Iragarkia
94. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 17a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CASCANTE
Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Udalak, 2017ko urriaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Cascanteko udalerrian merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantza (iragarkia 2017ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 16an).
Toki Administrazioari buruzko 2/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea ireki zen. Epea bukatu ondoren, Cascanteko Udalak, 2018ko apirilaren 3an egin osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi zituen eta behin betiko onetsi zuen aipatu ordenantza. Jarraian, testu osoa ematen da argitara.
CASCANTEKO UDALERRIAN MERKATARITZA EZ EGONKORRA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Cascanteko udalerrian merkataritza ez egonkorra arautzea du xede ordenantza honek, Merkataritza Ez Egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legeak Nafarroako toki entitateei aitortzen dizkien eskumenak erabiliz; batez ere, foru lege horren 5. artikuluak entitate horiei aitortzen dien erregelamendu ahalmena.
2. artikulua. Merkataritza ez egonkorraren definizioa.
Ordenantza honi dagokionez, merkataritza ez egonkorra da merkatariek ohiko saltoki egonkorretatik kanpo, instalazio desmuntagarrietan, aire zabalean, edo denda-ibilgailuetan egiten dutena, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean eta udal ordenantza honetan ezarri baldintzei jarraikiz.
3. artikulua. Osasun arloko betebeharrak eta kontrola.
Halako produktu baten araudiak haren salmenta debekatzen badu, ez da inolaz ere hura saltzeko baimenik emanen.
Halaber, debekaturik dago honako hauek saltzea: haragia, hegaztiak eta ehizaki freskoa, hotzetan nahiz izozturik, zezina, hestebeteak, urdaiazpikoa, arrautzak, arraina eta itsaski freskoak, hotzetan nahiz izozturik; esne ziurtatua, pasteurizatua eta esneki freskoak; pastelak eta opilak, beteak zein apainduak; elikadurako pasta freskoak, beteak eta erdikontserbak; eta haien ezaugarri bereziengatik eta agintari eskudunen ustez osasun arriskua duten produktu guztiak.
Dena dela, baimena eman ahalko da aurreko lerroaldean aipatu produktuak saltzeko, baldin eta osasun agintari eskudunen ustez behar diren instalazioak badaude garraiatu eta hotzean edukitzeko.
Horretarako, frogatu egin beharko dira nahitaezkoak diren osasun baimenak edo beste mota batekoak. Osasun arloko agintari eskudunek eskatzailearen garraio eta hozkailu instalazioak egokiak ote diren begiratuko dute, produktuek behar bezalako baldintza higieniko-sanitarioak izan ditzaten. Osasun arloko agintarien ustez egiaztapen horretarako behar diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte merkatariek.
Salgaiak garraiatzeko ibilgailuek eta merkataritza ez egonkorra egiteko instalazioek indarra duen berariazko araudiak eskatutako segurtasun eta higiene baldintzak bete beharko dituzte.
Salgai jartzen diren produktuak lurretik gutxienez ere 80 zentimetroko garaieran paratu beharko dira, haien tamainak eta pisuak horretarako bide ematen badute.
Orobat, elikagaiak ezin izanen dira inola ere zuzenean lur gainean paratu.
Cascanteko Udalari dagokio udalerriko merkataritza ez egonkorraren arloan ikuskapena egin eta zehapenak ezartzea, beste administrazio batzuei esleitutako eskumenak galarazi gabe.
Higiene eta osasun arloko arau-hausteak atzematen direnean, Cascanteko Udalak horien berri eman beharko die berehala kasuan kasuko osasun arloko agintariei.
Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek haientzat ezarritako osasun arauak beteko dituzte, eta zenbait produktu nahitaez ontzitan sartuta eta etiketatuta egonen dira, araudiak hala eskatzen duenean.
Ikuskapen zerbitzuek salmentatik kendu, baita bahitu ere, eginen dituzte higiene eta osasun arloko araudia betetzen ez duten produktuak, haiek saltzeko, biltegian gordetzeko edo ibilgailuan garraiatzeko baldintzei begiratuta. Neurri bera hartzen ahal da eskaintza edo produktuen gainean, haiek erabat identifikatu ezin badira edo hondatuta daudelako aztarnak badituzte.
4. artikulua. Merkatarien betebeharrak.
Merkatari ez egonkorrek baldintza hauek bete beharko dituzte beti:
a) Alta emana izatea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan edo Lizentzia Fiskalean, dagozkien epigrafeetan.
b) Kasuan kasuko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak beteak izatea.
c) Alta emana izatea Gizarte Segurantzan dagokion araubidean eta ordaindu beharreko kuotak ordainduak dituela frogatzea.
d) Cascanteko Udalaren baimena izatea, saltokian ikusteko moduan agerian egonen dena.
e) Erregelamendu tekniko-sanitarioek eta gainerako xedapen aplikagarriek merkaturatzen diren produktuen gainean eskatzen dituzten baldintzak betetzea.
f) Atzerritarren kasuan, bizileku-baimena eta lanean beren kontura aritzeko baimena izatea, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.
g) Argi ikusteko moduko kartelen bidez kontsumitzaileari adieraztea zein diren salgaien fabrikazio edo produkzioko ezkutuko akatsak.
h) Behar adinako dokumentazioa izatea, salgai jarritako produktuen jatorrizko marka eta jatorria egiaztatzen dituena.
i) Elikagaiak salduz gero, janari erabiltzaileen karneta izatea, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu teknikoek emana.
j) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, gutxienez ere 300.000 euroko estaldurakoa, baimendutako instalazioetan gerta daitezkeen ustekabeko arrazoi edo ezbeharrak direla eta, hirugarrenek izan dezaketen kaltea estaliko duena.
5. artikulua. Merkataritza ez egonkorreko moduak, ordenantza honetan arautuak.
Merkataritza ez egonkorra modu hauetakoa izaten ahal da:
a) Merkatu txikietan, periodikotasuna eta tokiak aldez aurretik erabakita.
b) Noizbehinkako merkataritza, jai eta ferietan.
c) Herriz herriko merkataritza denda-ibilgailuetan.
6. artikulua. Araudi sektoriala errespetatzea.
Merkatari baimenduek, beren agintaritza gauzatzean, merkataritza ez egonkorrean aplikatu beharreko araudi sektoriala errespetatu beharko dute, baita jarduera arlo bakoitzari dagokiona, osasun araudia, produktu merkaturatuen ontziratzeari eta informazioari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerakoa ere.
Horretaz gain, ezin izanen da etengabeko hotsik sortu bezeroen arreta eskuratzeko, ez merkatuan, ezta herriko gainerako kaleetan ere. Edonola ere, zaratei buruz indarra duen araudiak ezarritako hots mugak errespetatu beharko dira.
II. TITULUA
Salmenta ibiltaria merkatu txikietan
I. KAPITULUA
Jardueran aritzeko baldintza orokorrak
7. artikulua. Baimena.
Cascanteko udalerrian salmenta ibiltarian aritzeko, Udalaren lizentzia beharko da.
8. artikulua. Egunak.
Printzipioz, merkatu txikietako salmenta ibiltaria astero eginen da, ostegunetan.
9. artikulua. Ordutegia.
Salmenta orduak 08:00etatik 14:00ak arte izanen dira. Saltokien adjudikaziodunak ordubete lehenago joan daitezke merkatuaren esparrura, gaiak prestatzeko. Gaiak deskargatu ondoren, ibilgailuak eramanen dira merkatuaren eremutik. 15:00etarako eremu horretatik kenduta egon beharko dute saltoki, ibilgailu eta erakustegiek, eta eremu hori garbi-garbi utziko da, hots, paperik, kaxarik edo salgai hondarrik gabe.
Gaiak jendeari saltzeko orduetan erabat debekatuta egonen da merkatuaren eremuan ibilgailuak ibiltzea.
10. artikulua. Kokagunea.
César kalean kokatuko da merkatu txikia, hasiera batean eta orokorrean.
Saltokien gehieneko kopurua udal agintariek egokitzat jotzen dutena izanen da, eskatzen diren saltokien eta horien neurrien arabera.
11. artikulua. Orduak eta tokia aldatzea.
Alkateak du ahalmena aurreko artikuluetan aipatu ordu eta tokiak aldatzeko kasu jakin batzuetan, baldin eta jaiegunetako inguruabar objektiboek, hirigintzako beharrek, osasun arlokoek edo obren ondoriozkoek, ibilgailuen zirkulazioaren antolamenduak eta abarrek hartara behartzen badute.
Udalak, aldaketa behin betikoa eta denbora mugarik gabea denean, ordenantzak aldatzeko prozedura erabili beharko du.
II. KAPITULUA
Merkatu txikian saltzeko baimenak
12. artikulua. Eskumena.
Alkatearena da banakako baimenak emateko eskumena, herriko merkatu txikian salmenta lanetan jardun ahal izateko.
13. artikulua. Baimenetarako baldintza orokorrak.
Oro har, baimenak edo lizentziak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira.
Hala ere, titularra hiltzen denean edo lanerako baliaezintasun iraunkorra edo erretiroa hartzen duenean baino ezin izanen da baimendu behin bakarrik baimena ezkontide, bikotekide egonkor edo bigarren mailara arteko ahaide (odolkidetasunekoa zein ezkontza bidezkoa izan) baten alde lagatzea. Dena den, titularraren egoera hori behar bezala egiaztatu beharko da eta lagapena egoera hori sortzen duen gertaera gertatzen denetik hilabeteko epean eskatu beharko diote Udalari. Lagapen-hartzaileak ordenantza honetan saltokien titularrentzat ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
Lizentziaren titularrak ez badu salmenta jarduera gauzatzen lanerako baliaezintasun iragankorrean edo oporretan dagoelako, Cascanteko Udalak saltokia beste merkatari bati lagatzeko baimena ematen ahalko du, gehienez ere 6 hilabeterako, lizentziaren titularrak eskaera egin ondotik. Saltokia aldi baterako lagatzeak ez dio titularrari tasaren ordainketaz salbuesten; lagapen-hartzaileak, gainera, saltokia erabiltzen duen aldiari dagokion tasa ordaindu beharko du.
Cascanteko udal-mugartean egun batez, sei hilabetez, baita urtebetez ere, merkataritzan aritzea izaten ahalko dute xede.
Baimenean honako hauek adieraziko dira: titularra, indarraldia, saltokiaren neurriak, baldintzak nahiz kokalekua eta salmentarako baimena duten produktuak.
Udalak identifikaziorako txartel bat emanen dio bere udalerrian merkataritza ez egonkorrerako baimena jasotzen duenari; txartelak baimenaren funtsezko datuak agertuko ditu eta bezeroen eskura eta haiek ikusteko moduan jarriko da. Aipatu agirian kontsumitzaileen erreklamazioak jasotzeko helbidea jarri behar da. Era berean, helbide hori bera azalduko da fakturan edo salmentaren frogagirian.
Ordenantza honen 3. artikuluan aipatzen den produkturen bat edo batzuk saltzeko baimena eskatuz gero, osasun agintari eskudunek egiaztatuko dute eskatzaileak produktuak garraiatu eta hotzean edukitzeko dituen instalazioak egokiak ote diren, produktuak baldintza higieniko-sanitario egokietan egon daitezen.
Osasun arloko agintarien ustez egiaztapen horretarako behar diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte merkatariek.
Halaber, elikagaiak saltzen dituztenek janari erabiltzaileen agiria eduki beharko dute, eta osasun ikuskapenari lotutako produktuak saltzen dituztenek, berriz, osasun gida edo produktuak egoera onean daudela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute saltokiak adjudikatzen direnean.
Ibilgailu egokietan baimendutako salmentetan salbu, saltokiak desmuntagarriak izanen dira eta baimendutako azalera hartuko dute soilik.
Kamioi-dendetan nahiz saltokietan aritzeko baimena dagoenean, salmahaien gehieneko azalera hamabost (15) metro koadrokoa izanen da.
14. artikulua. Baimenak eskatzea.
1.–Urtero, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, merkatari interesdunek banakako baimenak eska ditzaten merkatu txikian salmentan aritzeko.
Edozein unetan eskatzen ahal dira baimenak, baldin eta emanda daudenak baimen daitezkeenak baino gutxiago badira.
Eskaeren kopurua Udalak ezarritako saltoki kopurua baino handiagoa bada, konkurrentzia publikoko prozedurara joko da zozketa bidez adjudikatzeko.
Zozketa horretan, salgaiak askotarikoak izatea bermatuko da.
2.–Eskatzaileek agiri hauek erantsiko dizkiote eskabideari:
a) NANaren fotokopia.
b) Udalaren ziurtagiria, eskatzailea Ekonomia Jardueren Zergan edo Lizentzia Fiskalean, behar diren epigrafeetan, alta emanda dagoela eta zerga betebeharrak beterik dituela frogatzeko.
c) Gizarte Segurantzan dagokion araubidean alta emanda dagoela erakusten duen ziurtagiria.
d) Atzerritarra baldin bada, hemen bizitzeko eta lan egiteko baimenaren fotokopia.
e) Janari erabiltzaileen karnetaren fotokopia, elikagaiak saltzen dituztenen kasuan.
3.–Merkatariek merkatu txikian zein produktu saltzeko baimena eskatzen duten adieraziko dute eskabidean, baita saltokiaren baldintzak edo ezaugarriak ere.
4.–Saltoki partekatuak: saltokiak partekatzen ahalko dira, bi merkatarik edo gehiagok hori eskatuz gero. Halakoetan, eskaeran adieraziko da saltokia aldizka erabiliko dutela, bakoitzari dagokion tasa ezartze aldera. Kasu guztietan, eskatzaileek ordenantza honetan merkataritza ez egonkorra gauzatzeari buruz ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta lizentzia edo baimena tramitatzeko eskatzen diren agiriak aurkeztu ere.
15. artikulua. Merkatarien kokapena.
Baimendutako merkatariak merkatu txikiko zein toki zehatzetan kokatuko diren jakiteko, zenbait irizpideri jarraituko zaio: baimenaren antzinatasuna, eremu beharra, eremua hutsik egotea, merkaturatzen diren produktuak, bai eta produktu bera eskaintzen duten merkatariak elkarren ondoan ez egotea ere.
III. KAPITULUA
Baimena eskuratzen duten merkatarien betebeharrak
16. artikulua.
1.–Betebeharrak.
Banakako baimenen titularrak, 4. artikuluko baldintzak betetzeaz gain, behartuta daude hauek ere betetzera:
a) Salgai dauden produktuak lurretik laurogei zentimetrotara gutxienez jartzea, haien tamainak eta pisuak horretarako bide ematen badute.
b) Adjudikatutako saltokian ohikotasunez egotea. Merkatu txikira 3 egunez tartekatuta, edo 2 egunez jarraian, agertzen ez denari, alkateak lizentzia kentzen ahalko dio.
c) Salmenta orduetan saltokian egotea.
d) Bai baimendutako merkatariak bai beren laguntzaileak txukun agertzea saltokian eta saltokiak ahalik eta garbien edukitzea, batez ere pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, ia pisurik ez duen papera erabili beharko dute, salgaiek pisuak eta balantzak uki ez ditzaten.
e) Adjudikatutako saltokia garbi izatea, eta saltzeko orduak bukatutakoan garbitzea.
Saltzeko orduak bukatuta, bildukiak eta erabili eta botatzeko ontziak (plastikozko poltsak, pertxak, zapata-kaxak, etab.) horretarako jarritako zaborrontzietan sartu behar dira.
2.–Debekuak.
Debeku da:
a) Salgaiak saltoki bakoitzaren perimetro edo esparrutik kanpo hedatzea, jendea ibiltzeko kaleetan pasabidea oztopatzea, horiek beti libre egon behar baitute bertatik pasatzeko.
b) Salgaiak edo ontziak aldameneko saltokiak ezkutatzeko moduan jartzea.
c) Jendearentzako eremuetan edozein eratako hondakinak botatzea.
d) Auziak edo liskarrak bultzatzea, edozein dela ere horiek sorrarazten dituen arrazoia.
e) Salgaiak megafonia bidez edo edozein eratako musika aparatuen bidez iragartzea, musika-erreprodukzioko salmentan aritzen diren saltokietan izan ezik, zeinek jatorrizko musika soilik paratzen ahalko baitute, indarra duen araudiak ezarritako mailak gainditu gabe.
f) Saltokia hirugarrenei lagatzea, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe.
g) Adjudikatutako saltokia ez, beste bat okupatzea.
h) Behar den ordenaren eta txukuntasunaren kontrakoa den oro.
III. TITULUA
Noizbehinkako merkataritza feria eta jaietan
17. artikulua. Baimena.
Feria eta jaietan, Cascanteko udalerrian noizbehinkako merkataritzan aritzeko, Udalaren aldez aurreko baimena eskuratu beharko da.
18. artikulua. Eskumena.
Alkatearen eskumena da salmentarako baimena ematea herriko feria eta festetan. Alkateak garaiz onetsiko ditu salmentarako baldintzak. Zehatz-mehatz, honako hauek ezarriko ditu: merkatarien kokalekua, salmentarako orduak, saltokien gehieneko kopurua eta horiek zer baldintza bete behar duten.
19. artikulua. Betebeharrak.
Herriko jai eta ferietan salmentan aritzen diren merkatariek ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
20. artikulua. Baimena eskatzea.
Baimen eskabideak Udaletxean aurkeztuko dira, Udalak berak ezarritako epearen barrenean. Bestela, feria edo jaia hasi baino hamabost egun lehenago.
Eskatzaileek 14. artikuluan adierazitako dokumentazioa beharko dute aurkeztu eskaerarekin batean.
Feriak edo festak irauten duen bitartean baizik ez dute balioko baimenek.
Alkateak ematekoak diren lizentzien kopurua mugatzen badu, zozketaz adjudikatuko dira eskaera kopurua lizentziena baino handiagoa denean.
IV. TITULUA
Merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan
21. artikulua. Eskumena.
Alkateak ematen ahalko du baimena denda-ibilgailuan merkataritzan aritzeko, merkatariak, 14. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztuz, eskaera egin ondoren.
Saltzen diren produktuak 3. artikuluan aipatu direnetakoak badira, baimena izan dezaketenak alegia, baimen hori eman baino lehen merkatariak osasun agintari eskudunei frogatu beharko die produktuak garraiatu eta hotzean edukitzeko instalazio egokiak dituela.
Saltzeko orduak eta ibilgailua non kokatuko den zehaztuko ditu baimenak.
22. artikulua. Betebeharrak.
Denda-ibilgailuko merkatariek uneoro bete beharko dituzte 4. artikuluan ezarritako baldintzak.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
23. artikulua. Arau-hauste arinak.
Hauek dira arau-hauste arinak:
a) Cascanteko alkatearen baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea.
b) 13/1989 Foru Legearen aginduak edo ordenantza honetakoak ez betetzea, arau-hausteen beste bi kategorietakoak izan ezik.
24. artikulua. Arau-hauste larriak.
Hauek dira arau-hauste larriak:
a) Arau-hauste arina berriro egitea. Hiru arau-hauste arinek arau-hauste larri bat egiten dute.
b) Merkataritzako gaiak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.
c) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibideak ez ematea edo men ez egitea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.
25. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Arau-hauste larriak berriro egitea.
b) Toki entitatearen baimenik gabe aritzea.
c) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, hertsatzea edo mehatxatzea.
26. artikulua. Zehapenak.
–Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 150 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
–Arau-hauste larriak 151 eurotik 600 eurora arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
–Arau-hauste oso larriak 601 eurotik 3.000 eurora arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, zein den kasua, saltzeko baimena aldi baterako kenduko da, edo errebokatuko da.
Salgaiak atzematen ahalko dira zuhurtziaz, badaezpadako neurriak hartuko dira, haiek ikuskatu ondoren, merkaturatzeko behar diren baldintzak betetzen ez dituztela uste denean; konfiskatu eginen dira, agintari eskudunaren ustez osasunarentzat arriskua sortzen badute, edo merkatariak produktua saltzeko baimenik ez badu.
27. artikulua. Prozedura.
Prozedura aldetik, indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio zehapen espedienteak.
VI. TITULUA
Alderdi fiskalak
28. artikulua. Tasa.
Ordenantza honetan aipatu udal lizentzietatik edozein eskuratzea eta eremu publikoaren okupazioa zerga-egitateak dira, eta udal tasa ordaindu beharko da, dagokien ordenantza fiskala arauemailean ezarritako moduan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza hau izateak ez dio ekarriko Udalari bertan arautzen diren salmenta motak nahitaez baimendu beharra.
Bigarrena.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.
Ordenantzaren behin betiko onespenaren kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:
a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien gainean eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Aditzera ematen da, orok jakin dezan.
Cascanten, 2018ko apirilaren 4an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.
Iragarkiaren kodea: L1804584
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
