94. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

251/2018 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, diru-laguntzen 2018ko deialdi hau onesten duena: “Nafarroako toki entitateentzako laguntzak, landazainak kontrata ditzaten”.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legearen 51. artikuluak ezartzen du zer jarduketa egiteko den beharrezkoa barrutiek ehiza-zaintzako sistema bat izatea, barrutiaren kudeatzaileek jarri beharko dutena. Era berean, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearen 52. artikuluak (ehiza sustatzeko neurriak) ezartzen du Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ematen ahalko dituela zaintza sistema bat ezartzeko.

Ehiza jarduera iraunkorra izateko tresna lagungarritzat hartzen da ehizazaina, bereziki Nafarroa bezalako kasuetan, non ehiza jarduera basa faunako populazioetan oinarritzen baita. Ehizazainei eskatzen zaien prestakuntzak, barnean direla ekosistemei eta basa faunari buruzko ezagupenak, bermatu behar du titularrek egiten duten ehizaren kudeaketak babes teknikoa duela.

Orobat, landazaina funtsezko elementutzat hartzen da toki entitateek landa esparruan egiten duten kudeaketa hobeezina izan dadin. Helburua da landazainak, ehiza kudeatzeaz gain, beste eginkizun batzuk egin ditzala, hala nola beste natur baliabide batzuk kudeatzea edo toki entitateei ingurumen arloan laguntza ematea.

2017ko lehenbiziko deialdiaren arrakasta ikusirik, beharrezkotzat jo da laguntza lerro hau berriz ere ezartzea toki entitateek landazainak kontratatzeagatik dituzten gastuak partez finantzatzeko. Landazainek 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitarte egiten dituzten zerbitzu profesionalengatik emanen da laguntza.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntzen 2018ko deialdi hau onestea: “Nafarroako toki entitateentzako laguntzak, landazainak kontrata ditzaten”.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2018ko gastuen aurrekontuko “Toki entitateentzako laguntzak natur baliabideen kudeaketarako” izeneko 740002 74200 4609 456307 partidaren kargura, toki entitateek landazainak kontratatzeagatik dituzten gastuei erantzuteko.

4. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen hau Diru-laguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratu beharko da.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hura jakinarazi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko apirilaren 20an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Toki entitateek landazainak kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

1.1 Oinarri hauen xedea da toki entitateek 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31 arte landazainak kontratatzeko dituzten gastuen zati bat ordaintzeko diru-laguntzak arautzea. Ehiza barrutia kudeatzeko ardura duten toki entitateen kasuan, laguntza ehizazainak aipatu epean kontratatzearen ondoriozko gastuak ordaintzeko erabiliko da.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Landazainak kontratatzeko laguntzek udal mugarteetan edo ehiza barrutietan landazainak iraunkorki izatea dute helburu. Haien zereginak honako hauek dira:

–Zaintza-lana, toki entitate horietako natur baliabideak behar bezala kontserbatzeko.

–Toki entitatearen natur baliabideen kudeaketa, ingurumen-informazioko lanak edo ingurumenarekin lotutako beste gai batzuk.

–Barrutietako ehiza espezieen kudeaketa, ehiztarien, nekazarien eta beste sektore batzuen arteko lotura lana eginez.

–Nekazaritzari eragiten zaizkion kalteei aurrea hartzeko neurrien kontrola eta koordinazioa, bai eta ehiza espezieen kontrola eta segimendua ere, kudeaketa jasangarriko irizpideei jarraikiz.

3. oinarria.–Onuradunak.

3.1. Laguntzen onuradun izateko, toki entitateek baldintza hauek betetzen dituen landazaina izan behar dute: Nafarroako ehizazain titulua izatea, irailaren 4ko 94/2012 Foru Aginduarekin bat, edo titulu hori eskuratzeko prozesuan egotea; eta desgaiturik ez egotea ehizarekin lotutako jarduerak betetzeko.

3.2. Toki entitate onuraduneko landazainak zaintza lana edo natur baliabideen kudeaketa lana egin dezake toki entitatearen eremuaren barruan.

4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak tramitera onartuak izateko, toki entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

4.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea. Eskabidean sartutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da hori.

4.2. Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, interesdunari jakinarazten zaio ezen eskaeran baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

4.3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko zorrik ez izatea.

4.4. Ehizan aritzeko zehapenik ez izatea eskabidea aurkeztean.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak dira landazainak 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitarte kontratatzeagatik sortzen diren gastuak.

6. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

6.1. Aipatu eperako soldata gordinaren %70.

6.2. Kontratua zerbitzuak ematekoa baldin bada eta urteko lanorduak finkatuak baditu, deialdian ezarritako epeari dagokion kontratuan agertzen den zenbatekoaren %70 (BEZa kanpo).

6.3. Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta behar den adinako kreditua aurrekontuetan, eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Eskaerak aurkeztea.

7.1.1. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, departamentu horretako erregistroan (González Tablas kalea, 9, Iruña). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan (hor bertan adierazitako eran) aurkez daitezke.

7.1.2. Eskaera harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen (jakinaraziko zaio).

7.2. Eskatzen den dokumentazioa:

7.2.1. Landazainak kontratatzeko laguntzaren eskabidea (II. eranskina).

7.2.2. Egin beharreko lanak xehe-xehe azalduko dituen kontratua.

7.2.3. Kasua bada, toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, frogatzen duena ehiza barrutiaren aprobetxamendutik ateratako diru-sarreren %25etik gorakoa dela animalien populazio edo habitatak hobetzeko, kalteak prebenitzeko edo barrutiaren zaintza kontratatzeko inbertsioa. Ziurtagiria aurkeztu ezean, ez da punturik emanen lehentasun irizpideen 2. atalean.

7.2.4. Kasua bada, toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, herri-lurrak ehiza habitata hobetzeko asmoz laga direla frogatzen duena. Ziurtagiria aurkeztu ezean, ez da punturik emanen lehentasun irizpideen 3. atalean.

7.2.5. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, diru-laguntza eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala bete eta sinatua.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

8.1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek.

8.2. Aplikatuko diren lehentasun irizpideak:

8.2.1. Eskaeren hurrenkera emandako puntuen arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Ehiza-barrutia kudeatzeko ardura duten toki entitateak

35 or.

2

Azken bost urteetan inbertsioa ehizaren ondoriozko diru-sarreren %25etik gorakoa dela frogatzen duten toki entitateak (inbertsioa konputagarria izan behar da, Ehizaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 8.d) artikuluari jarraikiz)

20 or.

3

Herri-lurrak ehiza habitata hobetzeko asmoz laga direla frogatzen duten toki entitateak

20 or.

4

Ehiza espezieek (bereziki untxiek eta/edo basurdeek) sortzen dituzten kalteei dagokienez bereziki kalteberak diren toki entitateak. Zerrenda zehaztua III. eranskinean dago

15 or.

5

Laguntzen deialdi honen aurretik natur baliabideak kudeatzen dituen landazain edo ehizazaina duten toki entitateak

10 or.

8.2.2. Puntuazio bera lortzen duten eskaeren kasuan, toki entitatearen azaleraren irizpidea aplikatuko da (azalera txikiena duenak lehentasuna izanen du).

8.2.3. Diru-laguntza hartu ahal izateko gutxienez ere 10 puntu lortu beharko dira.

8.2.4. Lehentasun ordenaren arabera esleituko da aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

9. oinarria–Ebaluazio organoa.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurune Naturalaren Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

10. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

10.1. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari igorriko.

10.2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

10.3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

10.4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

10.5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

11. oinarria.–Ebazpena.

11.1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

11.2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

11.3. Diru-laguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

11.4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

11.5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada.

12. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Ez da aldaketarik onartuko aurkeztutako eskaeretan.

13. oinarria.–Ordainketa eskaera: Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Onuradunek, 2018ko azaroaren 9ra arte, hori barne, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroan (González Tablas, 9; Iruña) aurkeztu beharko dituzte gastuen frogagiriak; bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan, Nafarroako Gobernuko Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari zuzenduta. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Landazaina lan kontratu bidez kontratatu bada, 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitarteko nomina guztien edo soldata gordinaren zenbatekoa kobratu izana justifikatzen duten beste agiri ofizial batzuen fotokopiaren bidez.

–Landazaina zerbitzuak emateko kontratu bidez kontratatu bada, 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitarteko faktura jatorrizkoen edo horien fotokopien bidez. Egindako gastua ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie ordainagiriei.

14. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak azterturik, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen memoria aurkeztuko da.

Ordainketa bakarrean pagatuko da.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

15.1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

15.2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari.

15.3. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

15.4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Deialdi honen diru-laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste diru-laguntzaren bat jasotzen baldin badu, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

17. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Diru-laguntzei buruzko 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute diru-laguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

II. ERANSKINA

Toki entitateentzako laguntza eskaera, landazainak kontratatzeko (PDFa).

III. ERANSKINA

Untxiek eta/edo basurdeek kalteak sortzeko arrisku handiena duten ehiza barrutien zerrenda

MATRIKULA

EHIZA-BARRUTIA

MATRIKULA

EHIZA-BARRUTIA

10012

Caparroso (Cruchaga)

10305

Fustiñana

10013

Tutera

10307

Gazteluberri

10017

Zirauki

10309

Abaurrepea

10042

Bardea

10313

Mues

10047

Arguedas

10330

Buñuel

10048

Ledea

10331

Cortes

10053

Aguilar Kodes

10334

Garaioa

10064

Viana

10343

Izurdiaga

10071

Cascante

10347

Anue

10095

Azkoien

10364

Sartaguda

10106

Irunberri

10369

Monteagudo

10129

Miranda Arga

10396

Andosilla

10131

Gares

10398

Zare

10139

Valtierra

10401

Biotzari

10145

Lodosa

10402

Larraga

10146

Murillo el Fruto

10403

Otsagabia

10147

San Martin Unx

10407

Carcar

10150

Oibar

10408

Acedo

10160

Aizpurgi

10409

Longida

10163

Sesma

10414

Castejón

10169

Zarrakaztelu

10428

Izu

10175

Arlegi

10429

Caparroso

10176

Urraulgoiti

10433

Zangoza

10182

Uxue

10436

Fontellas

10183

Ablitas

10438

Cadreita

10187

Murchante

10440

Faltzes

10191

San Adrián

10444

Lerga

10193

Erriberri (La Plana)

10448

Pitillas

10196

Mélida

10450

Galipentzu

10206

Ultzama

10451

Kaseda

10210

Fitero

10452

Artaxoa

10216

Beire

10453

Erriberri

10218

Txulapain

10467

Azagra

10231

Cintruénigo

10468

Alesbes

10233

Metauten

10478

Tafalla

10246

Imotz

10486

Uharte Arakil

10247

Aramendia

10493

Izaba

10248

Jaurrieta

10495

Erromantzatua

10256

Zufia

10496

Ameskoa

10263

Ribaforada

10501

Oloritz

10266

Leotz

10506

Nabaskoze

10269

Atetz

10517

Funes

10281

Cabanillas

10525

Lizoain

10283

Santakara

10538

Corella

10287

Cabredo

10548

Mañeru

10290

Hiriberri Arakil

10549

Ollaran

10292

Abaurregaina

10555

Urraulbeiti - Alduate

10297

Goñi

10556

Urraulbeiti - Artieda

Iragarkiaren kodea: F1805595