2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UNANU
Aldaketa, hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzarena. Behin betiko onespena
Unanuko Kontzejuak, 2018ko urtarrilaren 26an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Kontzejuko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa.
Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 9an.
Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da jarraian ematen den ordenantza; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman zaion idazketaren arabera.
Unanun, 2018ko apirilaren 5ean.–Kontzejuko burua, Joseba Imaz Berastegui.
UNANUKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak
1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29.etan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Unanuko Udalaren esku egon behar dute, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.
2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:
a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.
b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.
c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.
d) Eskubideak eta tasak kobratzea.
3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.
4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.
5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, legezko tramiteak bete badira.
Hildakoaren senideek edo hurbilekoek bere kabuz egokitu beharko dute hilobia lurperatzea behar bezala egin ahal izateko. Zerbitzu hori egiteko inor topatu ezean, hilobiko gastuak ordaindu beharko dituzte, tasen eranskinean zehazten den bezala.
6. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak emateagatik udal tasak ordaindutakoan erabiltzen ahalko dira hilerriko lursailak, banakako lurreko hilobietarako.
7. artikulua. Beste hilerri batera eramateko ateratzen ahalko dira hilotzak hilobietatik.
Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.
8. artikulua. Hilotzak ateratzea, beste ehorzketa batzuk egiteko.
Hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da. Kasu horretan, zein den Kontzejuko biztanleen zentsua, haren araberako hilobi kopurua adinako lurra utziko da libre.
Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.
Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.
Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatu beharko ditu. Kontzejuari komunikatu beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.
9. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan atera daitezke:
a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.
Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.
Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.
10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.
11. artikulua. Lekuz aldatzeko ateratzeak dagokien liburuetan idatzi beharko dira.
12. artikulua. Hilerriko lurrak ehorzteko eta hilobietako elementuak paratzeko erabiliko dira bakarrik, hau da, hildakoari aipu egiten dion plaka bat gehienez.
Ehorzketa oraingo ilara ordenari jarraituz eginen da.
13. artikulua. Kontzejuak ezarriko du hilobien kokapena.
14. artikulua. Hilobiak seguru, garbi eta apain edukitzea hildakoen familiakoen betebeharra da.
15. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:
a) Hilerria desagertzeagatik.
b) Interes publikoagatik.
c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.
II. KAPITULUA
Tasak hilerriko zerbitzuak hartzeagatik
16. artikulua. Zerga-egitatea honako zerbitzu hauek egitea da:
1.–Ehorzketak.
2.–Hobitik ateratzeak.
17. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.
18. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
19. artikulua. Zerbitzua emateagatik ordaindu beharreko tasak enpresa adjudikaziodunak faktura igortzearekin bat pagatuko dira.
ERANSKINA
1.–Ehorzketak eta hobitik ateratzeak.
Hilerriko hilobi guztietarako: hileta zerbitzuen gastuak enpresa adjudikaziodunaren fakturaren arabera.
Iragarkiaren kodea: L1804607