96. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VILLATUERTA

Udal ordenantza, Villatuertan obrak, jarduera sailkatuak, jarduera sailkatuen irekiera eta merkataritza zerbitzu zein jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena, eta jardueraren titulartasun aldaketen, eteteen eta/edo iraungitzeen aurretiazko komunikazioa egiteko prozedura arautzen duena. Behin betiko onespena

Osoko Bilkurak 2017ko abenduaren 29an hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen udal ordenantza, Villatuertan obrak, jarduera sailkatuak, jarduera sailkatuen irekiera eta merkataritza zerbitzu zein jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena, eta jardueraren titulartasun aldaketen, eteteen eta/edo iraungitzeen aurretiazko komunikazioa egiteko prozedura arautzen duena.

Jendaurrean egoteko epea iraganda inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, erabakia behin betikoa bilakatu da. Ordenantzaren testu osoa ondotik argitaratzen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Villatuertan, 2018ko martxoaren 28an.–Alkatea, Asier Urra Ripa.

ERANSKINA

Ordenantza, Villatuertan obrak, jarduera sailkatuak, jarduera sailkatuen irekiera eta merkataritza zerbitzu zein jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena, eta jardueraren titulartasun aldaketen, eteteen eta/edo iraungitzeen aurretiazko komunikazioa egiteko prozedura arautzen duena

ZIOEN AZALPENA

Europar Batasunaren xedeen artean dago mugarik gabeko barne merkatua eratzea, zerbitzuen zirkulazio askea bermatuz eta estatu kideen artean garapena galarazten duten oztopoak kenduz. Horregatik, Europar Batasunak arau esparrua aldatu du establezimenduak ezartzeko eta zerbitzuak emateko askatasunarekin lotutako alderdietan eta administrazio prozesua eraldatu du. Hala, lizentziak ematea arautzen duen araudiaren oinarrizko alderdi batzuk aldatu dira, tramitazioa arintzeko eta sinplifikatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean jasotakoaren arabera.

Tokiko araubidean hasiera eman zitzaion aldaketa prozesu horri, Zerbitzu Jardueretarako Sarbide Libreari eta Haietan Aritzeari buruzko 17/2009 Legea onestearekin batera. Lege hartan jada ikusten zen beharrezkoa zela prozedurak eta tramiteak berrikustea, sinplifikatzeko eta beste prozedura eta tramite batzuekin ordezteko, zerbitzuen titularrentzako hain nekagarri izan ez zitezen.

Hainbat araudi arauemailetan (25/2009 Legea, 2/2011 Legea, etab.) atzemandako aldaketen artean nabarmentzen da araubide juridikoan figura berriak sartu direla: aurretiazko komunikazioa, erantzukizunpeko adierazpena eta ondorengo kontrola tokiko esparruan esku hartzeko, baliabide arrunt gisa.

Figura berri horiek ez dira aurretiazko baimenak edo lizentziak bezalakoak, izan ere, figura berriekin, aurkeztu ondoren gertatzen da Administrazioaren kontrola; hau da, jarduera hasi ondoren. Hala, aurretiazko baimenik behar ez duten jardueretan aritzeko, toki entitateek behar diren komunikazio prozedurak ezarri eta planifikatu beharko dituzte, bai eta egiaztatze prozedurak ere, ikusteko ea bete ote diren jarduera horretan aritzeko legeria sektorialak ezarritako beharkizun zehatzak (Ekonomia Jasangarriari buruzko 2/2011 Legea).

Gogoan izan behar da administrazio publikoek begiratuko dutela betetzen direla aplikatzekoak diren beharkizunak, eta, horretarako, ahalbideturik izanen dutela egiaztatzea, berrikustea, ikertzea eta ikuskatzea gertaerak, egintzak, elementuak, jarduerak, estimazioak eta gertatzen diren gainerako inguruabarrak (25/2009 Legearen 2. artikulua).

Era berean, Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko 12/2012 Legeak erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa bezalako figurak ezartzen ditu zenbait jarduera ekonomikotarako, eta administrazioa behartzen du figura berri horien bidez tramitatzera irekierak, obra mota batzuk eta jarduera zehatz batzuen titulartasun aldaketak.

Halaber, emandako zenbait foru legek administrazioa erraztea bilatzen dute, baimenak ezabatuz edo ordeztuz eta aurretiazko baimen eta lizentziak ezabatuz edo ordeztuz ondorengo jakinarazpenekin edo erantzukizunpeko adierazpenekin (15/2009 Foru Legea, 6/2010 Foru Legea, etab.).

Ildo horretatik, 448/2014 Foru Agindua nabarmentzen da, 93/2006 Foru Dekretua (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duena). Administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzen dira: ezartzen da nahitaezkoa dela jarduera sailkatu batzuk tramitatzea erantzukizunpeko adierazpenaren bidez edo aurretiazko komunikazioaren bidez, eta Udalaren irekitzeko baimenaren ordez ezartzen dela jarduera sailkatua abiaraztearen erantzukizunpeko adierazpena.

Ildo horretan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluak aipatzen ditu erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar dituzten egintzak. Horiek aurkezteak jardueraren titularrari ahalbidetuko dio adierazitako hirigintzako jarduketa egitea.

Hala, Villatuertako Udalak uste du beharrezkoa dela ordenantza hau egitea eta onestea, non zehazten baitira figura berri horietarako prozedurak eta geroko kontrola.

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da alderdi orokorrak arautzea Udalaren esku-hartze prozedurei aplikatzekoa zaien araubide juridikoan, Villatuertako establezimendu edo lokalei eta zenbait obrari dagokienez.

–Erantzukizunpeko adierazpena, hauetarako:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan aipatzen diren obrak egiteko.
  • 448/2014 Foru Aginduan sartutako jarduera sailkatuak ezartzeko, ustiatzeko, beste leku batera eramateko edo aldatzeko.
  • Aipatu 448/2014 Foru Aginduan ezarritako jarduera sailkatuak irekitzeko.
  • 12/2012 Legearen eranskineko merkataritzako txikizkako jarduerak eta beste zenbait zerbitzu gauzatzeko.

–Aurretiazko komunikazioa, hauetarako:

  • Titulartasuna aldatzeko edo jarduera eteteko eta/edo iraungitzeko.

Orobat, hori aplikatuko da indarreko legerian egiten diren aldaketetan, aipatutako prozedurekin loturik.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren honako hauek:

a) Erantzukizunpeko adierazpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentua, non hark, erantzukizuna beretzat hartuta, adierazten baitu eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako beharkizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko.

b) Aurretiazko komunikazioa: dokumentu bat zeinaren bidez interesdunek administrazio publiko eskudunari ezagutzera ematen baitizkiote beren identifikazio datuak eta gainerako beharkizunak, eskatzen direnak eskubide bat erabiltzeko, jarduera bat hasteko edo eteteko, edo titulartasuna aldatzeko.

c) Jarduera ekonomikoa: ondasunak ekoiztea eta produktuak trukatzea edo zerbitzuak egitea dakarten industria edo merkataritza jarduera guztiak, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

d) Zerbitzua: norbere konturako edozein jarduera ekonomiko, gehienetan ordainsari baten truke emana.

e) Jarduera sailkatua: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen IV. eranskinean eta garapeneko araudian sartutako jarduerak eta instalazioak.

f) Jarduera kaltegabea: indarreko ingurumeneko legerian jarduera sailkatu gisa identifikatuta ez dauden jarduera guztiak.

g) Obra txikiak: teknikoki erraza den obra, eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabeak. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua. Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinen edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar), ezta horien bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

h) Lizentzia: aurretiazko kontrolerako erabiltzen den edozein egintza administratibo, erregelamenduzkoa eta deklarazio izaera duena, zeinaren bidez eskatutako jarduketak baimentzen baititu toki entitateak, behin egiaztatu ondoren bat datozela egoki den indarreko antolamenduarekin.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Erantzukizunpeko adierazpenaren eta geroko kontrolaren menpe jarriko dira:

a) 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean sartutako eta III. eranskinean sartu gabeko jarduerak ezartzea, ustiatzea, beste leku batera eramatea edo aldatzea, modu funtsezkoan izan edo ez (foru agindu haren bidez onetsi ziren 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua; foru agindu horrek indarra galtzen badu, haren ordez ematen dena).

b) Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan aipatutako obrak, edo une bakoitzean ematen den arauari dagozkionak.

c) Jarduera sailkatuak irekitzea (93/2006 Foru Dekretuaren 4A, 4B, 4C eta 4D eranskinetan ezarritako jarduerak).

d) 12/2012 Legearen eranskinean ezarritako txikizkako merkataritza jarduerak eta halako zerbitzu batzuk abian jartzea.

2. Aurretiazko komunikazioaren menpe egonen dira, kontuan izan gabe ea abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena edo jarduera sailkaturako Udalaren lizentzia behar izan duten:

a) Jarduera guztien titulartasun aldaketak.

b) Izandako era guztietako jarduera ekonomikoak etetea eta/edo iraungitzea.

4. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude establezimendu, jarduera eta obra hauek, eta indarrean den araudi sektorialaren menpe egonen dira:

a) Villatuertako indarreko planeamenduan 1. babes mailarekin katalogatutako eraikin, elementu eta/edo ingurukarietako obrak (fatxadak, ataripeak, elementu bereziak, etab.), eta Nafarroako Inbentario Arkitektonikoan sarturik dauden higiezinetakoak.

b) Erabilera publikoko lurzoruari eragiten dioten obrak eta/edo jarduerak jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboan eta okupazioari eragiten dietenak, eta jarduera horiek zeinek berekin dakarten jabari publikoko ondasunak ukitzea edo horien erabilera pribatiboa.

d) Aplikatu beharreko hirigintzako araudian debeku diren obrak eta/edo jarduerak edo hirigintzako plangintzan ezarritako antolamenduari lotzen ez zaizkionak.

e) Exekuzio proiektua behar duten obrak, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legeari jarraikiz.

f) Nafarroako Gobernuaren edo beste erakunde batzuen eskumenekoak diren eta aurretiazko kontrola behar duten obrak eta/edo jarduerak.

g) Hirigintzako plangintzan ezarritako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetako eta/edo antolamenduz kanpo deklaratutako eraikinetako obrak.

h) Behin-behineko gisa kalifikatutako obrak edo hirigintzako bestelako edozein jarduketa egitea, sektoreko legeriak eta hirigintzako planeamenduak baimenduta daudelako, eten beharrekoak eta, edonola ere, eraitsi beharrekoak, inolako kalte-ordainik jaso gabe, Udalak erabakitzen duenean.

5. artikulua. Eredu normalizatuak.

Ordenantza honen eranskinetan dauden eredu normalizatuen arabera edo Villatuertako Udalak horretarako egiten dituenen arabera aurkeztu behar dira erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak.

Eredu horiek herritarren eskura egonen dira Villatuertako Udalaren webgunean, baita Udalaren bulegoetan ere.

BIGARREN TITULUA

Kontu orokorrak erantzukizunpeko adierazpen prozeduretan

I. KAPITULUA

Arau komunak

6. artikulua. Arau komunak.

a) Erantzukizunpeko adierazpena eta kasu bakoitzerako eransten den dokumentazioa Villatuertako Udalean aurkeztu edo hara igorriko dira.

b) Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak ez dakar berez establezimendua eta/edo egin beharreko obrak eta/edo jardueraren hasiera bat datozenik aplikatzekoa den araudiarekin, eta ez du mugatzen Villatuertako Udalari aplikatzeko den araudi sektorialak egiaztatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko eta, orokorrean, kontrolatzeko ematen dizkion ahalmenen erabilera.

c) Erantzukizunpeko adierazpenak titularrari ahalmena emanen dio nahi duen eta eskaeran adierazi duen hirigintzako jarduera egiteko, baldin behar den dokumentazio nahitaezkoa badu, galarazi gabe egoki diren egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

d) Erantzukizunpeko adierazpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, edo jarduerak gauzatzen edo garatzen badira kautelazko etetea edo behin betikoa deklaratu arren, ondorio guztietarako ulertuko da baimen edo lizentziarik gabeko jarduketak direla, eta lizentziarik gabeko jarduera sailkatuen, obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie, kasu bakoitzean egoki dena.

e) Villatuertako Udalean erantzukizunpeko adierazpenean aurkezten diren datuak edo adierazpenak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, edo zerbait funtsezkoa falta bada, horrek berarekin ekarriko du jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu ezina, egoera horren berri jakiten den unetik beretik, aparte utzirik izan litezkeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboak.

f) Jarduera edo zerbitzu beraren inguruan lokal berean hainbat jarduketa egin behar badira, bidezko diren erantzukizunpeko adierazpenak batera tramitatuko dira.

g) Villatuertako Udaleko zerbitzu teknikoek ezartzen badute ezen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez hasitako espediente bat tramitatu beharko litzatekeela lizentziaren edo aurretiazko baimen baten menpeko prozeduraren bidez, aipatutako espedientea prozedura egokira birbideratuko da, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, beharrezkoa izan gabe interesdunak berriz ere eskaera egitea. Ebazpen hartan deklaratuko da ezin dela onartu erantzukizunpeko adierazpen hori, eta ohartaraziko da ezin dela ukitutako eskubide edo jarduera gozatzen hasi, behar den aginduzko lizentzia lortu gabe.

Jarduera ezin bada legeztatu, aginduko da establezimendua ixteko.

h) Inola ere ez da ulertuko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez hartzen direla legeriaren kontrako edo hirigintzako planeamenduaren kontrako ahalak, eta legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrako erantzukizunpeko adierazpenak erabat deusezak izanen dira, baldin eraginkor izateko funtsezko beharkizunak betetzen ez badituzte.

i) Inola ere ez da ulertuko erantzukizunpeko adierazpenaren menpe daudela aldamioak jartzea, edozein modutan eremu publikoa okupatzea, edo aldi baterako lan batzuk altueran egitea, edo garabi-ibilgailuak erabiltzea. Erantzukizunpeko adierazpena behar duen edozein obrak bide publikoa okupatzea bereiz tramitatuko da, egoki den lizentziaren edo baimenaren bidez.

j) Jardueren eta establezimenduen ardura duten pertsonak beharturik daude horiek behar bezalako baldintzetan gauzatu eta mantentzera, segurtasunari, osasungarritasunari, irisgarritasunari eta ingurumeneko kalitateari dagokienez, espazio publikoetan izan litekeen eragina murriztuz eta aipatutako baldintzak betetzeko behar diren teknikarik hoberenak erabiliz, horiek eskura badira.

k) Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiten den jarduera edo obraren ardura dutenek betebehar berariazkoa dute jarduera edo obrako establezimenduan deklaratutako elementu eta beharkizunen frogagiriak gordetzeko, eta, behar denean, Udalaren esku jartzeko, baldin egiaztapen eta/edo ikuskapen jarduketetarako eskatzen bada.

l) Erantzukizunpeko adierazpenaren menpe dauden jarduerak ikuskatzeko ofizialki izendatutako langileak agintaritzaren agentetzat hartuko dira, berezko dituzten eginkizunak betetzeko, ikuskapenetarako ezarri den bezala hirigintzako eta/edo ingurumeneko legerian.

m) Villatuertako Udalean aurkezteko unean indarrean diren ordenantza fiskalek arautuko dituzte erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak ekartzen dituen tributuak.

HIRUGARREN TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduketen araubidea

I. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak,
zerbitzuak eta obrak

1. ATALA.

Jarduera sailkatuak

7. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak.

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak izanen dira indarreko ingurumeneko araudiak ezartzen dituenak.

Gaur egun 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean sartutako eta III. eranskinean sartu gabeko jarduerak dira. Foru agindu haren bidez onetsi ziren 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak, eta foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du. Hemen jasotzen dira:

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera eta instalazioak

A) Gauzen eta materialen biltegiak, haien azalera eraikia 500 m²-tik gorakoa eta 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

B) Merkataritza-establezimenduak, Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen eranskinetan ezarritako kasuetan: txikizkako merkataritza jarduerak, eta zerbitzu jakin batzuk establezimendu iraunkorren bidez gauzatzen direnak, haien erakusketarako eta salmentarako azalera erabilgarria ez bada 750 m²-tik gorakoa (12/2012 Legearen 2.1 artikulua).

C) Eraikinetan kokatuta dauden zerbitzuetako establezimendu hauek:

–Administrazio jarduerak, haien azalera eraikia 1.000 m²-tik gorakoa eta 2.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Kultur eta erlijio jarduerak, haien azalera eraikia 500 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Aurrekoen pareko ez diren zerbitzu orokorretako beste jarduera batzuk, haien azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

D) Konponketa tailerrak, haien azalera erabilgarri eta eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean; baldin eta ez badira kokatzen bizitegiaren erabilera duten eraikinetan.

Erregelamendu honen aplikazio eremutik kanpo daude ondoren aipatzen diren lan osagarrietako tailerrak edo antzeko bertze batzuk; betiere, beheko solairuan edo sotoan kokatuta badaude, haien potentzia mekaniko instalatua 5 kW artekoa bada edo/eta haien azalera erabilgarria 200 m²-koa edo txikiagoa bada:

a) Eraikuntzako lan osagarrietako tailerrak: eskaiolagintza, beiragintza, elektrizitate, iturgintza, berokuntza eta aire egokitukoak.

b) Erlojugintzako tailerrak, eta urregintza, zilargintza, bitxigintza, bisuteria, optika, ortopedia eta protesikoak.

c) Jantzigintzako tailerrak, eta jostuntza, larrugintza, kapelagintza, uhalgintza eta puntuzko arropakoak.

E) Antenak eta irrati-elektronikako jabari publikoa erabiltzen duten instalazioak eta azpiegiturak, telekomunikazioen arloko oinarrizko araudiaren aplikazio eremuan sartuak.

III. ERANSKINA

Jendearen osasunarentzat arriskutsuak diren jarduerak, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea behar dutenak. Horiek guztiak salbuetsirik daude erantzukizunpeko adierazpena egin behar izatetik

–Produktu biozidak biltegian altxatu, banatu eta/edo aplikatzeko instalazioak, salbu horrelako jarduerak jende orok erabiltzeko baimendutako biozidekin bakarrik egiten dituztenak.

–Turistei ostatu emateko jarduerak (hotelak, turismoko kanpalekuak, landetxeak, aterpetxeak eta antzeko beste batzuk).

–Ura jostatzeko erabiltzen duten jarduerak.

–Barnetegia duten osasun zentroak eta egoitza diren zentro soziosanitarioak.

–Giza kontsumorako ura, hornidura publikoko sare batetik ez datorrena, duten jarduerak.

–Legionella kutsatzeko arriskutsutzat jotzen diren jarduerak, legionelosiaren arloko legeria indardunaren arabera:

  • Hozte-dorreak eta lurrun-kondentsadoreak.
  • Ur girotuko sistemak, agitazio konstantea eta birzirkulazioa dituztenak abiadura handiko zurrusten edo aire injekzioaren bidez.
  • Hezetasuna eragiten duten zentral industrialak.
  • Uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartzen diren instalazio arriskutsuak, barnetegia duten osasun zentroetan eta egoitza diren zentro soziosanitarioetan daudenak.

–Ur araztua (ur berritua) eta/edo ur birziklatua erabiltzen duten jarduerak.

–Osasun arlotik kanpoko establezimenduak, tatuajea edo piercinga egiten dutenak.

8. artikulua. Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

Titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatuaren aurretik aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena. Hartan, jardueraren sustatzaileak edo titularrak adieraziko du betetzen dituela legezko eta erregelamenduzko beharkizun eta ziurtagiri guztiak hura garatzeko, barnean direla udal ordenantzak, eta hori frogatzen duen dokumentazioa badaukala. Hartan agerraraziko ditu Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignak emandako proiektuaren zenbakia eta sarbide gakoa, dokumentu bidezko ikus-onespena duen proiektu teknikorako.

Ordenantza honen I. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienekoa izanen da. Villatuertako Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

2. ATALA

Obrak

9. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak.

Indarreko hirigintzako araudiak ezarriko du zein diren erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak. Gainerako obrek lizentzia beharko dute, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190.2 artikuluan xedatuarekin bat.

Gaur egun, erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192.1 artikuluan aipatzen dira.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren honako hauek:

1. Lokalak egokitzearekin lotutako obrak, txikizkako merkataritzako jarduera betetzeko eta zerbitzu jakin batzuk emateko, aplikatzekoa den araudi sektorialarekin bat.

Kontuan hartuz indarrean dagoen legeria (Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko 12/2012 Legea), talde honetan sartuko dira legearen beraren eranskinean ezarritako jarduerak edo zerbitzuak dituzten lokaletako obrak, haien erakusketarako eta salmentarako azalera erabilgarria ez bada 750 m²-tik gorakoa.

2. Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak:

a) Dauden etxebizitzen barneko obrak, ez denean handitzea, ez etxebizitza berria egokitzea, ez etxebizitzaren banaketan aldaketa handia (sukaldeari, komunei eta/edo esekitokiei eragin gabe), eraikinaren kanpoko itxurari eragiten ez diotenak (fatxadak, estalkiak...):

–Barneko estaldurak berritzea, konpontzea eta/edo aldatzea.

–Barneko arotzeria eta/edo tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

–Eraikinaren barnetik doazen instalazio berriak egitea, konpontzea, berritzea edo aldatzea, fatxadak ukitu gabe.

–Igeltserotza eta trenkadetako lan txikiak.

b) Lehendik dagoen eta mantentzen den jarduera sailkatua daukan lokalean, barnealdean obrak egitea, fatxada ukitu gabe eta jarduera sailkatuan aldaketa funtsezkorik eragin gabe:

–Barneko estaldurak berritu-aldatzea, konpontzea eta/edo aldatzea, gelen banaketari eta erabilerari eragin gabe.

–Trenkada batzuk kendu eta/edo jasotzea, honako hauetan eraginik ez dutenak:

  • Espazioen banaketan eta erabileran aldaketak, doikuntza txikiak salbu.
  • Jendeak okupatzen duen azalera handitzea, ez eta hustutzeko elementuen okupazioa eta banaketa ere.
  • Instalazioak eta azpiegiturak konpontzea.

c) Jarduera sailkaturik ez duten lokaletan, barnealdean obrak egitea, fatxadei eragin gabe eta jarduera sailkaturik ez badakarte:

–Barneko estaldurak berritu-aldatzea, konpontzea eta/edo ordeztea, banaketari eragin gabe.

–Trenkadak kentzea jendeak okupatzen duen azalera handitu gabe, ez eta husteko elementuen okupazioa eta banaketa ere.

–Instalazioak eta azpiegiturak konpontzea.

d) Lehendik dauden eraikinetako fatxadetan eta estalkietan obrak egitea, baldin eta lehengo bolumena, forma eta baoak mantentzen badira:

–Estalkian eta teilaberritzean egiturazkoak ez diren elementuen konponketa puntualak.

–Fatxadak margotu eta paramentuak eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak, zorrotenak eta antzekoak) konpontzea.

–Lehendik dagoen kanpoko arotzeria ordeztea eta berriak jartzea.

–Erretenak eta zorrotenak garbitu eta ordeztea.

e) Eraikinetako instalazio edo azpiegitura komunetako obrak, fatxadari, estalkiari eta eremu publikoari eragiten ez diotenak:

–Konponketa eta ordezpen puntualak.

–Instalazio berriak egitea.

f) Bestelako jarduketak:

–Berrikuntza txikiak lorategi pribatuetan: barne urbanizazioko jarduketak, hala nola, lorategiak, murruen tratamendua, zoladurak eta bestelakoak, hirigintzaren ikuspuntutik irudi osoa kaltetzen ez badute.

–Eraikuntzarik gabeko eremu pribatuetan estali gabeko pergola irekiak, fatxadako eguzki-oihalak eta lorategiko altzari eta apaingarriak.

–Artikulu honetan aipatutakoen ezaugarri antzekoak dituzten obra txikiak edo garrantzi txikikoak.

3. Itxiturak eta hesiak jartzea lur mugimendurik gabe:

a) Dauden itxiturak konpontzea, berreraiki gabe.

b) Itxitura berriak jartzea hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian. Gogorarazten da Villatuertako Udal Plan Orokorreko ordenantza orokorraren 9., 10. eta 11. artikuluetan jasotako finkak ixteko berariazko baldintzei lotu beharra dagoela.

c) Itxitura berri arinak jartzea, zimenturik gabe, lurzoru urbanizaezinean. Gogorarazten da errepideei, urei, bideei eta abarrei udal legeriak edo legeria sektorialak ezarritako distantziak errespetatu beharra dagoela.

4. Eremu publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak:

a) Dauden kartelak konpontzea eta mantentzea.

b) Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian, horretarako udal araudi indardunaren arabera.

5. Eraiki (eraikuntza zein eraispen) aurreko lanak, adibidez zundaketa, prospekzio, lagin, saiakuntza edo eraispen txiki puntualak, egiturazko elementuei eragiten ez dietenak.

10. artikulua. Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Titularrak edo sustatzaileak obra hasi aurretik aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena. Araudi indardunak eskatzen dituen betebeharrak betetzen direla eta horren frogagarri den dokumentazioa baduela dioen berariazko adierazpena edukiko du.

II. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Villatuertako Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

3. ATALA.

Jarduera sailkatuak irekitzea

11. artikulua. Irekitzeko erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak.

Jarduera sailkatu berriak estreinakoz ireki nahi dituzten jarduketa guztiak, edo aldaketa funtsezko baten ondoriozkoak direnak, dagokion erantzukizunpeko adierazpenarekin tramitatuko dira. 93/2006 Foru Dekretuaren 4A, 4B, 4C eta 4D eranskinetan sartzen diren jarduera guztiak biltzen ditu, beren luzeragatik ordenantza honetan jasotzen ez direnak.

12. artikulua. Jarduera sailkatua irekitzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

Proiektuaren titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatua hasi aurretik aurkeztuko du Villatuertako Udalean erantzukizunpeko adierazpena eta, bertan, bera erantzule dela, enpresa edo lanbide jarduera hasteko araudi indardunean ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela adieraziko du, bai eta hura frogatzen duen dokumentazioa duela eta konpromisoa hartzen duela araudia betetzeko haren indarraldian ere.

III. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Villatuertako Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, beharrezkotzat jotzen badu lokala eta/edo jarduera zuzen eta osoki definitzeko edo araudira egokitzen dela bermatzeko.

4. ATALA

Merkataritza zerbitzuak zein jarduerak abiaraztea

13. artikulua. Abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena behar duten merkataritza zerbitzuak zein jarduerak.

Txikizkako merkataritza jardueretan hasteko eta halako zerbitzu batzuk ematen hasteko, jarduera sailkatuak ez direnean eta, ondorioz, kapitulu honen 3. atalaren arabera tramitatzen ez direnean, merkataritza zerbitzuak zein jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpenarekin tramitatu beharko dira.

14. artikulua. Merkataritza zerbitzuak zein jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

Merkataritza zerbitzuaren zein jardueraren titularrak edo sustatzaileak hasi aurretik aurkeztuko du erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Villatuertako Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, beharrezkotzat jotzen badu lokala eta/edo jarduera zuzen eta osoki definitzeko edo araudira egokitzen dela bermatzeko.

II. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak eta eraginkortasuna

15. artikulua. Aurreikusitako jarduera eta/edo obra hastea.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak interesdunari ahalmena ematen dio aurreikusitako jarduera hasteko eta/edo obrak gauzatzeko, aurkezpenaren egunetik beretik edo hasierarako adierazitako egunetik, baldin Udalaren esku uzten bada legez eskatzen den dokumentazio osoa, tramitaziorako, galarazi gabe udal administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak.

Aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak luzatutako agiria jendaurrean egonen da, jarduera, obrak eta/edo zerbitzua egiten den establezimenduan.

16. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna.

1. Jarduera sailkatuak.

448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean bai baina III. eranskinean jaso gabeko jardueren kasuan, jarduera sailkatuaren udal baimena automatikoki emandakotzat joko da, sustatzaileak aipatu erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz gero.

Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ondoren, bi urteko epean ez bada proiektua gauzatzen hasten, edo hiru urteko epean ez bada bukatu gauzatzea edo jardueraren hasiera, beharrezkoa izanen da proiektuaren gauzatzea hasi edo jarraitu nahi duen pertsonak jarduera sailkaturako beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea.

2. Obrak.

Obren kasuan, interesdunak erregistroan eskabidea aurkezten duenean, ezagutzera eman beharko du zer egunetan aurreikusten duen obra hastea eta bukatzea.

Obrak sei hilabeteko epean hasiko dira, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik, eta hasten direnetik hamabi hilabeteko epean bukatu beharko dira. Pertsona interesdunak obrak gauzatzeko epea luzatzea edo geroratzea eska dezake, gehienez ere aurreko epeen erdirako.

Epe horiek iraganik obrak ez badira ez hasi ez gauzatu, Udalak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, erantzukizunpeko adierazpena eten eginen du, eta eraginkortasuna galduko du. Hortaz, obrak hasteko edo horiei segida emateko beharrezkoa izanen da beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea.

3. Jarduera sailkatuak irekitzea.

Titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatua hasteko data adierazi beharko du eskabidea aurkezten duenean, Villatuertako Udalak aukera izan dezan egiaztatzeko, hala erabakitzen badu.

Jarduera irekitzeko edo abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkezturik, hura hasten ez bada edo bi urtean baino gehiagoan gelditzen bada, jarduera hasi edo hari segida emateko, beharrezkoa izanen da jarduera sailkatuak irekitzeko beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea.

4. Merkataritza zerbitzuak eta jarduerak abiaraztea.

Pertsona interesdunak jarduera edo zerbitzua ematen hasteko data adierazi beharko du eskabidea aurkezten duenean, Villatuertako Udalak aukera izan dezan egiaztatzeko, hala erabakitzen badu.

Jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkezturik, jarduera edo zerbitzu ematea ez bada hasten edo gelditzen bada bi urtetik gora, beharrezkoa izanen da jarduera hasi edo hari segida eman nahi dion pertsona interesdunak beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea.

III. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren egiaztapena

17. artikulua. Ohar orokorrak.

Egiaztatzeko jarduketak dagozkien arau sektorialei lotuko zaizkie. Udal zerbitzu eskudunek noiznahi eginen dituzte beharrezkotzat jotzen diren egiaztapenak eta/edo ikuskapenak ordenantzaren xede diren jarduera, zerbitzu eta obrei dagokienez, indarra duen legeriak egozten dien eskumenak erabiliz; horretaz aparte, aplikatzeko araudian oinarriturik edozein alderdi betetzen dela frogatzen duten egiaztagiriak aurkezteko eskatzen ahalko da.

18. artikulua. Egiaztatzeko prozedura.

Erantzukizunpeko adierazpenen egiaztapenak egiteko prozedurak, oro har, jarduketa hauek izanen ditu:

1.1. Egiaztapen aldia:

a) Sarrera erregistroko zigiluak esan nahi du Udala jakinaren gainean dagoela, salbu eta artikulu honetako 1.b) atalean zehaztutako kasua bada.

b) Udalak aztertuko du emandako dokumentazioa (erantzukizunpeko adierazpena eta eskatzen den gainerako dokumentazioa) eta egiaztatuko du egokitzen dela egintza komunikatuen tramitaziora (ordenantza honekin) eta indarrean diren hirigintzako determinazioetara. Erantzukizunpeko adierazpenaren tramitazioak jarraituko du eta/edo bukatuko da modu hauetako bat erabilita:

–Ikusten baldin bada jarduketa komunikatua ez dela sartzen ordenantza honetan adierazten direnen artean, espedientea prozedura zuzenera berbideratuko da, ordenantza honen 6.g) artikuluan jasotzen den bezala.

–Dokumentazioa aztertuta hori osatu gabe baldin bada, behar den zuzenketa egin dadin eskatuko da.

–Gainerako kasuetan, egiaztatuko da proposamena egokitzen zaiela indarrean diren hirigintzako determinazioetara. Beharrezkoa bada, Udalak titularrari eskatuko dio bere proposamena egokitzeko indarrean diren determinazioei. Egindako eskaerak zuzendu ondoren, adierazpena osatuko da Villatuertako Udalaren “ados” eginbidearekin.

1.2. Ikuskapen aldia:

In situ egiaztatzea betetzen dela erantzukizunpeko adierazpenean eta aurkeztutako frogagirietan adierazitakoa, eta Udalak dagokion hirigintzako txostena eginen du.

Gabeziak atzemanez gero, Villatuertako Udalak horiek zuzentzeko eskatuko dio titularrari.

Gabeziak konponduta, Udalak Alkatetzaren ebazpena emanen du erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko. Gabeziek badiraute, Udalak erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasunik eza ebatziko du, bai eta jarduera behin betiko eten behar dela eta/edo zehapen araubidea abiarazi ere.

Udal zerbitzu eskudunek noiznahi eginen dituzte beharrezkotzat jotzen diren ikuskapen eta egiaztapenak ordenantzaren xede diren jarduerei dagokienez, indarra duen legeriak egozten dien eskumenak erabiliz; horretaz aparte, aplikatzeko araudian oinarriturik edozein alderdi betetzen dela frogatzen duten egiaztagiriak aurkezteko eskatzen ahalko da.

Arau-hauste bat egin dela uste bada, erantzuleari ohartaraziko zaio, eta ohartarazpen hori jasoko da ikustaldiaz egiten den txosten teknikoan.

Egiaztapen eta ikuskapen jardueraz txosten teknikoa eginen da; txostena honelakoa izaten ahalko da:

a) Aldekoa: ikuskatutako jarduera egindako tramitazioan aurkeztu den dokumentazioaren arabera egiten delarik. Orobat, egindako obrak aurreikusirik zeudenen eta horren arabera tramitatu direnen araberakoak direlarik.

b) Baldintzatua: neurri zuzentzaileak hartu beharra ondorioztatzen delarik.

c) Kontrakoa: ikuskatutako jarduerari funtsezko irregulartasunak agertzen zaizkiolarik eta jarduera eteteko beharra ikusten delarik harik eta bidezko diren neurri zuzentzaileak hartzen diren arte, horiek posible badira. Hala egin ezean, jarduera behin betiko etetea proposatuko da.

Txostena baldintzatua edo kontrakoa izanez gero, zerbitzu eskudunek epea zehaztuko dute adierazten diren neurri zuzentzaileak hartzeko. Ofizioz nahiz interesdunek eskaturik, ezarritako epea luza dezake, gehienez ere hasieran emandakoaren erdia baino gehiago ez bada, egoerak hartara behartuz gero eta hirugarrenendako kalterik sortu gabe, APLaren 32. artikuluari jarraikiz.

Epea iraganik errekerimendua hartu dutenek ez badituzte hartu agindutako neurriak, organo eskudunak ebazpena emanen du jarduera eteteko harik eta agindutako neurri zuzentzaileak hartzen diren arte; horretaz aparte, legokiokeen zehapen prozedura abia liteke.

IV. KAPITULUA

Jarduerak etetea

19. artikulua. Etetea.

Ordenantza honek aipatzen dituen jarduera guztiak eteten ahalko dira, ez badira gauzatzen aplikatzeko araudian ezartzen diren baldintzen arabera; horretaz aparte daude ordenantza honetan ezarritakoarekin bat bidezko diren gainerako behin-behineko neurriak.

Aurkezten diren salaketek dagozkien eginbideak irekitzea ekarriko dute, salatutako egitateak egiazkoak ote diren egiaztatu beharrez.

Behar den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu gabe edo ezartzen diren neurri zuzentzaileen kontra gauzatzen diren jarduerak berehala etenen dira. Halaber, Udalak egiaztatzen badu aurkeztutako funtsezko datu, adierazpen edo agiriren bat okerrekoa edo faltsua dela edo ez direla betetzen indarra duen legerian ezarritako baldintza guztiak, halako egitateak jakiten diren puntutik aitzina ezin izanen da eskubidea erabili edo jardueran aritu, aparte utzirik izan litezkeen erantzunbehar penal, zibil nahiz administratiboak.

Aitzineko lerroaldeak aipatzen dituen egitateak eteteko agintzen duen ebazpena berehala betetzekoa izanen da eta jakinarazi beharko zaio interesdunari. Badaezpadako neurri hau hartzeko ez da beharrezkoa izanen aitzinetik entzunaldia ematea, zehapen prozeduran bidezko juzgatzen diren alegazioak aurkezten ahalko badira ere.

V. KAPITULUA

Zehapen araubidea

20. artikulua. Zehapen araubidea.

1.1. Araudi sektorial berariazkorik izan ezean, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honen arauak urratzen dituzten eginak eta ez eginak, baita udal administrazioak edo haren mandatariek hura aplikatzean ematen dituzten agindu eta errekerimenduei ez obeditzea ere.

1.2. Arau-hausteen sailkapena da oso larriak, larriak eta arinak, ondoko artikuluetan ezartzen den tipifikazioari jarraikiz.

2. Arau-hausteen sailkapena.

2.1. Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Jardueran edo zerbitzuan aritzea, dagokion erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe, kalte edo hondatze larria eragin bada ingurumenean edo pertsonen segurtasuna edo osasuna arrisku larrian jarri bada.

b) Agintari eskudunak jarduera uzteko edo eteteko aitzinetik dekretatu duelarik, agindua ez betetzea.

c) Arau-hauste larriak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

d) Arau-hauste larri gisa tipifikaturiko edozein portaera, pertsonei edo ingurumenean kalte larriak eragiten baditu.

2.2. Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Jarduerak edo zerbitzuak abiatzea, dagokien erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe, kalte edo hondatze larria eragin ez bada ingurumenean edo pertsonen segurtasuna edo osasuna arrisku larrian jarri ez bada.

b) Orokorrean, jardueran aritzea, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren aitorpenaren arabera betetzen diren zehaztapenak bete gabe, kalte edo hondatze larria eragin ez bada ingurumenean edo pertsonen segurtasuna edo osasuna arrisku larrian jarri ez bada.

c) Erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan, funtsezko datuak modu okerrean paratzea, faltsutzea edo ez aurkeztea.

d) Ikuskapen eta kontrol jarduera galaraztea, gibelatzea edo trabatzea.

e) Finkatutako neurri zuzentzaileak betetzeko egindako errekerimendua ez betetzea.

f) Azken dokumentazio teknikoa aurkeztea edo instalazioaren azken ziurtagiria sinatzea dokumentuaren edo ziurtagiriaren egunean den errealitateari lotu gabe.

g) Arau-hauste arinak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

2.3. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Tipifikazioan larritzat jotzen diren eginak eta ez eginak, halako kalifikazioa hartu behar ez badute garrantzi edo munta txikikoak izateagatik edo hirugarrenei egindako kaltea txikia izateagatik.

b) Jarduerak ate, leiho edo hutsarteak kanpora irekita dituela funtzionatzea, jarduerak ingurunean kalte edo traba egiten duelarik.

c) Establezimenduan ez egotea erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu izanaren frogagiria eta adierazpen horrek aipatzen duen dokumentazioa.

d) Establezimenduetako baldintza teknikoetan aldaketa ez funtsezkoa egitea, horretaz jakitun egin gabe, hala egitea aginduzkoa delarik.

e) Establezimenduetan eta haien instalazioetan aldaketa ez funtsezkoa egitea, horretaz jakitun egin gabe, hala egitea aginduzkoa delarik.

f) Ordenantza honetan eta berak aipatzen dituen legeetan eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa nolanahi ez betetzea, arau-hauste oso larri edo larri gisa tipifikaturik ez badago.

3. Zehapenak.

Araudi sektorial berariazkoa izan ezean, ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteak egiteak zehapen hauek ekarriko ditu:

–Arau-hauste oso larriak: mila eta bostehun eurotik hiru mila eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste larriak: zazpiehun eta berrogeita hamar eurotik mila eta bostehun eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste arinak: hirurogeita hamabost eurotik zazpiehun eta berrogeita hamar eurora bitarteko isuna.

4. Arau-hausteen erantzuleak.

4.1. Arau-hausteen erantzuleak izanen dira, bakoitzean biltzen diren inguruabarrei begiraturik, arau-hausteak egiten dituztenak edo legez erantzule direnak, eta bereziki hauek:

a) Jardueren titularrak.

b) Jardueraren ustiapen tekniko eta ekonomikoaren arduradunak.

c) Dokumentazio teknikoa sinatzen duten teknikariak.

4.2. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzea zenbait pertsonari batera dagokielarik, solidarioki erantzunen dute egiten diren arau-hausteetan eta ezartzen diren zehapenetan. Pertsona juridikoak azkentzen baldin badira, erantzunbeharra haien administratzaileei galdatuko zaie, halakorik baldin bada, haiek gobernatzeko arauetan ezartzen den maneran.

5. Zehapenen mailakatzea.

5.1. Arau-hauste mota bakoitzari dagozkion isunak irizpide hauen balorazioaren arabera mailakatuko dira:

a) Kalte arriskua, eskatzen ahal den segurtasunean edo osasunean.

b) Araua hautsi duen jardueraren ondoriozko onura.

c) Arau-haustearen eragilea nahita ari izana.

d) Arau-hausteak errepikatzea eta haietan berrerortzea, aitzinetik horiek kontuan hartu ez badira zehatu daitekeen arau-haustea zehazteko.

5.2. Inguruabar aringarria izanen da arau-haustearen egileak, bere kabuz, neurri zuzentzaileak hartzea zehapen espedientea ireki aitzin.

6. Behin-behineko neurriak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 72. artikuluan ezarritako ildotik eta hala bereko ondorioekin, behin-behineko neurriak hartzen ahalko dira, halakoak beharrezkoak baldin badira etor litekeen ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzeko, interes orokorrak zaintzeko, prozedura behar duen tokira eramateko edo arau-haustearen ondorioen iraupena galarazteko.

LAUGARREN TITULUA

Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketen araubidea

I. KAPITULUA

Titulartasuna aldatzeko edo jarduera eteteko eta/edo iraungitzeko

21. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketak.

a) Jardueraren titulartasunaren aldaketa, izan jarduera sailkatua, txikizkako merkataritzako jarduera edo zerbitzuak ematea, kontuan izan gabe ea jardueraren edo zerbitzuaren abiaraztea egon den lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren menpe.

b) Jarduera etetea eta/edo iraungitzea, izan jarduera sailkatua, txikizkako merkataritzako jarduera edo zerbitzuak ematea, kontuan izan gabe ea jardueraren edo zerbitzuaren abiaraztea egon den lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren menpe.

22. artikulua. Aurretiazko komunikazioa aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

V. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Villatuertako Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun aldaketa edo jarduera etetea zuzen eta osoki zehazteko.

23. artikulua. Bete beharra eta ondorioak.

Jardueraren titulartasun aldaketen edo eteteen eta/edo iraungitzeen aurretiazko komunikazioa (ordenantza honen aplikazio eremuko jarduerak ukitzen dituenean) ondorio informatiboetarako bakarrik eskatuko da.

Aurretiazko komunikazioek kasuan-kasuan zehazten diren ondorioak sortuko dituzte. Haiei esker, aurkezten diren egunetik beretik eskubidea onartu edo erabiliko da edo jarduera edo zerbitzu bat hasiko. Betiere, galarazi gabe udalek dituzten ahalmenak egiaztapena, kontrola eta ikuskapena gauzatzeko.

Titulartasuna aldatzen bada, jarduera edo zerbitzua berriz hasteko frogagiria, Udalak emana, jendaurrean egonen da jarduera edo zerbitzua egiten den establezimenduan.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Alkatetzaren ebazpen baten bidez alda daitezke ordenantza honen eranskinak, baldin aldaketak berarekin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatuari jarraitzen badio.

a) Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek berarekin ekarriko ditu, besteak beste, honako hauek onestea eta aldatzea: eskabideetarako eredu normalizatuak, erantzukizunpeko adierazpena, aurretiazko komunikazioa, prozeduraren definizioa eta erantsi beharreko dokumentazioa edo establezimenduan gorde beharrekoa, edukia zehazturik.

b) Behar diren xedapenak aldatzea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Prozedura bat hasi bada ordenantza honek indarra hartu baino lehen, aurreko araudiak eskatutako lizentziak edo baimenak lortzeko helburuz, prozedura noiz hasi eta orduko araudia aplikatuta ebatziko da. Nolanahi ere, interesdunak, ebazpenaren aurretik, eskaeran atzera egin dezake, eta, hala, aukera dezake araudi berria aplikatzea, eta tramitazioan aurrera egitea ordenantza honetan araututako prozedura edo araubideen bidez, baldin espresuki uko egiten badio aurreko espedientea tramitatzeari, Villatuertako Udalari hala komunikatzen badio eta ordenantza honetan azaldutako prozedura bakoitzean eskatzen den dokumentazioa aurkezten badu.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

ERANSKINAK

I. ERANSKINA

Jarduera sailkatuaren erantzukizunpeko adierazpenarekin batean aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) “Jarduera sailkatuaren erantzukizunpeko adierazpena”, Villatuertako Udalak normalizatutako ereduan (ordenantza honen DR.1 eredu normalizatua), betea, edo Udalak horretarako prestatzen duena. Hartan titularrak deklaratu beharko du, bere erantzukizunpean, jardueran aritzeko eskatutako legezko eta erregelamenduzko beharkizun guztiak betetzen dituela, barnean direla udal ordenantzak, bai eta erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak eta baldintzak ezagutzen eta onartzen dituela ere. Era berean, adieraziko da behar diren frogagiriak dituela, eta erantzukizunpeko adierazpenarekin batean aurkeztuko dira.

b) Behar denean, ordezkaritza izatearen frogagiria, izan ordezkaritza partikularra, legala edo profesionala.

c) Jarduera sailkatuaren proiektua, agiri bidez ikus-onetsia, dokumentazioa 448/2014 Foru Aginduaren 27.1 artikuluan eta haren ordez une bakoitzean ematen den arauan ezarritakora egokitua. Agiri bidezko ikus-onespena duen proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, edota Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignak emandako proiektuaren zenbakia eta sarbide gakoa. Gainera, kopia bat eman beharko da, paperean.

d) Tributuen autolikidazioa, ordaindu izanaren frogagiria dakarrela, dagozkion ordenantza fiskaletan ezarritakoari jarraikiz.

e) Egintza, lan edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituenak.

II. ERANSKINA

Obren erantzukizunpeko adierazpenarekin batean aurkeztu beharreko dokumentazioa

Oro har, kasu guztietan, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) “Obren erantzukizunpeko adierazpena”, Villatuertako Udalak normalizatutako ereduan (ordenantza honen DR.2 eredu normalizatua), edo Udalak hartarako egiten duena, betea. Hartan titularrak deklaratu beharko du, indarrean diren arauek eskatutako beharkizun guztiak betetzen dituela, barnean dela hori frogatzen duten agiriak edukitzea.

b) Behar denean, ordezkaritza izatearen frogagiria, izan ordezkaritza partikularra, legala edo profesionala.

c) Dokumentazio grafikoa, egitekoa den jarduketaren xede den higiezinaren kokapenari buruzkoa, eta jarduketa horren behar adinako deskribapena.

d) Aurrekontua, partidaka xehekatua, materialei eta eskulanari dagozkienak barne hartuta.

e) Tributuen autolikidazioa, behar bezala betea eta kasu guztietarako ordainketa frogagiria izanik.

f) Obrek behar dituzten baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituenak.

Dokumentazio osagarria eskatuko da honako kasu hauetan:

1. Lokalak egokitzearekin lotutako obrak, txikizkako merkataritzako jarduera betetzeko edo zerbitzu jakin batzuk emateko, aplikatzekoa den araudi sektorialarekin bat.

Kontuan hartuz indarrean dagoen legeria (Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko 12/2012 Legea), talde honetan sartuko dira legearen beraren eranskinean adierazitako jarduerak edo zerbitzuak dituzten lokaletako obrak, haien erakusketarako eta salmentarako azalera erabilgarria ez bada 750 m²-tik gorakoa:

a) Egungo egoeraren eta egoera zaharberrituaren krokisa, azalerak, erabilerak eta instalazioak adierazita.

b) Araudi sektoriala (CTE-SI, CTE-SUA, irisgarritasuna, zaratak, etab.) betetzen dela frogatzen duen memoria teknikoa.

2. Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak.

a) Dauden etxebizitzen barneko obrak, instalazioaren trazadurari eta/edo igeltserotza eta trenkadetako lanei eragiten dietenak egiteko, gainera aurkeztu beharko dira:

–Egungo egoeraren eta egoera zaharberrituaren krokisa, azalerak, erabilerak eta instalazioak adierazita.

b) Lehendik dagoen eta mantentzen den jarduera sailkatua daukan lokalen barnean, aldaketa funtsezkorik eragin gabe obrak egiteko, gainera aurkeztu beharko dira:

–Egungo egoeraren eta egoera zaharberrituaren krokisa, azalerak, erabilerak eta instalazioak adierazita.

c) Lehendik dauden eta jarduera sailkaturik ez daukaten lokalen barnean, jarduera sailkatua ezartzeko asmorik ez dagoenean, gainera aurkeztu beharko dira:

–Egungo egoeraren eta egoera zaharberrituaren krokisa, azalerak, erabilerak eta instalazioak adierazita.

d) Lehendik dauden eraikinetako fatxadetan eta estalkietan obrak egitea, baldin eta lehengo bolumena, forma eta baoak mantentzen badira:

–Zer elementuren gainean jardunen den, haien argazkiak (fatxadak, estalkia, arotzeria, eta abar).

e) Instalazio edo azpiegitura komunetako obrak, fatxadari, estalkiari eta eremu publikoari eragiten ez diotenak:

–Egungo egoeraren eta egoera zaharberrituaren krokisa, instalazioak eta sareak adierazita.

f) Bestelako jarduketak:

–Egungo egoeraren eta proposamenaren krokisa.

–Zer elementuren gainean jardunen den, haien argazkiak.

3. Itxiturak eta hesiak, lur mugimendurik gabe:

a) Dauden itxiturak konpontzearen kasuan.

–Egungo egoeraren eta proposamenaren krokisa.

–Egungo egoeraren argazkiak.

b) Itxitura berriak hiri lurzoruan eta/edo lurzoru urbanizagarrian:

–Proposamenaren krokisa. Espresuki adieraziko da lurzatiaren eta espazio publikoaren edo aldameneko lurzatiaren artean dagoen desnibela.

c) Itxitura berri arinak jartzea, zimendurik gabe, lurzoru urbanizaezinean:

–Bide, errepide, ubide hidrauliko eta abarretarako distantziaren akotazioa. Gogorarazten da errepideei, urei, bideei eta abarrei udal legeriak edo legeria sektorialak ezarritako distantziak errespetatu beharra dagoela.

–Proposamenaren krokisa.

4. Eremu publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak:

a) Dauden kartelak konpondu eta mantentzen badira:

–Egungo egoeraren eta proposamenaren krokisa.

–Egungo egoeraren argazkiak.

b) Kartel berriak hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian:

–Egungo egoeraren eta proposamenaren krokisa.

–Zer elementuren gainean jardunen den, haien argazkiak (fatxadak, paramentuak eta abar).

5. Eraikitzen hasi aurreko lanak:

–Egungo egoeraren eta obren ondoko egoeraren krokisa.

–Esku-hartze eremuaren argazkiak.

III. ERANSKINA

Jarduera sailkatuaren irekieraren erantzukizunpeko adierazpenarekin batean aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) “Jarduera sailkatuaren irekieraren erantzukizunpeko adierazpena”, Villatuertako Udalak horretarako normalizatutako ereduan (ordenantza honen DR.3 eredu normalizatua), betea, edo Udalak horretarako prestatuko duena. Hartan titularrak deklaratu beharko du, indarrean diren arauek eskatutako beharkizun guztiak betetzen dituela, barnean dela hori frogatzen duen dokumentazioa duela eta konpromisoa hartzen duela araudia betetzeko haren indarraldian.

b) Behar denean, ordezkaritza izatearen frogagiria, izan ordezkaritza partikularra, legala edo profesionala.

c) Ziurtagiri teknikoa, teknikari eskudun batek emana eta, beharrezkoa bada, dagokion lanbide elkargoak behar bezala ikus-onetsia, non frogatuko baita instalazioa onetsitako proiektuari egokitzen zaiola; orobat, instalazioaren behin betiko planoak, baita baimenean ezarritako neurri zuzentzaileak abian jarri izanaren gaineko ziurtagiria ere, eta, halaber, egindako neurketak eta egiaztapen praktikoak.

d) Obra bukaerako ziurtagiri tekniko ikus-onetsia, dagokion obra lizentzia emateko exekuzio proiektu ikus-onetsia aurkeztea beharrezkoa izan denean.

e) Obra eta instalazioen behin betiko likidazioa, partidaka xehakatua, materialei eta eskulanari dagozkienak barne hartuta.

f) Udal tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

IV. ERANSKINA

Merkataritza zerbitzuak zein jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpenarekin batean aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) “Merkataritza zerbitzuak zein jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena”, Villatuertako Udalak horretarako normalizatutako ereduan (ordenantza honen DR.4 eredu normalizatua), betea, edo Udalak horretarako prestatuko duena. Hartan titularrak deklaratu beharko du, indarrean diren arauek eskatutako beharkizun guztiak betetzen dituela, barnean dela hori frogatzen duen dokumentazioa duela eta konpromisoa hartzen duela araudia betetzeko haren indarraldian.

b) Behar denean, ordezkaritza izatearen frogagiria, izan ordezkaritza partikularra, legala edo profesionala.

c) Teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria edo txostena, non adieraziko baita araudi sektoriala betetzen dela (suteen aurkako babesa, irisgarritasuna, zaratak, atmosferara askatzen diren emisioak, isuriak, etab.) eta, beharrezkoa bada, ezarritako neurri zuzentzaileak abian jarri izanaren gaineko ziurtagiria ere, zein diren zehaztuz.

d) Aurrekontua, partidaka xehekatua, materialei eta eskulanari dagozkienak barne hartuta.

e) Udal tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

V. ERANSKINA

Jardueraren titulartasuna aldatzeko edo eteteko eta/edo iraungitzeko behar den aurretiazko komunikazioarekin batean aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) “Jardueraren titulartasun aldaketen edo eteteen eta/edo iraungitzearen aurretiazko komunikazioa”, Villatuertako Udalak horretarako normalizatutako ereduan (ordenantza honen CP.1 eredu normalizatua), betea, edo Udalak horretarako prestatuko duena.

b) Behar denean, ordezkaritza izatearen frogagiria, izan ordezkaritza partikularra, legala edo profesionala.

c) Heriotza agiria, mortis causa eskualdatzeen kasuan, edo jaraunspenaren agiria, eskualdatzearen frogagiri gisa.

d) EJZaren aldaketa eskaeren kopiak, zehazten diren kasuetarako, eta ordaindu izanaren frogagiria, kasua bada:

–Jarduera etetearen eta/edo iraungitzearen kasuan, EJZ uzteko eskaeraren kopia.

–Titulartasun aldaketarako, eskatzailea pertsona fisikoa denean, erantsi egungo titularraren EJZ uzteko eskaeraren kopia eta titular berriaren EJZaren alta eskaeraren kopia.

–Pertsona juridikoen titulartasun aldaketarako, datuak aldatzeko eskaeraren kopia aurkeztu.

e) Tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

EREDU NORMALIZATUAK

DR.1 Jarduera sailkatuaren erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

DR.2 Obretarako erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

DR.3 Jarduera sailkatuaren irekieraren erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

DR.4 Merkataritza zerbitzuak zein jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

CP.1 Jardueraren titulartasun aldaketen edo eteteen eta/edo iraungitzearen aurretiazko komunikazioaren eredua.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez alda daitezke ordenantza honen eranskinak, baldin aldaketak berarekin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraitzen badio.

Iragarkiaren kodea: L1804431