94. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

543/2018 EBAZPENA, 2018ko apirilaren 23koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia onesten duena, Enologia Laborategiaren Bulegoan aritzeko. Bekadunak Elikagaien Industrietako edo Kimikako lanbide arloetako goi mailako teknikari titulua izan beharko du, edo Anatomia Patologikoaren eta Zitodiagnostikoaren, Ingurumen Osasunaren edo Laborategi Kliniko eta Biomedikoaren arloko goi mailako teknikari titulua (osasun arloko lanbide arloaren barrenean).

Abeltzaintza Zerbitzuak proposatu du graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia onestea, Enologia Laborategiaren Bulegoan aritzeko. Bekadunak Elikagaien Industrietako edo Kimikako lanbide arloetako goi mailako teknikari titulua izan beharko du, edo Anatomia Patologikoaren eta Zitodiagnostikoaren, Ingurumen Osasunaren edo Laborategi Kliniko eta Biomedikoaren arloko goi mailako teknikari titulua (osasun arloko lanbide arloaren barrenean).

Bekadunen esku utziko diren azterketek eta lanek lanbide esperientzia baliotsua ekarriko diete, eta, aldi berean, oso baliagarriak izanen dira departamentu honentzat.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, diru-laguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta haren erakunde autonomoetarako.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren azaroaren 9ko 68/2017 Foru Aginduaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz; izan ere, foru agindu horren bidez departamentuko zuzendaritza nagusien esku utzi zen 2017ko gastuen aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidari (eta ondorengo ekitaldietako antzeko partidei) egotzitako gastuak eta ordainketak baimentzeko eskumena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia onestea, Enologia Laborategiaren Bulegoan aritzeko. Bekadunak Elikagaien Industrietako edo Kimikako lanbide arloetako goi mailako teknikari titulua izan beharko du, edo Anatomia Patologikoaren eta Zitodiagnostikoaren, Ingurumen Osasunaren edo Laborategi Kliniko eta Biomedikoaren arloko goi mailako teknikari titulua (osasun arloko lanbide arloaren barrenean). Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean agertzen dira.

2. 7.674,96 euroko gastua baimentzea. Haietatik, 5.756,22 euro 2018. urteko aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura, eta 1.918,74 euro 2019an horretarako gaitzen den partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastuen konpromisoetarako, betiere behar adinako kreditu egokia baldin badago.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Aferetarako Bulegora, Informazioa Kudeatzeko Atalera eta Langileria Bulegora.

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko apirilaren 23an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

ERANSKINA

Beka bat emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalari atxikitako Enologia Laborategiaren bulegoan (Erriberrin) aritzeko

Lehena.–Xedea.

Deialdi honek honako hau du xede: graduatu ondokoentzako beka bat sortzea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalari atxikitako Enologia Laborategiaren bulegoan (Erriberri, Nafarroa) aritzeko, landareen osasunari eta enologiari lotutako lanetan.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2018ko apirilaren 1etik 2019ko martxoaren 31ra bitarte. Atalak eskatuz gero, beka luzatzen ahal da, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Bekak 7.674,96 euroko zuzkidura izanen du urtean. Diru hori hilero ordainduko da, 600 euro aldiro, edo dagokion zati proportzionala, gehi 39,58 euro hilero, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan. Urteko kotizazioa enpleguari eta Gizarte Segurantzari buruzko indarreko aginduari jarraikiz eginen da; agindu horrek Gizarte Segurantzan kotizatzeko lege arauak garatzen ditu.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Espainiako agintariek eman edo homologatutako titulu hauetako bat izatea:

–Lanbide arlo hauetako goi mailako teknikaria:

  • Elikagaien Industriak.
  • Kimika.

Osasun arloko titulazio hauetako bat:

  • Anatomia Patologikoa eta Zitodiagnostikoa.
  • Ingurumen Osasuna.
  • Laborategi Klinikoa eta Biomedikoa.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurre-aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten ahal duen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 7koan, agertzen da zerrenda, baita https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/nafarroako-gobernuaren-erregistro-orokorraren-erregistro-bulegoen-ordutegia-eta-kokapena web orrian ere), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea jartzen du haien eskura, Tuterako Foruen plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina hartarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea.

b) Curriculum vitaea, honako hauek adierazten dituena: egindako ikasketak, garatutako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta, egokitzat joz gero, aipatu nahi dituen merezimendu guztiak.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Seigarren oinarriko 2.2. puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Jaiotze agiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, interesdunari jakinaraziko zaiona. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Epaimahaiburua: Sagrario Pérez Gómez. Albaitaria. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko burua.

Batzordekidea: Jose Ignacio Pascal Gallegos. Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan graduatua. Landare Biologiaren Bulegoko burua.

Batzordekidea: Manuel Barrón Perea. Laborategiaren Ataleko albaitaria.

Idazkaria: Pablo Fraile Jiménez de Maquirriain. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko kimikaria.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

2.1. Ikasketa espedientea:

Ikasketa espedientearen batez besteko nota hartuko da kontuan. Batez besteko nota 10 bada, 5 puntu emanen dira; gainerako notekin, horren araberako hainbanaketa eginen da.

2.2. Bekaren jardueraren esparruari lotutako arloko prestakuntza:

Ikastaroak: bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak baloratuko dira:

–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,05 puntu ikastaroko.

–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 0,1 puntu ikastaroko.

–200 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,2 puntu ikastaroko.

Tituluak:

–Beste titulu batzuk: 0,6 puntu titulu osoko. Tituluan bekarekin lotura duten edukiak eta loturarik ez dutenak baldin badaude, proportzionalki kalkulatzen ahalko dira, orduen eta kredituen arabera.

2.3. Lanak.

Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 0,6 puntu emanen dira, edo haren banaketa proportzionala.

2.4. Hizkuntzak.

Ingelesa baloratuko da interes zientifikoko hizkuntza bezala: Hizkuntza Eskola Ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren arabera onarpena duten erakundeetakoak.

–A1 maila: Oinarrizkoa, 0,1 puntu.

–A2 maila: Oinarrizkoa, 0,1 puntu.

–B1 maila: Oinarrizkoa, 0,3 puntu.

–B2 goi maila: 0,5 puntu.

–C1 goi maila: 0,75 puntu.

–C2 goi maila: 1 puntu.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean (González Tablas kalea, 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar den bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, ulertzen ahal da eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Beka onuradunei esleitu zaiela eta, kasua bada, gainerako eskaerak ukatu direla administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala jakinaraziko zaio interesdunari, eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas kalea, 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardueran; edo, betiere, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, ezertan ukitu gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko du. Aipatutako foru dekretu horren bidez araubide orokorra ezarri zen prestakuntza bekak emateko, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta haren erakunde autonomoetarako.

2. Jarduerak hasten diren unean onuradunek ezin izanen dute bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribaturik jaso.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea. Mª Felicidad Berrueta Diestro izanen da esleitutako tutorea. Kimikaria eta Enologia Laborategiaren Bulegoko burua da bera. Tel.: 948 741752. Faxa: 948-741710. E-maila: recepcion-lab@navarra.es.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio bekadunari.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunek prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko dituzte.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen erantzulea Administrazio Publikoa izanen da, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izaten ahal duen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F1805639