96. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

70E/2018 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, “Olaibarrerako (Olaitz, Olabe eta Enderitz) eta Ezkabarterako (Eusa) horniduraren AM273185e” proiekturako, Ezkarbarteko eta Olaibarko udal-mugarteetan. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2017ko apirilaren 24an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren helburua da Olaitz, Olabe, Otsabide, Enderitz eta Eusa herriak Iruñerriko Mankomunitatearen hornidura sarean sartzea, eta etorkizunean Ezkabarte ere sartzeko konexioa aurreikusita uztea.

Integrazio horren bidez lortu nahi da herri horien horniduraren kantitatea eta kalitatea urte osoan bermatzea, presioa hobetzea eta planeamendu tresnetan aurreikusitako hirigintza eta industria garapenen ondorioz datorren eskari igoerari erantzun ahal izatea.

Funtsean, proiektuaren asmoa da Iruñerriko Mankomunitateak Sorauren inguruan duen hodi nagusiarekin konektatzea eta ponpaketa bikoitza instalatzea, bat Olaibarrerako, eta bestea Ezkabarterako, bai eta bulkatzeko eta hornidurarako behar diren hoditeriak jartzea ere. Guztira, 10 km inguruko zanga bat irekiko da, 11.722 metro linealeko hoditeria sartzeko (diametro desberdineko hodiak).

Lan hauek eginen dira:

–Xurgapenerako hodiak: burdinurtu nodularreko (FN) hoditeria erabiliko da, 200 mm-ko diametro nominalekoa eta 144 m luze. Hodi nagusiarekiko lotura N-121-A errepidearen eskuineko bazterrraren ondoan eginen da, Ezkabarteko 14. poligonoko 676. lurzatian. Hoditeriak errepidea gurutzatzen du zulaketa bidez, 14. poligonoko 693. lurzatira iritsi arte, non ponpaketa-etxola bat eraikitzea aurreikusi den.

–Ponpaketa: ponpaketa-etxola Ultzama ibaiaren ondoan kokatuko da, eta bi ponpaketa-sistema independente izanen ditu: bat Olaibarrerako, eta bestea Ezkabarterako. Eraikin horren kanpoko dimentsioak hauek izanen dira: 9,00 x 13,90 m. Zapata jarraitukoa izanen da, eta hormigoizko zokaloa eta adreilu luzatuko itxitura izanen ditu. Inguruetan dagoen goi tentsioko lineatik hartuko da argindarra.

–Bulkatzeko hoditeria Olaitzen dagoen biltegiraino: FN DN 150 mm-ko hoditeria, 4.051 m luze. Ultzama ibaiaren eskuineko, ezkerreko eta eskuineko bazterretatik doa (C2 eta C3), Olaizko errepideraino. Han 90º-ko bihurgunea egiten du, eta egungo biltegiraino igotzen da.

–Olaizko biltegi berria: diseinuaren arabera, 340 m³-ko edukiera izanen du, eta 7 x 7 metroko bi ontzi eginen dira. Ur orriaren altuera 3,5 m-koa izanen da. 585 metroko kotan kokatuko da. Biltegira iristeko, egungo bidea egokitu beharko da, eta bide-tarte berri bat egin, 175 metroko luzerakoa.

–Hornidura hodiak Enderitzera eta Olabera, eta Olaitz sarera konektatzea: Olaizko biltegi berritik bi hoditeria independente egitea aurreikusi da: bat herriarekin konektatzeko, eta bestea Enderitzera, Olabera eta Otsabidera joanen dena. Bi hoditeriak FN DN 150 mm-koak izanen dira. Bat 437 metro luze izanen da, eta bestea 1.141 metrokoa. Biltegira iristeko hoditeria eta ateratzeko bi hoditeriak zanga beretik joanen dira. Olaitzen dagoen ponpatik hurbil, hoditeria bereiziko da, batak Enderitzera jotzeko, eta besteak Olabera.

  • Enderitzera doan hoditeriak (FN DN 100 mm-koa eta 2.654 luze) Zulokoa erreka-zuloa gurutzaten du lehenbizi, eta, gero, hiru aldiz gurutzatzen du Ultzama ibaia, meandroen gune batean (C4, C5 eta C6). Enderitzera iritsi baino lehen, Otsabideko etxeei zerbitzua ematen zaie, FN DN 80 mm-ko hodien bidez.
  • Olabera doan hoditeria (FN DN 150 mm-koa eta 774 m luze) NA-4212 errepidean Ultzama ibaia gurutzatzeko dagoen zubitik igarotzen da, eta handik herrira iritsiko da. Haratago ere joaten da, gasolindegiari eta zahar etxeari zerbitzu emateko, FN DN 100 mm-ko hodien bidez.

–Bulkatzeko hoditeria Eusan dagoen biltegiraino: ponpaketa-estaziotik bulkatzeko hodiaren bidez (FN DN 200 mm-koa 630 m-ko luzerako tarte batean; eta FN DN 150 mm-koa 520 m-ko beste tarte batean). Hasiera batean, hoditeriak Ultzama ibaia (C1), Iruñerriko ibai parkea eta ezponda malkartsu bat gurutzatu behar ditu, eta gero mendi-mazela batetik gora doa. Lehenengo tarte ia guztia, 562 metro inguru, sarrailaz itxitako hodiekin eginen da, malda handiak daudelako. Proiektuaren bigarren fasean, biltegi berria eginen da Eusan, eta hoditeria luzatuko da hornidura Ezkabarteraino eramateko.

Proiektuarekin batera, 2015eko urtarrilean egindako Ingurumen ukipenen azterlana aurkeztu da. Azterlan horretan, ingurune fisikoa deskribatzeaz gainera, eraginak identifikatu eta baloratzen dira, eragin horientzako prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen dira eta ondorioztatzen da ingurumen eraginaren balorazio globala larria dela, nahiz eta, prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatuz gero, moderatua izan daitekeen. Proiektuak, gainera, linea elektrikoaren lekualdaketari buruzko eranskin bat du, non abifauna babesteko neurriak ezarri diren.

Proiektuaren tamaina eta balizko eragina ikusirik, 2017ko abuztuaren 2an sustatzaileari dokumentazio osagarria eskatu zitzaion, balizko trazadura alternatiboak jasoko dituena ingurune naturalaren gaineko eragina murrizteko, batez ere, sare hidrografikoaren gaineko eragina. Zehazki, eskatu zitzaion beste trazadura batzuk azter zitzala Ultzama ibaia ahalik eta gutxien gurutzatzeko. Eusara doan bulkatze-hoditeriari dagokionez, eskatzen da “Lehen mailako eta bigarren mailako sastrakadi mediterraneoak eta oromediterraneoak, maiz genistak nagusi direla” 4090 EB kodea duen Europar Batasunaren intereseko habitatei kalterik ez eragitea. Habita hori Ezkabarteko 11. poligonoko 264A lurzatian dago inbentariatua.

2017ko urriaren 16an, errekerimendu horri emandako erantzuna jaso zen. Bertan, baztertu egiten da hasiera batean proiektatutako trazaduran inolako aldaketarik egitea, batez ere arrazoi teknikoengatik, eta Ingurumen ukipenen azterlan bat aurkezten da hoditeriak Ultzama ibaia gurutzatzen duen kasu bakoitza zehazki azaltzeko. Bota beharreko zuhaitzak ere identifikatzen dira, eta prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen.

2018ko urtarrilaren 10ean, sustatzaileari beste errekerimendu bat egin zitzaion ingurumenaren aldetik eta ikuspuntu tekniko batetik azter zitzan trazadura-aldaketa batzuk, zertarako eta Ultzama ibaiaren gurutzaketak lau baizik izan ez daitezen (horietako bat zulaketa bidez) eta Zulokoa erreka gurutzatu behar ez izateko. Gainera, Eusa herrirako hornidurari dagokionez, proposatzen da hoditeriaren tarte bat han dagoen bidearen azpitik eramatea, edo, bestela, Ezkabarteko 11. poligonoko 264A lurzatiaren mendebaldetik mugakide den alorraren bazterretik, sastrakadi mediterraneoari kalterik ez eragiteko.

2018ko otsailaren 16an, egindako bigarren errekerimenduari emandako erantzuna jaso zen, non onartzen baita Eusako trazadurarako proposatutako aldaketa, eta baztertu egiten da inolako aldaketarik egitea Olaibarko trazaduran, batez ere arrazoi teknikoengatik.

Proiektua Ultzama ibaiaren korridoretik doa, eta N-121-A errepidearen inguruetatik. Batez ere, belardiak eta alor landuak ukitzen ditu, baita berezko landareak dituzten eremuak ere (larreak, zuhaixka-orlak, sastraka mediterraneoak, pinudiak eta ibai bazterreko landaredia). Eragin eremua Natura 2000 Saretik eta Naturagune Babestuen Saretik aparte gelditzen da.

Ingurumenaren ikuspuntutik, aipatzekoa da hoditeriak sei aldiz gurutzatzen duela Ultzama ibaia, atari zabaleko zangen bidez eta sarrailaz itxitako hodien bidez, eta kalte nabarmena eragiten zaiola ibai bazterreko landarediari. Ingurumen ukipenen azterlanak eragin horiek identifikatzen ditu (6 metro zabaleko lan eremurako): haltzak, makalak, astigarrak, lizarrak eta sahatsak ukituko dira. Guztira, 40 zuhaitz inguru botako dira, kontserbazio egoera onean daudenak. Kalteak zuzendu eta konpentsatzeko landaketak egitea aurreikusi da.

Hoditeriak, gainera, sare hidrografikoaren beste uhalde txiki batzuk gurutzatzen ditu; horien artean aipatzekoa da Zulokoa erreka, topografia konplexua daukalako. Aurreikusi da erreka-zuloa igotzea eta jaistea sarrailaz itxitako hodiekin.

Bestalde, Eusara igotzen den hoditeria oso aldapa pikoa duen mendi mazela batetik doa, zeina sastraka mediterraneoa eta ler gorriak dituen larre batek okupatzen baitu. Hoditeria hori ere sarrailaz itxi beharko da. Mendi mazela horrek begi-hauskortasun handia du, eta aurreikusten den paisaia-eragina nabarmena da. Mazelaren goiko aldera iritsita, hoditeriak ler gorriz osaturiko pinudi kolonizatzaile bat gurutzatu behar du, alor baten bazterreraino iritsi arte. Trazadura aldaketa horren ondorioz, saihestu egiten da sastraka mediterraneoen eremu bati eragitea (400 bat metro linealeko luzera duena eta ipurua, elorri-triska eta ezkaia dituena), eta bigarren fasean, saihestuko da, biltegi berria egiteko, 1.300 bat m²-ko pinudia betirako okupatzea.

Olaizko biltegira igotzeko, hoditeriak alorrak, zuhaixka-orlak (laharrak, elorriak, elorri beltzak, etab.) eta larre bat igarotzen ditu. Hortik biltegi berriraino, hoditeria oraingo bide batetik joanen da, baina bide tarte berri bat egin beharko da harizti baten muga aldetik. Biltegia belardi batean kokatuko da, erdi lurpean.

Aurreikusten den linea elektrikoari dagokionez, adierazten da abifauna babesteko eremu batean dagoela, eta, hortaz, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatu beharra dagoela, hots, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri zituena.

Proiektuak Baztango Donejakue bidea ukitzen du. Abelbideei ez zaie eragiten.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak adierazi du proiektuak eragin larria ekarriko duela ingurumenaren eta paisaiaren aldetik, eta, ingurunea berreskuratuko bada, babes eta zuzenketa neurriak hartu beharko direla; neurri horien emaitzak epe luzera ikusiko dira. Nolanahi ere, atal honek egin dizkion bi errekerimenduei sustatzaileak bidalitako erantzunetan adierazitako zailtasun teknikoak kontuan harturik eta obrak justifikatuta daudela egiaztatu ondoren, proiektuaren aldeko txostena ematen da, baina, betiere, ebazpen honetan adierazitako baldintzak betez gero.

Espedientean jaso da Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2017ko ekainaren 13an emandako aldeko txostena, zenbait baldintza ezarri zituena, baita Ezkabarteko eta Olaibarko udalen txostenak ere.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, “Olaibarrerako (Olaitz, Olabe eta Enderitz) eta Ezkabarterako (Eusa) horniduraren AM273185e” proiekturako, Ezkarbarteko eta Olaibarko udal-mugarteetan. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Proiektua exekutatu bitartean, ingurumen jarraipena egiteko ardura izanen duen teknikari bat egonen da obra-tokian.

–Hoditeria landaredi naturala duten tokietatik eramaten denean, lan eremuaren zabalera ahalik eta gehien murriztuko da, eta obrako zintarekin balizatu beharko da. Beharrezkoa izanez gero, trazadura zertxobait desbideratuko da, aparteko zuhaitzik bota behar ez izateko. Makinak ezin dira ibili balizatutako zonetatik kanpo, ezta dauden bide eta pistetatik kanpo ere.

–Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lan eremuko sastrakak kenduko dira; ahal dela, adarrak inausi eginen dira, zuhaitzak bota beharrean. Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe.

–Nolanahi ere den, zuhaitzak botatzekotan, baimena beharko da. Halakoetan, bota aurretik, Iruñerriko Basozaintzari (948 188 690 edo 608 062 649; e-mail ogfopamp7@cfnavarra.es) eta Ultzama-Arakilgoari (948 500 361 edo 679 996 810; e-mail ogfoular4@cfnavarra.es) abisatu beharko zaie, zuhaitzak marka ditzaten.

–Zanga egitean, landare lurra kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko bete-lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan.

–Eusako hoditeriari dagokionez, lan eremua gehienez 6 metro zabal izanen da hasiera puntutik bigarren fasean eginen den biltegi berria kokatuko den alorreraino. Lur pilaketak inguruko nekazaritza-lurzatietan eginen dira. Malda pikoko mazelatik gora doan tartean, hoditeriak ez du bistako elementurik izanen (kutxetak), ikusizko inpaktu iraunkorra gutxitzeko.

–Hoditeriak Ultzama ibaia eta Zulokoa erreka gurutzatzeko orduan:

  • Sare hidrografikoa gurutzatzeko, aurretik, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena beharko da.
  • Kontuan harturik hoditeriak 6 metroko zortasuna duela, eta tarte horretan ezin dela zuhaitzik landatu, gurutzaketek pasabide ireki iraunkorrak sortuko dituzte ibaian. Horrenbestez, gomendatzen da C4, C5 eta C6 gurutzaketak zulaketa bidez egitea, eraso-hobiak eta helmuga-hodiak belardi mugakideetan kokatuz, ibai ondoko landaredia ukitu gabe.
  • Gurutzaketek ibilguari zuzenean eragiten badiote, lan eremua 6 metro zabal izanen da gehienez, ingurumen ukipenei buruzko xehetasun-azterketan ezarri den bezala. Zabalera hori ezin da handitu, eta, beharrezkoa bada, zangen hormak zurkaiztu egin beharko dira. Gurutzaketak irailaren 1etik azaroaren 15era bitarte eginen dira, bisoi europarraren aldi kritikoan eta amuarrainaren errunaldian eraginik ez izateko. Ukipenen gaineko azterketan ezarritako prebentzio neurri guztiak bete beharko dira. Ibilguan harri-lubetarik egin behar izanez gero, lehenago zuzendaritza nagusi honetako Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari abisatu beharko zaio (restauracionderiberas@navarra.es).
  • Zulokoa erreka-zuloa gurutzatzeko, aztertuko da hoditeria pasabide bati lotuta eraman daitekeen. Pasabide hori ibai parkean integra liteke etorkizunean.
  • Olaizko biltegi berrira iristeko bidea haritzak ukitu gabe irekiko da. Biltegia ingurunean integratuko da, kanpoko akabera-lanetan kolore argi eta naturalak erabiliz eta zelaitze lanetan sortzen diren ezpondak bertako belar espezieekin landareztatuz.
  • Ponpaketa-etxolari dagokionez, inguruko eraikinen tipologiaren araberakoa izanen da, eta haren kanpoko akabera-lanetan kolore argi, natural eta dirdira gabeak erabiliko dira. Gainera, ingurunean integratzeko landaketak eginez gero, ibai ondoko landare espezie propioak erabili beharko dira, ez lorezaintzako espezieak. Ponpaketa egiteko hornidura elektrikorako proiektatu den linea elektrikoari dagokionez, baldintza hauek bete beharko dira:
  • Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lotzeko kateetan U120AB132 isolagailua erabiliko da.
  • Deribazioko euskarrian elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira linea nagusiko zubi lokak, baita linea deribatuarekin lotzekoak ere.
  • Linearen bukaerako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak lotzen dituzten zubiak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Isolamenduan erabilitako materiala egokia izan beharko da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Halaber, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing connection animal cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Oro har, landaredi naturaleko eremuetan kokatzen diren konexio-kutxetak, bentosa eta hustubidea lur naturalaren sestraren maila berean egonen dira. Ibilgura zuzenean doazen hustubideek ahoratze-hegalak izanen dituzte.

–Proiektua exekutatu ondoren, obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Landare lurra zabaldu ondoren, profilatu eginen da, inguruko lurrekiko doikuntza fisiografiko egokia lortu arte. Hoditeriak ibaia gurutzatzean ukitzen diren ibai-tarteetan, ibilguaren morfologia eta ibai-ohearen granulometria jatorrizko egoerara itzuliko dira.

–Gero, eremu horiek landareztatuko dira jarraibide hauen arabera:

  • Eusara igotzen den hoditeriak ukitzen duen eremuan, han malda handia eta higadura arriskua dagoenez, hidroereintza bidez landareztatuko da ezponda malkartsua; mazelako lan eremua, berriz, eskuz ereinen da, ongi errotzen diren belar espezieekin. Obrek mendi mazelan beste alderen bat ukituz gero, ler gorriak (Pinus sylvestris) sartuko dira.
  • Hoditeriak ibaia gurutzatzean ukitzen diren ibilguetan, proiektaturiko konpentsazio landaketak eginen dira.
  • Gainerako tokietan, proiektaturiko landaketak eginen dira, kentzen diren espezieen arabera.

–Azkenik, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan obraren ondorioz gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Indusketetatik sortzen diren lur garbiak eta eraikuntzako eta eraispeneko gainerako hondakinak behar bezalako baimena duen kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak hasi aurretik Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena eskuratu beharko da.

–Obren ingurumen jarraipena egin beharko da, eraginak zuzentzeko ebazpen honetan ezarritako neurrien bilakaera zuzena egiaztatzeko. Zehazki, landaketak egin eta hurrengo bi urteetan, mantentze-lanak eginen dira (hutsarteak betetzea, agorraldian bizpahiru aldiz ureztatzea, jorraketak, zurkaitzak berriztatzea, etab.).

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 117. artikuluaren ondorioetarako:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, lur gainera ateratzen diren instalazioaren elementuek, zehazki, Soraurengo ponpaketa etxolak eta Olaizko biltegiak, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak hornidurako sarera lotzea.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:

  • Obrak herri-lurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herri-lurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideei buruzko ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • Sustatzaileak beharrezkoa den baimena eskuratu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusitik, instalazioak Nafarroako Errepide Sarean eragin dezakeen kalteari dagokionez.
  • Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aginduzko baimena lortu beharko da, jarduketa Ultzama ibaiaren polizia-eremuaren barruan dagoelako eta ibaia zenbait tokitan gurutzatzen duelako.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Ildo horretan, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ezkabarteko Udalari, Olaibarko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia eta Ultzama-Arakilgo barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko martxoaren 23an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1804215