96. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73E/2018 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Ezkabarteko udal-mugarteko “Eusako depositua eta Ezkabarteko hornidura lerroen konexioa (AM273226)” proiektuari. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2017ko uztailaren 19an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi-hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuak honako hau du helburu: depositu berri bat eraikitzea Eusan, eta hornidura hodiak eraikitzea Eusako depositu zaharretik Makirriaingo behealderaino.

Jarduketa horrekin, udalerri horietako horniduraren kantitatea eta kalitatea bermatu nahi da urte osoan, bai eta presio baldintzak hobetu eta dagozkion planeamenduko figuretan aurreikusitako hirigintza eta industria garapenen ondoriozko eskaera igoerari erantzun ere.

Proposatutako soluzioak honako hau jasotzen du:

–600 m³-ko edukiera duen hormigoi armatuzko ur depositu bat eraikitzea. Erdilurperatutako 2 ontzirekin diseinatu da. Bakoitzak 8,60 × 10 m-ko tamaina izanen du barnealdean, eta giltzen ganbera 5,30 × 3,65 m-koa izanen da. Guztira okupatuko den azalera: 219,76 m². Deposituaren inguruan babeserako hesi metaliko bat jarriko da. Zolako kota proiektu honen I. fasean kalkulatu zen eta Eusa hornitzeko finkatua dago, baita Ezkabarte hornitzen duen linearen hondarreko depositu gisa balio ahal izateko ere.

–Egungo bidea prestatu eta hormigoiarekin zolatuko da. Depositura sartzeko, deposituaren zelaigunean bukatzen den egungo bidearen trazadura aprobetxatuko da.

–Burdinurtu nodularreko hodiak jarriko dira (150 mm-ko diametroa eta 1.912,00 m-ko luzera) Eusako deribaziotik egungo deposituaren inguruan Makirriain hornitzen duten hodiekin konektatu arte (Ezkabarteko 5. poligonoko 122. lurzatia). Horrez gain, 6 kutxatila eraikiko dira bentosetarako eta 5, hustubiderako, eta lotura kutxatila berritu eginen da.

–Eusako egungo depositua eraitsiko da.

Proiektuarekin batera, 2017ko uztailaren 5eko data duen ingurumen ukipenen azterlana aurkeztu da. Hartan, ingurunea deskribatzen da eta balizko inpaktuak identifikatu eta baloratzen dira, eta horietarako babes eta zuzenketa neurriak ezartzen, baita ingurumen zaintzarako plan bat ere.

2017ko irailaren 25ean, sustatzaileari dokumentazio osagarria eskatu zitzaion proiektua gauzatzearen ondoriozko paisaiaren eta ingurunearen ukipenak behar bezala baloratu ahal izateko. 2017ko azaroaren 7an, eskatutako dokumentazioa behar bezala osatu zen.

2018ko urtarrilaren 9an, sustatzaileari eskatu zitzaion ikuspuntu teknikotik eta ingurumeneko ikuspuntutik aztertzeko Eusako deposituaren kokapena aldatzeko aukera, Ezkabarteko 11. poligonoko 264. lurzatitik aldameneko laborantzako lurzatira, Ezkabarteko 11. poligonoko 263. lurzatira. Errekerimendu hori justifikatuta gelditu da; izan ere, aldi berean, proiektu horren I. fasea tramitatzen ari da (AM273185e Olaibarrerako eta Ezkabarterako Hornidura), eta hango Eusarako hodiaren trazadura aldatzeak baldintzatu eta ahalbidetu egiten du depositua aldameneko laborantzako 263. lurzatian ezartzea. Hartara, saihestu egiten da ler gorriz (Pinus sylvestris) osaturiko pinudi kolonizatzaile baten 1.286 m²-ak etengabe okupatzea. Pinudiak oihanpeak ditu, ipuruz osatuak batik bat. 2018ko otsailaren 8an, eskatutakoari erantzuna eman zitzaion eta kokapenaren aldaketa onartu zen.

Proiektuaren ukipen eremua Natura 2000 Saretik eta Naturgune Babestuen Saretik kanpo dago. Depositua nekazaritzako luberri batean dago eta ez du landaretza naturalik. Hodia nekazaritzako lurretatik igarotzen da batik bat, baina Eusaren inguruan narriatu samar dauden bazkarako larre txiki batzuetatik ere igarotzen da (PK 0+100-0+220). Horrez gain, Aderizko mendiko errepidea (PK 0+450) zeharkatzen du, eta, ertzetan, zuhaitzak eta zuhaixkak ditu. Hodiak ez du gurutzatzen sare hidrografikoko ibilgurik, baina bai finken arteko ezponda eta drainatze txikiak. “Fuenteko erreka” izeneko drainatzean (PK1+670) dagoen tamaina handiko makal isolatu bat babestu beharko da. Proiektuak ez dio Done Jakue Bideari eragiten, ezta abeltzaintza bideei ere.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ingurumen ukipenen azterketan eta ebazpen honen ebazpenen zatian jasotako babes neurriak eta neurri zuzentzaileak bete beharko ditu.

Espedientean, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak proiektuaren alde emandako baldintzapeko txostena jaso da, 2018ko martxoaren 5ekoa, bai eta Ezkabarteko Udalaren hirigintza txostena ere.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ezkabarteko udal-mugartean Eusako depositua eta Ezkabarteko hornidura lerroen konexioa (AM273226) eraikitzeko proiekturako. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Lanen eremuaren zabalera ezinbesteko gutxienekora murriztu beharko da hodia begetazio naturala duen eremuetatik igarotzean, eta obrako zintarekin balizatu beharko da. Beharrezkoa bada, trazaduraren desbideraketa txikiak eginen dira zuhaitz bereziak botatzea saihesteko. Makinak ezin izanen dira ibili balizatutako eremuetatik kanpo, ezta pistetatik eta bideetatik kanpo ere.
  • Zehatz-mehatz, hodiaren trazadura pixka bat desbideratu beharko da “Fuenteko erreka” izeneko drainatzean (≈ PK 1+670) dagoen itxura oneko makal isolatu bati ez eragiteko; ale hori babestu egin behar da (balizatu, egurrezko oholak jarri...).
  • Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lanerako eremuko landareak kenduko dira, eta lehentasuna emanen zaio adarrak inausteari zuhaitzak ipurditik moztu ordez. Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe.
  • Nolanahi ere, zuhaitzak botatzeko zuhaitzak ebakitzeko dagokion baimena eduki beharko da; hortaz, aurretik Basozaintza Atalari abisua emanen zaio (948 188 690 edo 608 062 649; helbide elektronikoa: ogfopamp7@cfnavarra.es), marka ditzaten.
  • Zanga egitean, landare lurra kendu eta bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren beraren goiko bete lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko.
  • Landaredi naturala duten eremuetako kutxatilek lur naturalaren mailarekin berdinduta egon beharko dute. Laborantza lurretako kutxatilei dagokienez, lursailetik nabarmenduko diren goratuak lurrarekin estaliko dira.
  • Deposituaren paisaia integrazioa:
  • Giltzen ganberaren kanpoko akaberan, kolore argiak, naturalak eta distirarik gabeak erabiliko dira, ingurunean hobeki integratzeko.
  • Ontziak ahal bezain beste lurperatu beharko dira, eta estradosa hondeaketa lurrekin beteko da. Berdintzeko ezpondak sortuz gero, hidroereite teknikaren bitartez jarri beharko dira landareak berriro.
  • Deposituak NA-4211 toki errepidetik duen inpaktu bisuala arintzeko, ler gorrien (Pinus sylvestris) hesi begetal bat landatu beharko da berdinketaren mendebaldeko aldean.
  • Proiektua egikaritutakoan, lanek eragindako eta Eusako egungo depositua eraistean geratutako eremua lehengoratu beharko da. Landare lurra zabaldu ondoren, profilatu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez. Ondoren, landareak jarriko dira berriro, argibide hauei jarraituz:
  • Bazkarako zelaietatik igaroko den lan eremua (≈ PK 0+100-0+220) proiektuan aurreikusitako hazi belarkaren nahasketa batekin ereinen da, landareak berriro jartzeko.
  • Deposituaren eraisketaren ondoriozko eremua leheneratzean ez dira proiektatutako zuhaixkak landatuko (Juniperus communis repanda). Zelaietako lan eremurako aurreikusitako antzeko hazi belarkarak ereinen dira.
  • Azkenik, garbitzeko kanpaina bat eginen da, eta lanek iraun bitartean sortutako hondar eta zabor guztiak kenduko dira.
  • Hondeaketako lur garbi soberakina eta gainerako eraikuntza eta eraisteko hondarrak baimendutako hondakinen kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu.
  • Obrak hasi aurretik, sustatzaileak Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena eskuratu beharko du.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako:

  • Baimen honek deposituaren eta hornidura lerroen konexioaren eraikuntza baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta ebazpen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean jarri nahi diren jarduera zehatzak uren hornidura sistemara lotzea.
  • Egin nahi diren jarduerek ukitzen ahal dituzten edo obren trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Ildo horretan, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak emandako txostenean adierazitakoa bete beharko da; hauek hain zuzen:

a) Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar den eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian. Hartan, zehatz definituko dira NA-4210 Ezkabarte Ibarra errepidea ukituko duten obrak, baimena eman dadin, Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legean (martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea) ezarritakoarekin bat.

b) Sustatzailearen kargura izanen dira lanak egiteari eta behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei eta mantentze lanei dagozkien gastuak.

  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da.
  • Komunalen Atalaren txostenean ezarritakoa beteko da. Hain zuzen, horrek ezartzen du Eusako Kontzejuak atal horren aurrean tramitatu behar duela hodiak zeharkatuko dituen lurren okupaziorako baimena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea) 172. artikuluarekin bat etorrita.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ezkabarteko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 10ean.–Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1804984