94. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

168/2018 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolaren inskripzioa aldatzen duena bere titulartasuna, helbidea eta berariazko izena aldatu direlako. Aurrerantzean, “Orkoiengo Udal Musika Eskola” izanen da eta helbidea Orkoienen eta Ororbian izanen du (Oltza Zendea).

Musika eskolak “Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskola” du izena eta Oltza Zendea eta Orkoiengo udalerriek partekatzen dute horretarako sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez. Oltza Zendeako Musika Eskolako Patronatuak kudeatzen du. Hori Oltza Zendeako Udalaren mende dago eta Orkoiengo Udaleko ordezkariak dauzka bere zuzendaritza batzordean. Bi udalerrietan kokatutako lokaletan dihardu.

Carlos Arroniz Loyola jaunak, Orkoiengo alkate-udalburuak, eskaera egin du eskolaren izena aldatzeko, haren titulartasuna, helbideak eta berariazko izena aldatu baitira, eta bi udalen artean jarduteko lankidetza hitzarmen berria aurkeztu du. Aipatu hitzarmenaren bidez, eskolaren kudeaketa arautzeaz gain, Orkoiengo Udalaren esku uzten da haren titulartasuna, helbide berriak aurreikusten dira eta berariazko izena esleitzen zaio.

Horrenbestez, ikusirik Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak eman duen aldeko txostena.

Kontuan harturik Musika eta Dantza Eskolen sorrera eta funtzionamendurako oinarrizko arauak ezarri zituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluan xedatutakoa (foru dekretu hori 79/2010 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak barne merkatuko zerbitzuei buruz 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko).

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,

EBATZI DUT:

1. Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolak (ikastetxearen kodea: 31009030) Nafarroako Gobernuaren Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan duen inskripzioa aldatzea, haren entitate titularra aldatu delako; aurrerantzean ez da Oltza Zendeako Udalaren mende dagoen Oltza Zendeako Musika Eskolako Patronatua izanen, baizik eta Orkoiengo Udala, zeina Hezkuntza Departamentuarekin zituen eskubide eta betebehar guztietan subrogatuko den. Horrek guztiak 2018ko otsailaren 20tik aurrera izanen ditu ondorioak, egun hartan sartu baitzen ikastetxeko titularraren eskaera.

2. Inskripzioa aldatzea, halaber, eskolaren helbideak aldatu direlako. Aurrerantzean, Orkoiengo Zerradopea kaleko 1ean eta Ororbiako (Oltza Zendea) Eguzki Kaleko 4an egonen dira. Berariazko izena ere aldatu da: hemendik aurrera “Orkoiengo Udal Musika Eskola” izanen da.

3. Adieraztea Hezkuntza Departamentuko Musika eta Dantza Eskolen erregistro berariazkoan inskribatuko direla ikastetxearen datu hauek:

Izen orokorra: Musika Eskola.

Berariazko izena: Orkoiengo Udal Musika Eskola.

Helbide ofiziala: Iturgain plaza, z.g.

Herria: Orkoien.

Udalerria: Orkoien.

Titularra: Orkoiengo Udala.

Eskolak non emanen diren: musika eskolak ikasgela bakanduetan funtzionatuko du, nahiz eta entitate bakarra izan, 421/1992 Foru Dekretuaren 19.1 artikuluak onartzen duen bezala, eta horrenbestez, honako hauek dira eskolak emateko baimendutako helbideak: Orkoiengo Zerradopea kalea, 1 (Ángel Gutiérrez gizarte-etxean), eta Ororbiako Eguzki Kalea, 4 (Oltza Zendea).

Irakaskuntzak: Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 48.3 artikuluan ezarritakoak, honako ikasgai hauekin:

a) Oinarrizko eskaintzan ezarririk daudenak, abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 9. artikuluko 1. ataleko a), b) eta c) letretan ezarritako antolamenduari jarraikiz, instrumentu-praktikaren arloko honako espezialitate hauetan: akordeoia, bateria, kantua, zeharkako flauta, gitarra, pianoa, saxofoia, trikitia, tronpeta, txistua eta biolina.

b) Musika hastapenak lau eta bost urteko ikasleentzat.

Ikasketa teorikoak eta taldekoak emateko ikasgelaren gehieneko edukiera: 30 ikasle.

4. Gogoraraztea eskolaren osaera aldatuz gero, eta aldaketak 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluan araututakoa ukitzen badu, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaiola.

5. Ohartaraztea eskolaren inskripzioa baliorik gabe uzten ahalko dela foru dekretu horren 31. artikuluan aipatutako kasuetan.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Orkoiengo eta Oltza Zendeako udalei, eta adieraztea administrazio ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko duela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari ebazpenaren berri eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean; horrek ez du galaraziko aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

7. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari; Arte Ikasketen Atalari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari eta Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari, eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko martxoaren 26an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

Iragarkiaren kodea: F1804771