1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
207/2018 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, Andosillako, Azagrako, Cadreitako, Caparrosoko, Faltzesko, Martzillako, Milagroko, Erriberriko, Azkoiengo, San Adriango eta Alesbesko udalerrietako muga jurisdikzionaletako marrak berreskuratzeko eta hobekuntza geometrikoa egiteko lanei hasiera ematea xedatzen duena.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen testuaren arabera, udal-mugartea udaleko gobernu eta administrazio organoek beren eskumenak erabiltzeko duten lurralde esparrua da. Udal-mugartearen mugaketa zehatza, “muga jurisdikzionaletako marrak” izenekoen bidezkoa, funtsezko elementua da toki administrazioaren funtzionamendu egokirako eta beste ahalmen publiko batzuen erabilerarako. Are gehiago, mugako marra horien kartografia oinarrizko informazioa da herritarrentzat eta eragile ekonomiko eta sozial askorentzat; informazio hori kalitatezkoa eta eskuragarria izatea eskatzen dute, gero eta gehiago, informazio eta komunikazioaren teknologiaren erabileraren arloan orokorrean gertatzen ari den modu berean.
Nafarroako udalerrien mugaketa ofiziala datu historikoen multzo bat da (mugaketa aktak eta, gehienetan, beste dokumentu tekniko batzuk, hala nola koaderno topografikoak eta planimetria eta altimetria mapak), Institutu Geografiko Nazionalaren menpeko Kartografiako Erregistro Zentralean dagoena. Amaieran, 1:25.000 eskalan modu kartografikoan Mapa Topografiko Nazionalera aldatutako informazioa da. Datu-multzo horrek du egun balio ofiziala, ez baitago modu egokian egin eta berretsitako beste daturik.
Informazio horrekin batera, Nafarroako Foru Komunitatean beste datu iturri bat dago, udal eskumen eta jatorrikoa, Nafarroako katastroena alegia, eta horrek udal mugetako marren kartografia eskaintzen du eskala zehatzagoan (1:5.000), baina helburu fiskalarekin. 2001az geroztik, Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemak (SITNA) ematen du informazio hori, Foru Komunitateko gainerako datu geografikoekin integratuta, eta asko erabiltzen da administrazioetan, herritarren artean eta Nafarroan aritzen diren enpresetan.
Bi datu-multzoen arteko desberdintasunak nabarmenak dira, batean edo bestean nahiz bietan zehaztagabetasuna egoteagatik, baita eskala eta lan metodologia desberdinengatik ere. Egoera honen beste arrazoi bat da kontraesanak daudela udal bakoitzak, bere aldetik hartuta, jarduteko moduan; izan ere, errealitate bati, hau da, udal bakoitzaren lurralde mugaketari dagokionez, bi deskribapen desberdin onartu zituztelako (mugaketa historikoa eta katastrokoa).
Egoera hori dela eta, SITNAren koordinazio organoek behin eta berriz adierazi dute beren lan planetan “ez dagoela Nafarroako udalerrien lurralde mugaketaren kartografia finkaturik”, eta horrek segurtasun juridiko falta nabarmena sortzen duela eta, betiere, kalitate falta dakarrela administrazioek gizarteari eskaintzen dioten oinarrizko informazioan, estrategikotzat jo dezakegun horretan.
Aldez aurretik kontuan hartu behar da, nolanahi ere, Institutu Geografiko Nazionalaren doktrinak onartzen duela historikoki definitutako udal mugetako marrek (Nafarroan erabiltzen diren guztiak, kasu) izaera ofiziala eta zalantzagabea dutela, baina hori bateragarria dela definizio hori teknikoki hobetzeko aukerarekin, “berreskuratzea eta hobekuntza geometrikoa” egiteko prozedura baten bidez; prozedura hori ukitutako udalerrietako udalek nahiz Foru Komunitateko Administrazioak egin dezakete (Nafarroako bi udalerriren arteko mugetako marren kasuan).
Aipatutako inguruabar guztiak aintzat hartuta, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak erabaki du lan programa bati heltzea, pixkanaka helburu hau beteko duena: Estatuko Administrazio Orokorrean, Foru Komunitatekoan eta udaletan araua eta lan-tresna den dokumentazio administratibo eta tekniko ofiziala guztiz bat etortzea. Lan programa hori SITNA barruan eratutako lantalde tekniko batek gainbegiratuko du, Nafarroako Gobernuko zenbait unitatek (Herri-lurren Atala, Kartografia Atala, Lur-ondasunen Zerbitzua) eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari batzuek osatutakoak.
Lan programa horren baitan eman da ebazpen hau, Nafarroako Lurralde Estrategiaren 2.1 azpiarea inguratzen duten zenbait lerroen muga jurisdikzionaletako marrak berreskuratzeko eta hobekuntza geometrikoa egiteko lanei hasiera ematea xedatzen duena.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Toki Antolamendurako Zerbitzuak hasiera ematea muga jurisdikzionaletako marra hauek berreskuratzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko lanei:
a) Andosillako eta Faltzesko udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra (31015-31104-00).
b) Andosillako eta Azkoiengo udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra (31015-31202-00).
c) Azagrako eta Azkoiengo udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra (31042-31202-00).
d) Cadreitako eta Alesbesko udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra (31064-31254-00).
e) Caparrosoko eta Martzillako udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra (31065-31163-00).
f) Caparrosoko eta Alesbesko udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra (31065-31254-00).
g) Martzillako eta Erriberriko udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra (31163-31191-00).
h) Milagroko eta Alesbesko udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra (31169-31254-00).
i) Azkoiengo eta San Adriango udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra (31202-31215-00).
j) Alesbesko udalerriaren eta Errege Bardeetako eremuaren arteko muga jurisdikzionaleko marra (31254-31690-00).
2. a) Cadreita eta Lerin udalei eskatzea tokian tokiko udal batzordeak izendatzeko, aipatutako lanak egiten lagundu eta berrets ditzaten. Batzorde bakoitzak kide hauek izanen ditu: alkatea, hiru zinegotzi, udal idazkaria eta udalak perito lanak egiteko izendatzen duen pertsona.
b) Errege Bardeetako Junta Nagusiari bere batzordea izenda dezala eskatzea.
c) Ondorengo taulan ikusgai dauden udalerriei adieraztea haien batzordeak izendatutzat hartzen direla egindako osoko bilkuretan hartu zituzten erabakiekin bat, nahiz eta batzordearen osaketa aldatu daitekeen Toki Antolamendurako zerbitzuari jakinaraziz.
UDALERRIA | ERABAKIA | ERABAKIAREN DATA |
ANDOSILLA | Osoko bilkura | 2017/10/26 |
AZAGRA | Osoko bilkura | 2017/11/27 |
CAPARROSO | Osoko bilkura | 2017/11/30 |
FALTZES | Osoko bilkura | 2017/10/18 |
FUNES | Osoko bilkura | 2017/03/30 |
MARTZILLA | Osoko bilkura | 2017/11/29 |
MILAGRO | Gobernu Junta | 2017/10/18 |
ERRIBERRI | Osoko bilkura | 2017/11/20 |
AZKOIEN | Osoko bilkura | 2017/06/05 |
SAN ADRIAN | Osoko bilkura | 2015/01/31 |
ALESBES | Osoko bilkura | 2017/11/22 |
3. Toki Antolamendurako Zerbitzuak lan tekniko eta administratiboen egoeraren berri eman diezaiela ukitutako toki entitateei modu egokian, egun indarra duten aktak gaurkotuko dituztenak formalizatzeko.
4. Honako espediente hau informazio publikoaren tramitearen menpe gelditzea, zeinetan “Akta osagarri bateratuaren” zirriborro bat azalduko den, lehen puntuan dauden udalerrien arteko muga jurisdikzionaletako marren hobekuntza geometrikoa egiteko proposamen teknikoak azalduz bertan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabete bat beranduago arte, informazio edo ekarpenak biltzearren, horretarako, espedientea aztergai egonen da Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian, Arrieta Kalea, 12- 3 solairua, Iruñean eta “Nafarroako Gobernu irekiaren” atarian (https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/partaidetza/prozesuak).
5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean honako ebazpen hau argitaratu eta igortzea ukitutako toki entitateei, Institutu Geografiko Nazionalaren Eskualdeko Zerbitzuari, Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Zerbitzuari, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Kartografia Atalari, Herri-lurren Atalari, eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atalari.
Iruñean, 2018ko maiatzaren 4an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.
Iragarkiaren kodea: F1806140