (pertsonen eta/edo entitateen) arteko harremanak garatzeko esparrua ezartzea.
Gune hori lantoki bat da, Ultzamako Udalak sustatu duena Udaletxeko hego hegaleko 2. solairuan dauden lokalak egokituz, zehazki Larraintzarko San Pedro kaleko 11n dauden udal bulegoen eskuinean daudenak.
Bigarren artikulua.
Espazio hauen ezaugarria da azpiegitura komunak dituztela eremu bakar batean, halako eran non lana, banakakoa izateaz gainera, espazioaren erabilera partekatua egiten baita, eta honako abantaila hauek baitakartza:
–Ibilgetu materialean inbertitzeko beharrizan txikiagoa.
–Ustiapen kostuetan aurreztea.
–Proiektuaren hasierako beharrizanetara egokitzen den espazio fisikoa izatea.
–Jarduera abiarazteko azkar kokatzea eta ezartzea.
Espazio honen funtzionamendua lantokiaren alokairuan datza (guztira 8 lantoki daude), baita “bulego pribatu” bat ere, instalazio guztiak erabiltzeko eskubidea edukita (“Bilera gela”, Office, komunak, eta abar).
Ultzamako Udalak ematen dituen zerbitzuak gorabehera, ondorio guztietarako pertsona eta/edo entitate erabiltzaileak izango dira bere ekonomia jardueraren edo enpresaren eta enpresa proiektuaren arduradun bakarrak.
II. KAPITULUA
Ultzamako udalaren “coworking”
lanerako espazio partekatuaren zerbitzuak
Hirugarren artikulua.
Espazio honek 98,11 m² ditu guztira, eta aurretik aipatu tokian kokaturik dago.
Bertan badaude bi bulego berdin-berdinak tamainari eta kokapenari dagokionez, partekatuz erabiltzeko, eta bakoitzak 27,95 m² ditu.
Partekatuz erabiltzeko bi bulego horietako bakoitzak 4 “coworking gune” izanen ditu, halako moldez ezen osotara gehienez lau erabiltzailek okupatu ahalko baitute.
Zortzi “coworking gune” horien helburua da ekintzaileen proiektuei lekua egitea haietan instala daitezen, dela jardueraren hasieran dela enpresa sendotu behar den une batean.
Partekatuz erabiltzeko diren bi bulego horiek partekatuko dituzte horiek erabiltzeko baimena eman zaien pertsonek edo entitate erabiltzaileek.
Bulego Pribatu bat ere badago, 10,95 m2-koa, erabilera pribatiboa izaten ahal duena.
Hartan (8 coworking gune eta bulego pribatuan) garatuko diren jarduerak jarduera profesionalak besterik ez dira izango, eta debeku da bertan produktuen beste edozein lantegi, industria, ekoizpen, salmenta eta biltegiratzeko jarduera oro egitea.
Garatu beharreko jarduerek ez diete kalterik, eragozpenik edo trabarik sortu behar bertan kokatutako gainerako pertsonei edo entitateei ez bertan garatzen diren lanbide jarduerei.
Horiezaz gain, espazio horren barnean badaude honako areto komun hauek ere:
–14.99 m² dituen bilera gela bat.
–9.00 m² dituen sukalondo bat.
–4.51 m² dituen komun bat.
Areto komun horiek erabiltzeko eskubidea izango dute bulego partekatuak eta pribatua erabiltzeko baimena eman zaien pertsonek edo entitate erabiltzaileek.
Pertsona eta entitate erabiltzaileek instalazioen erabileran logikaz, berdintasun baldintzak zainduz, bereizkeriarik gabe, abusurik egin gabe eta arrazionaltasunez jokatu beharko dute.
Ultzamako Udalak espazio horiek erabiltzeko jarraibide eta arau zehatzak onetsiko ditu, eta bera izanen da, gai horri dagokionez, erabiltzaileen artean sortzen ahal diren interes-gatazkak ebazteko eta erabakitzeko eskumena izanen duen organoa.
Espazio horien guztien banaketa eta neurriak ordenantza honen I. eranskinean azaltzen den plano batean jasota daude.
Instalazioaren funtzionamendua eta pertsona eta entitate erabiltzaileen beharrak ikusirik, Udalak erabaki ahalko du zerbitzu nagusia osatzen duten beste zerbitzu osagarri batzuk sortzea, esaterako, takillak, segurtasun-kutxak eta abar, eta horien erabilera barne araubideko erregelamenduen bidez arautuko da.
Laugarren artikulua.
Pertsona eta entitate erabiltzaileen kontura eta ardura izanen da bakoitzaren lanerako edo jarduerarako ordenagailuaz edo tresna informatikoaz hornitzea.
Sukalondoa, bilera gela, dokumentuak inprimatzeko eta digitalizatzeko gailuak komunak izango dira guztientzat, eta datuen harguneak bermaturik egonen dira.
Ultzamako Udalak lagako ditu partekatuz erabiltzeko diren bulegoak, gutxienez 6 hilabeteko eperako, eta epe hori luzagarria izango da isilbidez gehienez ere 4 urteko eperako.
Hori hala izanik ere, lagatzearen 4 urteko gehieneko epea igarota, ez badago beste eskatzailerik partekatuz erabiltzeko 2 bulegoak okupatzeko, Ultzamako Udalak kontratuaren luzapena baimendu ahalko du beste sei hilabeteko epe berriztagarrietan. Hala ere, ordaindu beharreko prezioa edo kanona berrikusi edo eguneratuko da aldez aurretik. Dena dela, 4 urteko epe hori igarota, Ultzamako Udalak bere egiten du une oro errentamendua bukatutzat emateko eskubidea.
Edozein kasutan, erabiltzeko kontratua bukatzen denean pertsona eta entitate erabiltzaileek hilabete bateko epea edukiko dute erabiltzeko lagatako espazioa husteko.
Erabilera lagatzeko kontratua bukatzen denean, bulegoa hustuta geldituko da eta, logikoa denez, kontratua hasi aurretik zegoen egoera berean utziko da.
Lagapen-hartzailea den pertsona edo entitate erabiltzaileak ez badu egiten aurretik azaldutakoa, Ultzamako Udalak egingo du haren kontura, eta bulegoan dauden ondasun guztiak eramango ditu Udalaren dagozkion lokaletara, eta biltegiratze kanona sortuko da, ondasunek biltegiratuta ematen duten denboraren araberakoa izango dena. Horretarako, Ultzamako Udalak ondasun horiek atxikitzeko eskubidea izango du, pertsona edo entitate erabiltzaileak edozein kontzeptu dela eta zor dizkion zenbatekoak ordaindu arte.
Aurrekoa gorabehera, pertsona edo entitate erabiltzaileak edozein unetan erabaki ahalko du erabilera lagatzeko kontratua bukatzea, eta horretarako asmo hori jakinarazi beharko dio Ultzamako Udalari idatziz eta modu fede-emailean 30 egun lehenago, gutxienez. Kasu horretan, edozein kontzeptu dela-eta Ultzamako Udalari zor dizkion zenbateko guztiak ordaindu beharko dizkio, aurretik.
Komunikazio hori egin gabe instalazioak uzten badira edo pertsona edo entitate erabiltzaileak betebeharretako bat betetzen ez badu, Ultzamako Udalak ahalmena izango du bai ordenantza honetan bai alderdien artean sinatutako Erabilera Lagatzeko Kontratuan horri buruz adierazten diren ekintza guztiak baliatzeko.
Bosgarren artikulua.
Bi bulegoetako batean espazio bat partekatuz erabiltzeko Ultzamako Udalari ordaindu beharreko kanona edo prezioa izango da 50 euro hilean, gehi dagokion BEZ aplikagarria eta, horri, prezio publikoaren kalifikazio juridikoa emango zaio.
Bi bulegoetako batean espazio bat partekatuz erabiltzeko Ultzamako Udalari ordaindu beharreko kanona edo prezioa izango da 75 euro hilean, gehi dagokion BEZ aplikagarria eta, horri, prezio publikoaren kalifikazio juridikoa emango zaio.
Kanon horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, urteko edo, kasua bada, Erabilera Lagatzeko Kontratuaren egunetik, multzoko KPIaren igoera gainditzen ez bada.
Ultzamako Udalaren kargurakoa izanen da pertsona edo entitate erabiltzaileak erabiliko dituen zerbitzu komun edo zentralizatuen kostua, argia, berogailua, ur beroa, garbitasuna eta zabor bilketa errentamenduaren prezioan sartzen baitira.
Ultzamako Udalak hilero igorriko dizkie dagozkien fakturak pertsona edo entitate erabiltzaileei.
Bi aldeei fakturen kobrantza kudeatzen laguntzeko asmoz, pertsona edo entitate erabiltzaileek finantza-erakunde bateko kontuaren zenbakia jakinaraziko diote Ultzamako Udalari, eta kontu horretan beharrezko ordainketak helbideratuko dira, hilabete bakoitzeko lehenbiziko zazpi egunean ageriko ordainagiria igorrita.
III. KAPITULUA
Betebeharrak
Seigarren artikulua.
Oro har, Ultzamako Udala II. kapituluan deskribatu diren zerbitzuak zaintzeaz eta mantentzeaz arduratuko da.
Bereziki honako betebehar hauek edukiko ditu:
1.–Erabilera partekatuko bulegoak, bulego pribatua eta areto komunak pertsona edo entitate erabiltzaileak garatu beharreko jarduerarako behar bezala ekipaturik eskaintzea.
2.–Erabiltzeko laga diren aretoen argindar hornidura, berogailu, ur bero, garbitasun eta mantentze-lanen zerbitzua ematea, espazio horiek erabiltzeko ordaindu behar den kanonaren edo prezioaren barnean.
Larrietan eta ezinbesteko kasuetan erabili ahal izateko, Ultzamako Udalak coworking gunera eta haren barneko gela guztietara sartzeko giltzen kopia bana izanen du, eta horiek behar bezala gordeko dira udal bulegoetan.
Ultzamako Udalak ez du inolako erantzukizunik izango espazio horien pertsona edo entitate erabiltzaileen jabetzan, ondasunetan edo eskubideetan izandako edozein galera edo kalteren gainean, zuzenean egozterik ez badago edo haren zuzeneko erantzukizunetik ondorioztatzerik ez badago, eta bereziki lapurreta edo ebasketen kasuetan.
Espazio horiek erabiltzeko ordutegia: astelehenetik larunbatera, 7:30etik 22:00etara. Hala ere, Udalak, ohar, bando edo maila gutxiagoko erregelamendu bidez, arau zehatzak ezarri ahalko ditu, besteak beste, “coworking” gunea ireki eta ixteari, espazio osagarrien erabilerari, txandei eta ordutegiei buruz.
Zazpigarren artikulua.
Pertsona edo entitate erabiltzaileek zorrotz bete beharko dituzte bai ordenantza honetan ezarritako baldintza guzti-guztiak bai Ultzamako Udalaren eta beraien artean sinatutako Erabilera Lagatzeko Kontratuan ezartzen diren guzti-guztiak ere.
Erabilera Lagatzeko Kontratua sinatzen denetik hamabost eguneko epean, pertsona edo entitate erabiltzaileek honako alderdi hauek beteak izan beharko dituzte:
–Ultzamako Udalak jarduera zehatzerako baimena eman aurretik espazio horien erabilera lagatzearen erabakia hartu beharko du.
–Enpresa gisa eratzea, horrek merkataritza izaera badu; edo Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian alta hartzea, banakako enpresaburua edo profesional librea bada.
–Bere enpresa proiektua garatzeko zein bere enpresak behar bezala funtzionatzeko derrigorrezko baimen eta lizentzia guztiak izatea.
–Zerga betebehar, ekarpen, zerga, Gizarte Segurantzako kuota eta enpresak behar bezala funtzionatzeko behar den beste edozein tasaren ordainketa egunean izatea une oro.
–Ultzamako Udalean bere jarduera abiarazteko EJZeko alta hartzea, eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea. Horretarako, jarduera garatzeko lokalaren zenbatu beharreko azalera 12 m² da.
Jarduera hasten denean, pertsona edo entitate erabiltzaileek baliatzen dituzten elementu eta azpiegitura komunak zuzen erabili behar dituzte, eta ahalik eta lasterren jakinaraziko dituzte haien funtzionamendu arruntean aurkitzen diren arazoak edo kalteak, baita dagokion lantokia garbi eta behar den bezala mantentzea ere.
Pertsona edo entitate erabiltzaileek ez badute ezarritako epean kanona ordaintzen, interesa sortuko da Ultzamako Udalaren alde, harik eta osorik ordaindu arte. Interes hori Nafarroako Foru Ogasunak zerga zorrak luzatzeko ezartzen duenaren baliokidea izango da. Interes horiek automatikoki sortuko dira, Ultzamako Udalak pertsona edo entitate erabiltzaileari inolako errekerimendurik egin behar izan gabe.
Kopuru horien kobrantza premiamendu-bidez egingo da, eta zenbateko osoaren ehuneko hogeiko (%20) errekargua izango dute zigor klausula gisa
IV. KAPITULUA
Administrazio-prozedura
Zortzigarren artikulua.
Ultzamako Udalak epe bat irekiko du espazio partekatu horiek (8 coworking gune eta bulego pribatu bat) erabiltzeko eskaerak aurkezteko.
Espazio horiek erabiltzeko interesa duten pertsona edo entitateek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute aipatu epean, honako alderdi hauek zehaztuta:
–Egitekoa den jarduera.
–Zein epetan erabiltzeko eskatzen den.
–Titularrarekin eta jarduerarekin berarekin loturiko bestelako alderdi batzuk, proposamena baloratua izan dadin.
Pertsona edo entitate guztiek aurkeztu ahalko dituzte eskaerak, jarduera hasita izan arren; hala ere, lehentasuna emango zaie Ultzamako udalerrian kokaturik daudenei, jarraian azaltzen diren hautaketa irizpideen arabera.
Entitateak edo pertsona juridikoak badira, eskaera onartzeko, ezinbesteko betebeharra da hura osatzen duten pertsonetako bat gutxienez Ultzamako udalerrian erroldaturik egotea.
Epe hori iraganik, dauden proposamenak balioetsiko eta puntuatuko dira honako irizpide hauen arabera:
–Puntuazioa, erroldagatik:
- Eskatzaileak edo entitate eskatzaileetako kideren bat Ultzaman erroldaturik egotea: 20 puntu.
–Puntuazioa entitate eskatzailearen motaren arabera:
- Langile autonomoen kasuan: 15 puntu.
- 1 eta 5 enplegatu arteko enpresen kasuan: 10 puntu.
- 5 enplegatu baino gehiagoko enpresen kasuan: 5 puntu.
Bulego pribatuari dagokionez, zer jarduera mota eginen den eta espazio horretara egokitzen den ere baloratuko da.
Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emango zaio Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan denbora luzeagoan alta hartua duen pertsona edo entitateari.
Entitate edo enpresa batek coworking lanerako gune edo leku bat baino gehiago eskatzen badu, soilik hartuko da kontuan espazio zehatz baterako eskaera. Hala ere, egindako eskaera guztiak baloratu ondoren espazio edo leku libreak gelditzen badira, adjudikatu ahalko zaizkio eskatutako gainerakoak, libre daudenak agortu arte, eta honako baldintza hauetan:
–Adjudikazio hori hasiera batean 6 hilabeterako izango da.
–Hasierako epe hori iraganik, banaka erabiltzeko eskaerak baldin badaude (postu edo espazio baterako pertsona edo entitate bakoitzeko), lehentasuna emango zaie horiei.
–Eskaerarik ez baldin badago, erabiltzeko kontratuaren epea segidako 6 hilabeteko epeetarako luzatuko da, eta epe bakoitza bukatzen denean, aurreko atalean ezarri bezala jokatuko da.
Ultzamako Udalak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hamabost egun balioduneko epean, erabakiko du epean jasotako eskaerak onartzen dituen edo ez eta, horiek baloratu ondoren, hobekien baloratuak izan direnei adjudikatzea erabakiko du. Ondoren, erabilera lagatzeko dagozkion kontratuak sinatuko dira.
Eskabideak aurkezteko epea igarota, ez badira betetzen erabilgarri egon diren 8 espazioak, ondoren epe hori zabalik egongo da eskaera gehiago aurkeztu ahal izan dadin, harik erabilgarri dauden espazioak bete arte.
Eskaera berri horiek hamabost egun balioduneko epean ebatziko dira.
Aitzitik, azkenean elkarrekin lan egiteko 8 espazioak eta bulego pribatua adjudikatu badira, eskaera aurkeztu eta plazarik lortu ez duten interesdunak itxaron zerrenda batean sartuko dira puntuazioaren araberako ordenean, eta deituko zaie plazaren bat hutsik gelditzen denean. Itxaron zerrenda horrek erabilgarri dagoen plaza edo espazioa adjudikatu arte iraunen du.
Erabiltzeko baimena besterenezina da, eta, halaber, debeku da hirugarren bati lagatzea edozein titulurengatik, aldi baterako edo behin betiko, osoa edo zati batean.
Bederatzigarren artikulua.
Pertsona edo entitate erabiltzaileek “coworking” gunea (bi modalitateetan: elkarrekin lan egiteko espazioa edo bulego pribatua) erabiltzeko eskubidea galduko dute honako arrazoi hauetako bat gertatzen denean:
1.–Elkarren segidako bi errezibo ordaindu gabe uztea.
2.–Ordenantza honetan ezarritako edozein betebeharren ez-betetze larria.
Arrazoi horietako baten bat gertatuz gero, Ultzamako Udalaren Alkatetzak hasi eta tramitatuko du berehala “coworking” gunea erabiltzeko eskubidea ebazteko prozedura.
Prozedura horretan, behin eskubidea ebazteari buruzko hasierako erabakia harturik, horren berri emanen zaio pertsona erabiltzaileari, zazpi egun naturaleko epean eskubideko jotzen duen guztia alega dezan. Behin eskubidearen ebazpenari buruzko azken erabakia hartuz gero, pertsona erabiltzaileak lagatako espazioa libre utzi beharko du bost egun naturaleko epe luzaezinean, eta, edozein modutan, bere kargura joanen dira ebazpen horren ondorioz gertatzen ahal diren kalte-ordainak.
Hamargarren artikulua.
Pertsona edo entitate erabiltzaileek bete beharko dute ordenantza honetan ezarritakoa eta Ultzamako Udalak du hartan ezarritakoa interpretatzeko ahalmena.
Ultzamako Udaleko alkatetzak hartuko ditu ordenantza honekin zerikusia duten gaiei buruzko erabaki guztiak, eta erabaki horiek berehala bete beharko dira. Hala ere, erabaki horien aurka, aukeran, honako errekurtso hauetako bat jarri ahalko da:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, Ultzamako Udalari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Iragarkiaren kodea: L1906831