Iragarkia
95. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 18a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EGUESIBAR
Eraikinak zaharberritzeko eta egokitzeko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Jendaurreko epea iragan baita alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da Eraikinak zaharberritzeko eta egokitzeko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatuari jarraikiz. Hona hemen ordenantzaren testua:
ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO ETA EGOKITZEKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Ordenantza honen xedea da Eguesibarko udalerriko eraikinen zaharberritzea, eraberritzea edo egokitzapena sustatzea kasu jakin batzuetan.
Bultzatzea eta sustatzea merezi duten jarduketak hainbat dira. Alde batetik, itxura hobetzeko xedea dutenak, eraikinen kanpoaldeko paramentuak lehengoratuz.
Sustapen ekintza bideratzen da, orobat, ibarreko biztanleguneetako hirigune historikoetako eraikinen egitura eta funtzioa zaharberritu eta berritzeko obretara. Modu horretan, alde batetik, etxebizitzarik zaharrenak gaur egungo erosotasun baldintzetara eta eskakizun funtzionaletara egokitzen dira eta, bestetik, ibarreko landaguneetako biztanleria mantentzen da.
Beste jarduketa eremu bat osatzen du eraikinak zaharberritu eta egokitzea landetxe izan daitezen; ulertzen baita sektore turistikoak orain arte ezezagunak ziren aukerak eskaintzen dituela bailaran eta horiek sektore publikotik bultzatzea merezi duela.
Eraikinen eraginkortasun energetikoa handitzea da ordenantza honetan arautzen diren laguntzen beste xedeetako bat, energiaren kontsumoan aurrezteko eta eraginkortasun handiagoa lortzeko obren finantzaketan lagunduz.
Eta beste hainbeste esan daiteke eraikinak etxebizitzetarako berritu edo egokitzeko obrei buruz, bizigarritasun eta irisgarritasun unibertsalaren baldintzak hobetzea xede dutelarik, arlo horretako legedia errealitate bihurtzen laguntzen dutenak.
Horretarako guztirako oinarrizko tresna da laguntza ekonomikoak ematea eta, hortaz, ordenantza honen edukia bereziki lotu beharko zaio Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari eta hura garatzen duen araudiari, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bitartez.
I. TITULUA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Eguesibarko Udalak hurrengo artikuluan zehazten diren jarduketa babesgarriak sustatzeko ematen dituen laguntzen araubide juridikoa ezartzea.
2. artikulua. Jarduketa babesgarriak.
1.–Ordenantza honen babesean laguntzak jasoko dituzten obrak eta jarduketak honako hauek dira:
a) Ibarreko biztanleguneetako hirigune historikoetako eraikinak zaharberritu eta berritzeko obrak sustatzen dituztenak.
b) Irudia hobetzeari begira egindako jarduketak: fatxadak lehengoratzea udalerriaren esparru guztian.
c) Ibarreko biztanleguneetako eraikinak zaharberritu eta eraberritzeko edo berritzeko obrak sustatzen dituztenak, horien xedea denean landetxeak, aterpetxeak edo landa izaerako turismoko ostatuak abiaraztea.
d) Eraikinak eraberritu edo egokitzeko obrak egitea, horien xedea denean energia kontsumoa murriztea edo eraikinen eraginkortasun energetikoa handitzea.
e) Eraikinak eraberritu edo egokitzeko obrak egitea, horien xedea denean eraikinak bizigarritasun eta irisgarritasun unibertsalaren araudiaren eskakizunetara egokitzea.
2.–Jarduketa batek laguntza mota ezberdinak eskuratu ahalko ditu. Horrelakoetan, diru-laguntza mota ezberdinetan sartutako obra zati ezberdinak bereizi beharko dira bai deskripzioari bai aurrekontuari dagokienez, kontuan hartuz inoiz ez direla izanen bi laguntza ezberdin edo gehiago eragiketa material berberak finantzatzeko.
3.–Eraikin bakoitzak diru-laguntza bat baino ez du izanen, ordenantza honetan araututako laguntzetarik azken laguntza onartu eta bi urteko epean.
4.–Inoiz ere ez da arestiko kapituluetako laguntzarik emanen, jarduketen zenbatekoa edo exekuzioa hirugarrenei erreklamatu ahal zaienean edo aseguratuta daudenean.
5.–Ordenantza honetan araututako laguntzak emateko baldintza saihestezina izanen da edozein jarduketa babesgarriren xede izanen den eraikinak Eraikinak Ebaluatzeko Txostena izatea, behar bezala inskribaturik horretarako sortutako erregistroan, hura izatea nahitaezkoa denean, Lurzoruaren gaineko Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuan, azaroaren 12ko 108/2014 Foru Dekretuan eta haiek garatu, osatu edo ordezkatzeko etorkizunean ezartzen diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera. Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, Udalak aipatutako erregistrora joko du eta laguntzen espedienteari gehituko dizkio behar diren egiaztagiriak.
6.–Ordenantza honen arabera laguntzak jaso ditzaketen esku-hartzeen xedeko eraikinei dagokienez, etxebizitzak diren kasuetan, indarrean den araudian ezarritako bizigarritasun baldintzak eta beharkizunak bete beharko dituzte, edo diru-laguntzen xedeko obrak eginda baldintza horiek eskuratu.
7.–Etxebizitzetarakoaz besteko jardueretara, partzialki nahiz erabat, bideratutako eraikinen kasuan, jarduera horiek ingurumena babestearen arloan legez nahitaez ezarritako baimenak izan beharko dituzte, jarduera horretan aritzeko, bai eta eskatzen beste edozein ere.
3. artikulua. Printzipio orokorrak eta araubide juridiko aplikagarria.
1.–Honako printzipio gidari hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen laguntzak:
1. Publikotasuna, gardentasuna, objektibitatea, tratuaren berdintasuna eta diskriminazio eza.
2. Eraginkortasuna finkatutako helburuak betetzean.
3. Efizientzia baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.
4. Bitartekoen eta laguntzak emateko arrazoia diren helburuen arteko batasuna.
2.–Honako hauek arautuko dituzte ordenantza honetan bildutako laguntzak: ordenantza bereko manuek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten baitu, eta aplikagarri diren administrazio eskubideko gainerako arauek.
4. artikulua. Laguntzak instruitu eta emateko organo eskudunak.
1.–Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Udalaren Hirigintza alorrari dagokio.
2.–Alkatetzak izanen du eskumena ordenantza honetan araututako laguntzak emateko, egun dauden eskuordetzak edo etorkizunean izaten ahal direnak ukatu gabe; kasu horretan, eskuordetza horietan erabakitzen diren organoek izanen dute eskumena, zehaztuko den ahalmenarekin.
5. artikulua. Onuradunak.
1.–Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, izanen dira ordenantza honetan aurreikusitako laguntzen onuradun; betiere, diru-laguntzak emateko bidezko egoeran egon beharko dute, eta ordenantza honetan laguntza mota bakoitzerako aurreikusitako inguruabarrak bete beharko dira.
2.–Onuraduna pertsona juridikoa bada, elkartutako kideak ere onuradunak izanen dira, horiek konpromisoa dutenean haren izenean eta kontura diru-laguntza emateko arrazoi diren jarduera guztiak edo batzuk egiteko.
3.–Onuradun bihurtzen ahal dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publiko edo pribatuak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo bereizitako ondare, nortasun juridikorik izan gabe, jarduketak egiten ahal badituzte edo diru-laguntza jasotzeko behar den egoeran badaude.
4.–Nortasun gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen, publiko edo pribatuen, kasuan, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartutako konpromisoak espres adieraziko dira eskaeran eta kontzesioaren ebazpenean; orobat, bakoitzari aplikatuko zaion diru-laguntzaren zenbatekoa. Kide guztiak onuraduntzat hartuko dira.
Batasunaren ordezkari edo ahalorde bat bakarra izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko adinako ahalen jabe.
Kasu horietan, batasuna ezin izanen da desegin harik eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 35. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio epea iragan arte.
5.–Ezin dira onuradun bilakatu ondoren aipatzen diren egoeretako batean daudenak:
–Epai irmoaren bidez ezarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukeraz gabetua egotea.
–Konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtso-egoeran egotea, kontu-hartze judizial baten pean, edo desgaitua Konkurtsoari buruzko Legearen arabera, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.
–Administrazioarekin sinatutako kontraturen baten behin betiko suntsiarazpena eragin izana, errudun deklaratua izateagatik.
–Pertsona fisikoak, merkataritzako sozietateen administratzaileek edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek bateraezintasuna izatea kontratua egiteko, kasu bakoitzari aplikatzen zaion legerian jasota baitago, edo Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak arautzen dituen hautapen bidezko karguetako bat izatea, hartan ezarritako moduan.
–Diru-laguntza emateko ebazpena ematen den unean zerga arloko eginbeharrak (Nafarroako Ogasunekoak edo Gizarte Segurantzakoak) bete gabe izatea, indarra duten xedapenek behartzen dutenez.
–Egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea.
–Eguesibarko Udalak edo bere erakunde autonomoek emandako diru-laguntzak itzultzera beharturik, haiek ordaindu gabe izatea.
–Diru-laguntza eta laguntza publikoen arloan edo zerga kontuan arau-haustea egin eta administrazio prozedura batek emandako epai irmo bat dela bide, diru-laguntza hartzeko aukera galdu izatea zehapen gisa.
–Ezin dira onuradun bilakatu 3. artikuluko 3. apartatuan aipatutako elkarteak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.
6.–Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuetako bat urratzen duten elkarteak ez dira inoiz ordenantza honek araututako diru-laguntzen onuradun izanen.
7.–1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz zigor legearen kontrako arrazoizko aztarnak agertu direlako, erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik daukaten elkarteak ere ezin dira onuradun bilakatu, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.
8.–Eguesibarko Udalarekin edo haren mendeko erakundeekin edozein motatako zorrak izan eta premiamendu bidez kobratzeko prozeduran dauden partikular edo entitateei ere ez zaie laguntza edo diru-laguntzarik emanen, ezta toki entitatearekin zerga arloko eginbeharrak bete gabe dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu edo zerga arloko eginbeharrak betetzen ez diren arte. Ofizioz egiaztatuko dira inguruabar horiek.
6. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Hauek dira onuradunen betebehar orokorrak:
1.–Helburua bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo laguntzak emateko arrazoia den portaera izan eta haien zenbateko osoa laguntzaren xederako erabiltzea, ordenantza honetan araututako laguntzak nolakoak diren, haien arabera.
2.–Organo emailearen aitzinean frogatzea laguntza emateko baldintzak eta betebeharrak betetzen direla. Halaber, justifikatu beharko du diru-laguntza emateko edo erabiltzeko arrazoia izan diren obrak, xedeak eta jarduerak egin direla, haiek burututakoan.
3.–Organo emailearen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egin dezaketen beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
4.–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
5.–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta Udaleko zerga-betebeharrak eguneratuak dituela frogatzea.
Eguesibarko Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak daudela egiaztatzea ofizioz eginen da.
6.–Egiaztatze eta kontrol ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzearren, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatzen zaion merkataritzako eta sektoreko legeetan agindutako moduan; halaber, deialdietan eta ebazpenetan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.
7.–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
8.–Behar adinako publizitatea egitea, diru-laguntza jasotzen duten programa, jarduera, inbertsio edo edozein motatako jarduketak Eguesibarko Udalak finantzatzen dituela adierazteko.
Deialdian edo hitzarmenean zehaztuko da zer neurri hartu hedatzeko; lagundutako jarduketari egokituko zaizkio, bai forman bai iraunaldian. Izan liteke Udalaren irudi instituzionala sartzea, finantzaketa publikoari buruzko aipamenak egitea kartel, plaka oroigarri, inprimatutako material, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezkoetan, edo komunikabideetan egiten diren aipuak.
Jarduketak beste finantza-iturri batzuk izan eta onuradura inguruabar hori jakinaraztera behartua denean, diru-laguntzaren berri ematen duten hedabideak eta haien garrantzia beste finantza-iturri batzuetarako erabilitakoen antzekoak izanen dira.
9.–Hartutako dirua itzultzea, ordenantza honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako kasuetan.
7. artikulua. Laguntzen xedea.
1.–Zer xedetarako ematen den diru-laguntza, ondasunak hartan erabiltzera daude behartuta onuradunak, gutxienez ere bost urtean.
Xedearekiko betebehar hori huts eginez gero, itzuli egin beharko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean ezarritako moduan; ondasuna itzulketari atxikiko zaio, zein den ere jabea. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31.5 artikuluan aipatutako kasuetan ez da betegabetzat joko laguntza bere xedean erabili beharra.
2.–Entitate edo pertsona sustatzailea higiezinen jabea bada, xedean erabiltzeko beharra betegabetzat joko da, ondasun horrek ordenantza honen babesean diru-laguntza jaso badu eta kobratu ondoko bost urteetan ondasuna besterendu bada. Kasu horretan, emandako laguntza itzuli beharko da, eskualdaketatik bost urteko epearen amaiera arte pasatutako denborari dagokion proportzioan.
Artikulu honetan araututako betebeharra, xedean erabiltzekoa, alegia, ez da betegabetzat joko, aipatutako bost urteko epean eskualdaketa “inter vivos” edo “mortis causa” egintzen bidez gertatzen bada sustatzailearen ahaideen alde, ahaide horiek bigarren gradura artekoak badira, bai lerro zuzenetik (seme-alabak, ilobak) edo alboko lerrotik (anai-arrebak), edo ezkontidearen alde.
3.–Ordenantza honetan ezarritakoari jarraituz diru-laguntza jaso duen jarduketa ibarreko alde zaharretako etxebizitzen egitura edo funtzioa osotasunean zaharberritzeko izan denean eta ondorioz etxebizitzen kopurua handitu bada hirigintzako planeamenduak baimendu duelako, beharrezkoa izanen da diru-laguntza aitortzeko ondoko baldintzetariko edozein betetzea:
1. Gutxienez etxebizitzetako batek obren sustatzailearen eta jabearen jabetzakoa izaten jarraitu beharko du.
2. Ondoriozko etxebizitzak, zaharberritu ondotik, “inter vivos” edo “mortis causa” egintzen bidez eskuratuko dituzte sustatzailearekin odolbidezko harremana duten bigarren gradura arteko ahaideek, lerro zuzenean (seme-alabak, ilobak) nahiz alboko lerrotik (anai-arrebak), edo ezkontideak.
8. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa eta beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.–Ordenantza honetan laguntza mota bakoitzerako aurreikusitako irizpideen aplikazioak ezarriko du Udalaren laguntza ekonomikoen muga.
2.–Udalaren laguntzak bateragarriak izanen dira beste entitate publiko zein pribatu batek ematen ahal dituen edonolako laguntzekin.
3.–Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inoiz jardueraren kostua baino handiagoa izanen, ez bakarrik ez beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik datozela ere.
4.–Proiektu edo jardueraren kostuaren aldean, entitate publikoetatik hartutako diru-laguntzak sobera direnean, nahiz bateragarriak izan, onuradunak soberakina eta berandutze-interesak itzuli beharko ditu. Laguntza ematen duten entitateei itzuliko zaie soberakina; zenbat eman duen bakoitzak, haren proportzioan.
Dena dela, finantzaketaren soberakinaz Udala bera ohartzen denean, soberakina itzultzeko eskatuko du, harik eta eman duen diru-laguntzaren mugara iritsi arte.
9. artikulua. Azpikontratazioa.
1.–Diru-laguntzaren xedeko jarduera erabat edo hein batean gauzatzeko, onuradunak hirugarrenekin egindako tratuari esaten zaio azpikontratazioa; ez, ordea, onuradunak kontratatzen dituen gastuei, diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko badira.
2.–Ordenantza honek babestutako jarduketetan onartuko da azpikontratazioa, deialdiak edo hitzarmenak espresuki debekatzen duenean salbu. Onuradunak diruz lagundutako jardueraren %100 azpikontratatzen ahal du hirugarrenekin.
3.–Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduera diru-laguntzaren zenbatekoaren %50etik gorakoa eta 10.000,00 euro baino gehiago denean, kontratua idatziz egiteko eskatuko da, eta hura espresuki aldez aurretik baimentzeko, diru-laguntza tramitatzen duen alorraren oniritzia duela.
4.–Diruz lagundutako jarduerak egiteko, onuradunak ezin izanen du inoiz traturik egin Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan aipatutako pertsona edo entitateekin.
10. artikulua. Laguntza ekonomikoen ordainketa.
1.–Baldintza gisa eta laguntza ordaindu aurretik, haren xedeko jarduketa betetzen duela frogatu beharko du onuradunak; horretarako, obra bukaeraren ziurtagiria, Elkargo Ofizialak ikus-onetsia, aurkeztu beharko du aldez aurretik, baita obren bukaerako kostua frogatzen duten dokumentuak eta gastuaren fakturak ere; orobat, izandako gastuen zerrenda eta diru-sarrerena, kontzeptuen arabera ordenatuta eta guztirakoa aterata.
Onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo hein batean, justifikazio egokirik ez badute aurkezten, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiren bat izanez gero.
2.–Udaleko zerbitzu teknikoek lizentziaren gaineko aurrekariak eta espedientean jasotako dokumentazioa aztertuta, obrak ikuskatuko dituzte, diru-laguntzaren xedeari egokitzen zaizkion eta obra lizentziaren arabera egin direla egiaztatu beharrez, baita eskatutako dokumentazioa zuzen aurkeztu ote den ikusteko.
3.–Udaleko zerbitzu teknikoek ikus-onetsia emanik, laguntzak ordainduko dira.
4.–Aurrekoa gorabehera, aparteko kasuetan konturako ordainketak egiten ahalko dira, betiere jarduketa guztiaren %50 gauzatu bada eta Udaleko zerbitzu teknikoek txostena egin ondotik. Ordainketa zatituak izaten ahal dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahalean, eta aurkeztutako frogagirietako zenbatekoa ordainduko da.
Ordainketa aurreratuak ere egiten ahalko dira, hau da, gastua frogatu aitzin dirua ematea, diru-laguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa.
Konturako ordainketek eta aurrerakinek aurreikusita egon beharko dute diru-laguntzaren deialdian edo hitzarmenean.
Ordainketa aurreratuak eginez gero, bermea aurkezteko eskatzen ahalko da gordailu, abal, kauzio aseguru edo berme pertsonal eta solidario eta bermeetako eskubide errealen bidez, indarra duen legerian araututa baitaude. Diru-laguntzaren deialdian edo hitzarmenean erabakiko da. Bermea ezarri beharko da nahitaez aurrerakina 6.000,00 eurotik goitikoa bada, onuraduna sektore publikoko entitate bat denean salbu. Aipatu bermeak baliogabetuko dira organo emaileak hala erabakita kasu hauetan:
a) Obren exekuzioa egiaztatu ondotik, gutxienez ere aurreratutako zenbatekoari dagokiona.
b) Aurreratutako diru kopuruak itzuli direnean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako moduan.
5.–Ez zaie inoiz ordainketa aurreraturik eginen onuradunei konkurtsoaren deklarazioa eskatu bada, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnean, konkurtso baten partaide deklaratuak direnean, esku-hartze judizialaren mende daudenean edo, Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzen duen epaian finkatutako ezgaitasun aldian egoteagatik ezgaiturik daudenean, haien porrota deklaratu denean edo hartzekodunen konkurtsoa, kaudimengabe kobraezintzat jo denean edozein prozeduratan edo esku-hartze judizialaren mende, kita eta itxaronaldiko espedientea abiatu bada edo ordainketa etendurarena, edo porrotaren eskaera judiziala nahiz hartzekodunen konkurtsoarena aurkeztu bada, birgaituak ez diren bitartean.
6.–Diru-laguntza ezin izanen da ordaindu, baldin eta onuradunak ez baditu eguneraturik tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen badu.
11. artikulua. Laguntzak itzuli beharra.
Hartutako dirua itzultzeari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzen duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.
12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Laguntza arloko arau-hauste administratiboak dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean tipifikatutako egintza eta omisioak, eta hartan ezarritako prozeduraren arabera eta aipatu Legea garatzen duen araudiari jarraituz zehatuko dira.
II. KAPITULUA
Diru-laguntzak emateko prozedurak
1. ATALA
Xedapen orokorrak
13. artikulua. Diru-laguntzak emateko prozedurak: Banakako ebaluazioaren araubidea eta zuzeneko kontzesioa.
1.–Laguntzak emateko prozedura “banakako ebaluazioaren araubidean” tramitatuko da. “Banakako ebaluazioaren araubidetzat” norgehiagokarik gabeko prozedura joko da, non eskaerak jaso ahala espedienteak tramitatu eta ebatziko baitira, eta diru-laguntzak emanen dira horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.
2.–Laguntza edo diru-laguntza hauek zuzenean eman ahalko dira:
–Eguesibarko Udalaren Aurrekontu Orokorrean aurreikusitako laguntza izendunak.
–Salbuespen gisa eta Hirigintzako alorrak proposatuta, laguntza edo diru-laguntzak hartzeko hirigintzako interesa nahiz interes publikoa edo soziala edo behar bezala justifikatutako besteren bat frogatzen dutenak, hartzailea dela-eta, konkurrentzia publikorako aukera baztertua dutenak onuradun edo onuradun talde bakar bat dagoelako diru-laguntzaren xedea beteko duena.
2. ATALA
Banakako ebaluazioaren araubidea
14. artikulua. Prozedurari hasiera ematea.
1.–Ofizioz abiatuko da laguntza edo diru-laguntzak emateko prozedura; organo eskudunak onetsiko du deialdia eta gastua baimenduko, gero Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
2.–Deialdiak eduki hau izanen du, gutxienez ere.
a) Zein osoko bilkuratan hartu zen ordenantza hau behin betiko onesteko erabakia eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zein egunetan eta zein zenbakitan argitaratu zen.
b) Diru-laguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion eta, eskuragarri diren kredituen zenbatekoa kontuan harturik, diru-laguntzek guztira zenbat jotzen duten.
c) Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.
d) Diru-laguntza “banakako ebaluazioaren araubidean” ematen dela dioen aipamena.
e) Diru-laguntza eskatzeko baldintzak eta haien frogabideak.
f) Zein den organo eskuduna prozedura instruitu eta ebazteko.
g) Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
h) Ebazteko eta jakinarazteko epea.
i) Eskaerari erantsi beharreko dokumentu eta argibideak.
j) Ebazpenak administrazio bideari amaiera ematen diola adieraztea.
k) Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoaren arabera.
l) Ezespen espresaren edo ustezkoaren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak.
3.–Deialdi bakoitzeko testuak ikus-onetsi juridikoa izan beharko du eta zuzenbidearen araberakoa dela dioen txosten juridikoa, Udalaren zerbitzu juridikoek emana, eraman beharko du.
4.–Deialdiaren tramitazio aurreratuaren kasuan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten du) 56. artikuluan aurreikusitakoaren babesean, deialdian espres adierazi beharko da diru-laguntzak emanen direla baldin eta behar adinako krediturik baldin bada ebazten denean.
15. artikulua. Aldez aurreko jarduketak.
1.–Aldez aurretik, obren sustatzaileek kontsulta egin ahalko diete udal zerbitzu teknikoei, txostena eta espedientearen aldez aurreko kalifikazioa egin ditzaten, ordenantza honetan aipatu baldintzak betetzen baditu.
2.–Egin beharreko obrak egitean, diruz lagundutako jarduketaren elementu eta oinarri izateko aurkeztu den proiektu teknikoa edo memoria tekniko baloratua oso-osorik errespetatu beharko da. Esan nahi baita ez dela aldaketarik egiten ahal (bereziki kalitate arkitektonikoan, materialetan edo egin beharreko tratamenduetan eragiten dutelarik) aurretik Udalaren baimenik ez bada.
16. artikulua. Eskaerak.
1.–Interesdunek eskaera eginen dute, deialdian finkatu eredu normalizatuaren araberako eskabide sinatua aurkeztuta, deialdian aurreikusitako laguntza bakoitzak behar dituen dokumentuak erantsita; dena dela, aipatutakoez gain, deialdian beste dokumentu osagarri batzuk aurkeztera behartzen ahalko da.
2.–Deialdia argitaratu eta hurrengo lehen egun baliodunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea eta haren indarraldia bukatu arte iraunen du. Dena dela, zer-nolako diru-laguntza den edo zer inguruabar berezi gertatzen diren, deialdian beste bat ezartzen ahalko da.
17. artikulua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.–Oro har, eta espedientea babespeko zaharberritze gisa kalifikatzeko:
–Eskatzaile bakoitzaren NANa, edo IFK, jabeen erkidegoen edo pertsona juridikoen kasuan.
–Laguntzetarako eskubidearen titulartasunaren justifikazioa:
a) Etxebizitzaren jabea: erregistroko ohar soila, etxebizitzaren titulartasunaren gainekoa, edo hura eskuratzeko eskritura publikoak (jatorrizkoa eta kopia, konpultsatzeko).
b) Etxebizitzen jabeak: erregistroko ohar soila, eraikinaren titulartasunaren gainekoa, edo hura eskuratzeko eskritura publikoak (jatorrizkoa eta kopia, konpultsatzeko).
c) Jabeen erkidegoak: eraikinaren erregistroko jatorrizko ohar soila, edo laguntzetarako eskubidearen titulartasuna frogatzen duen beste edozein dokumentazio.
–Jabeen erkidegoaren akordioa, non adieraziko baita obrak egitea erabaki dutela, laguntzen espedientea kudeatzeko ordezkari bat izendatu dutela eta jabe bakoitzak obran duen portzentajea.
–Ondasuna 5 urtean besterendu edo kargatuko ez dela dioen konpromisoa.
–Txosten teknikoa, Udaleko zerbitzu teknikoei aldez aurretik kontsulta eginda eskatu bazaie, ordenantza honen 15. artikuluarekin bat, laguntzak jaso ahal izateko higiezinean egin beharreko jarduketei buruzkoa.
–Proiektu teknikoa, edo memoria tekniko baloratua (eskatutako kopia kopuruaren arabera, formatu digitalean edo paperean).
–Zuzendaritza tekniko eskuduna kontratatu izanaren egiaztagiria.
–Obrak egin baino lehenago, eraikinaren erreportaje fotografikoa, zaharberritzeak edo eraberritzeak ukituko dituen zatiei buruzkoa, gutxienez ere fatxada sartuz.
–Obren aurrekontua, neurriak, kalitateak eta prezio unitarioak zehaztuta, eta eskatzaileak (banaka nahiz taldeka) eta obrak egiteko ardura duenak sinatua. Babespeko aurrekontua 30.000,00 eurotik gorakoa denean, beste bi aurrekontu gehiago beharko dira aurkeztu. Onartzen den aurrekontua diru aldetik onuragarriena ez denean, hori justifikatzen duen txostena aurkeztu beharko da.
–Obra egileekin eta/edo hornitzaileekin sinatu beharreko kontratua, ordenantzaren 9. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
–Udalaren obra lizentziaren eskabidea eta Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren (EIOZ) likidazioarena.
–2.1 c) apartatuan jasotako jarduketen kasuan, eskabidearen justifikazioa edo legez nahitaezkoak diren baimenak lortu izanarena.
–Diru-laguntzen eskabidea inprimaki ofizialean. Diru-laguntzak zer banku entitatetan hartu nahi diren adierazi behar da, baita kontuaren zenbaki osoa ere.
–Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzailea ordenantza honen 5. artikuluan aipatu debekuetatik libre dela dioena.
2.–Oro har eta diru-laguntza emateko:
–Bankuaren ziurtagiria, diru-laguntza jasotzeko kontua eskatzailearen izenean dagoela frogatzeko.
–Eskatzaile bakoitzak Gizarte Segurantzarekin dituen beharkizunak beterik dituela dioen ziurtagiria.
–Eskatzaile bakoitzak Nafarroako Gobernuarekin dituen beharkizunak beterik dituela dioen ziurtagiria.
–Obraren bukaerako dokumentazioa, egindako gastua frogatzen duena, jatorrizko ordainagiri eta kopia guztiekin batean, konpultsatzeko (Obra bukaerako ziurtagiria, obren bukaerako kostua, gastua frogatzen duten agiriak, egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda, kontzeptuen arabera ordenatua eta guztirakoa aterata duela) ordenantzaren 10.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz. Obrak egin ondoko eraikinaren erreportaje fotografikoa gehituko da, zaharberritzeak edo eraberritzeak ukitutako zatiei buruzkoa, gutxienez ere fatxada sartuz.
3.–Gainera, ordenantza honen 2.1 c) artikuluan ezarritako jarduketetarako diru-laguntzak, IV. tituluan arautuak, eskatzen dituztenek dokumentazio hau aurkeztuko dute:
–Konpromiso sinatua, erabilera horretarako izanen dela dioena, gutxienez ere bost urteko epean.
4.–Edonola ere, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio, prozedura administratiboan interesdun direnek aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez.
Udalak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatu ahalko du, diru-laguntza jaso duten obren benetako exekuzioa justifikatzeko.
18. artikulua. Instrukzioa eta ebazpena.
1.–Diru-laguntzaren eskabidea eginda, ordenantza honetan eskatutako dokumentazio osagarria aurkeztu dela egiaztatuko da.
Dokumenturen bat falta bada, errekerimendua eginen da akatsa zuzentzeko eta gutxienez hamar eguneko epea izanen da horretarako, eskatutako dokumentazioa eskuratzeko zailtasunaren arabera.
2.–Dokumentazioari dagokion zuzenketa egiteko emandako epean ez bada halakorik aurkezten, eskatzaileak bere eskabideari uko egiten diola ondorioztatuko da. Aldez aurreko errekerimenduan espresuki adieraziko zaio ondorio hori.
3.–Ebazpenean, espres adieraziko dira eskatzailea, diruz lagundutako jarduketaren deskripzioa eta zenbateko diru-laguntza ematen zaion.
4.–Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Prozedura ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpena eman gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da. Udalak espresuki ebazteko duen betebeharrak bere horretan iraunen du isiltasunaren ondoriozko ezespena gertatzen bada ere.
5.–Obrak egindakoan, onuradunak obra bukaerako ziurtagiria, lizentziaren arabera egin direla dioena, aurkeztuko du, eta ordenantzaren 10.1 artikuluan ezarritako dokumentuak erantsiko dira. Dokumentazioa berrikusi, obrak ikuskatu eta zerbitzu teknikoek egiaztatzen dutenean eskatzaileek laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela eta obrak lizentziaren arabera egin direla, ordainketa 2 hilabeteko epean onetsiko da, lagundutako obrak egoki eta benetan egin direla frogatzeko txosten teknikoa egin denetik kontatzen hasita.
6.–Ordenantza honetan laguntzak emateko ezarri diren baldintza eta beharkizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa zein egunetan sartzen den Udalaren erregistro orokorrean, horretxek erabakiko du laguntzak emateko ordena eta ordainketaren onespena.
7.–Deialdi bateko gastu baimena agorturik, laguntza bakoitzeko baldintzak bete dituzten onuradunek lehentasuna izanen dute hurrengo deialdian.
19. artikulua. Jakinarazpena eta publizitatea.
1.–Laguntza emateko ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoari jarraituz, eta amaiera emanen dio administrazio bideari. Haren kontra zein errekurtso diren bidezko, zein organo administratibori eta judiziali aurkeztu eta zein duten epea adierazi beharko da; haatik, interesdunek beste bat egokitzat joz gero, hura erabiltzen ahalko dute.
2.–Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, deialdia, dagozkion aurrekontuaren kreditua eta programa, onuraduna, ematen den diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea adierazita. Dena dela, ez da argitaratu beharko kasu hauetan:
a) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak, banan-banan hartuta, 3.000 eurotik beheitikoak direnean. Kasu horretan, horren ordez, Udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko da.
b) Diru-laguntzaren xedea dela eta, onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten bazaio ohorearekiko errespetu eta babesari, pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei edo norberaren irudiari, hala xedatzen baita Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan.
3. ATALA
Zuzeneko kontzesioa
20. artikulua. Zuzeneko kontzesioa.
Hitzarmenak ohiko tresnak dira ordenantza honetako 13.2 artikuluan aurreikusitako laguntza edo diru-laguntzen kontzesioa bideratzeko. Hitzarmen horietan ezarriko da zein baldintza eta konpromiso aplikatu, ordenantza honetan eta gainerako araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraituz.
II. TITULUA
Eguesibarko hirigune historikoetako eraikinak zaharberritu eta berritzeko obrak sustatzeko laguntzak
21. artikulua. “Hirigune historikoaren” definizioa.
Ordenantza honetan ezarritako ondorioetarako, “hirigune historikotzat” joko da Eguesibarren indarrean den hirigintzako planeamenduan halakotzat definitutako eremu bakoitza.
22. artikulua. Babespeko obrak.
Ondotik ematen diren babespeko obrak izaten ahal dira Udalaren laguntzen xede:
1.–Zaharberritze arloan:
a) Eraikin baten egitura, funtzionaltasuna edo biak egokitzeko edo egokitzapena hobetzeko obrak:
–Egitura aldetik egokitzeko obrak, eraikinaren segurtasuna handitu eta haren egonkortasuna, erresistentzia, tinkotasuna eta sendotasuna bermatzearren.
–Funtzioen aldetik egokitzeko obrak, eraikinak behar adinako baldintzak bete ditzan: sarbideak, estankotasuna euriaren eta hezetasunaren aitzinean, isolamendu termikoa, sare orokorrak –ura, gasa, argindarra, telefonia eta saneamendua–, akabera orokorrak eta segurtasuna istripu eta ezbeharretan.
b) Egituraren eta funtzioen aldetik egokituta den eraikin zaharberritu batean egin beharreko obrak edo biak lortzen dituena, haien xedea denean:
–Hirigintza aldetik egokitzapena lortzeko jarduketa bereziak.
–Apaintze lanetarako jarduketa bereziak.
2.–Berrikuntza arloan:
Eraikin bat berritzeko obrak, baldintza hauek betetzen dituztenean:
–Hirigintza arloko araudiak baimendurik egotea.
–Lehenagotik dagoen eraikinaren bizigarritasun baldintzei hobekuntza nabarmena ekartzea, baita inguruneari eta hiri irudiari ere.
23. artikulua. Eraikinen betebeharrak.
1.–Udaleko Zerbitzu Teknikoen adostasun txostena hartu duten jarduerei baizik ez zaie Udalaren laguntza emanen, baldin eta eraikin horietan teknikarien txostenean beharrezkotzat jotzen diren obrak egin badira; betiere, ondotik adierazten diren baldintzak betez gero:
1. Eraikin horiek hirigune historiko gisa kalifikatutako eremuetan egotea edo, eremu barreiatuan egon arren, eraikina inbentariatuta edo katalogatuta egotea.
2. Eraikinaren azalera erabilgarriaren ehuneko 50 gutxienez, etxebizitzarako erabiltzea (teilatupea, beheko solairua eta sestrapekoa kenduta), edo indarrean den planeameduaren arabera ekipamenduetarako eraikina izatea.
3. 25 urte baino gehiagoko antzinatasuna izatea.
4. Hirigintza arloko planeamenduak xedatzen duenera egokitzea.
2.–Udalak ezin izanen du zaharberritzeko laguntzarik eman, obrak “antolamendutik kanpo” dauden eraikinetan egiten badira, salbu eta:
–Eraikinari egoera hori aldatzeko eta indarrean den hirigintzako araudira egokitzeko baldintzak ematen dizkion obrak badira.
–Edo obra horiek, hein batean “antolamendutik kanpo” dagoen eraikin batean egiten badira, hurrengo 20 urteetan ez badago aurreikusia Udalaren inolako esku-hartzerik hura desjabetu edo eraisteko.
3.–Laguntza hartzen duten zaharberritze lanak egitean, bermatu behar da lan horiek teknika eta eraikuntza aldetik bat egiten dutela eraikinaren egoerarekin eta egin litezkeen gainerako obrekin. Hortaz, eraikinak egitura eta eraikuntza aldetik segurtasunik ez badu, ezta argindar hornidurarik edo ur banaketarik ere, edo saneamendu orokorra modu egokian ez badabil, eta behar bezalako estankotasunik ez badu euriaren aitzinean, lanak ez dira lagunduko haiekin batera gabezia horiek betetzeko behar diren obrak egiten ez badira.
24. artikulua. Babespeko aurrekontuaren kontzeptua.
1.–Zaharberritzeko eta berrikuntzako jarduketen babespeko aurrekontutzat joko da haien kostu erreala, eginen diren obra guztien prezioen baturak ezarritakoa, barne hartuz gastu orokorrak eta industria mozkina (horien baturak ez du obra gauzatzeko aurrekontuaren %15 gaindituko).
Zenbateko horri obra bakoitzaren proiektu eta/edo zuzendaritza teknikoaren arduradunen ordainsarien kostua gehituko zaio, eta kontrataren aurrekontua gehienez ere %10 izanen da.
Etxebizitzetako elementu komunen edo pribatiboen akabera obrek kasu hauetan baizik ez dute babes publikoa izanen: aldi berean gauzatzen ari diren eta egitura-elementuak ukitzen dituzten beste zaharberritze-lan batzuek eskatuta egiten direnean, irisgarritasun unibertsaleko eta ororentzako diseinuko jarduketak direla-eta edo bizigarritasunaren legezko baldintzak betetzeko beharra.
2.–Tokian tokiko zergak ez dira inoiz diru-laguntza hartzeko moduko gastuan sartuko, legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak, konpentsazioak edo toki ogasunarekiko zor murrizketak diren heinean.
3.–Tokikoak ez diren zergak diru-laguntza hartzeko moduko gastuak dira, onuradunak beneta ordaintzen baditu. Zeharkako zergak ez dira inolaz ere diru-laguntza jasotzen ahal duten gastutzat joko, berreskuratzeko, kenkaritarako edo konpentsatzeko aukera ematen dutenean.
Zehazki, Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, onuradunak ordaindutako kopuruak diru-laguntza hartzeko moduko gastuak dira kostu erreala badira, hau da, onuradunak ordaindu baditu eta kengarriak ez badira; izan ere, hala izatera, onuradunak zerga berreskuratuko luke. Onuradunak modu sinesgarrian frogatu beharko du.
Errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez dira diru-laguntza hartzeko moduko gastuan sartzen.
4.–Diru-laguntza hartzeko moduko gastuaren zenbatekoa –obra egiteko kostu gisa– 30.000 eurotik gorakoa denean, edo 12.000 eurokoa, ekipoko ondasunak hornitzen direnean edo aholkularitza edo laguntza teknikoko enpresek zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak hiru eskaintza bederen eskatu beharko dizkie beste horrenbeste hornitzaileri konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko.
Aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, eraginkortasun eta ekonomiaren irizpideei jarraituko zaie, eta txosten batean berariaz justifikatu beharko da diru aldetik onuragarriena ez den proposamena aukeratzen denean. Eskaintza horiek justifikazioan beharko dira azaldu, edo diru-laguntzaren eskaeran.
5.–Eraikinaren egokitzapen estruktural eta funtzionaleko obretarako baino ez diren diru-laguntzak kalkulatzeko baizik, etxebizitzaren azalera erabilgarriari modulu ponderatuaren %65 aplikatuta aterako da babestuko den gehieneko aurrekontua. Ekitaldi bakoitzean Nafarroako Gobernuak argitaratuko du etxebizitza arlorako metro koadro bakoitzeko modulu hori.
6.–Lokaletan, aurreikusitako obraren aurrekontu osotik elementu komunei eta kasuan kasuko norbanakoei zenbat dagokien, harexen arabera izanen da gehienez babestuko den aurrekontua. Betiere, modulu ponderatuaren %30 muga izanik metro koadro bakoitzeko. Portzentaje hori %65 arte igoko da jarduera duten lokalen kasuan, irekitzeko lizentziak indarrean badaude edo tramitazioa abian badute.
7.–Ordenantza honetako 27. artikuluan adierazi jarduketa berezietan ez dira aplikatuko gehienez babestutako aurrekontuaren mugak, 5. puntuan zehaztuak; aldiz, artikulu honen 1. puntuan ezarritakoa aplikatuko da.
25. artikulua. Udalaren laguntza motak.
1.–Egitura eta funtzioa egokitzeko obretarako laguntzak.
2.–Jarduketa berezietarako laguntzak.
26. artikulua. Egitura eta funtzioa egokitzeko obretarako laguntzak.
a) Onuradunak.
Honako hauek izanen dira laguntzen onuradunak:
a.1. Zaharberritze lanetan:
–Alokatzeko eta/edo norberak erabiltzeko etxebizitzetako eraikinen jabeak.
–Banako etxebizitzen jabeak, jabeen erkidegoetan kide diren aldetik.
–Jabe ez diren erabiltzaileak (errentariak, usufruktudunak, etab.), jabearen baimen espresa badute eta egoera juridiko hori behar adina frogatzen badute.
–Lokalen jabeak edo errentariak, eraikin horietan babespeko jarduketak egitekoak badira.
–Ekipamendu edo zuzkiduretarako eraikinen jabeak, betiere indarra duen planeamenduak horrela kalifikatu baditu.
a.2. Berrikuntza lanetan:
–Eraikinen sustatzaileak, berek erabiltzeko bada.
–Eraikinen sustatzaileak, etxebizitzak errentamendurako nahi badituzte, eta betiere alokairuak indarra duen modulu ponderatuaren %7,5 baino gehiago ez badira, 15 urterako gutxienez.
–Etxebizitzen erosleak.
b) Zenbatekoa:
Babespeko aurrekontuaren ehuneko hamarreko (%10) diru-laguntza emanen da, hurrengo artikuluan jarduketa berezietarako ezartzen dena salbu, betiere muga hauek gainditu gabe:
• 6.000,00 euro, merkataritza jarduera duen etxebizitza edo lokaleko.
• 6.000,00 euro, dotazioetarako eraikineko.
• 2.000,00 euro, merkataritza jarduerarik gabeko lokaleko.
27. artikulua. Jarduketa berezietarako laguntzak.
Ondoko laguntzak ezartzen dira hurrengo paragrafoetan deskribatzen diren jarduketa berezietarako:
1.–Hirigintza arloko egokitzapenetarako laguntza bereziak.
Laguntza horiek jaso ahalko dituzte eraikinaren hirigintza arloko egokitzapena lortzeko obrek, Udaleko zerbitzu teknikoen aldez aurreko txostenean adierazitako irizpideak behartuta. Halakoak dira, adibidez: eranskinak kentzea balkoian, estalkian, patioetan; fatxadak, eremu libreak edo patioak egokitzea; errotuluak egokitu edo kentzea; lerrokadurak doitzea eta abar.
Kasu horretan diru-laguntza babespeko aurrekontuaren ehuneko hamarrekoa (%10) izanen da, eta gehienez ere 2.000,00 euro eraikin bakoitzeko.
“Planeamenduko aurreikuspenak” edo “hirigintza arloko egokitzapena” lortzera bideratutako obren kasuan, indarrean den hirigintzako legerian ezarritako kontserbazio beharraren mugak gainditzen badituzte, bestelako laguntzak ezarri ahalko dira, kasu horretan eginen den balorazioaren arabera.
2.–Apaintze lanetarako laguntza bereziak.
Laguntza hauetan sartzen ahal dira fatxadak edo eremu publikotik agerian diren elementu bereziak eraberritzeko obrak, indarrean den hirigintzako legeriak kontserbatzeko jarritako mugak gainditzen badituzte, eta eraikin edo etxebizitzek arkitektura, historia edo ingurumen aldetik dituzten balioek eskatzen dutenean, eraikina katalogatua edo inbentariatua egoteagatik edo Udaleko zerbitzu teknikoen txostenean adierazitako irizpideak behartuta.
Obra horiek izanen dira, adibidez: materialak eta tratamendu bereziak hobetu edo lehengoratzea fatxadako murruetan, apainduretan, begiratokietan, arotzerietan eta abarretan. Laguntza mota horien xede izan ahalko dira, orobat, lokalen errotuluak, fatxadak eta irudia hobetzekoak, eraikinaren elementu komunetako obrekin batera egiten badira.
Diru-laguntza arrunta ehuneko ehunera (%100) iritsi arte osatuko da egin beharreko obren kostutik gora, gehienez ere 2.000,00 euroraino eraikin bakoitzeko; zenbateko hori Udaleko zerbitzu teknikoen balorazio zehatzaren bitartez erabakiko da.
III. TITULUA
Udalerri osoaren irudia hobetzeko obrak sustatzeko laguntzak
28. artikulua. Obrak.
Titulu honetan aurreikusten diren laguntzen bitartez, Udalak diru-laguntzak eman nahi ditu eremu publikora ematen duten eraikinen fatxadetan egiten diren jarduketetarako, haien bidez Eguesibarko udal mugape guztiko itxura nabarmen lehengoratu edo hobetzen bada.
Udaleko zerbitzu teknikoek adostasun txostena emana dien jarduketei bakarrik aplikatuko zaizkie laguntzak, eraikinen fatxada nagusietan egindako obrei alegia, baldintza hauek betez gero:
1.–Etxebizitza edo lokal bakoitzeko 900 eurotik gorako kostua izatea, eta eraikin bakoitzeko gutxienez 5.000,00 euroko aurrekontua.
2.–Obrak egin bitartean Udalaren zerbitzu teknikoek ematen dituzten irizpide estetiko eta teknikoei men egitea.
Zaharberritzeko jarduketan eremu publikotik ikusten den eraikinaren fatxada osoaren itxura landuko da, fatxada nagusiaz gain.
29. artikulua. Eraikinen betebeharrak.
Eraikinek baldintza hauek bete beharko dituzte, haietan egin gogo diren jarduketei diru-laguntza ematekotan:
a) Eraikina inbentariatua edo katalogatua egotea, haren babes gradua edozein delarik ere.
b) Aurreko baldintza betetzen ez duen eraikina izanik, baldintza hauek betetzen baditu:
–Berrogeita hamar urte baino gehiagoko antzinatasuna izatea.
–Kanpoaldeko fatxadak eremu publikora ematea.
–Osoki nahiz partez antolamendutik kanpo ez egotea.
–Bizitegirako erabiltzea, edo dotazio publiko nahiz pribaturako.
–Hirigintzako antolamenduaren araberakoa izateaz gain, egituraren egonkortasuna eta estalkiaren estankotasuna izan beharko du, Udalaren zerbitzu teknikoen iritzian.
30. artikulua. Onuradunak.
Babespeko jarduketen onuradun izaten ahal dira erakinen titularrak, jabeen erkidegoak barne, baldin eta, haietan kapitulu honetan aipatu obrak egiteko asmoa izanik, laguntza mota honetarako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Eraikinen jabeak izaten jarraitu beharko dute gutxienez ere bost urteko epean, diru-laguntza kobratzen dutenetik kontatzen hasita. Gainerakoan, emandako laguntza itzuli beharko da, jabe izateari utzi eta goian adierazitako epearen amaiera arte pasatutako denborari dagokion proportzioan.
Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako ez dira kontuan hartuko epe horren barnean gertatzen diren “mortis causa” eskualdaketak, ez eta ere “inter vivos” dohaintzak, bigarren gradura arteko aurreko edo ondorengo ahaideen aldekoak.
31. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.
Obraren babespeko aurrekontuaren, 24. artikuluan zehazten den horren, ehuneko hamarreko (%10) diru-laguntza, funts galdura, izanen da Udalak kapitulu honetan onartzen ahal duen laguntza. Dena dela, ez da inoiz 2.000,00 euroko muga gaindituko erakin bakoitzeko.
Udalaren txosten teknikoen bidez zehaztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa, kontuan hartuta eraikinaren egoera, obren izaera eta ezaugarriak, haren egoeran duten eragina eta aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoa.
Apaintzeko laguntza berezietan sartzen ahal dira fatxadak edo eremu publikotik agerian diren elementu bereziak eraberritzeko obrak, indarrean den hirigintzako legeriak kontserbatzeko jarritako mugak gainditzen badituzte, eta eraikin edo etxebizitzek arkitektura, historia edo ingurumen aldetik dituzten balioek eskatzen dutenean, eraikina katalogatua edo inbentariatua egoteagatik edo Udaleko zerbitzu teknikoen txostenean adierazitako irizpideak behartuta.
Diru-laguntza arrunta %100era iritsi arte osatuko da egin beharreko obren babespeko kostutik gora, gehienez ere 2.000 euroraino eraikin bakoitzeko; zenbateko hori Udaleko zerbitzu teknikoen balorazio zehatzaren bitartez erabakiko da.
IV. TITULUA
Laguntzak, udalerrian kokatutako eraikinak zaharberritu, eraberritu edo berritzeko obrak sustatzen dituzten obretarako, horien xedea denean landetxeak, aterpetxeak edo landa izaerako turismoko ostatuak abiaraztea
32. artikulua. Babespeko obrak.
Titulu honetan araututako laguntza mota jaso ahalko dute ondoko baldintza hauek betetzen dituzten etxebizitzetako obrek:
1.–Obra horiek helburu hauek lortzeko direnean:
–Egituraren egokitzapena, eraikinaren segurtasuna handitu eta haren egonkortasuna, erresistentzia, tinkotasuna eta sendotasuna bermatzearren.
–Egokitzapen funtzionala, eraikinak behar adinako baldintzak bete ditzan: sarbideak, estankotasuna euriaren eta hezetasunaren aitzinean, isolamendu termikoa, sare orokorrak –ura, gasa, argindarra, telefonia eta saneamendua–, akabera orokorrak eta segurtasuna istripu eta ezbeharretan.
2.–Obra horien helburua bada eraikina egokitzea Nafarroako landetxeetan ostatatzea arautzen duen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuan eskatutako baldintzak betetzeko, bai eta, kasua bada, landa eremuko aterpetxe edo turismoko alojamenduak arautzen dituen gainerako araudia betetzeko ere.
33. artikulua. Eraikinen betebeharrak.
1.–Kontzeptu honengatik diruz lagunduko diren jarduketak izanen dira bermatzen dutenak Nafarroako landetxeetan ostatatzea arautzen duen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak eta beharkizunak betetzen direla, bai eta etorkizunean hura garatu, osatu edo ordezkatzen duen araudia ere.
2.–Ezin izanen da laguntza mota hau eman eraikinak “antolamendutik kanpo” daudenean, salbu eta partzialki horrela daudelarik, Udalak ez duenean aurreikusten hura desjabetu edo eraisteko jarduketarik hogei urteko epean.
3.–Babespeko obrak egitean, bermatu behar da lan horiek teknika eta eraikuntza aldetik bat egiten dutela eraikinaren egoerarekin eta egin litezkeen gainerako obrekin. Hortaz, eraikinak egitura eta eraikuntza aldetik segurtasunik ez badu, ezta argindar hornidurarik edo ur banaketarik ere, edo saneamendu orokorra modu egokian ez badabil, eta behar bezalako estankotasunik ez badu euriaren aitzinean, lanak ez dira lagunduko haiekin batera gabezia horiek betetzeko behar diren obrak egiten ez badira.
34. artikulua. Onuradunak.
Onuradunak izan ahalko diruz lagundutako obrak jasaten dituzten eraikinen jabeak.
Gainera, jabe izaten jarraitu beharko dute gutxienez ere bost urteko epean, diru-laguntza kobratzen dutenetik hasita. Bestela, emandako laguntza itzuli beharko dute, eskualdaketatik bost urteko epearen amaiera arte pasatutako denborari dagokion proportzioan.
Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako ez dira kontuan hartuko epe horren barnean gertatzen diren “mortis causa” eskualdaketak, ez eta ere “inter vivos” dohaintzak, bigarren gradura arteko aurreko edo ondorengo ahaideen aldekoak.
35. artikulua. Laguntzak.
Obraren babespeko aurrekontuaren, 24. artikuluan zehazten den horren, ehuneko hamabosteko (%15) diru-laguntza, funts galdura, izanen da Udalak kapitulu honetan onartzen ahal duen laguntza. Dena dela, ez da inoiz 8.000,00 euroko muga gaindituko erakin bakoitzeko.
Udalaren txosten teknikoen bidez zehaztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa, kontuan hartuta eraikinaren egoera, obren izaera eta ezaugarriak, haren egoeran duten eragina eta aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoa.
V. TITULUA
Laguntzak, eraikinak eraberritu edo egokitzeko obrak egiteko, horien xedea denean energia kontsumoa murriztea edo eraikinen eraginkortasun energetikoa handitzea
36. artikulua. Obrak.
Babespeko obrak izan ahalko dira honako hauek:
a) Inguratzaile termikoaren eraginkortasun energetikoa hobetzea dakartenak.
b) Edo instalazio termikoen eraginkortasun energetikoa hobetzea.
c) Instalazio termikoetan energia konbentzionalaren ordez biomasa erabiltzea.
d) Instalazio termikoetan energia konbentzionalaren ordez energia geotermikoa erabiltzea.
Edonola ere, ezinbesteko baldintza izanen da laguntza jasoko duten jarduketek eraikinaren kalifikazio energetiko osoa hobetzea, gutxienez ere letra 1, karbono dioxidoaren emisioen eskalan neurtuta (CO2 kg/ m² urtean), eraikinaren hasierako kalifikazio energetikoarekin alderatuta. Horretarako, diru-laguntzaren eskatzaileak agiri bidez frogatu beharko du eraikinak diruz lagundutako obren aurretik eta ondotik zuen kalifikazio energetikoa.
37. artikulua. Eraikinen betebeharrak.
1.–Kontzeptu honengatik diruz lagunduko diren jarduketak eginen dira baldintza hauek biltzen dituzten eraikinetan:
1. Eraikinaren azalera erabilgarri osoaren ehuneko 50 gutxienez, jabe sustatzailearen ohiko bizilekutarako erabiltzea (teilatupea, beheko solairua eta sestrapekoa kenduta), edo indarrean den planeamenduaren arabera ekipamenduetarako eraikina izatea.
2. Duela hogeita bost urte baino gehiago eraikita egotea.
3. Hirigintza arloko planeamenduak xedatzen duenera egokitzea.
2.–Ezin izanen da Udalaren laguntza mota hau eman “antolamendutik kanpo” dauden eraikinetarako obrak badira, salbu eta partzialki horrela daudelarik, Udalak ez duenean aurreikusten hura desjabetu edo eraisteko jarduketarik hogei urteko epean.
3.–Babespeko obrak egitean, bermatu behar da lan horiek teknika eta eraikuntza aldetik bat egiten dutela eraikinaren egoerarekin eta egin litezkeen gainerako obrekin. Hortaz, eraikinak egitura eta eraikuntza aldetik segurtasunik ez badu, ezta argindar hornidurarik edo ur banaketarik ere, edo saneamendu orokorra modu egokian ez badabil, eta behar bezalako estankotasunik ez badu euriaren aitzinean, lanak ez dira lagunduko haiekin batera gabezia horiek betetzeko behar diren obrak egiten ez badira. Horrek ez du eragotziko kontzeptu honengatik diru-laguntza ematea soilik eraikin eta etxebizitzetan energiaren kontsumoa aurrezteari begira egiten diren obrei.
38. artikulua. Onuradunak.
Kontzeptu honengatik laguntzen onuradunak izan ahalko dira:
a) Aurreko artikuluan aipatutako eraikinen jabeak eta ondasunen edo jabeen erkidegoak, jabetza horizontala eratzeko titulua egiletsi ez badute ere.
b) Etxebizitzarako erabilera duten eraikinen jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen batasunak, jabetza horizontala eratzen badute.
39. artikulua. Laguntzak.
24. artikuluan zehazten den babespeko aurrekontuaren ehuneko hamarreko (%10) diru-laguntza emanen da letra bat igotzen duten eraikinendako, eta %12koa, berriz, bi letra edo gehiago igotzen dituztenendako. Dena den, ez da inoiz 2.000,00 euroko muga gaindituko eraikin bakoitzeko.
Eraikinen zaharberritze osoa sustatzeko, laguntza hauek ordenantza honen II. eta III. tituluetan jasotakoen osagarri izan daitezke.
Babespeko aurrekontutzat joko da ordenantza honen 24.1 artikuluari jarraituz kalkulatutakoa.
VI. TITULUA
Laguntzak, eraikinak eraberritu edo egokitzeko obrak sustatzeko, horien xedea denean haien irisgarritasuna hobetzea
40. artikulua. Obrak.
Titulu honetan ezarritako udal laguntzak jaso ahalko dituzte honako obra hauek:
1.–Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko obrak, mugikortasun murriztua duten minusbaliatuei sarbidea eta erabilera errazteko, eta oro har irisgarritasun unibertsala lortzeko jarduketak.
2.–Bereziki, igogailuak paratzea, hura paratzeko elementu komunetan edo/eta pribatiboetan egin behar den obra zibilaren eta konponketen atala, baita hura paratzeko erosi behar diren espazio edo eraikin atalak ere.
41. artikulua. Eraikinen betebeharrak.
1.–Udal laguntza emanen zaie eraikinetan egiten diren jarduketei, soilik baldintza hauek betetzen badituzte:
1. Eraikinaren azalera erabilgarriaren 100eko 50 gutxienez etxebizitzarako erabiltzea (teilatupea, beheko solairua eta sestrapekoa kenduta), edo indarrean den planeamenduaren arabera ekipamenduetarako eraikina izatea.
2. Hogeita bost urtetik gorako antzinatasuna izatea, salbu eta gutxienez %40ko desgaitasuna duen pertsona bizi bada edo harendako bada, kasu horretan hura izatea bera nahikoa izanen baita.
3. Hirigintza arloko planeamenduak xedatzen duenera egokitzea.
2.–Ezin izanen da Udalaren laguntza mota hau eman “antolamendutik kanpo” dauden eraikinetarako obrak badira, salbu eta partzialki horrela daudelarik, Udalak ez duenean aurreikusten hura desjabetu edo eraisteko jarduketarik hogei urteko epean.
3.–Babespeko obrak egitean, bermatu behar da lan horiek teknika eta eraikuntza aldetik bat egiten dutela eraikinaren egoerarekin eta egin litezkeen gainerako obrekin. Hortaz, eraikinak egitura eta eraikuntza aldetik segurtasunik ez badu, ezta argindar hornidurarik edo ur banaketarik ere, edo saneamendu orokorra modu egokian ez badabil, eta behar bezalako estankotasunik ez badu euriaren aitzinean, lanak ez dira lagunduko haiekin batera gabezia horiek betetzeko behar diren obrak egiten ez badira. Horrek ez du eragotziko kontzeptu honengatik soilik diru-laguntza ematea mugikortasun murriztua duten minusbaliatuei sarbidea eta erabilera errazteko oztopo arkitektonikoak ezabatzeko egiten diren obrei.
42. artikulua. Onuradunak.
Kontzeptu honengatik laguntzen onuradunak izan ahalko dira.
a) Aurreko artikuluan aipatutako eraikinen jabeak eta ondasunen edo jabeen erkidegoak, jabetza horizontala eratzeko titulua egiletsi ez badute ere.
b) Etxebizitzarako erabilera duten eraikinen jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen batasunak, jabetza horizontala eratzen badute.
Inguruabar hauetakoren bat egiaztatzen baldin badute:
1.–Desgaitasun graduren bat duen jabe erabiltzaileren bat izatea, bere mugikortasunari edo zentzumen, ikusmen edo entzumenaren gaitasunei eragiten diena.
2.–Pertsona horiek hirurogeita bost urtetik gorakoak izatea.
43. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.
Obraren babespeko aurrekontuaren, 24. artikuluan zehazten den horren, ehuneko hamabosteko (%15) diru-laguntza, funts galdura, izanen da Udalak kapitulu honetan onartzen ahal duen laguntza. Dena dela, ez da inoiz 5.000,00 euroko muga gaindituko erakin bakoitzeko.
Eraikinen zaharberritze osoa sustatzeko, laguntza hauek ordenantza honen II., III., IV. eta V. tituluetan jasotakoen osagarri izan daitezke.
Udalaren txosten teknikoen bidez zehaztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa, kontuan hartuta eraikinaren egoera, obren izaera eta ezaugarriak, haren egoeran duten eragina eta aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoa.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honetan araututako diru-laguntzak udal aurrekontuetan xede horretarako finkatzen den aurrekontuko partidaren kargura finantzatuko dira, baldin eta aurrekontu ekitaldi bakoitzean halako partidarik badago eta bertan kreditua badago.
Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak erreserban geldituko dira hurrengo ekitaldirako.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi aurka egiten dioten xedapen maila bereko nahiz apalagoko guztiak.
AZKEN XEDAPENETAN LEHENA
Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua aplikatuko da, baita Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.
AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.
Sarrigurenen, 2018ko apirilaren 27an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.
Iragarkiaren kodea: L1805829
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
