92. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

182/2018 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena 2018-2019 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza ikasketei dagokien eskola egutegia prestatzeko.

Ikusirik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariaren txostena, 2018-2019 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza ikasketei dagokien eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onestearen aldekoa.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jarraibideak onestea Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza ikasketek 2018-2019 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko apirilaren 24an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Jarraibideak, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza ikasketek 2018-2019 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko

1.–Egutegia.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko eskola egutegiak baldintza hauek bete beharko ditu:

1. 2018-2019 ikasturtea 2018ko irailaren 3an hasiko da, eta ez da 2018ko ekainaren 28a baino lehen bukatuko.

2. a) Ikastaro presentzialetako eta “That’s English” urrutiko ikastaroko eskolak ez dira 2018ko irailaren 24a baino lehen hasiko, eta 2019ko maiatzaren 16an bukatuko dira.

b) Irailaren 3tik eskolak hasi bitarteko egunetan azterketak, programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

c) Eskolak bukatu eta ekainaren 28a arte, azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezko diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

3. a) Egutegiak bermatu beharko du ikastaro presentzialetako talde bakoitzak gutxieneko irakastorduak izanen dituela, ikasketa horien antolaketa ezartzen duten uztailaren 4ko 88/2007 eta irailaren 11ko 149/2008 foru aginduetan azaltzen denarekin bat. Ikastaro hori 134 ordukoa izanen da, gutxienez ere, talde bakoitzeko.

2018-2019 ikasturteari dagozkion jarraibideetan ezarritakoarekin bat, eskolek erabakiko dute zenbat ostiraletan emanen den zuzeneko irakaskuntza, behar adina irakastordu izan ditzan ikastaro presentzialetako talde bakoitzak, eta egutegian adieraziko ditu. Irakaslan zuzenik gabeko gainerako eskola eguneko ostiralak, irakasleentzat nahitaezkoak, zeregin hauetarako erabiliko dira: koordinazio lanak, ziurtapen probak prestatzea, programazioak eta zehaztapenak berrikustea, prestakuntza eta kurtsoaren garapenarekin zerikusia duten gainerako jarduerak.

b) Ezinezkoa izanen da eskolaldia etetea azterketa edo ebaluazio aldiak ezartzeko, ez eta klaustroak egiteko ere.

c) Ikasleren batek edo denek eskolaren batera huts egiteak ez du galaraziko ikastetxeak programaturiko ordutegi ofizialen araberako eskolak eskaintzen segitzea.

4. a) Jaiegunak, Nafarroako lan egutegi arruntaren arabera: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a eta 6a, maiatzaren 1a, eta herriko zaindariaren jaieguna. Herriko zaindariaren jaieguna eskola eguna ez den batean izaten denean, horren ordezko egun bat jarriko da.

b) 2019ko lan egutegi arruntean eskolako egutegiari eragiten dion jaiegunen bat egonez gero, ikastetxeek eskolako egutegia egokitu beharko dute, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak emanen dituen jarraibideekin bat betiere.

c) Eskola gabeko laneguntzat joko dira ikastetxeak bere egutegian markatuko dituen hiru egun.

d) Eguberrietako oporrak abenduaren 22an hasi eta urtarrilaren 7an bukatuko dira.

e) Aste Santuko oporrak apirilaren 18tik hasi eta apirilaren 28an bukatuko dira.

f) Eguberrietako eta Aste Santuko oporraldiak ezin dira inola ere luzatu.

g) Otsailaren 15a, martxoaren 15a eta apirilaren 12a trebatzeko eta estandarizatzeko erabiliko dira.

5. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Zuzendariek, Eskola Kontseiluari adituta, egutegi proposamena bidaliko diote Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari 2018ko maiatzaren 25a baino lehen.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, haiek aztertu ondoren. 2018ko ekainaren 8rako inolako jakinarazpenik jasotzen ez duten ikastetxeen egutegiak onetsitzat joko dira.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio eranskinaren 1. atalean (Egutegia) ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegiak, onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien ezarpenaren gainbegiratzea eta kontrola, aldiz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gain egonen da.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia ikastetxeko iragarki oholean ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

6. 2018-2019 ikasturteko eskola egutegia.

Deskargatu eranskineko eskola egutegia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1805452