2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LARRAUN
Udal ordenantza, Langabeen edo enplegua hobetzeko eskatzaileen erregistroa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Larraungo Udalak, 2018ko ilbeltzaren 29n egin bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Larraungo langabeen edo enplegua hobetzeko eskatzaileen erregistroa arautzen duen ordenantza.
Ordenantzaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialera argitara ematen da, hori guztia aintzat hartuta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. eta harekin bat datozen gainontzeko artikuluak.
UDAL ORDENANTZA, LANGABEEN EDO ENPLEGUA HOBETZEKO ESKATZAILEEN ERREGSITROA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Larraungo Udalak, Larraungo herritarrak lanera daitezela errazteko, erroldaturik dauden herritar guztiei Udal Erregistro bat eskaintzen die; horrela honen bidez erraztu nahi baita lan merkatura irits daitezela langabe daudenak edo enplegua hobetu nahi dutenek.
Udal Erregistroaren helburua laneko bitartekaritza eginkizuna betetzea da; lotura tresna da, gure udalerrian dagoen eskaeraren eta ingurunean sortzen diren lan eskaintzeen artekoa.
Langabeen Udal Erregistroa ez da inola ere hartuko lana “in situ” ematen duen zerbitzutzat; aitzitik, lan eskatzaileari laguntzen dio lana bilatzen, zeren eta langabeak lanera irits daitezela helburu baitu, eta enplegua hobetzea, hala eskatzen dutenen kasuan.
Larraungo Udalak ez du inoiz bere gain hartuko langileen hautaketa, enpresa eskatzaileen eskaerei erantzuteko.
ARAUAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea langabeen edo enplegua hobetzeko eskatzaileen Udal Erregistroaren eraketa eta funtzionamendua arautzea da.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Ordenantza hau aplikatzekoa izanen da Larraungo Langabeen edo enplegua hobetzeko eskatzaileen Udal Erregistroan izena emateko interesa duten guztien kasuan.
3. artikulua.
Langabeen edo enplegua hobetzeko eskatzaileen Udal Erregistroaren helburua datu base bat eratzea da; udalerriko langabeena edo enplegua hobetzeko eskatzaileena, eta horrela Larraungo Udalak enpresetatik jaso ditzakeen lan eskaintzei erantzun ahal izatea.
Larraungo Udalak herriko edo eskualdeko enpresei adieraziko die honako hauek badirela: Larraungo Langabeen edo enplegua hobetzeko eskatzaileen Udal Erregistroa eta haren ordenantza.
4. artikulua. Izangaien betebeharrak.
Honako hauek dira Udal Erregistroan egoteko baldintzak:
1. 16 urtetik gorakoak izatea. Lan eskatzailea adin nagusikoa ez bada, eskatzailearen legezko ordezkariak edo tutoreak sinatu beharko du.
2. Larraungo udalerrian erroldatuta egotea; gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin.
3. Langabe egotea edo enplegua hobetzeko eskatzailea izatea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emanik izanda. Atzerritarren kasuan, hemen bizitzeko eta lan egiteko baimena izatea. Eskaera aurkezteko unean bete beharko dira baldintza horiek, eta ez dira tramitera onartuko betetzen ez dituztenak edo eskatutako agiri guztiak aurkezten ez dituztenak.
5. artikulua. Eskaerak.
Larraungo Udalaren Erregistro bulegoan aurkeztuko dira eskaerak, jendea hartzeko ordutegian. Inprimaki orokor baten bidez eginen da eskaera, eta eskatutako dokumentazioa erantsiko zaio.
Adin txikikoak izanez gero, edo desgaitasun psikikoa dutenak, interesdunaren legezko ordezkariak edo tutoreak sinatu beharko du eskaera. Horretaz gain, minusbalioa frogatu beharko da, minusbalioaren ziurtagiriaren bidez.
Eskatzaile bakoitzak eskaera bat aurkeztu beharko du. Inskribatu eta hurrengo urteko urtarrilaren 15erako eskatzaileak ez baldin badio Udalari adierazten Erregistroan inskribaturik jarraitu nahi duela, baja emanen zaio.
6. artikulua. Eskatzen diren agiriak.
Jatorrizko eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
1.–NANaren (Nortasun Agiri Nazionala) kopia, eta atzerritarren kasuan AIZrena (Atzerritarren Identifikazio Zenbakia).
2.–Lan eskaera edo enplegua hobetzeko eskaera, eguneratua.
3.–Erroldaren ziurtagiria.
7. artikulua. Langabeen edo enplegua hobetzeko eskatzaileen Udal Erregistroaren funtzionamendua.
Eskaeran jasotako datuetan aldaketarik izanez gero, Larraungo Udalari komunikatu beharko zaio. Hala, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, erabiltzaileak fitxategi honetara ekarritako datuak goitian azaldutako helbururako erabiliko dira, eta Larraungo Udala izanen da erantzulea. Haren aurrean erabiliko dira datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubidea. Datu pertsonalak behar den babes mailaz tratatuko dira, ekainaren 11ko 944/1999 Errege Dekretuarekin bat, eta egoki diren segurtasun neurriak hartuko dira ez daitezen galdu edo hirugarrenek ez ditzaten baimenik gabe tratatu edo ikusi, beste helburu batzuekin, erabiltzaileak zertarako eman eta bestelakoekin.
Langabeen edo enplegua hobetzeko eskatzaileen Udal Erregistroan jasotako datuak lagako zaizkie bakar-bakarrik lanpostuak eskaini eta Udalari izengainak eskatzen dizkioten enpresei.
8. artikulua. Eskaeren eguneraketak.
Eskaerak urteko indarraldia izanen du, eta inskribatu eta hurrengo urteko urtarrilaren 15a baino lehen berritu beharko da. Berritzen ez bada, eskaera berritu gabetzat hartuko da.
Berritzeko, beste eskaera bat egin beharko da, inprimaki orokorra betez. Jatorrizko eskaeraren aldean aldaketak izanez gero, behar diren agirien bidez frogatu beharko dira.
9. artikulua. Langabeen edo enplegua hobetzeko eskatzaileen Udal Erregistroko bajak.
Lan eskatzaileek askatasun osoa dute Udal Erregistroaren bidez aurkezten zaizkien eskaintzei uko egiteko, eta hori ez da arrazoia izanen Erregistroan baja emateko. Eskatzaileak baja hartu nahi badu Udal Erregistroan, kontratatua izan delako edo bestelako arrazoiengatik, Udalari komunikatu beharko dio, eta hari baja eskatu, aurrez aurre, telefonoz, faxez edo posta elektronikoz.
10. artikulua. Izangaiak eskatzea (enpresentzat).
Udalak, enpresek eskaera formalizatuta, harremanetarako datuak emanen dizkie, kontratatu beharreko langileak hautatzeko. Enpresa kontratatzailea izanen da beti hautaketa egiten duena.
Langabeen Udal Erregistroari izangaiak eskatzen dizkioten enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Eskaera adieraziko duen inprimaki orokorra betetzea, eta hura aurkeztean zehaztuko da zer profil eskatzen den. Posta elektronikoz bidaliko da, edo faxez, edo aurrez aurre Larraungo Udaletxean aurkeztuko da.
–Behin eskaera jasota, erregistroko sarrera zenbaki bat emanen zaio, kontrolerako eta artxibatzeko.
–Izangaien zerrenda prestatuko da.
–Enpresa eskatzaileari bidaltzen zaion zerrendan, izangaien datu hauek adieraziko dira:
- 1.–Izen-abizenak.
- 2.–Harremanetarako telefonoak eta/edo helbide elektronikoak.
–Enpresak izanen du ardura, behin datuak jasorik, hautaketa egitearena, eta, horretarako, zerrendako izangaiekin harremanetan jarriko da.
–Enpresak Udalari jakinarazi beharko dio zein izan den hautaketaren emaitza.”
Larraun, 2018ko otsailaren 19a.–Alkate udalburua, José Javier Barberena Etxarri.
Iragarkiaren kodea: L1805855