1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
63E/2018 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona “Zubiri-Luzaide” izeneko 20 kV-eko aireko linearako proiektuari, Granada zentral hidroelektrikorako sarbidea eraberritzeagatik, Luzaideko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribucion Electrica SAU da.
2017ko azaroaren 24an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuan aurreikusten da independizatzea Granada zentral hidroelektrikoa Zubiri-Luzaide izeneko 20kV-eko aireko lineatik. Horretarako aireko linearen bariantea (18 metro luze) eginen da zentralaren kanpoko aldetik. Bariante berritik proiektatutako 42.01 euskarritik deribazio bat abiatuko da, Granada zentral hidroelektrikoari lotuko zaiona. Halaber, 42.01 euskarri beretik beste deribazio baten abiapuntua izanen da, Gaindiola CTrantz. Linean erabilera elementuak jarriko dira: alde batetik, OCR bat proiektatutako 42.01 euskarrian, Granada zentral hidroelektrikorako deribaziorako, eta bestetik, ebakigailu bat dagoen Gaindiola CTerako deribazioaren 42.02 euskarrian. Proiektu berria gauzatutakoan, zerbitzutik kanpo gelditzen diren linea guztiak desmuntatu egin beharko dira.
Espedientean jasota daude Luzaideko Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostenak. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Zubiri-Luzaide” izeneko 20 kV-eko aireko linearako proiektuari, Granada zentral hidroelektrikoaren sarrera eraberritzeagatik, Luzaideko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribucion Electrica SAU da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen arlokoak:
- Aurkeztutako proiektuarekin bat, U70YB20-AL+PECA-1000-A motako lotzeko kateak erabiliko dira, metro bateko isolamendu tartea bermatzen dituztenak pausalekutik tentsioan dagoen eroalera.
- Aldatutako euskarrietako zubi lasai guztiak, bai linea nagusikoak bai deribaziokoak, isolatu beharko dira elektrokutatzeko arriskua murrizteko.
- Oihanak Kudeatzeko Atalaren baimena beharko da zuhaitzak mozteko.
- Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu egin beharko dira.
- Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da.
–Hirigintza arlokoak:
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
- Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gaineko jarduerak edo horren gainean ezarri gogo direnak sare elektrikora lotzea.
- Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
- Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste larritzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Ildo horretan, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Luzaideko Udalari, Basozaintzari eta interesdunari.
Iruñean, 2018ko martxoaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1804110