94. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

188E/2018 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko Hiri-jarduketarako Plan Berezia hasiera batean onesten duena. Aldaketak O7 Ordenantza (“Etxarteko Etxebizitzak”) eta 7.1 eta 7.2 unitate morfologikoak ukitzen ditu. Sustatzailea Urbasa 1-127ko jabeen elkartea da.

Nafarroako Gobernuak 2017ko urriaren 25ean emandako Erabakiaren bidez iraungi zen “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala, baina iraungitzea eraginkorra izateko, hirigintza tresna horretan jasotako determinazioak hirigintzako udal planeamenduan sartu behar ziren. Erabaki hori 2017ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 7an.

Beraz, determinazio horiek hirigintzako udal planeamenduan sartzen ez diren bitartean, esparru horretarako araua da “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Nafarroako Gobernuak 2000ko urriaren 16an hartutako Erabakiaren bidez onetsia.

Tramiterako proposatu den Hiri-jarduketarako Plan Bereziak “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren antolamendu xehatuaren gaineko determinazio batzuk aldatzen ditu, hain zuzen ere, “Etxarteko Etxebizitzak” 07 Ordenantza eta 7.1 eta 7.2 unitate morfologikoak ukitzen dituenak.

Espedientearen xedea da aldatzea 7.1 eta 7.2 unitate morfologikoetarako ezarritako eraikuntzako gehieneko lerrokadurak, gehieneko okupazio beheko solairuan eta eraikuntzaren gehieneko sakonera, honako hau egin ahal izateko: “beirazko gortinak instalatzea haize-babes gisa etxebizitzetako ate nagusiaren aurreko aldean, egungo fatxadaren kanpoaldean”. Horrela hobeki babestuko dira eguraldi txarraren ondorioetatik.

Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuari dagokio Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko plan bereziak tramitatzea eta onestea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedientea azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat, eta irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz (foru dekretu haren bidez ezarri zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa),

EBATZI DUT:

1. “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko Hiri-jarduketarako Plan Berezia hasiera batean onestea. Aldaketak O7 Ordenantza (“Etxarteko Etxebizitzak”) eta 7.1 eta 7.2 unitate morfologikoak ukitzen ditu. Sustatzailea Urbasa 1-127ko jabeen elkartea da.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzutea ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hilabete iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orriko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Eguesibarko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko martxoaren 22an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1804151