96. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

199/2018 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, udal musika eskolentzako diru-laguntzen 2018ko deialdia onesten duena.

Abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren bidez (abenduaren 13ko 79/2010 Foru Dekretuak aldatua), musika eta dantza eskolen sorrera eta funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitatean arautzeko oinarrizko arauak ezarri ziren.

Hezkuntza Departamentuak badu aurrekontuko partida bat udal titulartasuna duten musika eskolak finantzatzen laguntzeko.

Bestalde, LOGSEk jasotako goi mailako musika ikasketak ezartzeko modua arautu eta “Pablo Sarasate” Goi Mailako Musika Kontserbatorioa sortu zuen martxoaren 27ko 7/2002 Foru Legeak hirugarren xedapen gehigarrian adierazten du Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bitartez, musika eskoletan musika ikasketa arautuak egiteko probak prestatzeko programak ezartzen laguntzeko sistema berariazkoa ezarriko duela, eta ezarpen-maila baxuko orkestra espezialitateei laguntzeko politikak sustatuko dituela.

Ebazpen honen helburua da diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituen deialdi bat onestea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako udal musika eskolentzako diru-laguntzen deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskin gisa atxiki diren oinarri arautzaileekin bat.

2. Gehienez 2.200.000,00 euroko gastua baimentzea, 2018ko aurrekontuko “Musika eskolentzako diru-laguntza” izeneko 420001-42440-4609-322502 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Ekonomia eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Arte Ikasketen Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta ukitutako musika eskolen titular diren udalei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen eta bere eranskinen kontra administrazio publiko interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 2an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Nafarroako udal musika eskolentzako
diru-laguntzen 2018ko deialdiaren oinarriak

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da toki administrazioen edo horiei loturik edo horien mende dauden entitateen titulartasuna duten musika eskolentzako 2018ko diru-laguntzen kontzesioa arautzea, ikastetxe horien mantentze-lanetarako eta funtzionamendurako.

2.–Onuradunak.

Nafarroan kokaturik dauden musika eskolen titularrak diren toki administrazioek edo haiei loturik edo haien mende dauden entitateek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan arauturiko diru-laguntzak, betiere 2017ko abenduaren 31n Hezkuntza Departamentuko Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan inskribaturik badaude eta 2017-2018 ikasturte osoan, hasten denetik bukatu arte, jardunean irauten badute.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak 2018ko aurrekontuko “Musika eskolentzako diru-laguntzak” izeneko 420001-42440-4609-322502 partidaren kargura emanen dira. Gehienez ere 2.200.000,00 euro banatuko dira.

4.–Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Onuradun izan daitezkeenek ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberako eskabide-orria aurkeztu beharko dute, departamentu honetako Arte Ikasketen Atalera zuzendua, deialdia argitaratu eta 15 egun balioduneko epean, toki hauetako batean: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko bulegoetan (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 7koa), Hezkuntza Departamentuarenean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen erregistro elektronikoa erabiliz. Eskaera aurkeztuz gero Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean, onuradunak, aurkezpenaren egun berean, ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, igorpenaren gordailu eguna frogatzen duen agiriaren kopiarekin batera.

4.2. Legezko ordezkariak aurkeztu beharko du eskaera, musika eskolaren titularra den entitateko organo eskudunak erabaki bidez horretarako ahalordea emanda. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Musika eskolaren titularra den entitateko organo eskudunaren erabakia, eskaera aurkezten duen legezko ordezkariari ahalordea ematen diona.

–Entitatearen estatutuak, udal bati lotutako edo haren mendeko entitateak direnean. Aurreko urteko deialdian aurkeztutako datuetan aldaketaren bat izan bada soilik aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

4.3. 4.2 atalean adierazitakoez gain, musika eskolek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

4.3.1. Eskolak berak luzatutako ziurtagiria, 2017-2018 ikasturtean musika ikasketa arautuetara igaro diren ikasleen zerrenda erakutsiko duena (izen-deiturak eta 2016-2017 ikasturtean zein programatan egon diren matrikulaturik adierazita), halako ikaslerik baldin bada.

4.3.2. Musika-ikasketa arautuetako, lanbide ikasketetako edo goi mailako ikasketetako Espainiako ikastetxeek luzatutako ziurtagiriak, ikasle horiek 2017-2018 ikasturtean maila horietako kurtso osoak egiteko matrikulaturik daudela azaltzen dutenak.

4.3.3. Musika eskolaren diru-sarrera eta gastuen 2017ko aurrekontu gauzatua edo burutua, musika eskolaren titularra den entitateko organo eskudunak onetsia. Aurrekontu horretan zehaztuko dira, gutxienez, udalak edo horri loturik edo horren mende dauden entitateek jarritako diru-sarrerak, Hezkuntza Departamentuaren diru-laguntzaren bidez jasotakoak eta beste administrazio publiko batzuek eta partikularrek emandakoak. Gastuen aurrekontu gauzatuan gutxienez hauek zehaztuko dira: irakasleen gastuak eta horien karga sozialak, irakasleak ez diren gainerako langileen datu berberak, ekipamendu gastuak eta urtean benetan egindako berritzeenak, eta musika eskolaren funtzionamendu eta kontserbazio gastuak (III. eranskina).

Aurreko deialdian ziurtagiri gisa aurkeztua bada Arte Ikasketen Atalean, agiri hau ez da aurkeztuko.

4.3.4. Eskolaren diru-sarrera eta gastuen 2018ko hasierako aurrekontua, eskolaren titularra den entitateak onetsia, gutxienez ere aurreko lerroaldean aipaturikoak zehaztuko dituena (IV. eranskina). Hori izan ezean, 2017ko aurrekontu gauzatua hartuko da kontuan.

4.3.5. Eskolaren titularra den entitateak onetsitako tarifa edo prezio publikoak, 2017-2018 ikasturtean ikasleei kobratzen zaizkienak.

4.3.6. Diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko erabiliko diren datuen laburpena (V. eranskina). Datu horiek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Arte Ikasketen Atalera bidalitako Ikastetxea Antolatzeko Dokumentuan agertzen direnak bezalakoak izanen dira.

4.3.7. Onuradunak jarduera diruz lagundua azpikontratatzen badu, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzen dela dioen deklarazioa.

4.4. Diru-laguntza eskaera osorik betetzen ez bada edo eskaera baloratzeko garrantzitsuak diren alderdiak behar bezala frogatzen ez badira, akatsa zuzen dezala eskatuko zaio entitate titularrari. Horretarako hamar egun balioduneko epea emanen zaio gehienez ere, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasita. Eskatutako zuzenketa aurkezten ez bada, musika eskolaren titularrak diru-laguntza hau eskuratzeko eskubidea galduko du, eta bere eskaera artxibatuko da.

5.–Diru-laguntzaren mugak.

Musika eskola bakoitzak guztira jaso dezakeen gehieneko diru-laguntzak muga hauek izanen ditu:

5.1. Musika eskola bakoitzari eman beharreko diru kopurua ezin da izan 2017. urtean eskolaren titularra den entitateak, ekitaldi horretako aurrekontu gauzatuan agertzen denaren arabera, egiten duen diru ekarpena baino handiagoa. Musika eskolaren batek Hezkuntza Departamentuaren funtzionamendurako baimena 2017-2018 ikasturtearen hasieratik lortu badu, ez zaio lerroalde honetako gehieneko muga aplikatuko diru-laguntza kalkulatzerakoan.

5.2. Musika eskola bakoitzari guztira eman beharreko diru kopuru hori, gainera, ezin da izan musika eskolak 2018ko gastuetarako duen hasierako aurrekontuaren %33 baino handiagoa.

6.–Diru-laguntzaren zenbatekoa ezartzeko prozedura.

6.1. Eskaera egiten duten musika eskolek gehienez 2.000 euro jasoko dute 2016-2017 ikasturtean eskolan matrikulatu eta 2017-2018 ikasturtean lanbideko edo goi mailako musika ikasketa arautuen Espainiako ikastetxe batean sartzen den ikasle bakoitzeko.

Aurreko lerroaldeko diru-laguntza, guztira, 200.000 eurotik gorakoa bada, gehieneko diru kopuru hori atal honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleen artean proportzionalki banatuko da.

Tuterako “Fernando Remacha” musika eskola atal honetatik aparte uzten da, izan ere, Tuterako Udalak berariazko hitzarmen bat dauka Hezkuntza Departamentuarekin sinatua musikako lanbide ikasketak egoki finantzatzeko.

6.2. Musika eskola bakoitzari puntuazioa emanen zaio matrikulatutako ikasleen arabera. Bost atal baloratuko dira, ponderazio indize hauei jarraikiz:

A.–Puntu bat, LOEren 48.3 artikuluan aurreikusitako ikasketa arautugabeetako hasierako ikasle bakoitzeko, hau da, abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 9. artikuluko 2. idatz-zatiak aipatzen dituen lautik zazpi urtera bitarteko ikasle bakoitzeko.

B.–1/3 puntu, LOEren 48.3 artikuluan aurreikusitako ikasketa arautugabeetako musika tresnaren eskolak, eta ez bestelakorik, hartzen dituen ikasle bakoitzeko, betiere abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 9.1.a artikuluan sartuta badaude.

C.–1/3 puntu, LOEren 48.3 artikuluan aurreikusitako ikasketa arautugabeetako irakasgai osagarrien eskolak hartzen dituen ikasle bakoitzeko, zortzi urte edo gehiago badituzte, eta abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 9.1.b artikuluan sartuta badaude edo eskolako kantu eta instrumentu taldeetan parte hartzen badute, foru dekretu beraren 9.1.c artikuluak dioenarekin bat.

D.–2,5 puntu, LOEren 48.3 artikuluan ezarritako ikasketa arautugabeetako instrumentu edo kantuko ikasle bakoitzeko (Hezkuntza Departamentuak baimendutako instrumentu espezialitateetan betiere), ikasleek zortzi urte edo gehiago badituzte, eta aldi berean irakasgai osagarrien eskolak hartzen badituzte edo ahots eta instrumentu taldeen jardueretan parte hartzen badute, 421/1992 Foru Dekretuaren 9.1.b eta 9.1.c artikuluetan ezarrita dagoen moduan. Kasu honetan kontuan hartuko da instrumentu-praktikako ikasleen eta irakasgai osagarrietakoen edo instrumentu eta/edo kantu taldeetakoen arteko gutxienekoa.

E.–Gainera, beste 2,5 puntu emanen dira harpa, kontrabaxua, fagota, tronpa, tuba-bonbardinoa eta biola espezialitateetan matrikulatutako ikasle bakoitzeko, betiere ikastetxeak aurreko lerroaldean azaldutako baldintza betetzen badu modu orokorrean.

Atal honetan azaltzen den ikasleen adinaren baldintzaren ondorioetarako, aipatzen den adina 2017. urtean bete beharrekoa da.

A, B, C, D eta E ataletako puntuak batuta ateratzen dena izanen da musika eskola bakoitzaren puntuazioa.

Eskola eskatzaileei atal honetan banatu beharreko diru kopurua kalkulatzeko, eranskin honen 3. atalean zehaztutako zenbatekoari 6.1 ataleko behin-behineko zenbateko osoa kenduko zaio.

Puntu bati dagokion balioa kalkulatzeko, zatiketa hau eginen da: aurreko lerroaldea aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa zati eskolen multzoari esleitutako puntu guztien batura.

Eskola bakoitzari esleitutako puntuazioa eta puntu bati dagokion balioa kontuan hartuta, eskola bakoitzerako zenbatekoa kalkulatuko da.

Aurreko lerroaldean adierazitako moduan musika eskola bakoitzarentzat kalkulatutako diru kopuruari 6.1 atalean adierazitako moduan eskola horrentzat kalkulatutako diru kopurua gehituta, emaitzak ezin izanen ditu gainditu oinarri hauen 5. atalean ezarritako mugak.

Zenbateko horrek 5. atalean ezarritako mugetakoren bat gaindituz gero, muga horretatik gorako zenbatekoa kenduko zaio zenbateko horri.

6.3. Eskola eskatzaile guztien 6.1 eta 6.2 ataletako zenbatekoen batura eranskin honen 3. atalean adierazitako zenbatekoaren azpitik badago, soberakina banatuko da 5. atalean ezarritako mugak gainditu gabeko diru-laguntzak jaso dituzten musika eskolen artean.

Horretarako, 6.2 atalean ezarritako prozedura erabiliko da, kontuan izanik aurreko lerroaldea aplikatu ondoren geratzen den dirua dela banatu beharrekoa.

Eskola bakoitzarentzat 6.1, 6.2 eta 6.3 atalak baturik kalkulatzen den behin-behineko zenbatekoak ezin izanen ditu gainditu 5. atalean ezarritako gehieneko mugak.

6.4. Aurreko atalean azaldutako banaketa prozesua behin eta berriz egiten ahalko da, harik eta diru-laguntzarako kalkulatutako guztizko zenbatekoa, hau da, 6.1, 6.2 eta 6.3 ataletan (eta 6.4 atalean, ondoren) kalkulatutako behin-behineko guztizkoen batura, 3. atalean erabilgarri dagoen zenbatekora hurbildu arte.

6.5. Musika eskola bakoitzak hartu beharreko behin-behineko zenbatekoa 6.1, 6.2, 6.3 eta 6.4 ataletan kalkulaturiko behin-behineko zenbatekoen batura izanen da.

7.–Ikasleen datuak.

Musika eskola bakoitzean baimenduriko instrumentu, maila eta irakasgai osagarrietan eta hastapeneko irakaskuntzan dauden ikasleen kopurua, diru-laguntzaren kalkulua egiterakoan kontuan hartuko dena, ebazpen hau sinatzen den egunean departamentu honetako Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren esku dagoena izanen da.

Horretarako, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak erraztasunak emanen dizkio Arte Ikasketen Atalari behar diren dokumentuak kontsulta ditzan.

Diru-laguntzaren xedeko instrumentuen irakaskuntzari dagokionez, ebazpen hau sinatzen den egunean Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Ataleko (Baliabide Ekonomikoen Zerbitzua) Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan inskribaturik daudenak kontuan hartuko dira, betiere erregistro horretan sartzeko eskaera aurtengo urtarrilaren 1a baino lehen egin baldin bada.

8.–Diru-laguntzaren behin-behineko banaketa.

Diru-laguntza kalkulatu ondoren, eta ekainaren 15a baino lehen, Arte Ikasketen Atalak behin-behineko banaketaren proposamena, entitate titular bakoitzari esleitutako guztirako diru kopurua adierazita, argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren web-orrian, www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan.

Interesdunek behin-behineko proposamen horren kontrako erreklamazio edo alegazioak aurkezten ahalko dituzte hamar egun balioduneko epean, behin-behineko ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe horretan, espedientea interesdunen eskura izanen da Arte Ikasketen Atalean, beren diru-laguntza kalkulatzeko erabili diren datuak kontsulta ditzaten, nahi izanez gero.

Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketen Atalari zuzenduko zaizkio. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta, bidezkoa bada, haiek erantzun ondoren, deialdi honetako diru-laguntzen behin betiko ebazpena emanen da.

9.–Diru-laguntzak ematea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean deialdiaren gaineko ebazpena emanen du Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Arte Ikasketen Atalaren txostena ikusi eta gero. Deialdi honen behin betiko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Gehienezko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

7.10.–Ebazpen espresuaren edo presuntziozkoaren aurka jotzeko, administrazio publikoek egintzak aurkaratzearen gainean xedatutakora joko da.

Entitate titularrek diru-laguntza hauek jasotzeko eskubidea galduko dute baldin eta 4. atalean aipaturiko epean atal horretako agiri guztiak aurkezten ez badituzte edo Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Arte Ikasketen Atalera eramaten ez badituzte eskolako ikasleen matrikulako datuak.

10.–Diru-laguntzaren ordainketa eta gastuen justifikazioa.

10.1. Diru-laguntza, oro har, zenbateko bereko bi ordainketatan pagatuko da, Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bitartez.

10.2. Lehen ordainketa, urteko lehendabiziko seihilekoari dagokiona, pagatuko da onuradunak Musika Eskolaren diru-sarrera eta gastuen aurrekontu partziala aurkeztu ondoren, hain zuzen, 2018ko ekainaren 15era arte egin edo gauzatu dena. Aurrekontu hori deialdi honen VI. eranskinean biltzen den ereduaren eta egituraren arabera prestatu beharko da, eta Musika Eskolaren entitate titularraren organo eskudunak onetsi behar du. Eranskin hori 2018ko azaroaren 15etik 30era bitartean aurkeztuko da, departamentu honetako Arte Ikasketen Atalari zuzenduta, eranskin honen 4.1 oinarrian ezarritako bideak erabiliz.

Eskaera ez bada epearen barruan aurkezten, onuradunari diru-laguntzaren %1eko zehapena ezarriko zaio atzeratzen den egun bakoitzerako.

10.3. Bigarren ordainketa, urteko bigarren seihilekoari dagokiona, pagatuko da onuradunak musika eskolaren diru-sarrera eta gastuen aurrekontu partziala aurkeztu ondoren, hain zuzen, 2018ko azaroaren 1era arte egin edo gauzatu dena. Aurrekontu hori deialdi honen VI. eranskinean biltzen den ereduaren eta egituraren arabera prestatu beharko da, eta musika eskolaren entitate titularraren organo eskudunak onetsi behar du. Eranskin hori 2018ko azaroaren 1etik 15era bitartean aurkeztuko da, departamentu honetako Arte Ikasketen Atalari zuzenduta, eranskin honen 4.1 oinarrian ezarritako bideak erabiliz.

Eskaera ez bada epearen barruan aurkezten, onuradunari diru-laguntzaren %1eko zehapena ezarriko zaio atzeratzen den egun bakoitzerako. Nolanahi ere, eskaera 2018ko abenduaren 31 baino geroago aurkezteak ekarriko du kobratu beharreko diru-laguntzarako eskubidea galtzea.

Musika eskolaren aurrekontu partzialarekin batera –egina edo gauzatua eta musika eskolaren entitate titularraren organo eskudunak 2018ko azaroaren 1a baino lehen onetsia–, diru-laguntzaren publizitatearen deklarazioa aurkeztu behar du, bide berberak erabiliz, VIII. eranskinean ezarritako ereduari jarraikiz.

10.4. Onuradunak jasotako diru-laguntza guztia behar bezala aplikatu dela justifikatu beharko du, 2019ko martxoaren 1a baino lehen dokumentazio hau aurkeztuz:

a) Musika eskolaren diru-sarrera eta gastuen 2018ko aurrekontu gauzatua edo burutua, musika eskolaren titularra den entitatearen organo eskudunak onetsia, deialdi honetako III. eranskinean agertzen den ereduaren arabera xehakatua.

11.–Betebeharrak.

Entitate onuradunek konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Musika eskolaren publizitate-lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Ildo horretan, musika eskolek sustatzen dituzten eta deialdi honen arabera emandako laguntzak jaso dituzten programetan, argitalpenetan, iragarkietan eta abarretan Nafarroako Gobernuak babestuta daudela adierazi beharko da, horretarako erakunde horren ikurra agerraraziz.

b) Laguntza ematen duen organoaren aurrean jarduera egin dela justifikatzea eta laguntza emateko finkaturiko betebehar, baldintza eta helburuak betetzea.

c) Hezkuntza Departamentuak emandako laguntzari buruz egiten dituen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Diru-laguntza emateko ebazpen proposamenaren egunean, onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

e) Jasotako diru-laguntzaren aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Emandako laguntzen destinoa bermatzeko egiaztatze-lanak erraztea. Horretarako, musika eskolaren jarduerari buruz eskatzen zaizkion datu, agiri eta txostenak aurkeztu beharko ditu.

g) Musika eskolaren ohiko funtzionamenduari kalte egiten ahal dion edozein gorabeheraren berri ematea laguntza eman duen organoari.

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

12.–Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan jasotako entitateak behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Gardentasun betebeharrari buruzko deklarazioa deialdi honetako VII. eranskinean ezarritakoari jarraikiz aurkeztu behar da, entitateak gardentasun betebeharra izan edo ez izan.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, horiek bete ezean onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.–Bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira onuradunek administrazio honetatik, beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularrengandik jasotzen dituzten diru-laguntzekin.

14.–Onuradunek diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea.

Onuradunak osorik edo partez azpikontratatzen ahal du diruz lagunduko zaion jarduera. Bai onuradunek bai kontratistek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

15.–Laguntzen itzulketa eta arau-hausteen eta zehapenen araubidea.

15.1. Hezkuntza Departamentuak ikertzen ahalko du ea onuradunak aitortutako datuak egiazkoak diren, eta gezurrezkoak badira, ordaindu beharreko diru-laguntza gutxitzen ahalko du, edo, hala badagokio, emandako diru-laguntza eta kasuan kasuko berandutze-interesak itzul daitezela eskatu, eta zehapen espedientea irekitzen ahalko du, oso arau-hauste larria egiteagatik.

Gainera, hitzarmen honen babesean ematen diren diru-laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, haiek pagatu zirenetik itzuli beharra erabakitzen denera arte sortutako berandutze-interesak barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan, eta deialdi honetan ezarritako betebeharrak bete ezik.

Diru-laguntza ordaintzeko eskaera berandu aurkezten den kasuei buruz 10. oinarrian xedatua ukatu gabe, deialdi honetan eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legean berean ezarririko eginbeharren balizko ez-betetzeak mailakatzeko eta onuradunak azkenean kobratu beharreko dirua edo, bidezko bada, itzuli beharrekoa, zehazteko, proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio.

Aurreko ataletan dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatzean hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarririko prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

15.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

16.–Araubide juridikoa.

Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-laguntzak eman, kontrolatu eta kudeatzeko araubidea ezartzen duten arauetan xedatutakoari jarraikiko zaio, eta bereziki, Diru-laguntzei buruko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua.

III. ERANSKINA

Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu gauzatua.

IV. ERANSKINA

Diru-sarreren eta gastuen hasierako aurrekontua.

V. ERANSKINA

Diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko erabiliko diren datuen laburpena.

VI. ERANSKINA

Diru-sarreren eta gastuen behin-behineko aurrekontu gauzatua.

VII. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

VIII. ERANSKINA

Declaración de publicidad de la subvención.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1805963